2026-05-05
Blog Page 337

Basogintza sektorean dago hilkortasun tasa handiena

Atzo arratsaldean basogintza sektoreko M.M.S.Q. 47 urtetako langilea hil zen Zeanurin zuhaitzak azpian harrapatuta. Sektorean urte hasieratik hildako bigarren langilea da, eta iaz, basogintzako 6 langile hil ziren. Dagoeneko, 2022an 51 langile hil dira lan istripuz. Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza eta behingoz martxan jarri daitezen exigitzen diegu. Heriotza hau salatzeko, otsailaren 19an mobilizatuko gara gehiengo sindikalarekin batera, 12:00etan Zeanuriko plazan.

Lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoaren senide, lankide, lagun eta gertukoei.

Abuztuaren 18a da gaur eta 4 laneko heriotza izan ditugu hilabete hasieratik. Istripu hauen patroia berriro ere guztiz aurreikusgarria da. Obretan altueretatik erorita, garraiolariak arazo kardiobaskularrez hilak, basogintza langileak zuhaitzak azpian harrapatuta, in itinere, etab. Behin eta berriro errepikatzen diren patroiak. Honen aurrean ez patronalak ez Eusko Jaurlaritzak ez dute inongo neurririk hartzen, ardura guztia eurena izanda.

Basogintza sektorearen hilkortasun tasak marka guztiak garaitzen ditu. Langile gutxi dituen sektorea izanda, urtero egoten dira hildakoak sektore honetan. Honela, atzokoa aurten egondako laneko bigarren heriotza da basogintzan, Idiazabalen 49 urtetako langile bat hil baitzen ekainaren 14an zuhaitzak azpian harrapatuta. 2021ean, sektoreko 6 langile hil ziren lan-istripuz.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuan, basogintza enpresen bideragarritasuna mugatua da nahiz eta eurentzako “ad hoc” eginiko foru arauak eduki. Egur ustiapen intetnsiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen da etekinak lortu ahal izateko. Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna ezegokiak, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak, honek eragiten duen nekearekin eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, aktibitateak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek.

Ez da lehen aldia Osalan eta Eusko Jaurlaritzari basogintza sektorearentzako neurri bereziak eskatzen dizkiogula. Oraingoan, berriro egiten dugu baina ikusten dugu erantzuna antzua dela.

Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza eta behingoz martxan jarri daitezen exigitzen diegu.

Azkenik, heriotza hau salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Lan ikuskaritzarako aurrekontua modu esponentzialean indartzea exijitu diogu Jaurlaritzari

Gehiengo sindikalarekin batera, mobilizazioa egin dugu gaur, Oiartzungo Lanbarren industriagunean, astelehenean bertan hildako 52 urtetako langilearen heriotza salatzeko. Ibilbide luzeak egiten zituen Europa ekialdeko garraiolaria istripu ez traumatikoan hil zen, bere kamioiaren kabinan gaizki sentitu ostean. Azken honekin, gutxienez 50 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. Odolusteak ez du etenik. Lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi genieke senide, lankide eta gertukoei une latz hauetan.

Gizartean hausnarketa sakona ireki beharra daukagu ezinbestean. Nola da posible gure ekoizpen sistema lan baldintza prekarioetan oinarritzea honek atzetik dakartzan norbanako dramak ikusita? Ze baldintzapean ari zen lanean kamioilaria? Zenbat egun zeramatzan lanean? Betetzen al zituen zegozkion lan osasunerako arauak? Egiten al zitzaion lan osasunerako Europan araututako jarraipen medikoa?

Garraioaren aktibitatea sakonki prekarizatua dago Europa osoan zehar: lan egun luzeak, ustezko autonomoak, azpikontratazioa, banatze epe laburrak… Langilearen heriotzaren arrazoi ez traumatikoek zerikusia izan dezakete lanaren baldintza sedentarioak zein faktore psikosozialek, sistematikoki patronalak gutxiesten dituen faktore horiek, hain zuzen ere.

