2026-01-26
Blog Page 387

Garbiñe Aranburu: “Joko-arauak aldatu behar dira, politika publikoak pertsonen zerbitzura jarriz, eta ez kapitalaren zerbitzura”

“Aurrekontuek beren funtzio birbanatzailea berreskuratu behar dute, pertsonen bizi-kalitatea hobetzea izan behar dute eginkizun. Joko-arauak aldatu behar dira, politika publikoak pertsonen zerbitzura jarriz, eta ez kapitalaren zerbitzura”. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzak dira hauek, EAEko aurrekontu proiektuari buruz egindako agerraldian esandakoak. Hain zuzen ere, berak eta Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek salatu dute EAEn uko egiten zaiola gehiago biltzeari, eta, gainera, jendearen beharrak ez daudela aurrekontuen lehentasunen lehen lerroan. Nafarroako aurrekontuen balorazioa joan den astean egin genuen.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “ez dago parte-hartze sozialik, eta ez da diru-sarrerei buruz hitz egin nahi. Diru gehiago biltzeari uko egiten zaio, eta kontu fiskala aurrekontuen negoziaziotik kanpo geratzen da. Era berean, sektore publikoak ekonomian duen zeregina gero eta gehiago ahultzen ari da. Joko-arau horien arabera, aurrekontuek ez dute beren birbanaketa-funtzioa betetzen. Ondorioztatzen dugu ez dagoela borondate politikorik egungo sistema zalantzan jartzeko eta beste eredu ekonomiko eta sozial baterantz igarotzeko oinarriak jartzeko”.

Aurrekontuaren inbertsio publikoa %80koa da, baina gehiena, %62, kapitalerako diru-laguntzak eta transferentziak dira, hau da, diru publikoa enpresa pribatuentzat eta kontrol publiko eta sozialik gabekoentzat. “Lankidetza publiko-pribatua deitzen diote eta hau propaganda neoliberala da patronalaren politika aplikatzeko. Horrela ahultzen da sektore publikoak ekonomian duen funtzioa. Enpresa pribatuari hainbeste diru bideratzea beste beharrizan batzuetarako dirua kentzea da”, azaldu du idazkari nagusiak.

Azken urteetan zerbitzu publikoetan izandako murrizketak ez dira lehengoratzen, eta ez da behar adina inbertitzen hezkuntzan eta osasunean: “Ulertezina, pandemia egoeran gaudela kontuan hartuta”.

Ontzat ematen da langile publikoei buruzko erabakiak Madrilen hartzea, eta ez da negoziazio kolektiborako esparru propiorik sustatzen.

Erronka demografikoen eta biztanleriaren zahartzearen aurrean, ez da zaintza-sistema publiko bat sortzearen aldeko apustua egiten. Gizarte-zerbitzuak pribatizatuta daude, eta emakume gehienek soldata eta lan-baldintza prekarioak dituzte. “Publifikazio-prozesuak bultzatu eta ratioak hobetu behar dira”, aldarrikatu du Garbiñe Aranburuk.

Ez dute bermatzen 1.400 euroko gutxieneko soldata, ezta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ere. Ez dago soldata eta pentsio arrakalarekin amaitzeko neurririk, eta gizarte-babeseko sistemak ez ditu behar oinarrizkoenak betetzen.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “hau guztiari ezingo zaio buelta eman egun dagoen indar korrelazioa hobetu gabe. Langileen indarra gure mobilizazio gaitasunean dago. Euskal Herrian mobilizazio ziklo berri bati ekin behar zaio, ez da gobernuen erabakien zain egoteko unea, ez da Madrilgo Elkarrizketa Sozialeko akordioen zain egoteko unea. Erabaki horietan eragin behar dugu, instituzioak eta patronala interpelatuz, proposamenak eginez, lantokietan eta kalean aktibazio soziala bultzatuz, Euskal Herriko aldaketei aurre eginez”.

