2026-01-19
Blog Page 371

Izadi eta preso dauden bere gurasoen eskubideak errespeta ditzatela eskatu dugu Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT, CNT, EHNE eta HIRU sindikatuok salbuespenezko kartzela politikaren kontrako hileroko mobilizazioa egin dugu Bilbon, Plaza Eliptikoan, Sareren “Izan bidea” dinamikaren bitan.

Oraingoan, Izadi umearen egoeraren berri eman dugu. Hain zuzen ere, Izadik, urtarrilaren 23an, 3 urte betetzen dituenean, gurasoengandik banatuko dute.

EAEko Hezkuntza Sailak ez ditu ikasle zaurgarrienen beharrak asetzen

EAEko ikasle zaurgarrienak eta euren familiak behar duten arreta ez direla jasotzen ari salatzen dugu LAB sindikatutik. Urtea hasi denetik, Heziketa Berezian eta Haurreskolak Partzuergoan, hamarnaka dira betetzen ez diren ordezkapenak. 2018tik ordezkapenak lehen egunetik betetzea adostua dagoen arren, Hezkuntza Sailak ez du neurri hori betetzen.

Heziketa bereziaren kasuan, arazorik larriena Bizkaian dago. Gaur egun, 10 eskola baino gehiagotan falta dira Hezkuntza Laguntzako Espezialistak, hau da, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei arreta ematen dieten langileak. Hutsune hau ez da egun bakarrekoa eta, ondorioz, egunetik egunera eskoletako egoera okerrera doa. Bertan dauden gainontzeko hezitzaileen lan-zama izugarri handitzen ari da eta ezin dute lana normaltasunez aurrera atera. Hori dela eta, lanaren kalitatea eta hain garrantzitsua den inklusioa kinka larrian jartzen ari da.

Horrez gain, ikasturtea hasi denetik EAEko hiru lurraldeetan Zeinu Hizkuntzako Interpreteen falta ikaragarria da. Gipuzkoan 68 egunez ez da Zeinu Hizkuntzako Interpreterik egon; Araban 240 egunez, eta Bizkaian 156 egunez. Okupazio Terapeuten eta Fisioterapeuten ordezkapenetan ere huts egiteak nabarmenak izaten ari dira. Araban, adibidez, urritik gaur egunera arte Okupazio Terapeuta baten hutsunea dago.

Haurreskolak Partzuergoan, ordezkapenak eskatzen direnean erantzuna da zentroaren egoera aztertu dutela eta, ondorioz, ez dutela ordezkapena beteko, edo haurren matrikula kopurua igo eta aurreikusita egon behar ziren kontratazioak momentuz ez direla indarrean jarriko. Ordutegia bete ahal izateko, kasuren batean, aparteko orduak egitea edo familiei haurrak haurreskolara ez eramatea proposatu da zerbitzua bermatzeko hezitzailerik ez zegoelako.

Egun dagoen ordezkapen kopuruak banatzeko, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzetako eta Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa arloko langileen eta baliabide materialen falta oso handia da. Bizkaiko lurralde ordezkaritzan ez dago lan hori aurrera eramateko langilerik, eta beste bietan lan-zama izugarria dute eta kaosetik oso gertu gaude.

Hezkuntza Sailak, batetik, ez du egoera aurreikusi, eta, bestetik, ordezkapenak kudeatzeko irakasleekin erabiltzen duen programa informatikoa oraindik ez du martxan jarri gainontzeko kolektiboetan.

Jaurlaritzak egun daukagun egoera aintzat hartu eta Hezkuntzara diru gehiago bideratu behar du. Kalitatezko euskal hezkuntza sisteman, aurrez aurreko eskolak bermatzeko, langile-kolektibo guztietan beharrezkoak diren neurri guztiak jarri behar dira. Inklusioa, zaintza, hezkuntza, kontziliazioa… ez daitezen hitz politetan gelditu!

Eta administrazioari ohartarazten diogu egoera konpontzen ez bada, mobilizazioetara jotzea baino ez zaigula geratuko.

Mercedeseko ABEEaren aurrean, langileen lan baldintza duinak aldarrikatzen ditugu

Gaur, urtarrilak 20, Mercedes-Benzeko zuzendaritzak ABEEa aurkeztu du Gasteizko lantegiko langileentzat. Horren aurrean, LABek argi utzi nahi du Mercedeseko langileek, kontratetakoek eta enpresa hornitzaileetakoek ezin dutela euren gain hartu aipatutako arazoa eta enpresak berak hartu behar duela bere gain.