Gure ekoizpen sistema, gure sozioekonomia lurralde txirogoetako lan baldintza prekarioetan oinarritua dago, hau da kapitalismoaren beraren funtsa. Hau da funtsean irauli behar duguna, izan ere, kapitala denaren aurretik jartzen du, baita bizitzaren aurretik ere.

Administrazio publikoak, bai Osalan eta Inspekzioak ere euren gabezia handiei konponbidea jarri behar diete. Eta ezagunak diren arrisku gune eta koordinazio espazio horietan beharrezko kontrol neurriak ipini behar dituzte.

Eusko Jaurlaritzak du hemen erabaki politikoaren ardura. Lan ikuskaritzarako aurrekontua modu esponentzialean indartu behar du dagokion tresnak erabiliz. Era berean, ogasunaren ahalmena erabiliaz, beharrezko tresnak ezarri behar ditu lan osasun arauak betetzen ez dituzten enpresei hobariak kentzeko. Kontratazio publikoari dagokionez, bai Gobernu eta udalek lan osasunerako pleguak jaso behar dituzte arau hausteak irmoki zigortzeko. Lan baldintza duinen alde borrokatzea da gure hautua, ez dadila errepikatu ez Oiartzunen eta ez inon horrelako kasurik. Zuzeneko erantzuleei neurriak hartzeko eskatzen diegu eta dei egiten diogu Euskal Herriko eragile zein norbanakoei horrelako kasuak salatzeko. Gure osasuna dago jokoan. Langileon eskubideak errespetatu.

Osakidetzak bertako langileak mespretxatu eta fede txarrez jokatzen du

Osakidetzak berriro berretsi du langileak mespretxatzen dituela, garapen profesionala kobratzeko ezinbesteko prozedura abuztu betean abian jarriz.

Erreklamazioak aurkezteko epea abuztuaren 29an amaituko da. LABek ohartarazi nahi die langileei zuzendaritzaren jarrera beligerantea dela. Akordioak bete gabe urteak eman ondoren, oraingoan ere fede txarrez jokatu du. Aspaldidanik langileekiko eta herritarren osasun-eskubideekiko harrokeria eta mespretxua erakusten duen zuzendaritza dugu aurrean, oraingo kasu honetan karrera profesionala ahalik eta modu kaltegarrienean erabiltzen duena.

Datorren ikasturtean ez da aurreikusten zuzendaritza honek jarrera-aldaketarik izango duenik, eta, beraz, osasun-sistema publikoa, sendoa eta langileen eskubideak errespetatzen dituena defendatzeko, antolatzeko eta mobilizatzeko beharra azpimarratzen dugu.

Froneri enpresan indarraldi osoan zehar KPIa bermatzen duen hitzarmen bat sinatu dugu #LortuDugu

16 hilabeteko negoziazioaren ondoren eta 12 eguneko lanuzteekin, FRONERI enpresan indarraldi osoan zehar KPIa bermatzen duen hitzarmen bat sinatu du, besteak beste.

Atzo, abuztuaren 11n, LABek hitzarmena sinatu zuen FRONERI enpresan, MIKO zaharrean. Urtebete baino gehixeago iraun duen negoziazioaren ondoren, non 20 bilera baino gehiago, hornikuntza-arazoak eta produkzioan lanuzteak izan ditugun, akordio batera iristea lortu dugu.

2021eko urtarriletik 2025eko abendura arteko indarraldiko hitzarmen honek soldata-igoerak ditu KPIa eta soldatan finkatutako igoerak bermatuz, urteko egutegiko 7 larunbatetan eta poltsatxoko 3 larunbatetan lan egiteko derrigortasuna desagertuz, lanaldia 1.712 ordutan geratuz 8 orduko jaitsiera, 25 urtetik gorako antzinatasuna duten aldizkako kontratu finkoetarako 6 hilabeteko gutxieneko kontratua, aldi baterakoen zerrenda sortzea, atxikipenen ordainsarietan hobekuntzak, makinetan zein pertsonetan txandetan hobekuntza, izatezko bikoteen ekiparazioa. Gainera, beste artikulu batzuen idazketa ere argitu da interpretazioan.

