2025-12-17
Blog Page 39

Propaganda utzi, akordioa bete eta ikastetxeak baliabidez hornitzeko exijitu dio LABek EAEko Hezkuntza Sailari

Hezkuntza publikoa indartuko duten eta hitzarmenean 2025-26 ikasturterako adostu ziren baliabideak ezarri ditzan exijitu du LABek, eta irakasleei ekainaren 12an lanuzteak eta mobilizazioak egiteko deia berretsi die.

Gaur Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenei erantzunez, LABek akordioa bere osotasunean bete dezan exijitu dio Sailari. Izan ere, 2025-26 ikasturterako zuzendaritzek osatu beharreko Lanpostu Zerrendetan ez dira adostutako irizpideak ikastetxe eta etapa guztietan ezarri.

Gaurkoan ere, greba eta mobilizazioen testuinguruan egin bezala, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, baliabideen garrantzia erdigunean jartzeaz gain, goraipatu egin ditu; esaterako, euskara indartzeko neurriak diren EUSLE programa indartzea edota datozen ikasturteei begira sortu berri den Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileak. LABek gogorazi nahi du alor horretan egon diren lorpenak sindikatuak irmoki defendatu ondotik etorri direla, eta LAB izan zela adostasunera iristeko baliabideak ezinbestekotzat jo zituena, ez Hezkuntza Saila. Izan ere, herri bezala ditugun erronkei erantzuteko behar-beharrezkotzat jotzen du LABek aniztasunari erantzutea, euskalduntzean sakontzea eta hezkidetza bultzatzea.

LABek, hezkuntza publikoko lehen indarra izaki, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuekin batera borroka fase berri bat abiatu zuen urtarrilean, helburu zehatz batekin: lan baldintzak hobetzea, hezkuntza publikoa indartzea eta hezkuntza kalitatea hobetzea. 9 greba egun eta hamaika mobilizazioren ondoren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleetan lortutako akordioa irmoki defendatuko duela adierazi nahi du. Akordioa bere osotasunean betetzeak ikastetxeek egunerokotasunean bizi duten errealitateari erantzutea eta ehunka lanpostu sortzea esan nahi du, gaur-gaurkoz Hezkuntza Saila urratzen ari dena.

Izan ere, arestian aipatutako baliabidez gain, datorren irailetik aurrera Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu lektiboak 23tik 22ra jaitsi behar dira, eta Bigarren Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan gehieneko orduak 18tik 17ra murriztu. Era berean, HEDATZE programako orduak gehieneko 17 ordu lektiboen barnean txertatu behar dira. Ondorioz, ordu lektibo bakoitzaren murrizketak lanpostuak sortu behar ditu,, eta Lanpostu Zerrendan eragin zuzena izan.

Horrek planifikazioa eta hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa egitea dakar berarekin. Eta Sailburuak hori behin eta berriz errepikatu arren, propaganda egiteari utzi behar dio, eta adostutakoa bete. Horrez gain, azken asteetan Hezkuntza Sailak izandako jarrerak ikastetxeetan urduritasuna eta kezka besterik ez dituela sortu salatu du LABek, presioaren, noraezaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz.

Horregatik, urtarriletik hezkuntza publikoko irakasleek erakutsitako konpromisoaren eta indarraren bitartez, maiatzean erdietsitako hitzarmenaren alde determinazio berdinarekin borrokatzera dei egiten du LABek, eta ekainaren 12an lanuztea eta mobilizazioak egitera dei egiten du. Era berean, sindikatu sinatzaileak akordioaren defentsan batasun sindikala mantentzera deitzen ditu.

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko intersindikalak Departamentuari exijitu dio sektorearen etorkizuna zehaztuko duen negoziazio mahaian parte hartzen uzteko

Nafarroako 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza-zikloko intersindikalak –LAB, ELA, Steilas, AFAPNA, UGT eta CCOO sindikatuek osatua– berriz ere eskatu du gaur, oraingoan Iruñean emandako prentsaurreko baten bidez, utz diezaiotela parte hartzen Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) osatzen duten negoziazio-mahaian. Ekainaren 12an elkarretaratzea eginen dute 17:30ean Nafarroako Jauregiaren aitzinean.

