2026-04-26
Blog Page 388

Sindikatuak jarritako demanda baten ondoren, epai batek Jaurlaritza behartu du Heziketa Bereziko bi langileri kalte-ordainak pagatzera #LortuDugu

EAEko Hezkuntza Sailak Heziketa Bereziko bi langileri kalte-ordaina pagatu beharko dio epaitegietan LABek jarritako demanda dela medio. Izan ere, lanpostu hutsa betetzen zuten bi langile horiek Hezkuntza Sailarekin zuten lan-harremana eten zen leku- aldatze lehiaketa bitartez. Bi hezitzaileak lanpostu hutsa hiru urtez betetzen egon dira, behar iraunkorrak eta estrukturalak egiten.

LABetik kontratua ondo bukatuta zegoela onartuta ere, demanda aurkeztu genuen kalte-ordaina jasotzeko eskubidea erreklamatzeko. Hau da, lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte ordaina ordaintzea eskatu genuen, bakoitzari zegokion parte proportzionala emanaz. Eta EAEko Justizia Administrazioaren 2022ko otsailaren 12ko ebazpenak langileen alde irten dira, irmoak dira eta Jaurlaritza ordaintzera behartzen dute.

Heziketa berezian, EAEn, 2008an egin zen azkenengo Lan Eskaintza Publikoa, eta Hezkuntza Sailaren behin-behinekotasunaren abusuaren aurrean, borrokatzen jarraituko dugu. Beraz, zorionak LABek egiten duen ibilbidean konfiantza jartzen duzuen langileoi.

Osasun Bidasoa plataformak deitutako mobilizazioan parte hartuko dugu, gardentasuna eta kirurgia zerbitzu guztiak Bidasoa ESIan mantentzea aldarrikatzeko

Osakidetzak, bere kudeaketa-ereduari jarraiki, beste behin ere Bidasoa Ospitaleko kirurgia-blokea berritzeko prozesua modu opakuan eraman du, eta informazioa ezkutatu die langileei eta haien ordezkariei, baita gizarteari oro har eta gizarte-erakundeei ere. Beste behin ere, ez da aldez aurretik inolako negoziaziorik egin proiektuari, eraginpeko langileen mugikortasunari, lan- baldintzei, dieten ordainketari eta lanaldi-igoerari dagokienez, besteak beste, eta hartutako erabakiak jakinaraztera mugatu da.

Osasun publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak modernizatzeko eragozpenik ez badugu ere, kasu honetan, kezkagarria iruditzen zaigu Anatomia Patologikoko Zerbitzua Donostia Ospitalera eramatea, Bidasoako Ospitalera itzultzeko bermerik gabe. Horrek prozesu kirurgikoak nabarmen mugatzea ekarriko luke, eta, ondorioz, eskualdean asistentzia-kalitatea galtzea eta baliabide publikoak xahutzea. Salatu behar dugu zerbitzu hau berez gainezka dagoela eta bertako langileek lan-karga jasanezinak jasaten dituztela.

Ildo horretan, LABek orain arte erantzunik aurkitu ez duten galderak baino ez ditu. Zer gertatuko da ebakuntza barruko patologia-analisiekin? Jada ez dira egingo? Edo agian, zentroan Anatomia Patologikoko zerbitzurik ez dagoenez eta ebakuntza- mota asko mugatzen denez, galdera izan behar da Bidasoako ESIn zer interbentzio kirurgiko mota geratuko diren?

Uste dugu Osakidetza ez dela informazio guztia ematen ari. Ez da logikoa, alde batetik, hain inbertsio handia egitea ebakuntza- gelen berrikuntzan eta ekipamenduan, eta, aldi berean, Anatomia Patologikoko zerbitzua desagertzea edo Donostiako Ospitalera eramatea, horrek berekin dakarren kalitate-galerarekin ebakuntza askori aurre egiteko orduan.

Horregatik, LABek bat egin du Osasun Bidasoa Plataformak deitutako manifestazioarekin, otsailaren 19an, 18: 00etan, Irungo San Juan plazatik aterako dena, honako lelo honekin: “Ampliar, RENOVAR, HOBETZEA â€“ Gure OSASUNAREN ALDE”.

Kalitatezko osasungintza publiko bat aldarrikatu dugu, Osakidetzan deitutako greben atarian

Mobilizazioak egin ditugu ospitale eta osasun etxeen aurrean, Osakidetzako langileak aurrera eramaten ari diren dinamika mobilizatzailearen baitan, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon babesarekin.