Egoeraren larritasunak konpromiso sendoak eskatzen ditu, eta politika publikoen norabidea aldatzea eskatzen du; bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterantz jo behar da. Trantsizio ekosozialista eta feminista behar dugu.

Elizondo, Oinarrizko Osasun Laguntzaren omenezko requiema

Elizondoko osasun etxearen eta Baztan osoaren egoera lotsagarria da herritarren arretari dagokionez. Langileek jakinarazi digutenaren arabera, ia medikurik gabe gelditu dira; izan ere, Elizondoko plantilla osatzen duten 5 langileetatik, orain, mediku bakar bat besterik ez dago lanean, eta horrek biztanle guztiei eman behar die arreta. Hori gutxi balitz bezala, pediatrarik ez dago. Hori dela eta, behar-beharrezkoa da egoera konpontzeko premiazko neurriak hartzea. 

LAB sindikatutik, Nafarroako iparraldeko eskualde garrantzitsuenetakoa jasaten ari den egoera onartezin hori salatzen dugu, hango herritarrak gero eta isolatuagoak gelditzen ari direlako (are gehiago N-121-A errepideko obren eraginez). Gauzak horrela, Osasun Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak nekez beteko dituzte hartutako konpromisoak, hots: denboraren menpe dauden larrialdiei kasu egitea, arreta pediatrikoa ematea eta paziente kronikoei segimendua egitea, berez nahiko zaharkitua dagoen populazioa duen eskualde batean.

Baztango egoera Nafarroako hainbat eremutan –batez ere, landa eremuetan– orokortua dagoen arreta faltaren adibide garbia da. Oinarrizko Osasun Laguntzaren kudeatzaileen eta Santos Indurain kontseilariaren utzikeriaren ondorioz, oso desberdintasun handiak sortzen ari dira Nafarroako eskualdeen artean. Lehen eta bigarren mailako herritarrak daudela esan genezake, baina hori ere ez da egia; izan ere, osasun etxeetako arretaren gainbehera orokorra da aspalditik, eta herritar guztiei eragiten die. Irisgarritasunik ezak, arreta jasotzeko zailtasunak, baliabiderik ezak (batez ere langileen arloan) eta Covid zifren igoerak soken aurka jarri dute Oinarrizko Osasun Laguntza. 

Oinarrizko Osasun Laguntzari buruzko plan berria, oinarrizko osasun laguntza ardatz nagusitzat hartzen duena, asmo-adierazpen polit bat besterik ez da, osasun etxeen egoera konpontzeko irtenbide eraginkorrik planteatzen ez delako. Produktibitateen sistema konponbide eskasa eta guztiz ez-eraginkorra dela frogatu da, eta gero eta gehiago dira sistema hori gaitzesten duten profesionalak.

LAB sindikatuak uste du mobilizazioak egiteko unea iritsi dela, herritar eta langile guztiek bat eginda, Osasunerako eta, bereziki, Oinarrizko Osasun Laguntzarako aurrekontu duin bat lortzeko, oinarrizko laguntza eraginkorra eta irisgarria izan dadin eta zainketen jarraipena bermatua izan dadin. LAB sindikatutik kezka handiz ikusten dugu interes pribatizatzaileak zerbitzu publikoen kalitatea jaistea bilatzen ari direla, haien garroak are gehiago zabaldu ahal izateko. Horregatik, herritarrei, oro har, eta langileei bereziki, eskatzen diegu osasun publikoaren eta zerbitzu publikoen alde eginen diren ekintza guztiei adi egoteko.

Aski esateko unea da. Kudeaketa penagarri honen ondorioz, milaka pertsona arretarik gabe uzten ari dira, itxaron-zerrendak esponentzialki handitzen ari dira eta arretaren kalitatea izugarri jaisten ari da. Eta horri aurre egiteko eskaintzen diguten bakarra osasun arreta ahultzea, zentralizazioa eta desberdintasunak handitzea da.

