2026-01-15
Blog Page 332

Jaurlaritzaren betiON telelaguntza zerbitzuko langileek beste bultzada bat eman diote euren borrokari

Maiatzaren etorrerarekin, beste 12 greba egun egiten ari dira Jaurlaritzaren betiON telelaguntza zerbitzuko langileak, hitzarmen duin baten defentsan. Maiatzak 14, 17, 18, 19, 20, 21, 25, 26, 27, 28, 30 eta 31 dira hilabete honetarako deitutako greba egunak. Gaurkoa, aurtengo hamaikagarren greba eguna da.

Berriro atera gara kalera Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmenaren inpugnazioa salatzera

Sei urteko borrokaren eta bi urteko negoziazioaren ondoren, 2021eko urtarrilaren 8an LAB sindikatuak sektorea duintzeko akordio historikoa lortu zuen, Nafarroako esku-hartze sozialeko lehen hitzarmen sektoriala sinatuz.

Estatuko OEIS (Gizarte Ekintza eta Esku-hartze Erakundeen Estatuko Elkartea) patronalak urte hasieran salatu du hitzarmena. OEIS Gurutze Gorriak, Caritasek, Gosearen Kontrako Ekintzak, Ijitoen Idazkaritzak eta Minbiziaren Kontrako Espainiako Elkarteak ordezkatzen dute Nafarroan. Enpresa salatzaileek ez zuten negoziazio-prozesuan parte hartu nahi izan, nahiz eta jakinaren gainean egon eta gonbidatuta egon.

Epaiketa irailaren 28an izango da, 12:00etan, Probintzia Auzitegian. Horregatik, atzo kalera atera ginen Gurutze Gorriak Iruñean eta Tuteran dituen egoitzen aurrean protesta zaratatsua egitera. Gaur, maiatzak 17, gauza bera egin dugu Caritasek hiriburuko Alde Zaharrean duen egoitzaren aurrean.

Bi enpresa horiek dira gizarte-zerbitzuak kudeatu beharko ez lituzketenen erakusle. Inolako arazo ekonomikorik ez duten enpresek, horrelakorik erakutsi ez dutelako, Administrazioak azpikontratatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituztenek eta milioi askoko diru-laguntzak eta dohaintzak jasotzen dituztenek ez dute Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmena betetzen.

Esaten dugu hitzarmena ez dutela betetzen, Caritasek hitzarmenean soldatei buruz ezarritakoa ez aplikatzeko klausularekin bat egin duelako, eta Gurutze Gorrian enpresa-hitzarmen bat sinatu dutelako, sektoreari buruzko gaiak okertzen dituena. Jarrera gaiztoa dute Gurutze Gorriak eta Caritasek, justizia soziala defendatzen duten bitartean. Hitzarmena ez betetzeaz gain, sektoreko gainerako 2.000 langileen lan-baldintzak arriskuan jarri dituzte.

Langile gehienak egoera dramatikoan egon dira urteetan, soldata oso baxuekin, mileurismotik gertu, baina ezin konta ahala unibertsitate-titulazio eskatzen dituzte, KPI izoztuta, 2010 eta 2020 artean %10eko pobretze metatua suposatuz, gauekotasunagatiko, txandakotasunagatiko, jaiegunagatiko, antzinatasunagatiko plusik gabe, urteko lanaldi oso altuekin, opor eta ordaindutako baimen eskasekin… Hori da hitzarmen sektorialak irauli duen egoera eta antza, OEIS erakundeak (Gurutze Gorria, Caritas, etab.) sektoreko plantillak itzularazi nahi dituen abiapuntura.

LABek argi dauka ez dugula onartuko, aldaketa eta hobekuntza nabarmen horren sustatzaile eta lider aktibo izan gara, eta, beraz, defendatu egingo dugu.

Laster ekimen berriak iragarriko ditugu eta berriro kalera irtengo gara jasaten ari garen harrapaketa hau salatzera.

Borrokan jarraitzen dugu! Hitzarmena ez da ukitzen!

Grebara deitu dugu Arabako metalgintzan, hitzarmen duin baten alde

Arabako Metalaren negoziazioak hainbat urte daramatza inolako aurrerapenik gabe, eta, denbora honetan guztian SEAk inmobilismoa besterik ez du eskaini. Patronalak ez du lanaldia jaisteko edo subrogazio eskubide proposamenik aurkeztu, eta ez du metaleko langileen erosteko ahalmenari eusteaz edo hainbat lan-baldintza batzuk hobetzeaz hitz egin nahi.

