2026-01-26
Blog Page 394

Lan, pentsio eta zerbitzu publiko duinak bermatuko dituzten aurrekontuak behar ditugu EAEn zein Nafarroan

Aurrekontuen eztabaida pil-pilean dago egunotan. EAEn Jaurlaritzak aurkeztu berri ditu 2022ko aurrekontu orokorrak. Nafarroan, berriz, Nafar Gobernuak eta EH Bilduk akordioa iragarri dute, oraindik erabat itxi gabe dagoen arren.

Herritarren beharrei erantzuteko “instrumentu baliagarri” gisa definitu ditu Nafarroako Gobernuak aurrekontuok. Jaurlaritzak, berriz, “hazkunde ekonomikoa” du hizpide. Inbertsio publikoaz, hazkundeaz, hitz egiten denean, erabaki politiko horiek nori zuzentzen zaizkion da gakoa, norentzat bideratuak diren. Langileon bizitzak erdigunean jarriko dituzten aurrekontuak eskatzen ditugu LABetik, eta horretarako, politika publikoetan norabide aldaketa bat premiazkoa jotzen dugu.

Jaurlaritzaren aurrekontuen aurrean, lehen erreakzio gisa, LABek ez du politika publikoetan norabide aldaketarik ikusten. Azken urteetan gastu sozialean, hezkuntzan, osasungintzan… egin diren murrizketak lehengoratzeko iragarritako inbertsioak askiezak dira eta Europako batazbestekoen oso azpikoak.

Aurrekontuak aberastasuna birbanatzeko bidea izan daitezen aldarrikatzen du LABek, eta hor, ezinbestean, fiskalitatearen gaia dago. Nafarroan une honetan eztabaida irekia dago. Jaurlaritzak, bere aldetik, ez du inolako borondaterik bide horri heltzeko. LABetik, zerga-erreformaren beharra aldarrikatzen jarraitzen dugu.

Bizitza erdigunean jarriko duten aurrekontuak eskatzen ditugu LABetik

Lan, pentsio eta zerbitzu publiko duinak bermatuko dituzten aurrekontuak eskatzen ditugu, bizitza erdigunean jarriko dutenak, besteak beste:

-Aberastasunaren banaketara bideratuak.

-Erreforma eta murrizketen bidea amaitzeko aurrekontuak.

-Pentsio publiko eta gizarte-babes duinerako aurrekontuak. Pentsio arrakalarekin bukatu eta 1.080 euroko pentsioa bermatzeko.

-Zerbitzu publikoak indartzeko benetako apustua egiten duten aurrekontuak, inbertsio handiagoarekin osasungintzan, hezkuntzan zein gizarte-zerbitzuetan.

-Langile guztientzat etxebizitza eskubidea bermatuko duten aurrekontuak -Zaintza lanak berrantolatu eta banatzea helburu duten aurrekontuak.

Garbiñe Aranburu: “1.400 euroko soldata eta 30 orduko lan-astea bezalako neurriek kolektibo askoren egoerari irtenbidea emango liekete”

Sindikatuko idazkari nagusiak aktualitateko gaiei eta langileen lan eta bizitza duina bermatzeko gure proposamenei buruz hitz egin du Naiz Irratian. Hain zuzen ere, besteak beste, Eusko Legebiltzarrean berriki aurkeztutako Lan Kode eta Gizarte Segurantzako lege propiorako egitasmoa izan du hizpide elkarrizketan

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Parlamentuaren aurrean, “Enplegu publikoaren lege hau hankamotz, guk geure legea!” lemapean

LABek agerraldia egin du Parlamentuko Gobernantza Batzordean Euskal Enplegu Publikoaren Legearen inguruan bere iritzia emateko. Gobernuak proposatutako Enplegu Publikoaren Lege honek ez ditu konpontzen langile publikoek pairatzen dituzten arazoak. Horregatik, enpleguaren alde mobilizatzen jarraituko du LABek. Kanpokaldean, mobilizazioa egingo dute LABeko kideek, “Enplegu publikoaren lege hau hankamotz, guk gure legea!” lelopean.