Urtarrilaren 23an egindako manifestazio jendetsuen ondoren, Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dute pauso bakar bat ere eman langileek bizi duten egoera jasanezina arintzeko. Ez dute neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko. Hauxe salatu dugu gaurko mobilizazioetan, eta horixe bera salatuko dugu otsailaren 25 eta 28ko greba egunetan, baita otsailaren 26rako iragarritako manifestazioetan ere.

Otsailaren 23an beste greba egun batera deitu dugu Nafarroako helduen egoitzetan

Iazko maiatzean, mendekotasunaren sektoreko lau sindikatu nagusiek (LAB, ELA, UGT eta CCOO) proposamen bateratu bat aurkeztu genien Nafarroako patronalei eta Gobernuari, Nafarroan hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena sinatzeko.

Hitzarmen honek Nafarroako 70 zentro baino gehiagotan lan egiten duten 4.500 pertsona baino gehiagoren lan-baldintzak hobetzeko balio behar du. Lan-baldintzen hobekuntza honako hauetan gauzatzen da: kalitatezko kontratazioak, segurtasun- eta babes-neurri eraginkorrak, sektorean putre-funtsak eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea.

Patronalek negoziazioan ematen diren aurrerapausoak blokeatzen jarraitzen dute, eta, beraz, mobilizazioek aurrera jarraituko dute lan-baldintza duinak lortu arte eta mendekotasunari arreta emateko eredua aldatu arte. Zaintzaren kalitatea eta langileen lan baldintzak patronalen interes ekonomikoen gainetik egon behar dira.

Urtarrilaren 11n elkarretaratzea egin genuen Nafarroako Parlamentuaren aurrean, urtarrilaren 13an greba eguna egin zen, eta otsailaren 23an beste greba egun batera deitu dugu, Tuteran eta Iruñean aldarrikapenak eginez.

Diru publikoarekin sostengatzen den sektorea da, eta, beraz, administrazio publikoek kalitatezko zerbitzuak emateko erantzukizuna hartu behar dute beren gain, eta mendekotasunaren sektorea babestu behar dute, adineko eta mendeko pertsonen arretarekin hain funtsezkoa den zerbitzuarekin bateraezinak diren enpresa-ereduetatik.

Gipuzkoako helduen egoitzetako gatazka kalera eraman dugu berriro

Beste greba egun bat egin dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, langileek bizi duten egoera jasanezina dela salatzeko. Hain zuzen ere, manifestazioa egin dugu Donostian, Bulebarretik abiatuta eta Aldundiaren aurrean protesta eserialdi batekin amaituta, kalitatezko zaintza eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko.

Hilabeteak dira Gizarte Politikako diputatu Maite Peñari bilera eskaera egin diogunetik, baina ez dugu erantzunik jaso, sektorean bizi dugun gatazka aldundiaren arazoa ez bailitzan. Bada, gaurko greba egunean beste bilera eskaera bat erregistratu dugu eta berretsi dugu hau ez dela langile eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik. Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari da. Hortaz, Aldundiak ezin du beste alde batera begiratu.

Honela gauzak, biltzeko eskaera berria 50 gizarte-eragile baino gehiagoren babesarekin erregistratu dugu, egoitzetako gatazka desblokeatzeko helburuarekin.

LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu dugu egoera hau zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekaritatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Horregatik, zaintzaren eta Gizarte Zerbitzuen egiturazko eredu aldaketaren beharra mahai gainean jarri nahi dugu, kalitatezko zaintza sistema publiko-komunitario baten bidean.

Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, Osasun Larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exigitzeko. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzea beste biderik ez dago. Hurrengo hitzordua martxoaren 24an izango dugu. Egun horretan beste greba eta mobilizazio egun bat egingo dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan.

Ostiraleko manifestazioan parte hartzera deitu dugu, osasun publikoaren alde eta Osasunbideko langileen lan-baldintzak hobetzearen alde

LAB, ELA, CCOO, ESK, Steilas, CGT, CNT eta Solidari sindikatuek prentsaurrekoa eman dute gaur Iruñean Nafarroa Garaiko osasun sistemaren egoerari buruzko irakurketa partekatua plazaratzeko eta otsailaren 18rako Nafarroako Osasun Plataformak deitu duen manifestazioarekin bat egiteko.