Sindikatuek azpimarratu dutenez, urtebete daramate negoziazio mahai horretan egon ahal izateko lanean, eta Hezkuntza Departamentuak hala ezarrita, mahai horretatik kanpo daude. NUKFrekin batzartu dira, hainbat instantzia bidali dituzte, Arartekoari erreklamatu diote, Parlamentuaren eta Departamentuaren aitzinetan kontzentratu dira. Baina deus ez. Departamentuak ez du erantzunik eman.

“Ekintza horien guztien aurrean, ez dugu inolako erantzunik jaso Hezkuntza Departamentuaren aldetik”, adierazi dute sindikatuetako ordezkariek. “Intersindikalean uste dugu langileen ordezkari garen heinean, foro horretan parte hartzea funtsezkoa dela, haien interesak zaindu ahal izateko, eta hori ezin dugu egin jokoz kanpo bagaude. Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta Maria Txibite lehendakariari eskatzen diegu Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariarekin esku hartzeko, bere gobernuak hartutako konpromisoa bete dezan”.

Sindikatuek aipaturiko konpromiso hori 2022an hartutakoa da, zikloaren hezkuntzako alderdia eta kudeaketa komuna lantzeko organismo bat sortzea. Bere garaian, NUKF-k adierazi zuen ados zegoela sindikatuak horren parte izatearekin. “Ulertezina da langileen ordezkariak zikloaren etorkizuna eztabaidatzen ari den foro batean ez egotea”, gaineratu dute. “Batzorde honetan gure ekarpena funtsezkoa da: langileen ahotsa ordezkatzen dugu eta 0-3 zikloaren egunerokotasuna bizi dutenen ikuspegi erreala ematen dugu. Horregatik guztiagatik, berriz eskatzen dugu lan eta erabaki eremu horretan parte hartzea”.

Azkenik, sindikatuek iragarri dute heldu den ekainaren 12an, ortzegunarekin, elkarretaratzea eginen dutela Iruñean, 17:30ean Nafarroako Jauregiaren aitzinean.

LABek lanuzte eta mobilizazioei ekin die Arabako Gazteriaren Foru Erakundean, inbertsio gehiago eskatzeko

Arabako Gazteriaren Foru Erakundeko (GFE) langileek ordubeteko lanuztea eta kontzentrazioa egin dituzte gaur Gasteizen, euren lan zentroaren aurrean, euren egoera salatzeko. Langile gehienek egin dute bat lanuztearekin. Ekainaren 14an, 17an eta 21ean errepikatuko dizute lanuzte eta mobilizazioak.

Azken hitzarmen kolektiboa 2017an sinatu zenetik izan den luzapen egoerari honako hauek gehitu behar zaizkio:

– Azken urteotan izan den langile falta eta enplegu suntsipena.

– Hainbat programatako inbertsioen murrizketa, gazteei plaza gutxiago eskaintzea dakartenak, hala nola Udaraba (Udalekuak) edo Ikasgelak (Barria, Espejo eta Zuhatzako aterpetxeetan egindako egonaldiak, Arabako ikastetxeetako ikasleei zuzenduak).

– Lurrikara programarako inbertsio eskasa (landa inguruneko gazteak parte hartzera eta emantzipatzera bideratutakoa).

Langileek badakite mobilizazioek eragina izan dezaketela gazteengan eta GFEren aterpetxeetako gainerako erabiltzaileengan, baina benetako eta ageriko borondatearekin, konponbidea laster iritsi beharko litzateke.