Horren aurrean, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok soktorearentzako aldarrikapen batzuk adostu ditugu, eta mobilizatu egin gara greba egun hauetara iritsi arte. Hori guztia Arabako Metaleko Hitzamen duin bat izateko.

Horrekin bat egin dute milaka langilek, sinadura bilketa masibo baten bidez bere egin baitituzte aldarrikapen horiek.

Gainera, dozenaka langileen-batzordek bat egin dute greba egun horiekin: Mercedes, CIE Automotive, Inauxa, Atusa, Gestam Blogab Laser Araba, Aernnova, Burulan, TRPT, JEZ, Amurrio Ferrocarril, WEC, SDA Factory, Laminaciones Arregi, SNA Europe, Condesa Fabril, Ferrovial Servicios (Michelin),…

Era berean, honelako talde eta mugimendu sozial hauek grebak babesten dituzte: Arabako Pentsionistak, Por una vida digna- Bizitza Duinaren alde, Kirol Jarduerak, Ernai, Ikama, Judimendiko Gazte Asanblada, Olarizuko Gazte Asanblada, …

Ildo horretan, berriro diogu greba horien oinarri diren aldarrikapen nagusiak honako hauek direla:

  • KPIaren gaineko soldata-igoerak, 1400 euroko gutxieneko soldatarekin 14 ordainsaritan.
  • Lanaldia nabarmen jaistea
  • Azpikontratetako langileentzako subrogazioa
  • Kontratazio irizurraren aurkako neurriak
  • Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
  • Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak
  • Lan-osasuna bermatzeko neurriak
  • Baimenak hobetzea eta pertsonak zentroan jartzen dituzten beste lan baldintza batzuk
  • Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultraktibitatea, alde bakarrez ez aplikatzea eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

Azpimarratu nahi dugu Metaleko sindikatu guztiek 3 greba egun hauetan parte hartzeko deia egiten dugula, nahiz eta 6 garen, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT formalki deitzen ditugunak. Hori dela eta, aniztasun horretatik dei egiten diegu Arabako metalgintzako langile guztiei borroka jardunaldi hauekin bat egin dezaten, sektorean lan-baldintza duinak lortzeko.

Beraz, dei egiten diogu Arabako Metaleko sektoreari, lehenik eta behin maiatzaren 18an ekoizpena gelditu eta kalera atera dadin, deitzen ditugun mobilizazioetan parte hartuz: egun horretan langileei dei egiten diegu Mercedesen 5:15etako pikete informatiboan parte hartzera eta ondoren, 11:30etan manifestazio jendetsua egingo dugu Bilbo Plazatik. Hori guztia sektorearen lan-baldintza duinak lortzeko helburuarekin.

Ezin dugu onartu lan istripu eta gaixotasun profesionalen egoera deskontrolatu hau, inolaz ere

Asteazkenean, Aramaion, lan istripu baten ondorioz 58 urteko langile bat larriki zauritu zen. Tamalez, biharamunean hil zen. Arotza ofizioz, etxe baten eraberritze lanetan ari zela altuera batetik erorita izan zuen istripua. Gutxienez 27 langile hil dira Euskal Herrian 2022an lan istripuz dagoeneko, horietatik 6 altueretatik erorita. Hau guztia salatu dugu gaur, hildako azken langilea gogoan, Oñatiko plazan, euskal gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratze baten bitartez.

Beste laneko heriotza bat, beste familia bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Gutako edonori gertatu dakioke, goizean lanera joateko jaiki eta ez itzultzea.

Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean lan istripuak saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin litezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.

Bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo. Ezinbestekoa da, beraz, gaia jendarteratzea eta modu horretan eskumenak dituzten autoritateei arazoaren adinako bitartekoak jartzea, Europako beste herrialde batzuetako adibidea jarraituz.

Eusko Jaurlaritzak eskumenak ia osotasunean dituelarik, erantzunaren arduradun politikoak argiak dira. Urkullu lehendakaria zein Idoia Mendia sailburuak erantzun garden eta publikoa eskeini behar diote herri honi behingoz. Ezin dugu onartu lan istripu eta gaixotasun profesionalen egoera deskontrolatu hau, inolaz ere.

Patronalaren blokeoaren aurrean, sindikatu guztiok indarrak batzea erabaki dugu Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin baten alde borrokatzeko

Gaur egin da Bizkaiko metalgintzako negoziazio-mahaiaren zazpigarren bilera. Gaurko bileran, mahaian ordezkaritza duten 4 sindikatuok plataforma bateratu bat erregistratu dugu. Negoziazioa hasi zenetik, FVEMek negoziazioa blokeatu eta moteldu besterik ez du egin, mota guztietako aitzakiekin. Plataforma bateratu baten aurkezpenak, besteak beste, patronalaren aitzakiak desmuntatzea eta hasieratik erakutsi duen immobilismo eremutik ateratzea bilatzen du.