Covid 19ak eragindako osasun-krisiak aurrekaririk gabeko aldaketa eragin du gizartean, oro har, eta osasunaren esparruan, bereziki. Agerian geratu dira egiturazko akats batzuk eta horiek Osasun Publikoko langileak mugara eraman dituzte;  lan-baldintzak murrizteak zerbitzu eta arlo askotan eragozten die zaintzetan kalitatezko arreta eta gutxieneko segurtasuna ematea.

Pandemia bat kudeatzea ezin da lan erraza izan administrazio batentzat, baina, bi urteren ondoren, Osasunbideko zuzendaritzak ez du inoiz ezarri ibilbide-orri zehatzik. Aitzitik, aurreikuspen falta erabatekoa erakutsi du, langileen arloan inprobisazio etengabean jardunez, Covid-ak sortutako olatuei eta aldaerei aurrea hartu gabe. Nahiz eta 2020ko martxoan lehen olatuaren hasieran apustu handia egin zen arlo kuantitatiboan, kontratazio-bolumen zabalarekin, ezin dugu gauza bera esan maila kualitatiboan, ezarri gabe baitaude langileen lan-baldintza egokiak, bai sanitarioak, bai ez-sanitarioak. Nabarmentzekoa da kontratatutako langileen egoera; izan ere, langile horiek oso kontratu prekarizatuak onartu eta luzatu behar dituzte, kontratazio duina eta egonkorra lortu beharrean.

Faktore horiek guztiek biderkatu egin dute Osasunbideko langileak duela bi urtetik jasaten ari diren neke fisiko, emozional eta psikologikoa, eta, azkenean, duela urte askotatik arrastaka zekarten motxila bete egin zaie. Azken finean, Administrazioak eten egin du zaintzaileak zaintzeko betebeharra.

Plantillaren egungo egoeran nagusi dira desmotibazioa, etsipena eta gogaitasuna , eta egoera horren aurrean ezin da ezer egin. Osasunbideko langileek sindikatuetako ordezkariek erabakitako erantzunak eskatu dituzte. Era berean, Nafarroako Osasun Plataforman bildutako hainbat herritarrek eta gizarte-erakundek, Nafarroako Osasun Publikoaren egoeraz kezkatuta eta osasun-zerbitzu publiko egokiak langileentzako lan-baldintza duinak behar dituela jakitun, egokitzat jo dute indarrak batzea erabiltzaile eta profesionalek dugun helburu komun hori defendatzeko, hau da, Osasun Publikoaren babesa.

Hori dela eta, Osasunbideko langileen eta plataforma honetan ordezkatuta dauden erabiltzaileen eskariari erantzunez, sindikatu batzuek ulertu dugu unea dela ahaleginak batzeko eta beste egoera batzuetan banandu gaitzaketen aldeak bazter uzteko.

Mahai gainean ukabilkada bat jo da eta konponbideak eskatzeko unea da. Horregatik, bat egiten dugu Nafarroako Osasun Plataformak bultzatzen duen manifestazioarekin, eta gonbidatzen ditugu Nafarroako Osasun Publikoko langileak eta erabiltzaileak bertaratzera. Manifestazioa 2022ko otsailaren 18an izango da, ostiralean, 19: 00etan Baluartetik abiatuta.

Sindikatuek aldarrikapen asko dituzte, baina ardatz hauek lehenetsi behar dira:

  • Plantilla dimentsionatzea eta egonkortzea, zerbitzu askotan behin-behinekotasun-tasa jasanezinak eta saturazioa eragotziz.
  • Osasunbideko aldi baterako langileen kontratazioa duintzea (prestakuntzarako sarbidea, mugikortasuna mugatzea, iraupen luzeagoko kontratuak), bai eta garbiketa- edo ikuztegi-kontratena ere; horietan lan-karga handiak daude, eta pixkanaka publiko egiteko joera dago.
  • Diskriminazioen amaiera, adibidez karrera profesionalera sartzean gertatzen denaren antzera karrera hori langile guztientzat ezarri behar baita, bai funtzionarioentzat, bai kontratatuentzat; edo osagarriak eta arriskuak onartzeko tenorean.
  • Kontingentzia arruntak estaltzeko gaur egun Mutua Navarrara bideratzen diren funts publikoak lortzea, mutualitate hori Osasun Sistema Publikoarekin hitzartuz.
  • Baliabide publikoak optimizatzea, aparteko jardueretan produktibitateetan ordainketa handiak egitea saihestuz; izan ere, gastu hori alferrikakoa da, eta langile guztiei itzul dakieke. Horrez gain, beste hobekuntza-neurri batzuk ere har daitezke itxaron-zerrenden aurka jarduteko.

