2026-01-16
Blog Page 349

Sindikatu subiranistok Europako testuinguruaren eraldaketa prozesuan dugun papera hizpide izango dugu Euskalduna Jauregian

Eraldaketa prozesuak Europan. Horixe izango dugu hizpide ostegunean, Bilboko Euskalduna Jauregian, LAB sindikatuak antolatutako sindikatu subiranisten topaketetan. Hain zuzen ere, goiz eta arratsaldez, Katalunia, Galiza, Aragoi, Asturies, Valentzia, Kanariak, Kortsika, Sardinia, Aosta, Kanakia, Irlanda eta Eskoziatik etorritako sindikatuetako ordezkariak ariko dira, LABen gidaritzapean. Beste euskal sindikatu batzuk ere egongo dira, gonbidatu gisa.

Europako testuinguruko sindikatu eta sindikalisten topaketan honekin saretzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu, sindikatu subiranistok elite ekonomikoen eta estatuen Europa eraldatzeko tresnak baititugu.

Horrenbestez, pandemia osteko fasean eta Ukrainako inbasioak kolpatutako testuinguru honetan, sindikatu subiranistok ditugun erronkei buruz gogoeta egingo dugu, herri langilearen defentsan.

Eguna 9:00etan abiatuko da, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen ongi etorri eta kokapen hitzartzearekin. Ondoren, sindikatu bakoitzak bere herrialdearen egoerari buruz hitz egingo du. Hori amaituta, nazioarteko testuingurua izango dugu hizpide guztiok, sindikalismo subiranista eraldaketarako alternatiba gisa hartuta. Ondorioen txanda arratsaldean etorriko da, eta, ondoren, 17:30ak aldera, amaiera ekitaldia egingo da. Topaketetan lortutako adostasunak aurkeztuko ditugu bertan.

Lan istripuak ez direla kasualitatearen ondorio salatu dugu Zegaman eta Lakuntzan

Azken bi lan heriotzak salatu ditugu horiek gertatu ziren enpresetan bertan. Hain zuzen ere, elkarretaratzea egin dugu Zegamako Goi Laser enpresan, euskal gehiengo sindikalak deituta; eta protesta egin dugu Lakuntzako Sakana Kooperatiban, LABek ordezkaritza osoa duen enpresa batzordearen izenean.

Aurten, gutxienez, 13 langile hil dira Euskal Herrian. Odolusteak aurrera egiten duen bitartean, Administrazioak beste alde batera begiratzen jarraitzen duela salatu dugu.

Gipuzkoako helduen egoitzetan greba egingo dugu martxoaren 24an, langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan

LAB sindikatutik Gipuzkoako helduen egoitzetako langileei martxoak 24ko greba egunera batzeko deia luzatzen diegu, bai eta Gipuzkoako jendarteari langileen aldarrikapenak babestu eta elkartasuna adierazteko eskatu ere.

Urriaren 28ko greba egunean bilera-eskaera formal eta publikoa egin genion Gipuzkoako Foru Aldundiari helduen egoitzetako egoeraz hitz egin eta irtenbideak bilatzen hasteko asmoz.

Azaroaren 12an ordea, erantzunik jaso ez genuenez beste greba egun bat burutu genuen; oraingoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko ateak itxi zizkiguten muturren aurrean.

Abenduaren 17an, bilera egun baten zain jarraitzen genuenez, Gizarte Politiketako egoitza okupatu genuen.

Maite Peñak hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen arren, gaur gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri. Langileok ordea ez gara Markel Olano edota Maite Peñaren borondatearen zain geldituko.

Otsailaren 16ko greba egunean aldiz, 60 mugimendu sozialek babesa eman zioten sindikatuek egindako bilera eskaera eta aldarrikapenei; mugimendu feministak, mugimendu pentsionistak, auzo elkarteak,… Gero eta jende gehiago da egoera honi irtenbide bat eman behar zaiola exigitzen dugunok, baina Administrazio Publikoak entzungor egiten jarraitzen du.

Osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata- arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak, …

Argi diogu hau ez dela langile eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik. Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari da eta ezin dugu beste alde batera begiratu.

Zaintza negozio bihurtu dute eta diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak izugarrizko irabazi ekonomikoak izaten ari dira gure aiton-amonen zainketa lanaz eta helduen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatuz. Hau ez da beraz, langileon eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; Gipuzkoako jendarte osoari eragiten dion auzi soziala baizik. Guztion eskubidea delako kalitatezko zaintza zerbitzuak jaso edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzea.