Aurkeztutako plataformak honako puntu hauek biltzen ditu: KPItik gorako soldata-igoerak, Gutxieneko Bermearen artikulua egokitzea eta % 100era igotzea, lanaldia murriztea, jarduera guztietarako subrogazioa, ABLEak mugatzea, malgutasuna mugatzea, telelana arautzea, ordaindutako lizentziak egokitzea, berdintasunaren aldeko neurriak, sektoreko amiantoaren arazoari aurre egiteko neurriak…

Epe bat eman diogu patronalari aurkeztutako plataforma bateratuari erantzuteko. FVEMek, aukera honen aurrean, negoziazioa blokeatuz eta sektoreko lan-baldintzak hobetzeari uko egiten jarraitzea erabakitzen badu, LABek argi dauka bide bakarra aurreko hitzarmenaren akordioa ahalbidetu zuena dela; sindikatu guztien aliantzak, aktibazioa eta borroka. Gaur lehen urratsa egin dugu plataforma bateratu bat aurkeztuz eta sektoreko sindikatu guztiak mobilizatuz, bai mahaian ordezkaritza dugunok, bai ez daudenak. Patronalak positiboki erantzuten ez badu, LABek argi dauka aukera bakarra sektoreko borrokarena eta greba-deialdiarena dela.

Gorabideko gerentziak konpentsazio bereziak eman zizkien zuzendariei pandemia garaian; ez, ordea, langileei

LABek jakin du Gorabideko zuzendariei aparteko konpentsazio ekonomikoak ordaindu zizkiela 2020ko abenduan. Enpresako gerentziari praktika horri buruzko informazioa eskatu ondoren, enpresak ordainketa horiek egin zirela baieztatu digu. Gorabideko gerentziak ematen duen justifikazioa da zuzendariek konpentsazio hori merezi dutela egindako lan onagatik; gainerako langileek, ordez, ez omen zuten merezi, ez baitute halakorik jaso.

Egoera honen aurrean, LABek honako hau jakinarazi nahi du:

– Enpresak konpentsazioak justifikatzeko emandako argudioak langileen kontrako erasoa dira. Langileok badakigu zein baldintzetan lan egin genuen eta justifikazio horrek dakarren errespetu falta onartezina da.

– Gorabideko langileok 2 urte hauetan NBE egokirik gabe lan egin dugu, kutsatu egin gara, gure familiak arriskuan jarri ditugu, oporrak eta egun libreak galdu ditugu… hori guztia egiten dugun zerbitzu publikoarekiko erantzukizunagatik egin dugu.

– Lan-erritmoak handitu egin ziren, eta, horrekin batera, estresa eta gure osasunean pairatu eta pairatzen ditugun ondorioak etengabeak izan dira. Gorabideko zuzendaritzak ez du prebentzio-neurri gehigarri bakar bat ere aplikatu Gorabiden lan egiten dugun profesional guztiontzat izan diren arrisku psikosozialak arintzeko.

– Urte honen hasieran gerentziak ezarritako lan-egutegiek larriki murrizten dituzte adostuta ditugun kontziliazio- neurriak, eta enpresako behin-behinekotasun-tasa onartezinak izaten jarraitzen dute. Langileen heren batek, gutxi gorabehera, behin-behineko kontratua du.

– Gorabideko zuzendaritzak hiru urtez izoztuta mantentzen ditu gure soldatak, galera ekonomiko larriak argudiatuz, baina badirudi dirua soberan duela langile guztiak mespretxatzeko.

Hau da Gorabideren errealitatea. Bizkaiko Foru Aldunditik 31 milioi euro publiko baino gehiago jasotzen dituen elkarte batek bere langileak gutxiesten dituen praktika bat defendatzen du.

Osakidetzako langileak kalera irten dira berriro, egiturazko konponbideak aldarrikatzeko

Osakidetzaren erabateko immobilismoaren aurrean eta gure aldarrikapenei erantzuteko erabateko borondaterik ezaren aurrean, aurtengo laugarren greba eguna daukagu Osakidetzan. Horri gehitu behar zaizkio Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan deitutako 8 greba egunak.

Oraingo honetan, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok greba-egunera deitu dugu Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentaleko Sare osoan, bi kolektiboek pairatzen duten prekaritatea salatzeko eta berehalako konponbideak eskatzeko.