Azkenik, nabarmendu nahi genuke Osasun departamentuak Oinarrizko Osasun Laguntza hobetzeko neurriak ezartzeko exijentzia. Hitzetatik ekintzetara azkar pasatzea eskatzen dugu, eta neurri horiek gauzatzeko data zehatzak iragartzea

Berriro diogu, lan-baldintza egokirik gabe ezin da bermatu herritarrei arreta egokia ematea. Horregatik, sindikatuen batasunean eta erabiltzaileek eta profesionalek bat eginda, bete ditzagun kaleak otsailaren 18an, gure Osasun Publikoa den ondasun komun eta ezinbesteko horren alde.

Iruñeko ikastetxe publikoak garbitzen dituzten enpresen aurka jarritako salaketa ebaztea eskatu dugu, garbiketa berezietan iruzurra egitea leporatuta

LABetik jakinarazi nahi dugu salaketa bat jarri genuela honen inguruan, eta bertan aditzera eman genuela enpresek egindako iruzur orokorra, ez baitute egiten legeak eskatzen duen lana.

Enpresa-praktika horiek lanpostuak suntsitzea dakarte, lizitazioetan lanpostu hoiengatik Udalak enpresa horiei puntuak ematen dizkien bitartean. Horrez gain, langileek lan jakin batzuk egitera behartutak ikusten dira, beren kategoria aitortu gabe eta konpentsaziorik jaso gabe.

Horrez gain, LABetik adierazi nahi dugu eskaera bat bidali geniela udal taldeei herritarren batzordean parte hartzeko, eta oraindik ez dugula erantzunik jaso.

Azkenik, dei egiten diegu zentro horietako langile guztiei, hilaren 22an, 10:30ean, asteartea, Udaletxeko plazan egingo dugun elkarretaratzean parte har dezaten.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek grebara deitu dute otsailaren 22, 23, 24 eta 25erako

LAB, ELA eta ESK sindikatuon izenean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek agerraldia egin dute, joan den ostiralean egindako mobilizazioari segida emateko. Kolektibo honek 120 langile inguru ditu, ia guztiak emakumeak dira, eta sektorean dagoen partzialitatea %80 ingurukoa da.

Garbitzaileek azaldu bezala, “2021eko maiatzaz geroztik, sektorearen hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari gara EULEN enpresarekin, zerbitzuaren egungo arduradunarekin. Hainbat bileraren ondoren, negoziaketaren egoera erabateko blokeora iritsi da. EULEN enpresak argi utzi du negoziazio-mahaian ez duela inolako borondaterik langileei erosmen ahalmena ziurtatzeko. EULENek KPIarekin inolako loturarik ez duten planteamenduak egiten ditu, eta hau sindikatuontzat onartezina da”.

Planteamendu ekonomikoak KPIarekin ez lotzeak langileak zuzenean pobretzea dakar, eta langileek ez dute hori onartuko: “Puntu honetan, patronalak negoziazio kolektiboan duen jarrera salatu nahi dugu, sektore maskulinizatuetan KPIarekin lotura egiten duelako eta feminizatutako sektoreetan horri buruz hitz egiten entzun nahi ez duelako. Guk ez dugu kasualitateetan sinesten eta KPIaren lotura lortzeko borrokatuko dugu”.

Baina ez hori bakarrik, EULEN enpresak, KPIarekin loturarik ez planteatzeaz gain, 2021erako soldatak izoztea planteatu du 2021erako, pandemia urterako, funtsezko zerbitzuen urterako: “Baina zertarako dira funtsezkoak garbitzaileak? Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko? Politika eta enpresa-propagandarako? Onartezina da enpresek soldata-izozteak planteatzea zerbitzua ez denean gelditu, baizik eta indartu eta handitu egin denean. Berriro ere, langileekin jolasten ari dira beren enpresa-etekinak handitzeko”.