Hotel bateko 63 urteko harreragile bat hil egin da Donostian, gaueko txandan, ondoezinik sentitu ostean

Beste lan heriotz bat gertatu da Euskal Herrian; Donostian, oraingoan. Hotel BarcelĂł Costa Vasca-ko 63 urteko harrerako langile bat zendu da, gaueko txandan, ondoezik sentitu ostean. Ostiralean izan zen gertakari lazgarria.

Gutxienez, 55 langile hil dira aurten Euskal Herrian. Sarraskiak sektore guztiak kolpatzen ditu, salbuespenik gabe. Ez da zoria, prekaritatea da, eta odoluste honen aurrean administrazioek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen.

Aberastasuna banatzeko garaia dela adierazi dugu European Round Table foroko industriako goi karguak, Espainiako erregea eta Urkullu lehendakariaren aurrean

Europa mailako industriako 60 goi karguk osatzen duten European Round Table foroak Bilboko Iberdrola dorrean bazkaria egingo duela eta, LABek kontzentrazioa egin du Euskadi Plazan, “Haien kontura” lemapean.

Inork bozkatu ez dituen goi kargu hauek Europa osoan aplikatzen diren langileen kontrako murrizketa politikak erabakitzen dituztela salatu dugu kontzentrazioan. Foroan eta gaur ospatuko duten bazkarian, Rolls Royce, Arcelor Mittal, Iberdrola, Michelin edo ABB bezalako multinazionaletako ordezkariak bilduko dira Felipe VI. Espainiako erregearekin, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Europako Batzordeko zuzendariordearekin.

Kontzentrazioan, sekulako irabaziak biltzen ari diren garaiotan langileen lan baldintzak okertzeko neurriak hartzen ari direla salatu dugu, eta horretarako gobernuen babesa dutela. Inork aukeratuak izan ez diren arren benetako erabakiak gero lege bihurtzen direnak gisa honetako foroetan hartzen dituzte.

Azken urteetan aplikatzen ari diren politiken ondorioz, murrizketak lanpostuen suntsiketa edo prekarizazioa sustatzen ari dira, enpresa handi hauek geroz eta irabazi gehiago biltzen dituzten arren. Ondorio eta errealitatea argi da. Sortzen den aberastasunetik geroz eta zati txikiagoa doa soldatetara. Horregatik, aberastasuna eta lana banatzeko garaia dela aldarrikatu du LABek.

Prekaritatea ere indarkeria matxista dela salatu dugu Bermeon, Salica kontserberaren aurrean

Indarkeria matxistaren kontrako egunaren bezperetan, Bizkaiko kontserberak indarkeria matxistarik gabeko lantokiak izatea aldarrikatzeko agerraldia egin du LABek Bermeon, Salica enpresaren aurrean. Zaloa Ibeas Idazkaritza Feministako kidea eta Olga Gil Salica-ko LABeko delegatuak egin dute agerraldia. Jendartearen gehiengoak indarkeria sexista indarkeria fisiko, psikologiko edota indarkeria sexualarekin lotzen badu ere, indarkeria sexista harago doa. Indarkeria sexistak milaka aurpegi ditu, horietako bat lan munduan emakumeok jasan behar dugun prekaritatea izanik. Sektore honetako langileek greba egingo dute azaroaren 30ean hitzarmen duin baten alde.

Emakumeok pairatzen dugun prekaritatea ez da kasualitatea, sistema heteropatriarkalak ondo diseinatutako estrategiaren ondorio zuzena baizik. Sistemak emakumezkoak prekaritatera kondenatu gaitu menpeko nahi gaituelako. Gure bizitza proiektuak modu aske batean garatu ahal izatea baldintzatu nahi du.

Hau da gaur kontserberetako emakume langileekin batera salatu duguna, sektorean bizi duten prekaritate basatia. Itsasoari eta arrantzari loturiko sektore hau historikoki emakumeen lanaren adierazle gordina izan da, gizonen lanaren osagarri bezala gaizki kontsideratua eta prekaritatea eta lan gogorraren aitortza ezarekin uztartzen dena.