Behin-behinekotasunaren puntuari dagokionez, azpimarratu nahi dugu LAB izan zela bere plataforman sartu zuen sindikatu bakarra, eta adostutakoak gure asmoak betetzen ez dituen arren, 2011ko hitzarmenean galdu zena berreskuratzeko bidea ezarri da. Hitzarmen hori eta hurrengoa ez zituen sinatu atal sindikal honek, eskubideak nabarmen galtzea eta gure lan-baldintzetan atzera egitea ekarri zuelako. Horrela, bada, hautsi egin da azken negoziazioetan erabili zen “diru eskubideen truke” eskema.

LABek hasieratik bultzatu du bide hori, gure indar guztiak horretan inbertitu ditugu, bai plataforma egiten, bai negoziatzen, negoziazio kolektiboaren tresnari garrantzia emanez.

Era berean, esan behar da hori guztia langileen babesari esker lortu dugula, gure lan-baldintzak hobetzeko batzordeak planteatutako mobilizazioekin bat egin baitu. Beste behin ere, argi geratu da batasuna eta antolaketa direla langile klasearen tresnarik onena eskubideak konkistatzeko.

Nafarroako kirol kudeaketako langileak ez daude prest eros ahalmena galtzen jarraitzeko

Greba eguna dute Nafarroako kirol kudeaketako langileek, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok deituta. Goizean, pikete informatiboak egin dituzte eta, arratsaldean, elkarretaratzera deitu dute 19:00etarako, Iruñean, udal plazan.

Grebarekin hainbat igerileku ixtea lortu dute; besteak beste, Zizur Nagusi, Azkoien, Orkoien, Burlata, Artika, Sarriguren, Sanduzelai, Eskiroz, San Adrian, Lekunberri eta Caparrosokoa.

Sindikatuok hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatu eta berriro negoziazioari ekitea eskatu dugu. Hain zuzen ere, hitzarmenaren indarraldia 2020ko abenduaren 31n amaitu zen.

2.000 langile inguru biltzen ditu sektoreak Nafarroan, eta prekaritatea da nagusi hauen lan baldintzetan.

Lan heriotzek erantzule zuzenak dituztela salatu dugu Oreretan

Lan heriotzek ez dute etenik. Horren lekuko, aste honetan gertatu diren bi lan istripu hilgarriak; bata Oreretan eta bestea, Elgoibarren. Eraikuntzako langile bat eta garraiolari bat zendu dira, hurrenez hurren, eta dagoeneko, gutxienez, 49 langile hil dira Euskal Herrian aurten.

Bada, euskal gehiengo sindikalak deituta, azken bi lan heriotzak salatzeko elkarretaratzea egin dugu Oreretan, lan istripu hilgarrien erantzule nagusiak zeintzuk diren agerian uzteko eta prekaritateak hil egiten duela berriro ere ohartarazteko. “Non daude Osalan eta Lan Ikuskaritza? Zer dio Eusko Jaurlaritzak ardura berea izanik? Beti bezala, ezer ez”, galdetu du LAB sindikatuko Lan Osasuneko arduradun Inko Iriartek. Oarso-Bidasoko eskualdeko sindikatuko arduradun Aitor Sagastuyk, bere aldetik, Urkullu eta Mendiari langileak defenda ditzatela eskatu die, eta ez daitezela ohi bezala patronalarekin lerrokatu.

Non daude Osalan eta Lan Ikuskaritza?

Bi langile hil dira Gipuzkoan azken orduotan, eta dagoeneko 49 langile zendu dira, gutxienez, Euskal Herrian urtea hasi zenetik; horietatik 9 altueratik erorita.

Atzo, abuztuak 8, Oreretako Goiko Kaleko etxebizitza bateko eraberritze lanetan 49 urteko langile bat hil zen, aldamio baten zama-igogailuaren hutsunetik erorita, 4. pisu batetik. Kapitalismoak eragindako beste lan heriotz bat da hau, beste familia bat birrinduta, beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta etxera itzuli ezinik. 

