2026-01-21
Blog Page 396

Salatu nahi dugu gutxienez Sabadell Bankuko 1.380 langile enplegu-erregulazioko espediente baten bidez kaleratzeko lortu duten akordioa

Hasieratik adierazi dugu ez dagoela Sabadell bezalako banku baten kaleratzea justifikatzen duen arrazoirik, urteko lehen seihilekoan 200 milioi eurotik gorako irabaziak izan baititu.

“SABADELL BANKETXEAN EZ DAGO INOR SOBERAN” lelopean, langileek mobilizazio ugari egin dituzte, baita ia plantilla osoak egindako 2 greba egun ere, Bankuak berak espero ez zuen indar-erakustaldia eginez, hau da, langileak duintasunez borrokatu dute Bankuak botatzen zien pultsuaren aurka, 1900 langile kaleratzea helburu zuen EEEa iragarriz.

Zoritxarrez, goian aipatutako sindikatuek entzungor egin diote Sabadelleko langilegoaren aldarrikapenari, eta saldu egin dituzte. Enplegu-erregulazioko espediente bat sinatu dute, 1380 eta 1605 pertsona artean kaleratzeaz gain, 100 kilometro baino gehiagoko mugikortasun geografikoa eta kaleratuak izango ez diren pertsonen lan-karga handitzea ekarriko duena.

Lotsagarria da duela gutxi diru publikoz erreskatatu duten banketxeari, itzuli ez duten eta itzuliko ez duten dirua, horrelako astakeriak egiten uztea. Zoritxarrez ez gaitu ustekabean harrapatzen, badakigu edozer egiteko gai direla etekin gehiago eta gehiago lortzeko. Goian aipatutako sindikatuen lotsagabekeriak ere ez gaitu ustekabean harrapatu, Sabadelleko langileak kaleratzeko beharrezko eragile izan baitira. Aspaldi utzi zioten langile-klasea defendatzeari, inoiz defendatu bazuten, eta kapitalaren tresna bihurtu dira, beren aberastasuna handitzen jarraitu ahal izateko. Salduak, horixe zarete, salduak.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Sabadell Bankuaren aurka duintasunez borrokatu diren eta egin dietena merezi ez duten langile guztiei. LABek Sabadell bankuko langileen interesak defendatzen jarraituko du, are gehiago horrelako bidegabekerien aurrean.

Arduraz jokatzeko unea da, orain arte ezinezkoa izan dena posible egiteko

LAB sindikatuko ordezkaritza zabal batek hartu du parte Donostian, Pasealeku Berriko Oteizaren eskulturaren ondoan, ezker abertzaleak deitutako agerraldian. ETA erakundeak borroka armatua behin betiko uzteko alde bakarrez hartutako erabaki historikoaren 10. urtemuga egunean egin dugu agerraldia, Aieteko Bake Konferentziaren 10. urteurrenaren testuinguruan.

Euskal gatazkari aterabide demokratikoa eman behar zaiola aldarrikatu dugu, eta arduraz jokatzeko unea dela azpimarratu, orain arte ezinezkoa izan dena posible egiteko. Aieteko Adierazpenaren atal guztiekiko konpromisoan berretsi gara, azken batean.

Hain justu, une erabakigarri honetan, Euskal Herriak dituen erronken aurrean, bakea eta elkarbizitzari dagokienez, ekarpen eraikitzailea egiten jarraituko dugula nabarmendu dugu, etorkizuneko belaunaldiei zor diegulako.

Osakidetzak epai-mahaien esku utzi du berriro azterketak prestatzea, pasa den EPEko filtrazioetan hauek izan zuten erantzukizuna ahaztuz

2016-2017ko LEParen kudeaketaren ondorioz milaka langileri iruzurra egin diote, lan-eskaintzarik ezta mugikortasun prozesurik ez duten 13 kategoria geldiarazita daude eta Osakidetzako lan eskaintza publikorako preozesuen izena guztiz galtzera eraman du.

Gaurko mahai sektorialean jakin dugu 2019-2019ko EPEak ez duela HAEEren parte hartzerik izango. Eman diguten azalpena izan da HAEEek ez duela aukera materialik. Txundituta geratzen gara baieztapen horrekin. Ez bakarrik HAEEek lan hori 2016-2017an egin zuelako, baizik eta egoera horren erantzukizuna HAEEren gain modu esklusiboan deskargatzeko moduagatik. Osakidetzak berak inposatutako EPE eredu berrian ezarritako neurrietako bat hain zuzen ere, HAEEren parte hartzea izan da.