Kontserberetako langileek 700-800 euroko soldatak dituzte batez-besteko, eta gehienek kontratu aldizkako finkoak Hortaz, ez dute urte osoan lan egiten eta langabeziara bidaltzen dituzten garaiak daude. Soldata oso baxuetatik aparte, behin-behinekotasun tasa ikaragarria dute, eta osasun arazo larriak izaten dituzte lanaren ondorioz, gaixotasun profesional modura aitortzen ez direnak. Guzti honek ondorio larriak dakartza langileen bizitza eta gorputzetan. Gaurko agerraldiarekin, LABek salatu du kontserberetako emakume langileak egunero erasotuak izaten direla haien lan baldintzen bitartez.

Bada garaia emakume hauen lan baldintzak duintzeko eta lan merkatuak emakume eta gizonen artean birproduzitzen dituen desoreka guzti hauekin behingoz amaitzeko, emakumeok pairatzen dugun diskriminazioan sakondu besterik ez dutelako egiten.

Bide horretan, kontserberetako langileek datorren azaroaren 30ean hitzarmen duin baten aldeko greba eguna deitua dute. Patronalaren itxikeriaren aurrean, lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta haien kontra patronalak sistematikoki erabiltzen dituen gehiegikeriak amaitu daitezen exijitzeko.

Gaurko agerraldiarekin, LABek aldarrikatu du lan zentruak indarkeria matxistarik gabeko gune askeak izan behar direla guztiontzat. Eta patronalari dei egin dio, behingoagatik, emakume hauekin duen zor historikoa kitatzeko eta prekaritatera kondenatzen dituen lan baldintzekin amaitzeko. Bestetik, sektoreko emakume guztiei dei egin die LABek haien lan eskubideen alde borrokan jarraitzeko, prekaritatea indarkeria delako eta hortik ateratzea euren eskubidea.

Haur-eskoletako langileen lau demanda irabazi ditugu, obra-kontratuak gehiegikeriaz erabiltzeagatik #LortuDugu

LABeko zerbitzu juridikoek beste lau demanda irabazi dituzte berriki, kontratazioan abusuak egiteagatik. Kasu honetan, Nafarroako Haur Eskoletako lau langileri obra-kontratuak aplikatzen zitzaizkien, kontratu mugagabeak egin beharrean.

Aurkeztu ziren demandetatik hiru negoziazio-prozesuan irabazi ziren. Avanvida, Andacelay eta Kamira enpresek – Zizur Txikiko, Eguesko eta Mendigorriako haur-eskoletako enpresa kudeatzaileak, hurrenez hurren –, beren praxi txarraren jakitun izaki, zuzenean onartu zuten iruzurra egin izana, eta langileei dagokien kalte-ordaina ordaindu behar izan zieten.

Laugarren kasuan, kaleratze bidegabetzat jotzen da Andacelay enpresa publikoak kudeatzen duen Egueseko haur-eskoletako hezitzaile baten kargugabetzea. Langileak ez zituen onartu enpresa horrek negoziazioan eskaintzen zituen baldintzak; beraz, prozedurak bide judizialean jarraitu zuen, eta, azkenean, epaileak berari eman zion arrazoia auzitegietan.

LABeko zerbitzu juridikoek defendatzen dute obra-kontratuak ez direla inola ere baliozkoak ikasturtea betetzeko, jarduera arrunta baita. Hala ere, praktika txar hori ohikoa da feminizatutako zenbait sektoretan, esaterako berez prekarizatuta dagoen haur-eskolen sektorean, eta horrek egoera larriagotu besterik ez du egiten.

