Urtarrilaren 23an kalera ateratzeko deia egin diegu Osakidetzako langile eta herritarrei LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, lehen mailako arretaren egoera larria eta ospitaletako arretaren gainkarga salatzeko eta egoera horri aurre egiteko berehalako neurriak eskatzeko. Mobilizazio egun hau iragartzeko, auto karabanak egin ditugu, asteotako dinamika mobilizatzailearen baitan.
Azpikontratatutako langile hauek Aldundiko zuzeneko garbitzaileak baino 6.000 euro gutxiago jasotzen dute, lan bera egiteagatik. Foru Jauregiaren aurrean egindako elkarretaratzean salatu dute administrazioak, berriro ere, kostuak merkatzeko bidea hartu duela zerbitzua azpikontratatuz.
LAB, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuon ohar bateratua:
Gipuzkoako Foru Aldundiko garbikuntzako langile azpikontratatuek mobilizazioak hasi dituzte enpresari benetako negoziazioa eta kolektiboaren erosmen ahalmena ez galtzea eskatzeko.
Hitzarmen berriaren negoziazioa 2021ko maiatzean hasi zen. Azpikontratatutako kolektibo hoenk, Aldundiko zuzeneko garbitzaileekin alderatuta, 6.000€ gutxiago kobratzen ditu. Azpikontratatutako enpresa bateko langile izate hutsagatik. Berriz ere ikusten dugu administrazioak azpikontratazioaren bidea hartu duela kostuak merkatzeko.
Baina administrazioak ez ezik, enpresa esleipendunak ere, EULENek, 6.000 euroko soldata-arrakala izanik, azpikontratei soldatak izoztea proposatzen du. EAEko KPIaren itxiera % 6,5ekoa izan denean, 2021erako soldatak izoztea proposatzen du enpresak, % 1,5eko igoera 2022rako eta % 1,75ekoa 2023rako.
Enpresa-batzordeak uste du planteamendu hori onartezina dela. Pandemia garaian, birusik ez hedatzeko garbitzaile hauen lana funtsezkoa izanik, onartezina iruditzen zaigu soldatak izoztea. Baina ez bakarrik, soldata-igoera KPIarekin ez lotzea jokoaren arauak aldatzea da, eta ez dugu onartuko.
Badakigu egoera honen erantzuleak enpresa eta Gipuzkoako Aldundia direla, azken batean. Administrazio horri bilera eskatu diogu egoera azaltzeko, eta gaur egun ez digu erantzun.
Horregatik guztiagatik, langileek elkarretaratzea egin dugu. Diputazio parean elkartu gara administrazioari egoera honen aurrean daukan erantzukizuna eskatzeko.
LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuon oharra, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren aurrean egindako elkarretaratzearen harira:
Datozen egunetan, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialeko Departamentuak lehiaketara aterako ditu desgaitasuna duten pertsonen arretarako zentro itunduen zentroen pleguak.
Aspalditik ohartarazi dugun bezala, sektorea ezin da inbertsio-funtsen esku geratu, horien interes bakarra etekinak maximizatzea baita, langileen lan-baldintzen eta zerbitzuaren kalitatearen kalterako.
Zerbitzuaren zuzeneko kudeaketa defendatzen dugu, erakunde publiko baten bitartez, lan-zentroetan dauden plantillak sendotuko dituena.
Berriz ere, Nafarroako Gobernuak langileen parte-hartzea saihesten du sektoreko pleguak egiteko orduan. Plegu horietan informazio gutxi dago, eta aurreikusten diren baliabideak gutxiegi dira zerbitzuen beharrei eta funtzionamendu egokiari erantzuteko.
Horregatik, zera eskatzen diogu gobernuari: plantillak handitzea, ratioak hobetzea, kategoria profesional guztiak kontuan hartzea eta jarraipen eta kontrol-mekanismo zorrotzagoak eta eraginkorragoak jartzea.
Azken hiru urteotan asko dira LABetik EAEko Lanbide Heziketako langile teknikoentzat irtenbide osoa ematearen alde lan egiten ari garen ahaleginak, Jaurlaritzak afera askatzeko emandako aukera ez-nahikoen aurrean. Azken horien artean zegoen EHUk eskainitako Formakuntza Pedagogikoa egiteko aukera ematea oposizioetan aurkeztu ahal izateko behar zuten irakasleei. Baina, horra hor, formakuntza horretara sarbidea ematen duen matrikulazioa egiteko garaian, jakin izan dugu aukera hau ez zaiela irakasle guztiei zabaltzen, nazioarteko hizkuntza batean dagoeneko B1 akreditazioa edo ziurtagiria dutenei soilik baizik.