Eusko Legebiltzarrean Euskal Enplegu Publikoaren Legearen eztabaidari ekin diote legegintzaldi honetan ere. Dagoeneko hiru bider eztabaidatu da lege egitasmo hau eta orain arte ez da gobernuaren proposamenaren aldeko adostasunik lortu. Azaleko aldaketa batzuk gehitzen joan dira; nolanahi ere, hasierako proiektuaren norabidea mantentzen dela esan behar dugu, ikuspegi merkantilista eta asmo pribatizatzaileak, alegia. EAJ eta PSE alderdien artean duten gobernu akordioa baliatuz, oraingoan lege egitasmoa aurrera joango dela dirudi. Hala ere, sindikatu bat berak ere ez du egitasmoarekin adostasuna agertu.

LABek aurreko legegintzaldian aukera bat eman nahi izan zion negoziazioari. Lege egitasmoa hankamotza zela eta, zerbitzu publikoak babesteko eta garatzeko hainbat proposamen egin genituen, besteak beste:

• Egindako murrizketak leheneratzeko neurriak.
• Jasanezina den behin-behinekotasunarekin amaitzeko neurriak.
• Zerbitzu publikoak indartzeko, beharrezkoak diren enpleguak sortzeko neurriak.
• Pribatizazioak ekiditeko neurriak.
• Administrazio publikoak enpresa pribatu moduan kudeatuak izan ez daitezen neurriak (lanbide karrera eta ebaluazio sistema arbitrarioak, eta zuzendaritza sistema alderdikoia).
• Administrazio publiko euskaldun eta feministak izateko neurriak.
• Estatuaren oinarrizko legediaren garapen hutsa izan ez dadin, legea burujabea izateko neurriak.

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak ez ditu gure proposamenak aintzat hartu. Legegintzaldi honetan, halaber, ez du gurekin negoziatzeko inolako saiakerarik egin. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek ez dute bere agendan oztoporik nahi, eta, kasu honetan arrabola erabiliz, zerbitzu publikoak ahultzeko eta pribatizatzeko lege bat aurrera ateratzeko erabakia aurrera eramango dute. Gure iritziz lege honek onartezina izaten jarraitzen du. Hauexek dira gure argudioak:

• Negoziazio kolektiboa ukatzen du eta inposizio eredua betikotu.
• Zerbitzu publikoen pribatizazioari ateak parez-pare irekitzen dizkio.
• Egindako murrizketak betikotzen ditu.
• Administrazio publikoen kudeaketa merkantilista eta alderdikoia ahalbidetzen du. • Enpleguari dagokionez, estatuko legediaren menpe dago.
• Enpleguaren egonkortasunerako bermerik ez du jasotzen.

Hori guztia dela eta, LABen argi dugu Eusko Jaurlaritzaren agenda baldintzatzeko mobilizazioekin jarraitu behar dugula. Enplegua sortu eta egonkortzeko aldarrikapena oinarri sektore publikoan greba orokorra egin genuen pasa den apirilean. Osasun krisiaren ostean itzuli da gure agintarien negozio-gosea. Oinarrizkoak diren zerbitzu publikoak babesteko geure legeak behar ditugu, ez beste legeen garapen hutsa den lege hankamotza. Borrokak bateratzeko garaia da eta LABek ez dio, lege hauen aurrean, borroka eta mobilizazioari uko egingo. Arrazoi gehiagorekin, orain greba orokorra!

Arabako Esku-hartze Sozialeko langileek euren lana aintzat hartzea eta aintzatespen hori hitzarmen duin batean isla izatea eskatu dute

Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreak mobilizazioekin jarraitzen du, hitzarmen duin baten alde, EAJ eta PSEren gobernuaren eta AISA patronalaren erantzukizun faltaren ondorioz. Sindikatuok aurreikusitako mobilizazio egutegiaren baitan egin dugu gaurko elkarretaratze zaratatsua, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Hau da LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok igorritako oharra, gaurko mobilizazio egunaren harira:

Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreko 2. mobilizazio eguna burutu dugu hitzarmen duin baten alde, EAJ eta PSEren gobernuaren eta AISA patronalaren erantzukizun faltaren ondorioz

Kudeatzen diren zerbitzuak % 100 publikoak dira, pandemia osoan funtsezko jardueratzat hartu den sektore batean. Behar-beharrezkoak diren zerbitzuak dira, eta erabiltzaileei bai ala bai eskaini behar zaizkienak. Krisi honetan, langileek argi erakutsi dute beraien gizarte erantzukizuna, beren lanarengan indar guztia jarriz eta egoerari elkarrekin aurre egiteko prest daudela erakutsiz.