Espero dute GFEren Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Diputatuak (haren esku dago erakundea) gatazka konpontzeko premia ulertzea eta gazteei zuzendutako programetan eta plantilla honetan inbertitzea erabakitzea. Izan ere, beren onena ematen jarraitzen dute gazteenekiko konpromisoa aurrera eramateko.

Mende laurdena beteta, Ipar Euskal Herrian zabaltzen jarraitzen duela ospatuko du LABek

Urteotako lan militante nekaezinaren bidez, eremu askotako langileengana eraman du euskal sindikalismo eraldatzailea, baita lan eta bizi baldintzak hemen erabakitzearen aldeko aldarrikapena ere. Hori ospatzeko, egun osoko egitaraua antolatu du LABek urriaren 25erako, Lekornen, Ipar Euskal Herrian 25, enbor beretik zabaltzen lelopean.

50. urteurrena ospatu zuen iaz LABek, inoiz baino osasun hobearekin: 50.000 afiliaturen langa gaindituta. Sustraiei sendo eutsita, enborra sendotu zuen sindikatuak lehen hamarkadetan, eta, enbor horretatik adar berriak zabaltzen hasi ziren milurteko berriarekin batera. Horren adibide da, 2000. urtean Ipar Euskal Herrira zabaltzeko hartutako erabakia, LAB Euskal Herriko sindikatu nazional bakar bihurtzea ekarri zuena, eta sindikatuaren heldutasunaren eta nazio eraikuntzarako duen konpromisoaren erakusle dena. Hain justu, 25 urte dira aurten urrats horretatik, eta urteurrena egun osoko egitarau batekin ospatuko du LABek, Lekornen, urriaren 25ean.

Baionan eman du LABek horren berri, Ipar Euskal Herrian sindikatuak egindako lehen agerraldi publikoaren kokalekua izan zen zubitik metro gutxira. Maiatzaren Lehena zen, eta 50 bat laguneko mobilizazioa egin zuen sindikatuak. “Ez zen erraza izan, lehen ekintzatik hasi baitziren lehen oztopoak”, azaldu du Argitxu Dufau LABen Ipar Euskal Herriko bozeramaileak. Dena dela, langile abertzaleak antolatzeko asmoa lehenagotik zetorrela gogoratu du Dufauk, eta 1980ko eta 1990eko hamarkadetan zenbait talde eta kolektibo sortu zirela; hala nola, EHLE Euskal Herriko Langileen Elkartea eta Atxik: “Frantses sindikatuen zentralismoa eta hegemoniaren aitzinean, bertako sindikatu abertzale eta euskalduna sortzeko beharra sentitzen zelako. Egiteko beste modu bat beharrezkoa zelako. Langileak lantokietan antolatzeko beste tresna bat ezinbestekoa zelako”.

Helburu hori bera zuen LABek Ipar Euskal Herrira jauzia egiteko erabakiak. Aurrez zenbait gogoeta eta elkarrizketa izan ondotik, LABen 5. Biltzar Nagusian hartu zen erabakia, Donsotian, Ipar Euskal Herriko militanteek bultzatuta.

Ondotik, “xinaurri lanari esker”, sindikatua zabaldu egin dela nabarmendu du Dufauk: “Sail sindikalak sortu ditugu sektore guzietan, hauteskunde sindikaletan aurkeztu gira eta ordezkagarritasuna handitu dugu;ekintza sindikala bultzatu dugu”. Bidean, baina, era askotako “oztopoak” eta “erasoak” jasan ditu sindikatuak, gogora ekarri duenez. “Baztekerta sindikala lehen minututik bizi izan dugu, eta patronalarengatik eta sindikatuengatik epaitegira jo behar izan dugu, sindikatu izaera frogatzera. Gainera, Ipar Euskal Herriaren aitortza sozial ezagatik eta frantses estatuaren ultrazentralismoarengatik, bidea ez da erraza izan”.