Ildo horretan, LAB Nafarroako 0-3 Haur Hezkuntzako zerbitzuaren esanetan, “ohikoa da kontratuak udan etetea, udako lansaria ordaindu beharrik ez izateko; ohikoa da matrikulazioaren arabera kontratua egitea edo ez… baina, berez, urtez urte egiten badira, kontratu mugagabeak dira”. Praxi hori, gainera, “modu orokorrean gertatzen da azpikontrata-eredu guztietan, bai enpresa pribatu, publiko edo kooperatiben bidez; hori salatu egin behar dugu eta salatu egin nahi dugu, langile horien kontratazioetan abusua amaitu arte”.

Santiago zubian gaurko deitutako mobilizazioarekin ere egin dugu bat, migrazio politika arrazistak salatzeko

Larunbata goizean beste pertsona bat hil da Irun eta Hendaia mugan. Biktima Boli-Kostako 38 urteko gizon bat zen, Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen saiatzen ari zen, polizia-kontrolak saihesteko. 2021ean zenbatutako zazpigarren heriotza da, hilabete honetako laugarrena.

Migrazio politika, mugen militarizazioa, pertsonen zirkulazio askerako giza eskubidearen urraketa, etnia- eta arraza-profilaren araberako kontrol selektiboak, “beroan egindako” itzulketak eta Espainiako estatuko atzerritartasun-legea dira egoera honetako erantzule zuzen eta zeharkakoak. Ez dira istripu isolatuak, maizegi gertatzen dira. Gure herria bortxaz zatitzen duen muga, transitoan dauden pertsona migranteentzat heriotzaren muga ere bilakatu da.

LAB sindikatuak Hego eta Ipar Euskal Herriko administrazioek migrazio-zirkulazio horretan biktima gehiago saihestea eskatzen du. Egunero, hamarnaka pertsonek zeharkatzen dute muga hau, eta atxilotuak izatea ez da arrisku bakarra begi bistan dagoenez. Babes Europa delakoa arbuiatu eta salatzen dugu, milaka langile migratu eta arrazializaturen oinarrizko eskubideak ustiatzen eta urratzen dituen bitartean, politika hiltzaile eta zigorgabe baten esku uzten dituelako.

LABek heriotza hau salatzeko Irungo Harrera Sareak iganderako deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen zuen, eta dei bera egiten dugu astelehenerako Santiago zubian, 19:00etan, egingo den mobilizazioaren kasuan.

Bidegabekeria honekin amaitu behar da!

Migrazio politika arrazistek hil egiten dute!

Arrigorriagako hauteskunde sindikaletan oinarrizko eskubideak urratu zirela ebatzi du epaitegiak #LortuDugu

Arrigorriagako kiroldegian, Xaker Kirol Zerbitzuak enpresan burutu ziren hauteskunde sindikaletan enpresaren eskutik jasandako jazarpen sindikala salatu zuen LABek.

Joan den maiatzean hauteskunde sindikalak burutu ziren Arrigorriagako kiroldegian ari den Xaker Kirol Zerbitzuak enpresan, eta bozka eguna baino lehen enpresaren zuzendaritzak banaka-banaka deitu zituen langile guztiak LABi bozka eman ez ziezaioten eskatuz. Honen aurrean, LABen hautagaiak salaketa jarri zuen eta epaileak onartu du oinarrizko eskubideak urratu dituela enpresak, eta hauteskundeak berriz burutu behar direla.

Aditzera eman nahi dugu langileen oinarrizko eskubideen urraketa garbia suertatu dela auzi honetan, eta zoritxarrez, askotan ematen den egoera dela, eta ez dugu inolaz ere inolako eskubide urraketarik onartuko, ez langile, ezta langileen tresna den LAB sindikatuaren kontra ere. Irmotasunez erantzungo dugu edozein arazo-erasoren aurrean eta langileekin batera, gizarte justuago bat eraiki nahian, kalean eta lantokietan jarduten jarraituko dugu.

Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela eskatu dugu sindikatuok

Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan, eta hileko hirugarren ostiraletan Bilbon egin ohi dugun moduan, LAB, ELA, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu euskal presoen eskubideen alde. Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela eskatu dugu berriro.