2020ko abenduaren 10ean, Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zen. Une horretatik aurrera, 9 negoziazio-bilera egin dira, baina aurrerapenak oso txikiak izan dira. Sektoreko patronalak, AISAk, bere jarrera aldatzeko planteatutako oztoporik handiena erakundeek hitzarmenean proposatutako hobekuntzen finantzaketa bermatzeari uko egitea izan da.

Negoziazio mahaian gauden sindikatuok, ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT, bat gatoz sektorearen baldintzak hobetzeko ekimenik ez duen patronalaren jarrerak eragindako amorruarekin. Iritsiko ez dela dakiten dei edo bilera baten zain besoak gurutzatzea ez da sektoreko langileek patronalarekiko duten jarrera.

Hamar hilabete baino gehiagoren ostean, AISAk ez duela proposamen formalik aurkeztu sindikatuen proposamenetarantz hurbilketarik saiatzeko salatzen jarraitzen dugu; horren adibiderik argiena, patronalak % 4ko soldata-igoera planteatzen duela 3 urtean, urte arteko KPIa 2021eko irailean % 4koa bada ere. Hau da, sektoreko langileoi erosteko ahalmena bermatzea ere ez da planteatzen. Sekulako adarjotzea oso baldintza eskasetan dagoen sektore batentzat.

Sindikatuen planteamenduak, uda baino lehen plantillei galdetu ondoren, nabarmen murriztu zituen hasierako itxaropenak, eta soldatak % 6,5 eguneratzea zekarren oraingoan. Gainera, 2021-2023 Hitzarmenaren indarraldirako KPIaren bermearekin eta urteko 8 orduko lanaldi- murrizketarekin, aldi baterako ezintasunaren osagarrian, lizentzia eta baimenetan, familia, gizarte eta lan-bizitza uztartzeko eskubideetan, eta txanda-plusen eta txanda-kontratuaren arteko bateraezintasun batzuk ezabatzea suposatuko luke.

Egoera horren aurrean, gaur, urriak 27, berriro ere Probintzia Plazan mobilizatzen gara, Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenean planteatutako hobekuntzak erakunde publikoei finantza ditzaten eskatuz, eta AISA patronalari egungo egoera desblokeatzeko konpromisoa har dezatela eskatuz, sindikatuek eskatutako baldintzak lehenbailehen adostuz.

Erakunde publikoek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna zaintzearen beharra dute, eta, besteak beste, lan-baldintzak hobetu behar dituzte hain feminizatuta dauden sektoreetan, hala nola Esku-hartze Sozialean. Ezin gara Emilio Sola Arabako Gizarte Politiketako diputatuak azken urtean egindakoak bezalako aitorpen pribatu ezta publikoekin ere konformatu, Arabako Esku- hartze Sozialaren III. Hitzarmenaren finantzaketa bermatu behar da 2022ko aurrekontuetan.

Borondate politikoarekin, aitzakia faltsu eta zaharrak ahaztuta, hala nola Espainiako ekonomiaren desindexazioaren legea sektorean aplikatzea, izan ere Arabako Aldundiak bakarrik planteatzen baitu Estatu osoko erakunde guztien artean. Lege hori ez da derrigorrezkoa, EAJk Aldundian duen gobernukideak, PSEk, urriaren 18an batzarkide-taldearekin izandako bileran argi eta garbi esan digunaren arabera.

Guztiz ulertezina da konpromiso politikorik ez izatea, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezi aurtengoak historiako aurrekonturik altuenak direla entzuteaz nekatuta gauden bitartean.

Gaur, ozen eta argi, sektoreko profesionalen lana aintzat hartzea eskatzen dugu, eta aintzatespen hori ezinbestean hitzarmen duin batetik etorriko da. Berriz kalean irabazi beharko dugu, 2017ko amaieran egin genuen bezalaxe, sektoreko 3 greba-egun arrakastatsu barne hartu zituzten mobilizazioekin.

Klima eta energia premia ez ezik, pertsonen bizitza eta lan baldintzak ere kontutan hartzeko eskatu dugu Nafarroako Legebiltzarrean

LABeko kide Unai Ekizak hitza hartu du Nafarroako Legebiltzarrean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordean, Klima Aldaketari eta Trantsizio Ekologikoari buruzko Foru Lege proiektuaz sindikatuak egiten duen balorazioa jakinarazteko.