Ditugun datuen arabera, nahiz eta aldamioaren egitura eta muntaia legez araututakoa izan, barnean daraman zama-igogailuak ez zuen babes perimetralik. Ohikoa da egoera hau, kanpora begirako babesak jarrita egotea eta barnera begirakoak ezabatuta. Prebentzioaren beraren paradoxa. Itsurakerian oinarrituriko sistema da eta urtero emaitzek hori bera berresten dute.

Gainera, kasu honetan, hildakoa bera, obrako hormaren garbiketa lanean ziharduen langilea, “errekurtso prebentibo” bezala izendatua zegoen. Urteetan argi eta garbi aldarrikatu dugu errekurtso prebentiboaren funtzioak soilik segurtasun neurriak betearaztekoa dela; patronalak, ordea, obrako edozein langile izendatzen du errekurtso prebentibo gisa, ardura hori desitxuratuz. Honela, arau guztiak apurtuz, inork ez ditu lan osasunerako neurriak betearazten eta istripu eta hilkortasun maila izugarri hauek betikotzen dira.

Non daude Osalan eta Lan Ikuskaritza? Zer dio Eusko Jaurlaritzak ardura berea izanik? Beti bezala, ezer ez. Badirudi hildako langileen bizitzek ez dutela euren interesa pizten, edota beste “udarako albiste” batzuk erabili nahi dituztela anabasa estaltzeko.

Bestalde, lan heriotzen sarraskiak gaurko eguna ere kolpatu du. Bart, trafiko istripu larri baten ondorioz, garraiolari bat hil eta bere laguntzailea larriki zauritu da AP-8an.

Nafarroako Bibliobuseko lanpostuak behatzez banatu dira

Adierazi nahi dugu oso haserre gaudela Iruñeko Bibliobus-plazak betetzeko aukeratu den moduarekin. Beste hainbat pertsona bezain gaituak diren bi pertsonari emandako zerbitzu-eginkizunaren figura erabili da lanpostu horiek aldi baterako betetzeko. Ez dakigu nola egin den aukeraketa eta zein irizpideren arabera, lanpostu horiek ez baitzaizkie funtzionario guztiei eskaini.

Zuzendaritzak bidalitako idazkian esaten da kontua ez dela kontratazio-zerrendetan dauden pertsonak gutxiestea; agian ez gutxiestea, baina badirudi pertsona horiek ez direla aintzat hartzen. Ez dakigu zergatik ez den ohi den bezala zerrendetara jo eta aldi baterako kontrataziorik egin, lekualdatze- edo oposizio-lehiaketara atera arte.

Jakina, zuzendaritza ez dago behartuta aurreko guztiaren azalpenak ematera, ezta eskatu ere. Baina kontuan izan behar da jarduera horiek haustura dakartela liburutegiko langileek beren zuzendaritzarekiko duten konfiantzan eta sintonian

Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatuz, euskal hondartzetan izango gara igandean

Etxerat-ek deituta, elkarretaratzeak egingo dira igandean Gipuzkoako, Bizkaiko eta Lapurdiko 15 hondartzetan, euskal presoen eskubideen alde eta ezartzen zaien salbuespen politikaren kontra.


Etxerat elkarteak emandako azken datuen arabera, 177 euskal presoetatik 88 daude Euskal Herriko espetxeetan, 72 Espainiakoetan eta 18 Frantziakoetan. Horietatik 27 daude hirugarren graduan, 122 presok hala beharko luketen arren. Beste horrenbeste espetxe baimenei dagokienean: 151 euskal presok dute eskubidea, baina seiri bakarri eman dizkiete.


Halaber, askatasuna ukatzen jarraitzen diete gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamazazpi presori eta 65 uretetik gorako beste hamazazpiri. 32 urte baino gehiago daramate espetxean Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Unai Parotek.

Presoengan ez ezik haien senitarteko eta hurbilekoengan ere (uztailaren 17an Itziar Moreno presoaren lagun batek espetxera bidea —795 km— izandako istripua dugu azkena) eragina duen salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea eskatzen dugu LABetik eta horrexegatik, igandean euskal kostako hondartzetan izango gara.