Hala eta guztiz ere, LABen ordezkariak eta afiliatuak eremuz eremu lanean ari direla azpimarratu du Dufauk, “sindikalismoa egiten, langileen alde borrokatzen”. Eta, horrekin batera, sindikatuak Hemen Erabaki proposamena ere garatu duela oroitarazi du, negoziazio kolektiboko eremuak Ipar Euskal Herrian bertan kokatu nahi dituena. “Lan eta bizi baldintza duinak Euskal Herrian bertan erabaki nahi ditugu”, aldarrikatu du Dufauk.

Horregatik guztiagatik, LABen parte diren guztiak zoriondu ditu, eta bidelagun izan direnak eta egun direnak eskertu ditu. “25 urterekin ez da ezer bukatzen. Lantokietan antolatzen eta borrokatzen segitu behar dugu. Euskal Herriko langileok hemen erabakitzearen aldarrikapena aitzinera eraman behar dugu”, aldarrikatu du.

Egun osoko ospakizuna

Urriaren 25ean Lekornen egingo duten ospakizunaren gaineko azalpenak eman ditu, bestalde, Eñaut Aramendi Ipar Euskal Herriko idazkariak. Sindikatuak Ipar Euskal Herrian egin duen ibilbidea aztertuko dute goizean, belaunaldi desberdinetako militanteen testigantzekin osatutako solasaldi baten bidez. Bazkaria izango da ondoren, eta txaranga batekin eta kontzertuekin itxiko dute egitaraua. Edozein kasutan, egunari buruzko informazio zehatzagoa aurrerago emango du sindikatuak.

INTIA enpresa publikoko langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, enpresak subrogatu izan dituen langileek jasaten duten diskriminazio egoera salatzeko

INTIAko batzordeak publikoki salatu du enpresa honek subrogatutako langileek gainontzeko langileekin konparatuta jasaten duten soldata eta lan diskriminazio egoera. Iruñean elkarretaratzea egin dute gaur INTIAko langileek, Landa Garapenerako Departamentuaren ondoan.

Urteak dira pertsona horiek ari direla Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan laguntza teknikoko zerbitzua ematen, eta Tracasa Instrumentalek subrogatu zituen 2025eko urtarrilaren 1ean. Hala ere, subrogatu zirenetik, ez dituzte INTIAren soldata-egituran txertatu, eta gainontzeko langileek baino baldintza nabarmen baxuagoetan mantendu dituzte. Horrela, tratu desberdina eta lan-diskriminazioko egoera argia sortu da.

Anitzetan galdetu dugu kolektibo horren egoeraz, baina oraindik ez dugu erantzun argirik jaso. Enpresak ez du azalpen zehatzik eman, luzamendutan eta aitzakiatan ibiltzen da, egoera argitu gabe eta konpontzeko benetako borondaterik erakutsi gabe.

Egoera horren ondorioz, kategoria profesional eta/edo funtzio berdinetan sailkatutako lanpostuak bete arren, subrogatutako pertsonek ordainsari txikiagoak jasotzen dituzte. Ondorioz, soldata-arrakala sortzen da enpresa publiko beraren barruan, eta de facto lehen eta bigarren mailako langileak sortzen dira. Hori ez da soilik eztabaidagarria legearen ikuspuntutik, baita ikuspegi etiko eta sozialetik ere, erabat ezmorala baita. Bereziki larria da hori INTIA bezalako erakunde batean gertatzea, sektore publikoaren aterkipean eta NEKP-ren eta Nafarroako Gobernuaren beraren babesarekin —zuzenean edo omisioz—.

Enpresa Batzordeak irmotasunez salatzen du diskriminazio hori, eta exijitzen du:

– Subrogatutako pertsonak INTIAren soldata-egituran berehala integratzea, antzinatasuna erabat aitortuta, bereizketa arbitrariorik gabe eta langileen kontratu-jatorriagatiko diskriminaziorik gabe.

– Nafarroako Gobernuaren benetako konpromisoa, bere enpresa publikoen barnean desberdintasunik ez baimentzeko.