LAB, ELA eta ESK sindikatuotatik argi daukagu Foru Aldundia dela zerbitzu horren azken arduraduna: “Gu Aldundiaren beraren erabaki politiko eta ekonomikoz azpikontratatutako langileak gara, estrategia ekonomizista bati soilik erantzuten diotenak. Horregatik, erantzukizunak eskatzen ditugu. Hiru bilera eskatu behar izan ditugu, eta grebaren aurreabisu batekin baino ez digu bilera eskaini Aldundiak”.

Zerbitzuaren pleguak martxan daude eta atzo bilera izan zuten Aldundiarekin: “Bileran eskatu dugu pleguak irizpide ekonomikoen arabera ez esleitzeko. Aldundiaren esku dago zerbitzua ez esleitzea plateamendu ekonomiko baxuenari, baina, zer egingo dute? Enpresa-interesak edo langileen interesak defendatu? Aldundiak berak zerbitzu horretarako aurrekontu-zenbatekoaren estimazioa egiten badu, zerbitzu bera aurrekontuaren %15 gutxiagorekin berma daitekeela uste dute? Nori eragiten dio eskaintza ekonomikoa jeisteak? Ez dugu onartuko. Administrazio publikoak argi utzi digu ez duela negoziazio-mahaian parte hartuko eta ez duela gatazkan esku hartuko, baina gutxieneko zerbitzuen alegazioak egin dituela esan digu. Orduan, administrazioak esku hartu du ZZMM-ak dekretatu diezaguten, baina ez gure lan-baldintzak hobetzeko? Hortaz, Aldundiarentzat, ZZMMetarako bakarrik gara funtsezkoak? Oso larria iruditzen zaigu administrazioaren jarrera”.

Horregatik guztiagatik, langileek grebara deitu dute otsailaren 22, 23, 24 eta 25erako, “ez dugulako onartuko ez enpresa pribatuek ez administrazioek gu behartsuago eta otzanago nahi izatea. Nahikoa dela esan dugulako eta erosteko ahalmena ez galtzeko borrokatuko dugula argi daukagulako. Garaia delako, 22, 23, 24 eta 25ean kalera irtengo gara, KPIa gabe eskularruak ere ez ditugulako jantziko”.

ETBko oposaketa gainditu arren, plaza barik geratu ziren 57 langileri finkotasuna aitortzea lortu dugu #LortuDugu

Joan den ostiralean -otsailak 11- LABek ETBko zentro arteko batzordean bere kategoriako azken oposaketa gainditu zuten eta plaza gabe geratu ziren 57 langileei behin betiko finkotasuna onartzeko akordioa sinatu zuen.

57 langile horiek 12 urte luzez iruzur eta injustizia baten biktima izan dira, enpresak behar baino plaza gutxiago atera zituelako geratu baitziren lanpostu finkorik gabe. LABek urteak daramatza egoera honi aurre egiten ekintza sindikala eta bide judiziala erabiliz, eta orain akordio historiko bat sinatzea lortu dugu.

Hain zuzen ere, justuak eta ez-diskriminatzaileak diren irizpidetan oinarritu ditugu akordio honen aurrekari izan diren LABen 25 salaketak. Gurekin salatu duten langileek argi izan dute hasieratik, beren eskubideen defentsan arituko ginela, baina, aldi berean, deialdi publikoetako lan-poltsetan euren aurretik geratu ziren hautagaien eskubideak bermatuko genituela. Eta hala egin dugu. Gure eskerrik beroenak prozesu judizial honetan salaketa LABen eskutik jarri duzuen langile guztiei, erakutsitako pazientzia, enpatia eta ausardiagatik.

Denbora tarte honetan, borroka judiziala eta ekintza sindikala uztartu ditugu, baina, aldi berean, akordio justu bat lortzeko lanean temati aritu gara. Ez dugu etsi eta eremu guztiak jorratu ditugu etengabeki. Azken unean zuzendaritzak zein ELA sindikatuaren goi-estrukturak ulertu dute negoziazio mahai batean akordioa lortzea beharrezkoa zela, baina momentu hau heldu arteko prozesu luze honetan bata zein bestea gugandik urrun izan dira

Zeintzuk dira akordioaren gako nagusiak?

Plazak galtzea ekiditeko ETBko lan-hitzarmenean jasota dagoen artikulu batean oinarritzen da akordioa. Enpresa 2008tik ari da artikulu hori urratzen. ETBko langile-batzordeak epaitegira eraman zuen gaia eta 2013an auzia irabazi genuen. Hala ere, enpresak plazak bete gabe jarraitu du. 