Jarraipena zabala izaten ari da deitutako grebak. Hala, nabarmendu behar da zerbitzu asko, gutxieneko zerbitzuekin soilik funtzionatzen ari direla, eta beste batzuetan, hala nola Zumarragako edo Mendaroko Ospitaletako ebakuntza-gelak edo San Eloy Ospitaleko kirurgia lokaleko ebakuntza-gelak itxita daudela grebaren eraginez. TGEEZn ere jarraipena %100ekoa izaten ari da.

Eta hori, nahiz eta, ohi bezala, milaka langile grebarako eskubiderik gabe utzi dituzten gutxieneko zerbitzuak izan. Ildo horretan, salatu nahi dugu, pandemia aitzakiatzat hartuta, Lan Sailak ohiko gutxieneko zerbitzuak handitu zituela, jadanik gehiegizkoak zirenak, eta gaur egun, kalean ia murrizketa guztiak kendu diren arren, pandemiaren aitzakia mantenduz, langileen kopuruaren gorakada horri eutsi dio aginduak. Hori gutxi balitz, Agindua ostiralean iritsi zen, 14:00etan, eta, horren ondorioz, ESI batzuetan langileek gaur goizean bertan jakin dute gutxieneko zerbitzua zirela, eta, beste kasu batzuetan, agindua jaso eta edukia bera ezagutu aurretik gutxieneko zerbitzuak izendatu dituzte. Zalantzarik gabe, greba desaktibatzeko estrategia berri baten aurrean gaude.

Zoritxarrez, eta joan den abendutik mobilizazio dinamika bizia egiten ari garen arren, Osakidetzak jarrera aldatu ez duela salatu nahi dugu: propagandaren eta inposaketaren bidetik jarraitzen du eta negoziatzeari eta gure aldarrikapenei erantzuteari uko egiten dio. Horren adibide garbia da pasa den asteko Mahai Sektorialean gertatutakoa. Salatu genuen bezala, Osakidetzak uko egin dio %58 inguruko behin-behinekotasun tasarekin amaitzeari, 24.000 langile baino gehiagori eragiten diena. Enpleguaren egoeraren argazki larri horren aurrean, Osakidetzak 3.700 plazako egonkortze-tasa inposatu du.

Beste adibide on bat Garapen Profesionala da. Propagandatik haratago, gaur egun, oraindik ez dakigu noiz egingo den deialdia eta noiz kobratuko duen plantillak Osakidetzak duela urteak zor dien soldata. Gogora dezagun Osakidetzak konpromisoa hartu zuela iazko abenduan ezohiko deialdi bat egiteko.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok, beste behin ere, dei egiten diegu Osakidetzari eta Osasun Sailari inposizioaren eta propagandaren bidea uzteko eta elkarrizketa eta negoziazioa berreskuratzeko, egiturazko eta sakoneko konponbideak abian jartzeko. Zalantzarik gabe, osasun publikoa indartzeko unea d

Nafarroako Esku-hartze sozialeko hitzarmenaren inpugnazioa salatu dugu kalean

Sei urteko borrokaren ondoren, eta bi urte negoziatzen ibili ondoren, 2021eko urtarrilaren 8an LAB sindikatuak akordio historiko bat lortu zuen sektorea duintzeko, eta, hala, Nafarroako esku-hartze sozialaren lehenengo hitzarmen sektoriala sinatu zen.

Estatuko OEIS patronalak (Ekintza eta Esku-hartze Sozialaren arloko Erakundeen Estatuko Elkartea) hitzarmen hori salatu du 2022ko urte hasieran. OEISen barruan elkarte hauek daude: Gurutze Gorria, Cáritas, Acción contra el Hambre, Secretariado Gitano eta Asociación Española contra el Cáncer. Orain salatzaile gisa agertzen diren enpresa horiek ez zuten hitzarmenaren negoziazio prozesuan parte hartu nahi izan, jakinaren gainean egonda eta gonbidatu bagenituen ere.

Maiatzaren 6an jakin genuen esku-hartze sozialeko hitzarmenaren aurka maiatzaren 17an egitekoa zen epaiketa atzeratu egin zela. Data berria dugu, irailaren 28an, 12:00etan, Nafarroako Auzitegian izanen da. Epaiketaren data besterik ez da aldatu eta mehatxua bere horretan dago; beraz, borrokak jarraituko du OEIS patronalak salaketa kendu eta gure eskubideak errespetatu arte.