Gipuzkoan bizi dugun egoera gainera, ez da salbuespen bat eta modu sistematikoan errepikatzen ari da Euskal Herriko beste herrialdeetan ere; greba deialdiak egin dituzte Bizkaiko eta Nafarroako langileek, eta Araban bestalde, ez dago herrialdeko lan hitzarmenik.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Patronalaren erantzukizun osoa azpimarratu nahi dugu, irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako. Elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten dituzte, langileen lan baldintza duinak edota egoiliarren kalitatezko zaintza zerbitzuak bermatzetik urrun; bestela nola uler daiteke diru publikoz finantzatutako enpresa pribatuek adinduen zaintza lanak baliatuz dirua egiten jarraitzea?

LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu dugu egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Horregatik, zaintzaren eta Gizarte Zerbitzuen egiturazko eredu aldaketaren beharra mahai gainean jarri nahi dugu, kalitatezko zaintza sistema publiko-komunitario baten bidean. Bitartean, Gipuzkoako Helduen Egoitzetako Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea izango dira gatazka honi amaiera emateko behin behineko baldintza nagusiak.

Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, osasun larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta administrazio publikoari zein patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exijitzeko momentua da. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzeko momentua da. Egoera hau betikotzeak edo gatazka honi irtenbide emateak jendarte osoaren etorkizuna baldintzatuko duelako, ezinbestekoa izango da sektore guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan, LAB sindikatutik martxoaren 24ko greba eguneko mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu; ezinbestekoa baita guztion inplikazioa egoera irauli nahi badugu. Goizeko 11:00etan izango da, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan.

Atariak eta bulegoak garbitzen dituzten langileak gogora ekarri ditu Gora Garbitzaileak kolektiboak

Martxoan astero egin ohi bezala, LABek sustatatutako Gora Garbitzaileak kolektiboak beste ekintza bat egin du, Bizkaiko garbitzaileek martxoaren 31rako deitutako grebari babesa emateko. Hain zuzen ere, erratzak hartu, patronaleko bulegora hurbildu eta mezuak utzi dituzten haien bulegoetan eta banketxe garrantzitsuetako beirateetan.

Orozkoko Madres Mercedarias egoitzak Elikagaien Bankua erabiltzen du bere sukaldeetarako, gastu horretarako diru publikoa jasotzen duen bitartean

Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako Orozkoko Ibarrako Madres Mercedariasen egoitza-zentroak 80 pertsona baino gehiagori eskaintzen dizkie zaintza zerbitzuak. 43 langilek lan egiten dute zentro horretan. Langileen ordezkaritza LAB-eko bi ordezkarik eta ESK-ko ordezkari batek osatzen dute.

Langileek hilabeteak eman dituzte mobilizatzen, enpresako zuzendaritzarekin negoziazioa ireki nahian eta hari gardentasuna eskatuz. Enpresak adierazitako negoziatzeko borondate eza dela medio, 9 greba egun egin dituzte orain arte, gaurkoa barne, eta beste bi greba egun gehiago dituzte iragarrita, martxoaren 23an eta 24an.

Langileen borrokak hitzarmen kolektibo bat du helburu:

– Soldaten igoera ziurtatuko duena, Euskal Autonomia Erkidegoko KPIaren arabera.

– Langileei urteko 1.648 orduko lanaldia itzuliko diena.

Langileekiko gardentasun eza praktika ez oso etikoetan ere ikusten da, jasotzen duen finantzaketa publikoari dagokionez. Horregatik, salaketa jarri dugu Bizkaiko Foru Aldundiko Ikuskaritzan, baina oraindik ez dugu horri buruzko erantzunik. Salaketa honetan Ikuskaritzari jakinarazten diogu familiei COVID-19az babesteko materiala kobratzen zaiela eta egoitzak Elikagaien Bankua erabiltzen duela, besteak beste, zaintza zerbitzua jasotzen dutenei jaten emateko, nahiz eta jasotzen duten diru publikoarekin bateraezina izan.

Gaur, martxoak 22, langileak greban daude eta bilera egin dute alderdi politikoekin Bilbon, Batzar Nagusien egoitzan, eta ondoren, mobilizazioa egin dute bertan.

Gipuzkoako Aldundiko garbitzaile azpikontratatuek mobilizazioekin jarraitzen dute

Otsailaren 22tik 25era greban egon ziren EULEN enpresako langileek KPIa ordaintzeko mobilizatzen jarraitzen dute. Kolektibo honetako garbitzaileen %90 emakumeak dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinak garbitzen dituzte. 2021eko maiatzetik ari dira hitzarmena negoziatzen, eta enpresak ez du inolako aurrerapenik egin nahi arlo ekonomikoan.