Osakidetzak planteatzen duen aukera bakarra azterketa guztiak epaimahaiek bakarrik berriro egitea da. Osakidetzak bere gezurrak sinistuz jarduten du eta EPE eredu erabat akastun eta arbitrario bat planteatzen jarraitzen du, azterketaen filtrazioak existitu ez balira bezala. Epaimahai kalifikatzaileek azterketen idazketan izandako parte hartzeaizan da hogeina inputatu pilatzen dituen filtrazioen arrazoi nagusia, eta azken hamarkadetan EAEn enplegu publikora iristeko prozesuetan izan den deskrediturik handiena izan da.

Proposamen honekin, Osakidetzako indar sindikalen gardentasun eta berdintasun eskakizunen gainetik pasatzen da, legebiltzarraren eskakizunen gainetik, arartekoaren eskakizunen gainetik eta, nola ez, euskal gizartearen eskakizunen gainetik.

Osakidetzak filtrazioak bere gain hartu behar ditu, horiek eragotziko dituen EPE eredu bat garatzeko, baina gaur proposatutakoak berriro ere agerian uzten du Osakidetzak duen jarrera, kategoria medikoetako filtrazioei dagokienez. Osakidetzak gai horri buruz egiten duen errealitate historikoaren etengabeko ukatzearen ondorioa da.

Orain arte bezala jokatuz gero, ezin da emaitza berririk espero. Azterketak zuzenketa-prozesuan inplikatuta ez dauden pertsonek diseinatzea, betiere oposiziogilearen eta hura idazten dutenen anonimotasuna gordez, eskakizun komun eta minimoena da, eta ez dira ezta minimo horiek ere asetzen.

Zuzendaritzak 2018-19 EPErako planteatutako planak zulo beltz bat dira prozesu horretan berdintasun-printzipioa babesteari dagokionez, eta, beraz, LAB sindikatuak argi utzi nahi du Osakidetzak gaur planteatutakoa ez duela onartzen.

Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreak mobilizazioei ekin die hitzarmen duin baten alde, EAJ eta PSEren gobernuaren eta AISA patronalaren erantzukizun faltaren ondorioz

LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok protesta egin dugu Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren aurrean.

Ohar bateratua, gaurko mobilizazioaren harira:

Esku-hartze sozialaren sektorea mila langilek baino gehiagok osatzen dute, gehienak emakumeak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak edo Eusko Jaurlaritzak azpikontratatutako hainbat enpresa pribatuk kontratatuta. Kudeatzen dituzten zerbitzuak publikoak dira %100ean, eta babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, familia kalteberak, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak zein osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituztenak artatzen dituzte, besteak beste.

Pandemia osoan sektore hori funtsezko jardueratzat jo da. Krisi honetan, langileek argi erakutsi dute beren gizarte-erantzukizunaren jakinaren gainean direla, buru- belarri lanean arituz eta elkarrekin edozein egoerari aurre egiteko prest daudela erakutsiz.

2020ko abenduaren 10ean, Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zen. Une horretatik aurrera, 9 negoziazio-bilera egin dira, baina aurrerapenak oso txikiak izan dira. Sektoreko patronalak, AISAk, bere jarrera aldatzeko planteatutako oztoporik handiena erakundeek hitzarmenean proposatutako hobekuntzen finantzaketa bermatzeari uko egitea izan da.

Negoziazio mahaian gauden sindikatuok, ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT, bat gatoz sektorearen baldintzak hobetzeko ekimenik ez duen patronalaren jarrerak eragindako amorruarekin. Iritsiko ez dela dakiten dei edo bilera baten zain besoak gurutzatzea ez da sektoreko langileek patronalarekiko duten jarrera.

Hamar hilabete baino gehiagoren ostean, AISAk ez du proposamen formalik aurkeztu sindikatuen proposamenetarantz hurbilketarik saiatzeko; horren adibiderik argiena, patronalak % 4ko soldata-igoera planteatzen duela 3 urtean, urte arteko KPIa 2021eko irailean % 4koa bada ere. Hau da, sektoreko langileoi erosteko ahalmena bermatzea ere ez da planteatzen. Sekulako adarjotzea oso baldintza eskasetan dagoen sektore batentzat.