Horregatik, hasierako planteamendua egokitu egin dugu, eta honela geratu da:

  • Maiatzaren 16an, astelehena, 
    • 10: 00etan Gurutze Gorrian (Leire kalea 6, Iruñea) elkarretaratze zaratatsua. 
    • 12:00etan Gurutze Gorrian (Iruñeko pasealekua, Tutera) elkarretaratze zaratatsua.
  • Asteartea 17:  Egun honetan aurreikusitako 24 orduko greba irailera atzeratu da.
    • 10: 30etan kontzentrazioa Caritasen aurrean (San Anton 8 kalea, Iruñea). 

Irailaren 28an berriro kalera irtengo gara jasaten ari garen harrapaketa hau salatzera.

BORROKAN JARRAITUKO DUGU! HITZARMENA EZ DA UKITZEN!

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak egonkortze-plazen ia erdia bideratu du PAIra, gehienak oposiziorik gabe

Aurreko ostiralean egindako Mahai Orokorrean, Hezkuntza Departamentuak iragarri zuen zenbat plaza aterako dituen egonkortze-prozesura, deialdiak 2022ko abenduaren 31 baino lehen argitaratu beharko dituelarik. Guztira 766 plaza dira, eta horietatik ia erdia, % 46, PAIrako izango dira; beraz, irakasle asko eta asko plaza horietara hautatzeko aukera gabe geratuko dira, gure hizkuntzak ongi baino hobeki ezagutu eta erabili arren, urtetako esperientzia eta hautatzeko probak gaindituta izanik ere, eta hori guztia atzerriko hizkuntzetan C1 titulazioa ez izateagatik, honek eragotziko baitie lanpostu horietarako hautaketa-deialdietan parte-hartzea. Hau diskriminazioa da, eta LABek irmo salatu nahi du.

Era berean, kritikatu nahi dugu Gimenoren Departamentuak mantendu duen iluntasuna Administrazioaren behin-behinekotasuna murrizteko ezohiko egonkortze-prozesu osoan zehar. Behin eta berriz eskatu diogu Hezkuntzari plazei buruzko informazioa, baita gurekin negoziatzeko ere, baina ez du ez bata ez bestea egin. Isilpekotasuna eta negoziatzeko gogorik eza sutsuak izan dira. Hilabeteak daramatzagu informazio hori eskatzen, eta ostirala arte ez genuen erantzunik jaso. Eta ez zuten esan zeintzuk, ez dituzte espezialitateak zehaztu, eta informazio hori ere eskatu diegu irakasleei interesatzen zaielako, zalantzarik gabe. Gainera, beldur ginen bezala, plazen ia erdiak PAI egonkortzera bideratu dute, PSNk asmatutako foru legeaz eta behin-behinekotasun legeaz baliatuz, honela irakasle asko eta asko baztertuz.

Maltzurkeria, ordea, ez da hemen amaitzen. Informazioa ezkutatu diguten arren, badakigu lanpostu estruktural batzuk ez dituztela egonkortuko, nahiz eta zeintzuk ez duten esan. LABen salatu nahi dugu honela, irakasleen plantilla ez dela inolaz ere egonkortuko, eta ezinezkoa izango dela ezegonkortasun-tasa gehienez % 8ra jaistea, legearen helburua dena. Era berean, Hezkuntza Departamentuak azaldu beharko luke zergatik ez dituen lanpostu horiek atera, zergatik ez ditu egonkortu nahi?

Azkenik, LABek erabat arbuiatzen du Departamentuak erlijioaren gaiarekin izan duen kudeaketa; izan ere, bitarteko irakasleak, berriro ere, horren kaltetuak dira. Erlijioak eskolatik kanpo egon beharko lukeen estatu laiko batean, ordu asko gordetzen zaizkie erlijioko irakasleei, eta ez dira Hezkuntzak hautatutako langileak, Elizak hautatutakoak baizik, gardentasunik gabeko prozesu bati jarraituz, gainerako irakasleei eskatzen zaienaren kontra, horiek berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarritutako probak gainditu behar baitituzte. Lanpostu horiek azken horiei bakarrik egokitu beharko litzaizkieke.

Bistan denez, behin-behinekotasun egoeran dauden bitarteko irakasleei kalte egiten diete, berriz ere, Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntza Departamentuaren erabakiek, PAIrengatik edo erlijioarengatik izan. Ez dago eskubiderik irakaskuntzan urteak daramatzaten eta beren gaitasuna proba desberdinetan (eta, maiz, askotan) frogatu behar izan duten langile horiek berriro biktima izan daitezen interes alderdikoi eta propioen arabera hartutako erabaki okerrengatik. Gure ustez, berdintasuna, meritua eta gaitasuna guztiei eskatu beharko litzaizkieke, bidegabekeriarik gabe.