LABen iritiziz,  beharrezko trantsizioari heltzeko, ezin da kontuan hartu hazkundea areagotzea bideragarria dela eta horrek ingurune fisikoaren ekonomia bereizten duela; “hau da, ez dago egiazta daitekeen alternatiba teknozientifikorik, ondorio ekologiko katastrofikorik gabe mugarik gabe hazten jarrai daitekeela frogatzen duenik. Trantsizioa premisa horretatik egin behar da”, adierazi dugu.

Hain zuzen ere, gure jendartearen matriz sozio-produktiboaren beharrezko eraldaketa errotik egin behar da, arazoari sustraitik helduz eta ahalik eta prozesu ordenatuena izanik. “Kapitalismoa gizatiartzeko edo berdez margotzeko adabakiek eta saiakerak erakutsi dute ez dela eraginkorra. Aldaketa sakon bati ekiteko garaia da, eta lege-proposamen hau oso urrun geratzen da, eta ez dago bizi dugun premiaren mailan”, nabarmendu dugu.

Era berean, lege-proposamenean dierazitako neurriez gain, “aldaketak eta birmoldaketak beharrezkoak dituzten sektore eta enpresei buruz hitz egitea ezinbestekoa da, ekoizpen-modu iraunkorretara igarotzeko. Prozesu horrek kontuan izan behar ditu bai klima- eta energia-premia, bai sektore horietan lan egiten duten pertsonen bizitza eta lan-baldintzak ere”.

Langileen legezko ordezkari garen aldetik, garrantzitsua iruditzen zaigu trantsizio horretan langile-klasearen papera nabarmentzea eta aldarrikatzea: “Funtsezkoa da langile-klaseak zeregin aktiboa izatea, bai eta hausnarketarako eta erabakiak hartzeko guneak ere, enpresen eta sektoreen birmoldaketari dagokionez. Trantsizio hori ezin da goitik egin eta patronalaren eta kapital finantzarioaren esku utzi. Adibide gisa, azpimarragarria da enpresa elektrikoen xantaia PSOEren gobernuaren neurri lotsatien aurrean, zerutik eroritako onurei erreferentzia eginez. Bere onura diruzaleak soilik lehenesten dituen elite ekonomikoaren esku utziko al dugu beharrezko trantsizio bat, guztioi dagokiguna?”.

Horri heltzeko, langileen bizitza zentroan koka dadin, enpresetan eta sektoreetan trantsizio justurako batzordeak sortzea proposatzen dugu. Sektoreko langileen parte-hartzea eta erabakitzeko gaitasuna duten batzordeak, esparru horietan egin beharreko aldaketen buru izango direnak.

Ikuspegi horretatik, “LAB beti egongo da ekologikoki eta sozialki bidezkoa den jendarte baterantz jotzeko ausardia eta ahalegina dagoen espazioetan; denok lan egin ahal izateko, eta, horrenbestez, ordu gutxiago lan egin ahal izateko, bizitzari eusteko beharrezkoa dena ekoitzi eta erreproduzitzeko, ahalik eta lehengai eta energia gutxien sortuz eta hondakin gutxien sortuz eta sortutako aberastasuna banatuz”, erantsi dugu.

Bizkaiko kontserba-sektorean emakumeek jasaten dituzten miseria, desberdintasuna eta prekaritatea gelditzeko neurriak proposatu ditugu

Gaur zazpigarren bilera egin du Bizkaiko arrain-kontserba eta -gazituen sektoreko hitzarmenaren negoziazio-mahaiak.

Patronalak sektorean lan egiten duten emakumeak erabateko prekaritatean betikotzen jarraitu nahi duela ikusita, LABek proposamen bat jarri du mahai gainean, Bizkaiko kontserba-enpresetako langileek jasaten dituzten miseria, soldata-arrakala eta behin-behinekotasun-tasa handiari aurre egiteko.

Gogoratu nahi dugu, sektore honeta,n produkzio-kateko langile gehienak emakumeak direla. Pandemian zehar funtsezko langile izendatu ziren emakumeak, baina, hala ere, prekarietate-tasa handieneko sektore batekoak dira. Horretarako azalpen bakarra dago: CEBEK patronalak uste du sektoreko emakumeek ez dituztela gizonen eskubide berdinak izan behar, ez dutela soldata duinik izan behar eta ez dutela merezi lan-baldintza duinak dituen lanik. Horien froga dira soldata oso baxuak eta behin-behinekotasun handia. Esanguratsua da, emakumeak nagusi diren sektorea izan arren, %95ean lan finkoa duten bakarrak gizonak izatea.