Sindikatuen planteamenduak, uda baino lehen plantillei galdetu ondoren, nabarmen murriztu zituen hasierako itxaropenak, eta soldatak % 6,5 eguneratzea zekarren oraingoan. Gainera, 2021-2023 Hitzarmenaren indarraldirako KPIaren bermearekin eta urteko 8 orduko lanaldi-murrizketarekin, aldi baterako ezintasunaren osagarrian, lizentzia eta baimenetan, familia, gizarte eta lan-bizitza uztartzeko eskubideetan, eta txanda-plusen eta txanda-kontratuaren arteko bateraezintasun batzuk ezabatzea suposatuko luke.

Patronalak azken plataforma sindikala, guztiz zentzuduna eta bideragarria, baztertu egin du, negoziazioa erabat blokeatuz.

Egoera horren aurrean, gaur, urriak 20, sektorean ordezkaritza duten bost sindikatuek bi elkarretaratze iragarri dituzte, ondoren Probintzia Plazan batzarra eginez. Batzar horietan, sektoreko langileek mobilizazio-egutegi handi bati ekitea erabaki dute, Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenean planteatutako hobekuntzak erakunde publikoei finantza ditzaten eskatuz, eta AISA patronalari egungo egoera desblokeatzeko konpromisoa har dezatela eskatuz, sindikatuek eskatutako baldintzak lehenbailehen adostuz.

Erakunde publikoek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna zaindu behar dute, eta, besteak beste, lan-baldintzak hobetu behar dituzte hain feminizatuta dauden sektoreetan, hala nola Esku-hartze Sozialean. Ezin gara Emilio Sola Arabako Gizarte Politiketako diputatuak azken urtean egindakoak bezalako aitorpen pribatu ezta publikoekin ere konformatu, Arabako Esku-hartze Sozialaren III. Hitzarmenaren finantzaketa bermatu behar da 2022ko aurrekontuetan.

Borondate politikoarekin, aitzakia faltsu eta zaharrak ahaztuta, hala nola Espainiako ekonomiaren desindexazioaren legea sektorean aplikatzea, izan ere Arabako Aldundiak bakarrik planteatzen baitu Estatu osoko erakunde guztien artean. Lege hori ez da derrigorrezkoa, EAJk Aldundian duen gobernukideak, PSEk, urriaren 18an batzarkide-taldearekin izandako bileran argi eta garbi esan digunaren arabera.

Guztiz ulertezina da konpromiso politikorik ez izatea, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezi aurtengoak historiako aurrekonturik altuenak direla entzuteaz nekatuta gauden bitartean.

Gaur, ozen eta argi, sektoreko profesionalen lana aintzat hartzea eskatzen dugu, eta aintzatespen hori ezinbestean hitzarmen duin batetik etorriko da. Berriz kalean irabazi beharko dugu, 2017ko amaieran egin genuen bezalaxe, sektoreko 3 greba-egun arrakastatsu barne hartu zituzten mobilizazioekin.

Lan baldintza duinak exijitu ditugu UTE Zakan enpresako langileentzat

Elkarretaratzea egin dugu Iruñean, UTE Zakan enpresaren egoitzaren parean. Elkarretaratze honekin LABek salatu nahi izan ditu enpresa horretan dauden lan baldintza kaskarrak: %97ko behin-behinekotasun tasa (bakarrik bi mugagabe daude) eta lan arriskuen prebentziorako neurrien gabezia erabatekoa, besteak beste. Adin txikikoak artatzeko zerbitzuak ematen ditu aipatutako enpresak.

Hain zuzen ere, LAB sindikatuko kideak eta Zakan aldi baterako enpresa elkarteko langileak gaur kontzentratu dira enpresak Iruñeko Iturrama auzoan duen egoitzaren aurrean, plantillako “lan-baldintza penagarriak” salatzeko. Orain dela bi urte eta erdi adingabeei arreta emateko zerbitzu publikoak kudeatzeko sortutako enpresa-multzo horretan kontratuen %97 aldi baterakoak dira —bi bakarrik dira mugagabeak—, eta ez dago lan-arriskuen prebentziorako neurririk.

Zakango zentroetan bizi zen egoera larria ikusita, LAB sindikatuak erabaki zuen esku sartzea eta sail sindikal bat sortu zuen; ondoren, hauteskunde sindikalak sustatu zituen, bakarka irabazi zituenak. Horren guztiaren helburua zen langileei ezarritako behin-behinekotasun justifikatu gabeko eta handi horri aurre egitea eta lan osasunari buruzko baldintzetan hobekuntzak aldarrikatzea.

