2026-08-01
HomeEkintza SindikalaErrefusatu egin dugu UGT, USO, La Senda de Ugarte eta CCOO sindikatuek...

Errefusatu egin dugu UGT, USO, La Senda de Ugarte eta CCOO sindikatuek Sidenor enpresarekin Basaurin lantegiko hitzarmenerako sinatu duten aurreakordioa

Aurreakordio honek ez du errespetatzen Sidenor Basauriko lantokiko langileen borondatea. Izan ere, azaroaren 8an langileen batzarra egin zen, eta bertan taldeko lantoki batzuei aplikatzen zaien Esparru-Akordioaren pean jarraitzearen aurka bozkatu zen. Lantokiko langileek oso argi utzi zuten Esparru-Akordioaren kontra egiten zutela eta beren lan-baldintzak Basaurin negoziatu behar zirela, eurek bozkatu eta aukeratutako ordezkaritza sindikalarekin.

Sinatutako aurreakordioak Esparru Akordioan ezarritakoari eusten dio, ez dira berreskuratu aurreko negoziazioetan galdutako eskubideak, eta gainera, soldata-igoera ez dago KPIari lotuta, eta horrek esan nahi du Sidenor Basauriko langileek erosteko ahalmena murrizten jarraituko dutela.

Urteko lanaldia Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenean ezarritakoa baino ordu gehiagokoa da. Sidenorreko langileek Bizkaiko metalgintzako enpresako gainerako enpresetan baino ordu gehiago lan egiten dute urtean.

Ez da hobetu lana eta familia bateragarri egitea. Aurrekoetan ezarri ziren neurriek asko zailtzen dute uztartzea, egutegiak ez baitira arautu eta malgutasuna oso handia baita.

Aurreakordioan adostutako gaiak ez dira funtsezkoak, eta horietako askok ez diote Basauriko langileen langileen kolektibo osoari eragiten, baizik eta haren zati bati.

Sidenorrek asko erabiltzen du azpikontratazioa Basauriko lantegian, neurriz kanpo; batzuetan, azpikontrata horietan lan egiten duten pertsonen kopurua Sidenorreko langileen bestekoa da, eta ez da inolako neurririk aurreikusten azpikontratetako arazorik konpontzeko.

Horren guztiaren aurrean, esan behar dugu espero dugula Sidenor Basauriko langileen batzar batean, langileen kolektiboarekin batera sakondu ahal izatea LABek akordio hori ez onartzeko dituen arrazoietan.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.