Laburbilduz, akordioaren funtsa hauxe da:

  • Beren kategorian azken oposaketa deialdia gainditu zuten, baina plaza gabe geratu ziren langileen lan-poltsa bat existitu behar da. Soilik gainditu zutenak hartzen dira kontutan.
  • Hautagai horien kategorietan beharrizan aitortuak egon behar dira.
  • Bi irizpide hauek betetzen direnean, azken oposaketa deialditik eratorritako lan-poltsaren zerrendatik tiratzen da. Lehenengo postutik aitortutako lanpostu beharrizanera heldu arte.
  • Hurrenkera hau ez da diskriminatzailea. Berdin dio LABeko afiliatua izan, ELAkoa, independentea, ETBtik kanpo lanean egon, zein kontratu bakar bat izan azken urteotan… Hemen oposaketatik ateratako lan-poltsako ordena soilik hartzen da kontuan.

Edonola ere, eta akordioa historikoa izan arren, ETBko kategoria ezberdinetan dauden plazak betetzeko beharrizana ez da erabat konponduko neurri honekin. Gaurko ituna irtenbide global baterako funtsezko urratsa da, eraginkorra, koherentea eta justua, baina ez da nahikoa.

Bide luzea dugu aurretik, baina LABek azken urteotan bezala jarraituko du aurrerantzean ere: ekintza sindikalaren bitartez, ahal denean negoziazioaren eta akordioaren bidez, eta, bestela, epaitegietara joz, behin-behinekotasunaren kontra borrokatzen segituko dugu, ETBn, Eusko Irratian eta EITBNETen.

Klase sindikatu bat gara eta hala arituko gara edonon. Ez gara gainontzeko langile guztien eskubideen gainetik gure afiliatuen eskubideak lehenesten dituen sindikatua. Lantalde osoaren eskubideak defendatzen ditugu ordezkaritza dugun batzorde guztietan.

2014an abitutako prozesu luzearen emaitza

Aspaldi esan genuen ez genuela jarriko ez dagokigun dominarik, baina azpimarratu behar dugu ordu eta egun asko eman dizkiogula auzi honi eta gaurko akordioa ez litzatekeela posible izango EITBko LABek 2014an hasi zuen borroka abiatu izan ez balu.

Urtebete geroago, 2015ean, oposaketa gainditu zuten kiroletako bi kazetariri epaitegietan finkotasuna aitortzea lortu genuen. Horrez gain, 2019tik 2021era bitartean, LABekin salaketa jarri ez zuten beste bi langileren prozesu judizialetan parte aktiboa izan ginen: epaiketan berebizikoak izan ziren testigantzak eta irizpide judizial eta aurrerakoiak eman genizkien, afiliazio siglei begiratu gabe, langileen eskubideak defendatuz.

Horrez gain, gogoratu nahi dugu LAB sindikatua hasi zela mugagabe ez-finkoak aitortzeko prozesuak bultzatzen, beste alde batzuetatik zetozen aurreiritzi guztien gainetik eta langileen behin-behinekotasun masiboan eroso zebiltzan eta momentu haietan beste alde batera begiratzen zuten hainbat sektore eta sindikatu batzuren aurrean.

2014az geroztik, LABek 73 langile mugagabe ez-finkoak direla aitortzea lortu du eta historikoki enpresa honek zuen behin-behinekotasun “pandemikoaren” aurrean funtsezko eta berebiziko txertoa izan da.

Halaber, LABetik ETBko jubilatu, hildako zein baja definitiboa izan diren langileen plazak betetzea, hau da, hitzarmenean jasota dagoena betetzea exijitu dugu etengabe: epaitegietan, kontzentrazioetan, ekintza sindikaletan, Legebiltzarrean, grebetan, kontzentrazioetan eta baita aurrean izan ditugun negoziaketa guztietan ere.

Behin-behinekotasun eta langile-egitura arazoak oraindik ez dira amaitu Telebistan, Irratian eta Interneten. Egun, duela 10 urte baino hobeto gaude, baina bidegabekeria eta iruzurraren aurka borrokan segituko dugu, siglen gainetik langile klasearen eta egiturazko plantilla sendo eta egonkor baten alde.