Oihan Ataun LABeko Esku-Hartze Sozialeko arduradunak azaldu duenez, Zakanen laneko arriskuen prebentzio falta izan da joera nagusia sortu zenetik. “Gaur egun ez dago inolako arrisku ebaluaziorik, ez protokolorik indarkeria, jazarpen eta bertzelakoen aurrean. Eta ez daude eginda, ez beharrezkoak ez direlako, baizik eta Agintzari eta Zabalduz enpresek gidatutako zuzendaritzaren utzikeriagatik”.

Ataunek erran duenez, azken bi urteetan langileek eraso ugari jasan dituzte, gehiegizko okupazioa dago, langileak falta dira, sute bat egon zen etxebizitza batean… “Nork ikuskatzen du enpresa horien jarduera hori guztia, kontuan izanda pasatutakoa pasatuagatik ere ez dituela inork ukitu? Eta erran gabe doaz aurtengo maiatzeko eta ekaineko gertakari larriak: erabiltzaileen arteko borrokak objektu zorrotzekin, logela bateko sutea, eguneroko lanean arrisku larrian dauden langileak ―horietako bi eskaileretan beheiti botatzekotan izan ziren―, Foruzaingoaren etengabeko esku-hartzeak segurtasun faltaren aurrean, antolamendurik eza, hezkuntza-proiekturik eza eta abar”.

LABek salatu du aipatu gertakariak Enpresa Batzordeari eta Nafarroako Gobernuari berari ezkutatu zaizkiela. “Oso larria da”, adierazi du Ataunek. “Enpresak nahierara egiten eta desegiten du, inork ere eragotzi gabe, ezta erabiltzaileendako edo langileendako bizi-arriskurik dagoenean ere”.

“Langileak kaleratu dituzte zerbitzuak ixteagatik —Batzordeko delegatuak barne—”, jarraitu du Ataunek. “Bertze delegatu bat ere gezurrez eta engainuz kaleratu zuten, nahiz eta gero berriz hartu zuten. Gure hauteskunde-zerrenda babestu zuen langile bati ez zioten eman ziurtatua zioten lana. Inoiz ikusi edo pairatu izan den praktika enpresarial makurrenaren adibideak baino ez dira horiek guztiak. Izan ere, zerbitzu publikoak kudeatzen ari diren kudeatzaile pribatu hauek interes handiagoa dute poltsikoak betetzeko, kalitatezko arreta emateko edo langileak zaintzeko baino”.

Azkenik, Ataunek LAB sindikatuaren izenean eskatu du Zakan osatzen duten Agintzari eta Zabalduz enpresak Nafarroako zerbitzu publikoak esleitu eta kudeatzeko aukeratik baztertzeko”.

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa egingo dugu Baionan, azaroaren 20an

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hainbat eragilek, LABek barne, agerraldia egin dugu, Euskal Herrian bizi eta etxebizitza izateko eskubidea aldarrikatzeko eta espekulazioa salatzeko. Azaroaren 20an manifestaziora deitu dugu Baionan, 15:00etan, “Vivre et se loger au pays. Espekulazioari ez!” leloarekin.

Adierazpen bat irakurri dugu deitzaileok, non lurra eta etxebizitzaren merkatuaren arautzea eskatu dugun. Zentzu honetan, LABeko kide Argitxu Dufauk nabarmendu du aterabideak badaudela arazoa konpontzeko eta bertan bizitzeko eskubidea bermatzeko.

Berriro salatu ditugu Gasteizen Hezkuntza Sailak eskola-jangelen funtzionamenduari buruz hartutako aldebakarreko erabakiak

LABek mobilizazioa egin du gaur Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean, Lakuan. Sindikatuko ordezkariek, adierazi dute joan den ikasturtean, agerian geratu zela premiazkoa zela 2000ko martxoaren 22ko Agindua aldatzea (horren bidez, eskola-jantoki publikoak arautzen dira), baita 2019tik aurrera eskola-jangelen funtzionamenduari buruzko administrazio eta zerbitzuetako sailburuordearen zirkularra ere.

LAB sindikatuak askotan jakinarazi dio Jokin Bildarratzen sailari horri buruzko edozein erabaki edo aldaketa langileen ordezkariekin adostu behar duela. Ikasturte honen hasieran, Hezkuntza Sailak jangelen funtzionamenduari buruzko zirkular berri bat argitaratu zuen bere webgunean 2021-2022 ikasturte honetarako. Erabaki hori berriz ere alde bakarrekoa izan da, eta ez ditu jasotzen gure aldarrikapen asko, zerbitzu hau, oro har, hobetzea helburu dutenak:

• Ratioen jaitsiera.
• Lanaldiak gehitzea.
• Langile gehiago kontratatzea.