EULEN enpresak azpimarratu du ez duela KPIri lotutako planteamendu ekonomikorik egingo, eta zuzenean langile-klasearen pobretzera bideratuko duela. Horren aurrean, langileek lau eguneko greba egin dute, eta orain mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute.

LAB, ELA eta ESK sindikatuotatik, EULEN enpresari erantzukizunak eskatzen dizkiogu. Enpresa horrek milioi askoko irabaziak ditu urtean, eta ez die KPIa bermatu nahi langileei. Enpresak KPIri lotutako planteamendu ekonomikoak egitea eskatzen dugu. Baina administrazio publikoari ere erantzukizunak eskatzen dizkiegu, Gipuzkoako Foru Aldundiari kasu honetan.

Langileen esanetan, “gu administrazioaren erabaki politiko eta ekonomiko batek azpikontratatutako langileak gara, eta haiek dira gure zerbitzuaren azken arduradunak. Horregatik, gatazka konpontzeko inplikazioa eskatzen diegu, haien esku baitago diru publikoa enpresa priobatuen edo garbikuntzako langileen mesedetan erabiltzeko erabakia. Eta argi diogu administrazioaren aurrean: greba garaian gutxieneko zerbitzuak eskatzeko funtsezkoak bagara, funtsezkoak gara lan eta bizi baldintza duinak izateko”.

Horregatik guztiagatik, mobilizazioen txanda berri honetan, elkarretaratzea egin dute Donostian, EULEN enpresaren atarian.

EAEko hezkuntza akordioak ezarri duen testuinguru berriaren aurrean, martxoaren 25eko greba bertan behera uztea erabaki dugu, edukiak sakontasunez aztertu eta langileekin partekatzeko

Langileon eskaerak jorratzeko prozesuak abian jarriko ditu LABek, aurkeztu genuen dekalogoaren baitan beharrezko diren mobilizazio-dinamikak bultzatuz

EAEko hezkuntza akordioari begira, euskal eskola publiko komunitarioa sortzeko konfluentzia ipar, LAB sindikatuak proposamen orokor nahiz laboralak biltzen dituen Dekalogoa aurkeztu zuen hala Legebiltzarrean nola ikastetxeetan.

Otsailaren 8an Ponentziako batzorde buruak aurkeztutako zirriborroak egindako proposamenak aintzat hartzen ez zituela ikusita, LAB gainontzeko sindikatuekin jarri zen harremanetan, elkarrekin partekatzen ditugun gutxienekoak jasotzen dituen aldarrikapen taula publiko eginez: “Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza Legea langileokin eraiki”. Lortutako adostasunak balioan jarri nahi ditugu, egun toki ezberdinetan gauden arren. Hala ere, Hezkuntza Legea idazteko bide luze honetan, intersindikalean lortutako aldarrikapenak oinarri, batasun sindikalaren alde egingo dugu.

Mobilizazio dinamika bateratua abian jartzea erabaki genuen, besteak beste, martxoaren 25erako hezkuntza sistema osoari begirako greba deialdia eginez. Gure helburua, aukera historiko baten aurrean gaudela jakitun, hezkuntza akordioa eta legea osatzeko prozesuan langileok aintzat hartu eta gure aldarrikapenak jasotzeko eragitea zen.

Aurreko astean alderdi politikoen artean hartu-eman andana izan zen eta, ostiralean, lau alderdik osatutako gehiengo zabal batek akordioa lortu zuen. Negoziazioen emaitzak sakon aztertu behar ditugu, testu berriak aurrera pausu batzuk eta gabeziak izan ditzakeelakoan. Eduki berriak eta horiekiko LABen ikuspegia langileekin ikastetxez-ikastetxe eta bihar eskualdeetan burutuko ditugun bileretan partekatuko ditugu.

Orain arte ez da ireki gai hauen inguruan sindikatuokin mintzatzeko biderik eta legearen erredakzioa egin aurretik, hezkuntza langileei begirako neurriak adosteko prozedura abian jartzea ezinbestekoa da LABentzat.

Gauzak horrela, hezkuntza akordioa zehaztasunez aztertu eta balorazio orokorragoa egingo du LAB sindikatuak. Langileekin bileretan landu eta gure aldarrikapenak lortzeko beharrezkoak izango diren borrokarako dinamika berriak planteatuz.