Formakuntza Pedagogikoa egiteko B1 akreditazioa espainiar unibertsitate-araudiak ezarritako ezinbesteko baldintza bada ere, zenbait unibertsitatetan, horren ziurtagirik aurkeztu ezean, hizkuntza-mailaren azteketaren bidez akreditatu daiteke. Eta hori da, hain zuzen ere, Hezkuntza Sailari eskatu diogun irtenbidea, formakuntza irakasle guztiek egin ahal dezaten, EHUk bi aukera eman ditzan eskatzea, alegia: batetik, hizkuntza gaitasuna akreditatzeko froga egin ahal izatea eta, bestetik, hizkuntza gaitasuna titulua lortzeko baldintza gisa ezartzea eta ez izen-emateko orduan aurkezteko ezinbestekoa (kontuan hartuta, gainera, azterketa ofizialak ekainean izango direla). Horrela, irakasle guztiek izango lukete Formakuntza Pedagogikoa egiteko aukera eta, ondorioz, lanean jarraitu ahal izatearena.
Aurreko ikasturtearen amaieran, 16 espezialitate ez singularretako ordezko irakasleentzat Jaurlaritzak egindako proposamenean, hurrengo LEPean aurkeztu ahal izatea eta Formakuntza Pedagogikoa egiteko aukera ere eskaintzen zitzaien. Hala ere ez-nahikotzat jo genuen une horretan, besteak beste LEPa gaindituko ez luketenen etorkizuna zein izango zen ez baitzigun esan Hezkuntza Sailak. Orain, berriz, ikusten dugu uztailaren proposamen horrek ere beste kolektibo bat kanpoan utzi ahal duela.
Beraz, LABetik ez dugu onartzen langileen kolektiboka kanporatze-prozesu hau, eta irtenbide integrala exijitzen jarraituko dugu irakasle guztientzat salbuespenik gabe. Lanbide Heziketako langile guztien lanpostuen defendatzen jarraituko dugu!
Bizkaiko egoitza pribatuetako egoerak jasanezina izaten jarraitzen du, zaintza lanen pribatizazioak miseria baino ez dakarkie langileei eta egoiliarrei. Egoitzen egoerak okerrera baino ez du egiten; egunez egun, langileen lan- eta bizi-baldintzek ez dute hobera egiten, eta horrek eragin zuzena du egoiliarrengan. Zaintza lanak negozio bat dira, enpresek dirua irabazten dute erabiltzaile-plaza berri bakoitzarekin, eta Aldundia da gurpil horren arduraduna, gutxi batzuk aberastu eta sektoreko 5.000 langile baino gehiago prekarizatu eta esplotatu besterik egiten ez duena.
Duela hilabete salatu genuen bezala, Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio-mahaiak blokeatuta jarraitzen du patronalaren aldetik, eta Bizkaiko Aldundiak desagertuta jarraitzen du gatazka honetan.
Abenduaren 14an kalera irten ginen egoitza pribatuetako langileen sektore publikoko langileen lan-baldintzekin parekatzea eskatzeko. Era berean, ratio duinak exijitu genituen, gaixotu besterik egiten ez gaituzten lan-kargak murrizteko.
Gaur, berriz ere, borrokarekin jarraitzera behartuta gaude, langileen egoerak okerrera baino ez du egin. Bizkaiko Aldundia eta patronala seinalatzen ditugu zuzeneko erantzule moduan.
LABen ustez greba oinarrizko tresna da lan gatazka guztietan, zoritxarrez sektore feminizatuetan erakunde publikoek greba egitea debekatzen dute, %100eko zerbitzu minimoak ezarriz. Honen aurrean, LABek ez du atzerapausorik emango eta debekuen aurrean grebaren zilegitasuna eta garrantzia defendatuko du.
Gure ustez, gaur egun lantokietatik eta kaleetatik defendatu behar ditugu gure lan eta bizi eskubideak. Gure lan-baldintzak sektore publikoko langileekin parekatzea beharrezkoa eta premiazkoa da. Lan beragatik, lan-baldintza berberak izan behar ditugu. Ratio gizatiarragoak ere eskatzen ditugu. Gaur egungoak baztertzen ditugu, eskasak eta bidegabeak direlako. Patronal eta aldundi mugiezin baten aurrean, LABek GREBA deitzen du Bizkaiko egoitza pribatuen sektorean otsailaren 8an. ELArekin adostu dugu greba-eguna, bi sindikatuen artean egiten ari diren sindikatuarteko bileretan.
