LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok protesta egin dugu Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren aurrean.

Ohar bateratua, gaurko mobilizazioaren harira:

Esku-hartze sozialaren sektorea mila langilek baino gehiagok osatzen dute, gehienak emakumeak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak edo Eusko Jaurlaritzak azpikontratatutako hainbat enpresa pribatuk kontratatuta. Kudeatzen dituzten zerbitzuak publikoak dira %100ean, eta babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, familia kalteberak, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak zein osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituztenak artatzen dituzte, besteak beste.

Pandemia osoan sektore hori funtsezko jardueratzat jo da. Krisi honetan, langileek argi erakutsi dute beren gizarte-erantzukizunaren jakinaren gainean direla, buru- belarri lanean arituz eta elkarrekin edozein egoerari aurre egiteko prest daudela erakutsiz.

2020ko abenduaren 10ean, Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zen. Une horretatik aurrera, 9 negoziazio-bilera egin dira, baina aurrerapenak oso txikiak izan dira. Sektoreko patronalak, AISAk, bere jarrera aldatzeko planteatutako oztoporik handiena erakundeek hitzarmenean proposatutako hobekuntzen finantzaketa bermatzeari uko egitea izan da.

Negoziazio mahaian gauden sindikatuok, ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT, bat gatoz sektorearen baldintzak hobetzeko ekimenik ez duen patronalaren jarrerak eragindako amorruarekin. Iritsiko ez dela dakiten dei edo bilera baten zain besoak gurutzatzea ez da sektoreko langileek patronalarekiko duten jarrera.

Hamar hilabete baino gehiagoren ostean, AISAk ez du proposamen formalik aurkeztu sindikatuen proposamenetarantz hurbilketarik saiatzeko; horren adibiderik argiena, patronalak % 4ko soldata-igoera planteatzen duela 3 urtean, urte arteko KPIa 2021eko irailean % 4koa bada ere. Hau da, sektoreko langileoi erosteko ahalmena bermatzea ere ez da planteatzen. Sekulako adarjotzea oso baldintza eskasetan dagoen sektore batentzat.

Sindikatuen planteamenduak, uda baino lehen plantillei galdetu ondoren, nabarmen murriztu zituen hasierako itxaropenak, eta soldatak % 6,5 eguneratzea zekarren oraingoan. Gainera, 2021-2023 Hitzarmenaren indarraldirako KPIaren bermearekin eta urteko 8 orduko lanaldi-murrizketarekin, aldi baterako ezintasunaren osagarrian, lizentzia eta baimenetan, familia, gizarte eta lan-bizitza uztartzeko eskubideetan, eta txanda-plusen eta txanda-kontratuaren arteko bateraezintasun batzuk ezabatzea suposatuko luke.

Patronalak azken plataforma sindikala, guztiz zentzuduna eta bideragarria, baztertu egin du, negoziazioa erabat blokeatuz.

Egoera horren aurrean, gaur, urriak 20, sektorean ordezkaritza duten bost sindikatuek bi elkarretaratze iragarri dituzte, ondoren Probintzia Plazan batzarra eginez. Batzar horietan, sektoreko langileek mobilizazio-egutegi handi bati ekitea erabaki dute, Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenean planteatutako hobekuntzak erakunde publikoei finantza ditzaten eskatuz, eta AISA patronalari egungo egoera desblokeatzeko konpromisoa har dezatela eskatuz, sindikatuek eskatutako baldintzak lehenbailehen adostuz.

Erakunde publikoek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna zaindu behar dute, eta, besteak beste, lan-baldintzak hobetu behar dituzte hain feminizatuta dauden sektoreetan, hala nola Esku-hartze Sozialean. Ezin gara Emilio Sola Arabako Gizarte Politiketako diputatuak azken urtean egindakoak bezalako aitorpen pribatu ezta publikoekin ere konformatu, Arabako Esku-hartze Sozialaren III. Hitzarmenaren finantzaketa bermatu behar da 2022ko aurrekontuetan.

Borondate politikoarekin, aitzakia faltsu eta zaharrak ahaztuta, hala nola Espainiako ekonomiaren desindexazioaren legea sektorean aplikatzea, izan ere Arabako Aldundiak bakarrik planteatzen baitu Estatu osoko erakunde guztien artean. Lege hori ez da derrigorrezkoa, EAJk Aldundian duen gobernukideak, PSEk, urriaren 18an batzarkide-taldearekin izandako bileran argi eta garbi esan digunaren arabera.

Guztiz ulertezina da konpromiso politikorik ez izatea, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezi aurtengoak historiako aurrekonturik altuenak direla entzuteaz nekatuta gauden bitartean.

Gaur, ozen eta argi, sektoreko profesionalen lana aintzat hartzea eskatzen dugu, eta aintzatespen hori ezinbestean hitzarmen duin batetik etorriko da. Berriz kalean irabazi beharko dugu, 2017ko amaieran egin genuen bezalaxe, sektoreko 3 greba-egun arrakastatsu barne hartu zituzten mobilizazioekin.