Horregatik, gaurko bileran, LABek planteamendu bat egin du, sektoreko gutxieneko soldata, epe laburrean, urtean 19.000 euro gordin ingurura iristea (gaur egun ez da 15.000 eurora iristen), eta kontratu mugagabea duten langileen kopurua nabarmen handitzea. Biak dira prekaritatearen aurka borrokatzeko eta funtsezkotzat jotzen den sektore baten lan- eta bizi-baldintzak duintzeko neurriak.

LABen badakigu hori borrokarekin baino ez dela posible izango, eta, horregatik, sektorea aktibatzen eta antolatzen eta sektoreko emakumeek lana eta bizitza duina izan dezaten beharrezkoak diren aliantzak (sindikalak, sozialak…) sortzen jardungo dugu.

Azpikontratazioan oinarritutako Gipuzkoa klasista eraikitzen ari da Aldundia

Duela hilabete gutxi, Gipuzkoa Europan desberdintasun maila txikiena duen lurraldea bihurtu nahi zuela adieraziz azaldu zen prentsaren aurrean EAJ-ko Markel Olano Ahaldun Nagusia, ohikoa den marketin  kanpainari hasiera emanez. Gaur, ikusitakoak ikusita, Markel Olano Gipuzkoako lan esparruan eta langileen artean prekaritatea gehien  bultzatzen duen arduradun politikoa bihurtu dela azpimarratu nahi  dugu.

Gipuzkoa desberdintasun txikiena duen lurraldea izan beharrean, kasta  eta klase banaketa handiena duen lurraldea izatera pasako da Markel  Olanoren eskutik. Legealdi hasieran egin zuen Aldundiko zerga  politikaren aldaketa bide horren hasiera baino ez zen izan.

Eta ez da kasualitatea hori horrela izatea. Markel Olanok Aldundian  azpikontratazio bultzatzen badu, bere politika interes ekonomiko pribatuen mesedetan jartzen duelako da. Horregatik  bultzatzen du etengabe zerbitzuen pribatizazioa indartzen duen azpikontratazioa. Ez du hori egiten Aldundiaren pertsonal gastua murrizteko, baizik eta nagusiki sektore pribatuen interesak babesteko. Praktika honek negozio  biribila  suposatu du bere lagun diren enpresarientzat, modu horretan diru  publikoa esku pribatuetara pasatzen baitu, nola ez, prekaritatearen  kontura.

Markel Olanok bide pribatizatzaile hori bi gezurretan oinarritzen du. Lehena, kudeaketa pribatua publikoa baino hobea dela esanez, errealitateak kontrakoa erakusten digun bitartean, azpikontratatutako  zerbitzuen kalitatea okertzen baita ia beti. Eta, bigarrena, kosteak  merketzen dituela esaten du. Argudio hau ere ez da benetakoa, enpresa  azpikontratatzailearen irabazi-marjina bermatu behar delako.

Enpresarien kaltetan balitz, EAJ-k ez luke honelako politikarik  bideratuko. Benetako kaltetuak langilea eta zerbitzua dira, eta  ondorioz, herritarra. Lehenari soldata eta lan baldintzak okertzen  zaizkio (orduko 5€ baino gutxiago ordaintzen ari da Aldundia), ondorioz zerbitzuaren kalitatea okertzen da eta kaltetua herritarra  da.

Hori bai, Markel Olanok bultzatzen duen azpikontratazio politika  honek, lehenik eta behin, enplegu publikoa suntsitzen du. Zerbitzu  bera eskaintzen da, aurrekontu berdinarekin finantzatua, baina  murriztutako plantilekin. Eta, bestetik, muturreko prekarizazioa bultzatzen du, errentagarritasuna bermatzea baita azken helburua.

Egoera honen aurrean, LABek konpromiso argiak eskatzen dizkio Markel Olanori, berak zuzentzen duen Aldundiak enplegua bermatu eta lan-baldintzak hobe ditzan, azpikontratazioa bultzatu beharrean.