Sektoreko langile guztiei dei egiten diegu otsailaren 8an mobilizatzeko. Beharrezkoa da gure egoera eta zaintza jasotzen dituzten pertsonen egoera ikustaraztea eta erdigunean jartzea.
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako “Egun on Euskadi” saioan izan da, aktualitateko gaiei buruz hitz egiteko. Lan erreforma izan du hizpide bereziki eta, ondorioz, urtarrilaren 30ean kalera irtetzeko arrazoiei buruz aritu da.
Idazkari nagusiak nabarmendu bezala, lan erreforma honekin ez da negoziazio kolektiboaren marko propioa errespetatzen; kaleratzeen atala ez da ukitzen, kaleratzeak erraz eta merke izaten jarraitzen baitu; eta ez dago lan harremanen eraberritzerik, malgutasunak bere horretan jarraitzen baitu, behin behinekotasunari dagokionez, mugagabe izateko ere pikareskari ateak irekitzen zaizkiolako. Iruzur egoerak gertatuz gero, zer gertatuko den ere ez da esaten, ez eta inspekzio eta salaketa gehiago egongo diren ala ez. “Lege honek ez ditu konponduko azken urteetan, erreformaz erreforma, lan harremanetan sortutako desorekak. Ia erabateko aldebakartasuna du patronalak”, zehaztu du.
Garbiñe Aranbururen hitzetan, “patronalak arrazoiak baditu pozik egoteko, eta, hori da, azken batean, akordioaren tamaina erakusten diguna. Langileei iruzur handia egin zaie, gobernuak ez baitu bete agindutakoa”.
Azken batean, LABeko arduradunaren esanetan, “Espainiako Gobernuak bere hitza jan du. Ezin da langileei halako espektatibak sortu eta langileekin jolastu”.
Nafarroako Gobernuak pandemia kudeatzeko moduak mugara eraman ditu zerbitzu publiko asko. Beharbada, kasurik nabarmenena Osasunbidea da, baina ez da bakarra. Nafarroako SOS Zerbitzua kolapsatzeko zorian dago. Adinekoen egoitzetan oso tentsionatuta dago egoera. Ikastetxeetan, aurre egin behar diote kutsatzeen gorakadari eta plangintza egokien faltari. Jarrai genezake, horrek guztiak ia zerbitzu publikoei eragiten baitie, modu batera edo bestera.
Ia bi urte daramatzagu pandemian eta badirudi ez dugula deus ikasi. Olatuak bata bestearen ondotik etorri dira, baina akats berberak errepikatzen dira, protokoloak maiz aldatzen dira eta ez da neurririk hartzen. Ondorioa da nabarmen okerrera egin dutela lan baldintzek eta herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuek. Bien bitartean, gure kudeatzaileei bururatzen zaien gauza bakarra da plantilla estutzen jarraitzea.
Horregatik, aski da! esaten dugu ozen, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu zuzentzeko, langileei eta haien ordezkariei entzuteko eta egoerari aurre egiteko benetako neurri zehatzak hartzeko.
Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak elkarretaratzeak deitu ditu Nafarroako hainbat lekutan datorren asteazkenean, hilak 19, goizeko 11etan. Elkarretaratzeak leku hauetan egingo dira: • Iruñea: Karlos III.a, Nafarroako Jauregiaren aurrean Conde Olivetoko zentroa Ospitaleko eremua: Vianako Printzea kontsulta zentroa • Tutera: Ospitalea • Lizarra: Ospitalea
Agerraldia egin dugu Bilbon eta Iruñean, euskal gehiengo sindikalaren izenean, lan erreformaren aurka modu bateratuan antolatuko ditugun mobilizazioen berri emateko. Hain zuzen ere, urtarrilaren 30ean manifestazioak egingo ditugu, 12:00etan, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Lan erreformaren bozketa bezperan, berriz, elkarretaratzeak egingo ditugu lantokietan. Lan harremanen euskal esparruaren defentsan mobilizatzea ezinbestekoa dela nabarmendu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk: “Lan erreforma hau Madrilen, Euskal Herrian eta Estatuko nazio desberdinetan errefusatu behar dugu, baita Kongresuan, lantokietan eta kalean ere”.
