2026-11-04
HomeEkintza SindikalaGure borroka sindikalaren ondorioz, EAEko Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen afera konpontzeko aurrerapausoa...

Gure borroka sindikalaren ondorioz, EAEko Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen afera konpontzeko aurrerapausoa eman dugu #LortuDugu

Jakin berri dugu EAEko Irakasle Tekniko guztiek EHUk eskainitako Formakuntza Pedagogikoa egiteko aukera izango dutela, ikastaroan sartzeko baldintza gisa ezarritako hizkuntza-mailaren frogagiria matrikula egitean aurkeztu beharrean, geroago aurkezteko aukera eman baitiete, LABek eskatzen zuen bezala. Enplegu Publikoaren Eskaintzan aurkeztu ahal izateko beharrezkoa den formakuntza egiteko, atzerriko hizkuntza baten B1 mailako frogagiria exijitzen du unibertsitateak. Arazoa zen irakasle tekniko batzuek, hizkuntza-maila izan arren, ezin zutela garaiz aurkeztu, ikastaroetatik kanpo, eta, ondorioz, lanean jarraitzeko aukerarik gabe geratzen zirela.

Hori dela eta, eta arazoari konponbidea emateko asmoz, Hezkuntza Sailari eskatu genion EHUk bi aukera eman zitzan irakasle tekniko guztiek behar duten formazioa egin zezaten: batetik, hizkuntza gaitasuna akreditatzeko froga EHUk egitea edo eta, bestetik, hizkuntza gaitasuna titulua lortzeko baldintza gisa ezartzea eta ez izen-emateko orduan aurkezteko ezinbestekoa. Lehenengoa ezinezkoa zela-eta, azkenean, presio sindikalaren eta negoziazioen ondorioz, matrikulatzeko momentuan ordez, langileek akreditazioa lortzeko azterketa gaindituko ahalko dute udaberriko deialdian, ikastaroa hasi eta gero.

Hiru urteko borrokaldi baten ondoren, irakasle teknikoen kolektiboak argia ikusten du, eta hurbilago du beren aferaren irtenbidea. Gogoratu, aurreko ikasturtearen amaieran, 16 espezialitate ez-singularretako ordezko irakasleentzat Jaurlaritzak egindako proposamenean hurrengo LEPean aurkeztu ahal izatea eta Formakuntza Pedagogikoa egiteko aukera jasotzen zirela. Ez-nahikotzat jo genuen, besteak beste LEPa gaindituko ez luketenen etorkizuna zein izango zen ez baitzigun esan Hezkuntza Sailak.

Orain, garaipen baten albisteagatik zoriondu behar ditugu langileak. Eta aurrerantzean emango diren urratsetan, LABetik langile guztientzako berme izateko lanean jarraituko dugu. Lanbide Heziketako langile guztien lanpostuen defendatzen jarraituko dugu!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.