Egoera hau berehala zuzentzen ez bada, elkarretaratzeak egiten jarraituko dute ortzegunero 11:00etan, kaltetutako pertsonen eskubideak defendatzeko eta berdintasun printzipioa betetzen dela bermatzeko.

LAB sindikatuak positiboki baloratzen ditu Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan Palestinako genozidioa salatuz onarturiko ebazpenak

Gaur, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan, Palestinan gertatzen ari den genozidioaren, giza eskubideen urraketa larrien eta eskubide horiek urratzen dituztenen edo urraketa horien konplize direnen inpunitatearekin amaitzeko beharraren inguruko ebazpenak bozkatu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentuak onartutako mozioan, Europar Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Hitzarmena bertan behera uzteko eskaria jasotzen da argi eta garbi. Eskari hau duela hilabete batzuk LAB sindikatuak publikoki egin zuen eta, beraz, albistea oso positiboa iruditzen zaigu. Nafarroako Parlamentuak onartutako mozioen kasuan, horietako batean su-eten bat eskatzen da, eta genozidioa, okupazioa nahiz palestinar lurraldearen kolonizazioa gaitzesten dira, eta beste mozioan, besteak beste, “Nafarroako Gobernuari eta Estatuko Gobernuari eskatzen zaie beharrezkoak diren ekimenak bultza ditzatela bermatzeko, erantzukizunpeko adierazpenen, iturri zorrotz eta fidagarrien bidezko egiaztapenen eta/edo egoki iritzitako beste edozein tresnaren bidezko egiaztapenen errekerimenduaren bidez, bai obra eta zerbitzuen enkarguetan, bai erosketa publikoetan eta dirulaguntzen prozeduretan, kanpoan uzten direla, zuzenean edo zeharka, Nazioarteko Zuzenbidearekin bat etorriz, genozidioa, gerrako krimenak, gizateriaren aurkako krimenak edo apartheid ekintzak mantentzen, gauzatzen edo errazten laguntzen duten jarduera ekonomiko, komertzial, logistiko edo teknologikoetan parte hartzen duten pertsona juridiko guztiak.”

LAB sindikatutik Hego Euskal Herriko parlamentuek onartutako mozioak positiboki baloratzen ditugu. Aspalditik, LABek genozidio sionistaren aurrean erantzun zabal, irmo eta zeharkakoa artikulatzeko beharra dagoela esan du, eta uste dugu gaur onartutako mozioek bide egokian egiten dutela aurrera.

Hala ere, LAB sindikatutik, Palestinako okupazioa, apartheida eta genozidioa geldiarazteko neurri ausartagoak hartzea beharrezkoa dela uste dugu eta zentzu honetan, sionismoarekin harremanak hautsi behar direla esan nahi dugu.

Familia osoak deuseztatzen dituztenean, ospitaleak eta unibertsitateak sistematikoki suntsitzen dituztenean, haur eta neska-mutikoak hondakinen azpian lurperatzen dituztenean, milioika pertsona bonbardatzen dituztenean, gosez hiltzen dituztenean eta indarrez lekualdatzen dituztenean, ez da kontu semantikoa. Genozidio bat da. Lege-terminologiaren inguruko obsesioa ke-laino bat besterik ez da, sarraskia justifikatzeko eta ez geldiarazteko asmoa duen argudio itxuraz faktikoa.

Ez dira hitzak edo mozioak bakarrik. Gosea gerra-arma gisa erabiltzen denean, zibilen aurkako sarraskiak egiten direnean, milaka haur hiltzen eta elbarritzen direnean, funtsezko osasun arreta medikorik gabe uzten dituztenean, gertakariek eta adierazpenek genozidioaren tipifikazioa eskatu behar diote nazioarteko justizia-sistemari. Genozidio baten aurrean ez da negoziatzen, genozidioa geldiarazi egiten da, eta ondoren, irtenbide diplomatiko integral eta iraunkorra bilatzeko bideak zabaldu behar dira.