Gaurko bileran enpresako zuzendaritzak ABEEaren prozedura ireki du, dokumentazioa aurkeztuz eta neurria azalduz. Arrazoi produktiboekin arrazoitzen du neurria enpresak eta 6 hilabetez luzatuko zen, langile bakoitzari gehienez 30 egun aplikatuz.

Lehenengo balorazio honetan, LABek argi adierazi nahi du langileek ezin dutela ordaindu enpresak argudiatzen duen arazoa. Gogorarazi nahi dugu Mercedesek 276 milio euroko etekina lortu zuela iaz, aurtengo produkzioaren aurreikuspena inoizko handiena izan dela, soldata eskala bikoitza aplikatzen jarraitzen dutela,… Gainera, hilabete hauetan ehunka aparteko ordu egin dituzte, aktibatzeko egunetan lan egin dute,… beraz, gure susmoa da enpresak ABEEa aurkeztu duela erabateko malgutasuna lortzeko.

Testuinguru honetan, LABen helburua izango da langileen lan baldintzak mantentzea eta enplegu duina bermatzea, bai orain baita ABEEa bukatzen denean ere. Aldi berean, exijitzen dugu Mercedesek konpromisoak hartzea azpikontratetan eta enpresa hornitzaileetan enplegua eta lan baldintzak bermatzeko, ABEE honek milaka langileri eragin ahal dielako.

Errefusatu egin dugu UGT, USO, La Senda de Ugarte eta CCOO sindikatuek Sidenor enpresarekin Basaurin lantegiko hitzarmenerako sinatu duten aurreakordioa

Aurreakordio honek ez du errespetatzen Sidenor Basauriko lantokiko langileen borondatea. Izan ere, azaroaren 8an langileen batzarra egin zen, eta bertan taldeko lantoki batzuei aplikatzen zaien Esparru-Akordioaren pean jarraitzearen aurka bozkatu zen. Lantokiko langileek oso argi utzi zuten Esparru-Akordioaren kontra egiten zutela eta beren lan-baldintzak Basaurin negoziatu behar zirela, eurek bozkatu eta aukeratutako ordezkaritza sindikalarekin.

Sinatutako aurreakordioak Esparru Akordioan ezarritakoari eusten dio, ez dira berreskuratu aurreko negoziazioetan galdutako eskubideak, eta gainera, soldata-igoera ez dago KPIari lotuta, eta horrek esan nahi du Sidenor Basauriko langileek erosteko ahalmena murrizten jarraituko dutela.

Urteko lanaldia Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenean ezarritakoa baino ordu gehiagokoa da. Sidenorreko langileek Bizkaiko metalgintzako enpresako gainerako enpresetan baino ordu gehiago lan egiten dute urtean.

Ez da hobetu lana eta familia bateragarri egitea. Aurrekoetan ezarri ziren neurriek asko zailtzen dute uztartzea, egutegiak ez baitira arautu eta malgutasuna oso handia baita.

Aurreakordioan adostutako gaiak ez dira funtsezkoak, eta horietako askok ez diote Basauriko langileen langileen kolektibo osoari eragiten, baizik eta haren zati bati.

Sidenorrek asko erabiltzen du azpikontratazioa Basauriko lantegian, neurriz kanpo; batzuetan, azpikontrata horietan lan egiten duten pertsonen kopurua Sidenorreko langileen bestekoa da, eta ez da inolako neurririk aurreikusten azpikontratetako arazorik konpontzeko.

Horren guztiaren aurrean, esan behar dugu espero dugula Sidenor Basauriko langileen batzar batean, langileen kolektiboarekin batera sakondu ahal izatea LABek akordio hori ez onartzeko dituen arrazoietan.

Osakidetzak atea zabalik utzi dio sindikatuak sinatutako Lanbide Garapenerako Akordioa ez betetzeari

Mahai Sektorial bilera egin da. Bertan, Garapen Profesionalaren gaian, Osakidetzak arrazoi burokratikoak, Ogasun sailaren txostenaren beharra, jarri ditu aitzakia gisa bere hitza bete ez izana arrazoitzeko, errua beste batzuei leporatuz, modu honetan bere arduragabekeria eta langileekiko errespetu eza ezkutatu nahian. Garapen Profesionala ordaindu beharra epaitegiek agindu zuten, eta gerora garpen profesionalaren ez-ohiko deialdiaren akordioa sinatu genuen besteak beste LAB sindikatuak. Akordio horren arabera, ez-ohiko deialdi honetarako izen-emate epea abenduaren 31ean hasia beharko litzateke.