Ezin dugu ahaztu, azpikontratazioa pribatizaziorako bidea dela gehienetan. LABen ustez, kalitateko zerbitzu publikoen aldeko apustu  argia egin behar da. Honek eskatzen duena da zerbitzuen merkantilizazioarekin amaitzea. Gure ustetan, beharrezkoa da, langileen eskubideak errespetatu eta kalitatezko zerbitzua emango duen sektore publikoaren aldeko apostua egitea, honek pribatizatua dagoena publifikatzea eskatzen duelarik.

Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidentearen jarrera salatzeko mobilizatu gara

LABek deituta, Bilboko Portuko langileek mobilizazioa egin dute Santurtzin, Portuko Agintaritzako presidente Ricardo Barkalak zamaketako, barne-trafikoko, kontsignatarioetako, garraioko eta Portu Agintaritzako langileekin izan duen jarrera salatzeko.

Barkalak, EAJk izendatutako kargu politikoak, patronalaren eta multinazional handien alde egin du behin eta berriz, sektoreko langileen eskubideak mespretxatuz.

Horren azken adibidea greban dauden langileei (praktikoak, zamaketariak, amarratzaileak eta atoiontzietakoak) ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak izan dira, eskubide hau de facto deuseztatu eta indarrik gabe utziz.

Ezin dugu ahaztu Barkala jaunaren hitzik eza eta langileek grebarako duten eskubide legitimoa bermatuko duen dokumentu bat adosteko hartutako konpromisorik eza, bai eta murrizketetan, kanporatzeetan eta klientelismoan egoskortzea ere. Gainera, ezin ditugu alde batera utzi diru publikoaren kudeaketari buruz komunikabideetan egin dituen salaketak.

Jarrera-aldaketa eta hitzartutako akordioekiko konpromisoa eskatzen dugu, jakinda horrek harremanak eta lan- baldintzak hobetzea ekarriko duela. Bestela, aurrean izango gaituzte.

Murriztutako anbulantzia zerbitzua berrezartzeko eta langileak berriz onartzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Urriaren 8an, Eusko Jaurlaritzak Covid-19ak kutsatutako pazienteak lekualdatzen zituzten 6 anbulantzia kendu zituen osasun-garraioko zerbitzutik, eta, horrekin batera, 60 langile inguru kaleratu zituen, guztiak zaintzeko lehen lerroan lanean aritu direnak.

Pandemia baino lehen ere ez zen nahikoa asistentziazko eta ez-asistentziazko osasun- garraioa Euskadin. Hobekuntza bat behar zuen: dauden ibilgailuen kopurua handituz zerbitzu hobea emateko, bai anbulantzia asistentzialetan, bai ez-asistentzialetan.

Pandemiaren bilakaerari buruzko datuekin: txertaketa masiboaren, covid kasuen jaitsieraren eta askok dena amaitu dela pentsatzearen ondoren, Eusko Jaurlaritzak kaleratzea erabaki du, zerbitzua hobetu beharrean.

LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok salatzen dugu ez dela ezer ikasi pandemiaren 18 hilabete baino gehiago hauetan; izan ere, osasunean inbertitutakoa mantendu beharrean, erretiratu egiten da eta pandemia aurreko prekarietate-egoera berera itzultzen da, ez da osasun publikoa indartzen, lehentasun osoa izan behar duela ikusi denean.

Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia herritarren zerbitzura egongo den osasun publiko indartsu bat sustatzearen aurkakoa da, eta ez arlo horretan negozioa egin nahi duten enpresen interes ekonomikoen zerbitzura egongo dena.

Horregatik guztiagatik, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur Gasteizen, Osasun Sailaren atarian. Bertan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari zuzendutako idazki bat erregistratu dugu. Idazki horretan, langileak berriz hartzea eta anbulantzia horien zerbitzua berrezartzea eskatzen dugu, garraio sanitarioaren zerbitzua hobetzeko. Era berean, Administrazioak zerbitzu garrantzitsu horren kontrol erreala eta zuzena egitea eskatzen dugu, anbulantzia asistentzialak eta ez-asistentzialak argitaratuz eta, aldi berean, gai horiek aztertzeko bilera bat eskatuz.

Deialdia egin dugun sindikatuok iragarri dugunez, Bizkaira eta Gipuzkoara ere eramango dugu protesta, gure herrialdean osasun publiko eta kalitatezkoaren alde egiteko eskatzeko.