Lan osasunean ez dago administrazioaren kontrolik

Pasa den larunbat honetan beste lan heriotza baten berri izan dugu. Oraingoan, Zegamako Goi Laser enpresan izan da lan ezbeharra. Azken honekin, gutxienez 13 dira urte hasieratik Euskal Herrian hil diren langileak

Lehenik eta behin, une latz hauetan gure gertutasuna adierazi nahi genieke hildako langilearen senide, lagun eta lankideei.

57 urteko E.S. langilea pieza batek kolpatuta hil da, makinaren segurtasun sistemak ez duelako bere funtzioa bete. Istripuaren inguruko datuak ez daude batere argi, izan ere, Osalanek oraindik ez duelako inongo azalpenik eman. Dakiguna da langileak hilabete baino gutxiago zeramala lanean, eta lan prozesu arriskutsu batean ziharduela berak bakarrik, laguntzarik gabe.

LAB sindikatutik irmoki salatu nahi dugu hilabete baino gutxiago lanean dirauen langile batek, trebezia behar duten prozesu arriskutsuak bakarrik egin behar izatea. Tamalez ohikoa da, praktiketan dauden edo esperientzia gutxi duten langileei ezagutza handia dutenen gaitasun berdinak exijitzea. Oraingoan honek, langile baten heriotza eragin duelarik.

Hein honetan salatu nahi dugu, lan osasun neurrien kontrola eraman behar duen administrazioaren ageriko utzikeria. EAEn ez Osalanek eta ez laneko ikuskaritzak ez dituzte baliabideak enpresak ikuskatzeko. Milaka langileen lan osasuna ikuskatzeko inspektore kopurua ez da 40ra iristen. Baliabide kopuru murritz hau, Urkulluren gobernuak eta zehatzago Idoia Mendiaren departamenduak hartutako erabaki politikoa da, patronalak lan osasuneko araudia bete behar ez dezan. Honela bakarrik ulertu daiteke lan istripu, heriotz eta gaixotasun profesional kopuru izugarria.

Prekaritatean oinarrituriko lan harremanak ezin dira onartu. Bizitza galtzerainoko muturreko prekaritatea.

LAB sindikatutik deialdia zabaldu nahi dugu bihar asteartea, martxoaren 22an goizeko 12:00etan Zegaman,  Goi Laser enpresaren aurrean, gehiengo sindikalak deituriko mobilizaziora. 

Lehen greba eguna egin dute EAEko telelaguntza zerbitzuan, lan hitzarmen duin baten alde

Tunstall Televida-GSR-Grupo IMQ enpresak kudeatzen du Eusko Jaurlaritzaren Beti on telelaguntza zerbitzu publikoa. Honek, etekin handiak lortzen ditu Eusko Jaurlaritzak horren kudeaketarako bideratzen dituen 41 milioi euroetatik.

Une honetan, 120 langileek berriztu gabe daukate hitzarmen kolektiboa eta patronalak horren negoziazioa blokeatzen jarraitzen du. Negoziatzen hasi zirenetik orain arte ez du KPI errealari lotutako soldata-hobekuntzarik eskaini, ezta soldatak EAEko sektore soziosanitariokoekin (egoitzak, etxez etxeko laguntza eta esku-hartze soziala) parekatuko direla bermatzen duen eskaintzarik ere.

Egoeraren aurrean, 4 greba egun deitu dituzte martxoaren 21, 24, 28 eta 31rako. Lehena gaur izan da, beraz. Hala, Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu dira langileak, beste alde batera begira ez dezan eskatzeko.

LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuon oharra, lehen greba egunaren harira:

Beti ON telelaguntza-zerbitzu publikoa UTE Tunstall Televida–GSR–IMQ enpresak kudeatzen du 2011tik. Horretarako, 41.000.00 euro bideratzen dira zergadunaren dirutik, eta titularrak, Eusko Jaurlaritzak, ez du mozkinen kontrolik egiten. Horrek eragina du zerbitzuaren kalitatean eta langileon lan-baldintzetan.

Langileok berriz ere mobilizazioei ekin behar diegu greba-egun batzuen deialdiarekin, enpresak uko egiten baitio gure soldatak hobetzeari KPI erreala oinarritzat hartuta, horrela aurrera egin ahal izateko Euskadiko sektore soziosanitarioarekin parekatzeko (adinekoen egoitzak, etxez etxeko laguntza eta esku-hartze soziala).

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu gatazkan inplikatzeko, enpresarekin negoziazioei berriro ekin ahal izateko, eta, horrela, egoera horrekin amaitu eta aurrera egin ahal izateko. Egoera hau ez baita onuragarria zerbitzuko langileentzat, ezta erabiltzaileentzat ere!