Osakidetzak bere langileei tratu txarra ematen diela gero eta nabarmenagoa da. LABetik izugarriak iruditzen zaizkigu Osakidetzako zuzendaritzak langileekiko duen utzikeria, errespetu falta eta mespretxua. Gaurko Mahai Sektorialean aurreakordioa deitu diote 2021eko uztailean sinatutako akordioari, eta akordioa betetzearen erantzukizuna beste erakunde batzuen gain utzi dute.

Halaber, Kudeaketa Klinikoko Unitateen bidez, osasungintza publikoaren atomizazioaren aldeko apustuarekin jarraitzen du Osakidetzak. Unitate hauen konfigurazioak bertako arduradunei erabateko boterea ematen die langileentzako funtsezkoak diren gaietan. Kontratazioak eta gestio ekonomikoa bere kabuz kudeatzeko, Osakidetzatik at, aukera ematen dien araudi batean oinarritzen dira Kudeaketa Klinikoko Unitateak. Pizgarri ekonomikoak ere ekar ditzakete. Osasungintza publikoaren ikuskera zatikatu hau, funtzionatzeko modu ez oso gardenekin, osasungintza desintegratzea eta kontrapartida onartezinen bidez Kudeaketa Klinikoko Unitateen kontrola mantentzea helburu duen eredu batetik baino ezin da etorri. Iraganean, eta agian gaur egun, azterketak filtratzearen bidez zerbitzu-buruei beren menpeko zerbitzuen gobernantza errazten bazitzaien, beren lantaldeen konfigurazio askea ahalbidetuz, Kudeaketa Klinikoko Unitateek kontrapartida berberak eskaintzen dituzte, botere absolutuak dituzten buruzagiekiko langileen otzantasuna lortzeko.

Osakidetzako hirugarren Euskara Planari dagokionez, argi geratu da ez dagoela anbiziorik, zehaztapenik, eperik eta neurri sakonik lan-eremu euskalduna eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuko dituen osasun-arreta bermatzeko.

Laburbilduz, Osakidetza langileoi tratu txarrak ematen eta eskubideak kentzen ari zaigu. Espreski ari da egiten, eta, horregatik, Osakidetzako arduradunen utzikeria, sinesgarritasun falta eta despotismoa gorabehera, erakundean gobernantza ziurta dezaketen neurriak ezartzen ditu. Baina langileei tratu txarrak emateaz gain gutxietsi egiten dute; beraz, urrezko aukera dugu igande honetan, ozen eta argi oihukatzeko ez dugula utziko osasun publikoari, gure langileei eta gure langileei tratu txarrik ematen.

Lan heriotzak patronalak ezartzen dituen baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira

Atzo, hilak 19, beste lan istripu hilgarri baten berri izan genuen, alegia, Maderas Melchor Gomezeko M.M. 46 urteko langilea hil zen Pipaoneko mendietan lanean zegoen bitartean, Araban. Adar haundi batek kolpea eman zion lanean ari zela. Honekin, gutxienez, 4 dira Euskal Herrian aurten hildako langileak. Lehenik eta behin, LAB sindikatutik ¡gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu hildakoaren senide, lankide eta ingurukoei.

Atzo gertatutakoa ez da berria. Urtero ditugu honelako lan istripuak. Izan ere, pasa den urtean 5 langile hil ziren basogintzan, baina ezaguna izan arren, praktikan ez dituzte neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen. Baina ematen du administrazio publikoen arduradunek ez dakitela hau. Non daude administrazioko arduradunak heriotz berri hau salatzeko? Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko?

Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla. Lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Horretarako, bihar hilak 21, eguerdiko 12:00etan, SEAren aurrean elkarretaratze bat egingo dugu Gasteizen, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNErekin batera, azken laneko heriotza salatzeko.

Gure borroka sindikalaren ondorioz, EAEko Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen afera konpontzeko aurrerapausoa eman dugu #LortuDugu

Jakin berri dugu EAEko Irakasle Tekniko guztiek EHUk eskainitako Formakuntza Pedagogikoa egiteko aukera izango dutela, ikastaroan sartzeko baldintza gisa ezarritako hizkuntza-mailaren frogagiria matrikula egitean aurkeztu beharrean, geroago aurkezteko aukera eman baitiete, LABek eskatzen zuen bezala. Enplegu Publikoaren Eskaintzan aurkeztu ahal izateko beharrezkoa den formakuntza egiteko, atzerriko hizkuntza baten B1 mailako frogagiria exijitzen du unibertsitateak. Arazoa zen irakasle tekniko batzuek, hizkuntza-maila izan arren, ezin zutela garaiz aurkeztu, ikastaroetatik kanpo, eta, ondorioz, lanean jarraitzeko aukerarik gabe geratzen zirela.