LAB sindikatuaren ustez, norabide horretan emandako urrats guztiek nazioarteko politika baten oinarriak ezarri ditzakete, hitzetatik ekintzetara igarotzeko, eta urte luzez erakunde eskudunen utzikeria jasan duen herri palestinarraren giza eskubideen aitortza bidezko eta beharrezkoan inplikatzeko.

Orain inoiz baino beharrezkoagoa da Israeleko gobernuaren zigorgabetasunari amaiera ematea, urrats ausartagoak emanez eta egitura sionistekin harreman guztiak hautsiz; sindikatuei dagokigunean, lehenengo urrats moduan, erregimen sionistaren sindikatua den Histadrut nazioarteko sindikalismoaren esparru guztietatik isolatuz.

LABek Abadiñoko KW Damping Technology enpresan gertatutako lan-istripu larria salatu du

Ekainaren 2an KW Damping Technology enpresan izandako istripu larria, berau eragin zuen makinaren segurtasun-neurrien falta eta Fremap mutualitatearen eta Osakidetzaren arreta mediko desegokia salatu ditu sindikatuak.

Langile batek istripua izan zuen makina batek eskua harrapatu zionean. Eskua harrapatuta eduki zuen 45 minutuz, eta, askatu ziotenean, langilea Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Han, ebakuntza kirurgikoa egin behar ziotela erabaki zuten. Ebakuntza Fremapek egin behar zion Bilboko Mutualitateen Ospitalean.

Langileak 50 minutu baino gehiago itxaron zuen Gurutzetako ospitalean anbulantzia batek Bilboko Intermutual Ospitalera eraman zezan, eta, azkenean, zain egon ondoren, taxi bat hartzea erabaki zuen, zainetako bidea jarrita eta hatz txikia larri kaltetuta zituela, ahalik eta azkarren ebakuntza egiteko.

Zoritxarrez, langile honi gertatutakoa ez da kasu isolatu bat. LABek lotsagarritzat eta onartezintzat jo du mutualitatearen eta Osakidetzaren jarrera, langilea zegoen egoeran osasun-laguntzarik gabe utzi zutelako.

LABek adierazi du beharrezkoa dela egoera horren eta mutualitateen anbizioagatik eta eskrupulurik ezagatik langileek pairatzen dituzten beste egoera batzuen aurrean erantzutea, gure osasunaren kontura aberastea besterik ez baitute buruan.

Bestalde, joan den astean Euskal Herrian 6 langile hil zirela gogorarazi du sindikatuak. “Absentismoaz hitz egiten digute, baina hil egiten gaituzte”, adierazi du, eta gaineratu du “patronala dela absentismoaren eragile nagusia”.

Gertatutakoaren aurrean, KW Damping Technologyko enpresa-batzordeak manifestazioa egin du gaur enpresatik Fremap enpresak Abadiñon duen bulegora, gertatutakoa salatzeko eta istripua izan zuen lankideari babesa adierazteko. Era berean, lehenbailehen sendatzea opa dio.

LABek dei egin die euskal langileei Gure Eskuren mobilizazio nazionalean parte hartzera

Burujabetza maila handiagoa izango duen marko baterako aukerak sortu, eta hori langileen intereseko gaietan aurrerapenak egiteko baliatzeko konpromisoa du LABek. Horregatik, ekainaren 7ko deialdiarekin bat egin, eta bertaratzeko deia egiten du.

Gure Eskuk mobilizazio nazionalera deitu du larunbaterako Bilbon, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean. LAB bertan izango da Euskal Herriaren aitortza nazionala eta burujabetza aldarrikatzen, eta ordezkaritza zabala izango du mobilizazioan. Han izango da, besteak beste, Igor Arroyo koordinatzaile orokorra. Era berean, euskal langileei ere mobilizazioarekin bat egin dezaten dei egiten die LABek.