Garbiñe Aranburuk adierazi du lan erreformak bi arrazoi hauengatik indargabetu behar direla bereziki:
-Gure hitzarmenak hemen inolako esku-sartzerik gabe negoziatzeko dugun eskubidea bermatu behar da. Negoziazio kolektiborako gure esparru propioa bermatu behar da, eta, horren ondorioz, autonomia-erkidegoko eta herrialdeetako hitzarmenek Estatuko hitzarmenen gainetik egon behar dute.
-Kaleratzeen araudia aldatu behar da; arrazoiak gogortuz, lan-agintaritzaren eginkizuna berreskuratuz edo kalte-ordainak handituz, besteak beste.
LABeko idazkari nagusiak berretsi bezala, “elkarrizketa sozialaren azken emaitza da ez dagoela indargabetzerik, ez dagoela kontrarreformarik, ez dagoela lan-merkatuaren modernizaziorik. PPren erreformaren funtsa mantentzen da. Akordio hori Euskal Herriko gehiengo sindikaletik at gauzatu da, eta ez die hemen dauden sindikatuen aldarrikapenei erantzuten. Akordio horrek oso argi uzten du non dauden autogobernuaren mugak”.
Euskal Herriko langileentzat ez dela akordio ona berretsi du, hainbat arrazoirengatik: ez duelako bermatzen gure negoziazio kolektiboaren esparrua; kaleratzeak askeak eta oso merkeak izaten jarraituko dutelako; eta lan-merkatua eraldatuko ez duelako, besteak beste. “Langile klasearen prekarizazioa eta pobretzea eragiten duen eredua da. Akordio horrek ez du aldatu lanaren sexu-banaketan oinarritutako eredua, eta ez du onartzen emakumeok egiten dugun lanaren balio politiko, ekonomiko eta soziala”, azaldu du.
Garbiñe Aranbururen esanetan, “lan-erreforma hau indarrik gabe utzi behar da. Madrilen partidaren minutu batzuk jokatzen dira, eta minutu horiek oso garrantzitsuak dira, baina partida osoa ez da Madrilen jokatzen. Partida dago, baita Euskal Herrian ere. Lan-erreforma hau aplikatzea oztopatu behar dugu. Aldi berean, lan-harremanak eraldatzeko beharra defendatzen jarraituko dugu, bai eta erreforma egin ondoren sortu den eredua iraultzeko beharra ere. Eraldaketa hori ez da posible izango Madrilen. Subiranotasunaren beharra aldarrikatzen dugu, hortaz. Gaurtik aurrera, lan duina bermatzeko lan-harremanen berezko esparru bat antola daiteke”.
Manifestazioa egin dute, Plaza Zirkularrean dagoen Primark-etik abiatuta, LAB eta ELA sindikatuok deituta. Urteak daramatzate soldata eguneratu gabe eta lan-baldintzak hobetu gabe.
Langileen oharra:
Ehungintzako, larrungintzako eta oinetakoetako merkataritzak langileok urteak daramatzagu gure soldata eguneratu gabe eta lan-baldintzak hobetu gabe.
CECOBIk, merkataritzako patronalak, esan digugnez, covid 19tik eratorrritako krisia duten enpresek ezin dute soldata-igorerarik onartu dendetako salmentak murrizteagatik. Bi urte igaro dira eta aitzakia berarekin jarraitzen dute, ez dute hitz egin nahi dendek online salmentarekin eman duten jauzi handiaz. Milioi askoko irabaziak zuzenean enpresarien poltsikoetara.
Erosahalmenaren galerarekin ez dira asetzen, eta gure lan-baldintzetan elementu atzerakorrak planteatzera ere ausartu dira. Zehazki:
Udako larunbat arratsaldeetan lan egitea.
Antzinatasuna desagertzea.
Saltokiak igande eta jaigunetan irekitzea.
Enpresen emaitzei lotutako soldata-igoerak.
Langileok esan dugu: nahikoa da! Gure baldintzak ez daude merkealdian! Ez gaude prest urteetako borrokan lortutako eskubide guztiak galtzeko.
Horregatik, ezinbestekoa ikusten dugu beste behin ere kaleetan ikustea, gure eskubideen alde borrokatuz. Horregatik, urtarrilaren 5ean hasitako mobilizazioa-kanpainari jarraipena emanez, hurrengo mobilizazioak urtarrilaren 14an eta 28an egingo dira.
Gure lan-baldintzak ez daudelako merkealdian, mobilizatu zaitez!