Hori dela eta, eta arazoari konponbidea emateko asmoz, Hezkuntza Sailari eskatu genion EHUk bi aukera eman zitzan irakasle tekniko guztiek behar duten formazioa egin zezaten: batetik, hizkuntza gaitasuna akreditatzeko froga EHUk egitea edo eta, bestetik, hizkuntza gaitasuna titulua lortzeko baldintza gisa ezartzea eta ez izen-emateko orduan aurkezteko ezinbestekoa. Lehenengoa ezinezkoa zela-eta, azkenean, presio sindikalaren eta negoziazioen ondorioz, matrikulatzeko momentuan ordez, langileek akreditazioa lortzeko azterketa gaindituko ahalko dute udaberriko deialdian, ikastaroa hasi eta gero.

Hiru urteko borrokaldi baten ondoren, irakasle teknikoen kolektiboak argia ikusten du, eta hurbilago du beren aferaren irtenbidea. Gogoratu, aurreko ikasturtearen amaieran, 16 espezialitate ez-singularretako ordezko irakasleentzat Jaurlaritzak egindako proposamenean hurrengo LEPean aurkeztu ahal izatea eta Formakuntza Pedagogikoa egiteko aukera jasotzen zirela. Ez-nahikotzat jo genuen, besteak beste LEPa gaindituko ez luketenen etorkizuna zein izango zen ez baitzigun esan Hezkuntza Sailak.

Orain, garaipen baten albisteagatik zoriondu behar ditugu langileak. Eta aurrerantzean emango diren urratsetan, LABetik langile guztientzako berme izateko lanean jarraituko dugu. Lanbide Heziketako langile guztien lanpostuen defendatzen jarraituko dugu!

Sokoa enpresak Sebastien Hiriart bidegabe kaleratu zuela berretsi du Paueko Dei Auzitegiak #LortuDugu

Paueko Dei Auzitegiak Sokoa enpresa zigortu du bertako langile ohi eta LABeko kide Sebastien Hiriarti 10.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera, kaleratzea arau kontra eman zela argudiatuta. Halaxe erabaki zuen Baionako Prud’hommetako kontseiluak bere momentuan eta halaxe berretsi du, orain, Paueko Dei Auzitegiak.

Gure helburuak bete dira epai honekin, besteak beste, frogatuta geratu baita Hiriart ez zela kaleratua izan enpresak argudiatutako ekoizpen arrazoiengatik.

Lau urte iraun du prozesu judizial honek, eta antolakuntza, borroka eta ekintza juridikoari esker lortu dugu langilearen aldeko epaia. Tamalez, ez da lehen aldia Sokoa enpresa zigortzen dutela. Jazarpen sindikalarengatik, lan kodea ez errespetatzeagatik edo hitzarmen kolektiboa ez aplikatzeagatik ere bukatu du epaitegietan. LABek enpresarekin konpondu nahiko lituzke arazo hauek guztiak, mahai baten bueltan, Justiziara jo gabe, baina, hori gertatu ezean, antolakuntza eta borroka izango dira gure lanabes.

LABen oharra, epai honen harira:

Elkarretaratzeak egin ditugu Nafarroan, pandemiaren kudeaketa zerbitzu publikoak mugara eramaten ari dela salatzeko

Nafarroako Gobernuak pandemia kudeatzeko moduak mugara eraman ditu zerbitzu publiko asko. Beharbada, kasurik nabarmenena Osasunbidea da, baina ez da bakarra. Nafarroako SOS Zerbitzua kolapsatzeko zorian dago. Adinekoen egoitzetan oso tentsionatuta dago egoera. Ikastetxeetan, aurre egin behar diote kutsatzeen gorakadari eta plangintza egokien faltari. Jarrai genezake, horrek guztiak ia zerbitzu publikoei eragiten baitie, modu batera edo bestera. 

Ia bi urte daramatzagu pandemian eta badirudi ez dugula deus ikasi. Olatuak bata bestearen ondotik etorri dira, baina akats berberak errepikatzen dira, protokoloak maiz aldatzen dira eta ez da neurririk hartzen. Ondorioa da nabarmen okerrera egin dutela lan baldintzek eta herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuek. Bien bitartean, gure kudeatzaileei bururatzen zaien gauza bakarra da plantilla estutzen jarraitzea.

Horregatik, aski da! esaten dugu ozen, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu zuzentzeko, langileei eta haien ordezkariei entzuteko eta egoerari aurre egiteko benetako neurri zehatzak hartzeko.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak elkarretaratzeak deitu ditu Nafarroako hainbat lekutan: Iruñean, Tuteran, Lizarran eta Elizondon, tartean.