Izan ere, nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea behar ditugu, Euskal Herria bizi dadin, euskal herritarrok aske izan gaitezen. Eta nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea behar ditugu, euskal langileon lan eta bizi baldintzak duintzeko bitartekoak izan ditzagun; eredu sozioekonomiko berri baterako trantsizio feminista eta ekosozialista abian jar dezagun.

Hain justu, Euskal Herriaren nazio aitortzan eta erabaki ahalmenean urrats berriak emateko aukera dugu parez pare. Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoak baino eskumen handiagoak izango lituzkeen egitura administratibo baten aldeko jarrerak indartzen ari dira, eta, ikuspegi sindikaletik, hiru herrialde hauetan negoziazio kolektiborako esparru propioa eratzeko proposamen zehatza jarri dugu mahai gainean.

Hego Euskal Herrian, berriz, egungo marko juridiko-politikoak gainditzeko baldintza berriak sortzen ari dira, sortzen lagundu dugu. Hamar urte bete dira Nafarroan aldaketa instituzionala egin zenetik; abertzaletasunaren aurkako apartheida gaindituta, burujabetzan eta eraldaketa sozialean urrats berriak emateko tenorea da. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, zabalik da estatus-juridiko politikoaren gaineko eztabaida, eta eztabaida hori behingoz bururaino eramateko unea dela uste du LABek.

Testuinguru horretan, sindikalismo independentistak burujabetza maila handiagoko marko baterako baldintzak sortzen lagundu behar du, eta aukerak baliatu behar ditu langileen interesekoak diren gaietan aurrerapenak lortzeko: izan pentsioak, izan gutxieneko soldata, lanaldia, gizarte segurantza propioa, kalitateko zerbitzu publikoak, etxebizitza, zaintza, euskaraz lan egin eta bizi ahal izatea… Langileen artean gure bizi baldintzen gainean erabaki ahalmena handitzeak dituen onuren gaineko pedagogia, pedagogia subiranista, egiteko ere.

Herri bat gara. Herri libre bat izan nahi dugu. Baliatu dezagun abagunea burujabetzaren bidean pausoak emateko. Bete ditzagun, larunbatean, Bilboko kaleak.

Non zeuden Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua 26 langile hiltzen ziren bitartean?

LABek Eusko Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzako sarrera blokeatu du EAE zein Nafarroako Gobernuek laneko heriotzen inguruan duten erantzukizuna salatzeko. Izan ere, pasa den astean 6 langile hil ziren Euskal Herrian 5 egunetan, eta 26 dira honezkero urte hasieratik hildakoak. 2024an, 64 langile hil ziren Euskal Herrian 102.000 istriputan.

Sindikatuko 26 militantek, buzo gorriak soinean, urte hasieratik Euskal Herrian hildako 26 langileak irudikatu dituzte, beste kide batzuk “Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, non zeundeten langile hauek hiltzen ari ziren bitartean?” zioen pankarta zabaltzen zuten bitartean.

“Lan istripu hauek oinarrizko prebentzio neurriekin ekidin zitezkeen, baina patronalak inpunitate osoa du araudia ez betetzeko”, adierazi du LABek, “eta Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari dagokie patronalari prebentzio araudia betetzera behartzea”.

Ildo honetan sakonduz, LABek dei egin die Imanol Pradales Jaurlaritzako eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariei urgentziazko Gobernu Kontseiluak deitzera, Confebask eta CEN patronalei ardura exijitu eta urgentziazko neurriak har ditzaten. “Zenbat hildako langile gehiago behar dituzue honetarako?”, interpelatu ditu LABek.

“Laneko heriotzek badute erantzulea”, gaineratu du LABek. “Patronala, absentismoaren inguruko diskurtso lotsagabea zabaltzen ari den bitartean, langileak hiltzen ari da, ez duelako betetzen segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan-kostuak merketzeko helbururarekin”.