Jangela funtsezkoa da ikasleek beren etapa akademikoan jasotzen duten hezkuntza integralean, 0 urtetik derrigorrezko hezkuntza amaitu arte; beraz, ikastetxeko beste gune bat izan behar da, non argi baitago ikasten eta hezten jarraitzen dela, eta ez da baloratu behar, Hezkuntza Sailak egiten duen bezala, zerbitzu osagarri soil gisa. Hori azpimarratu nahi dugu, Bildarratz jaunaren sailak erabaki baitu langileek ikasturte bakoitzean ditugun 18 ordu osagarriak, besteak beste, honako hauek egiteko: jangelako arduradunarekin koordinazio-bilerak, hobetzeko proposamenak, txostenak egitea,… ez direla nahitaez bete beharrekoak, gure hitzarmen kolektiboan jasotakoari kontra eginez. Beti egin izan diren funtzioak dira eta aintzat hartzea hainbeste kostatu zitzaigunak.

Gainera, ezin dugu ahaztu jangela zerbitzua dela ikasle askoren elikaduraren oinarri nagusia eta, batzuetan, bakarra; izan ere, familia batzuk, eta gero eta gehiago, oso egoera ekonomiko eta sozial zailean daude (ikasle bekadunak, segregazioa areagotzea, pandemiaren ondorioak…).

Hori esanda, LAB sindikatuko langileen ordezkariok Hezkuntza Sailari eskatzen diogu alde bakarreko erabakirik ez hartzeko eta negoziatzeko jangela publikoak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko Agindua eta administrazio eta zerbitzuetako sailburuordearen zirkularra.

Prekaritateak hil egiten duela salatu dugu Urnietan eta Amurrion

Lan heriotzen odolusteak eraikuntza sektorea kolpatu zuen joan den ostiralean, arlo horretako bi langile hil baitziren Urnietan eta Amurrion. Atzo eta gaur, euskal gehiengo sindikalak deituta, bi herri horietan mobilizatu gara lan istripu hilgarri horiek salatzeko eta prekaritateak hil egiten duela ohartarazteko.

EAEko Hezkuntzako langileek salatu dute urte eta erdi daramatela zuzeneko arretarik gabe

Sektoreko langileek elkarretaratzea egin dute EAEko Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzen aurrean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok deituta. Eusko Jaularitzako Hezkuntza lurralde ordezkaritzen bunkerizarioaren aurrean, “Hezkuntza langileok arreta zuzena behar dugu!” lemapean egin dugu protesta.

Sindikatuon ohar bateratua:

Urte eta erdi baino gehiago daramagu EAEko Hezkuntza Ordezkaritzen arreta zuzenik gabe, salbuespenezkoa zen egoera betikotu nahi al da?

Osasun krisialdiak eraginda EAEko Hezkuntza Ordezkaritzek arreta eskaintzeko zerbitzua berrantolatu zuten eta harrezkero langileei sortzen zaizkien zalantzak, eskaerak eta kontuak, hala nola, kontratu, baimen eta lizentzien inguruko kontuak, soilik emailez kudeatu ahal dira, maiz, erantzunik gabe edo kudeatu gabe uzten direlarik. 

Badira berehalako erantzun pertsonala behar duten egoerak eta kudeaketa  kaskar horren ondorioz,  bidean geratzen dira, edo berez errazak beharko luketen kudeaketak oztopoz betetako bide amaigabe bihurtzen dira langileentzat. Honekin batera, erantzun ezak, argibide eskas eta berantiarrek edota Hezkuntza Ordezkaritza ezberdinen arteko irizpide desberdinek eskubide urraketak pairatzera eraman ditzake langileak, kudeaketa txar baten ondorioz  beraien eskubideak zapalduz.

Logikoki arreta eredu honek ezinegona eta ziurgabetasuna eragiten die langileei, izan irakasle, hezkuntza bereziko hezitzaileak, sukaldari edo garbitzaileak. Horregatik, gaur Bilbo, Donostia eta Gasteizko ordezkaritzen aurrean biltdu garen sindikatuok adierazi nahi dugu onartezina iruditzen zaigula Hezkuntza Ordezkaritzek ematen diguten tratua, eta zuzeneko arretara bueltatzea exijitzen dugu, eta horretarako Hezkuntza Ordezkaritzetan beharrezkoak diren baliabide guztiak  jarri behar ditu Jaurlaritzak.

ARRETA ZUZENA BEHAR DUGU, BAI PRESENTZIALA BAI ETA TELEFONO BIDEZKOA