2026-08-11
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaNafarroako Hezkuntza Departamentuak egonkortze-plazen ia erdia bideratu du PAIra, gehienak oposiziorik gabe

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak egonkortze-plazen ia erdia bideratu du PAIra, gehienak oposiziorik gabe

Aurreko ostiralean egindako Mahai Orokorrean, Hezkuntza Departamentuak iragarri zuen zenbat plaza aterako dituen egonkortze-prozesura, deialdiak 2022ko abenduaren 31 baino lehen argitaratu beharko dituelarik. Guztira 766 plaza dira, eta horietatik ia erdia, % 46, PAIrako izango dira; beraz, irakasle asko eta asko plaza horietara hautatzeko aukera gabe geratuko dira, gure hizkuntzak ongi baino hobeki ezagutu eta erabili arren, urtetako esperientzia eta hautatzeko probak gaindituta izanik ere, eta hori guztia atzerriko hizkuntzetan C1 titulazioa ez izateagatik, honek eragotziko baitie lanpostu horietarako hautaketa-deialdietan parte-hartzea. Hau diskriminazioa da, eta LABek irmo salatu nahi du.

Era berean, kritikatu nahi dugu Gimenoren Departamentuak mantendu duen iluntasuna Administrazioaren behin-behinekotasuna murrizteko ezohiko egonkortze-prozesu osoan zehar. Behin eta berriz eskatu diogu Hezkuntzari plazei buruzko informazioa, baita gurekin negoziatzeko ere, baina ez du ez bata ez bestea egin. Isilpekotasuna eta negoziatzeko gogorik eza sutsuak izan dira. Hilabeteak daramatzagu informazio hori eskatzen, eta ostirala arte ez genuen erantzunik jaso. Eta ez zuten esan zeintzuk, ez dituzte espezialitateak zehaztu, eta informazio hori ere eskatu diegu irakasleei interesatzen zaielako, zalantzarik gabe. Gainera, beldur ginen bezala, plazen ia erdiak PAI egonkortzera bideratu dute, PSNk asmatutako foru legeaz eta behin-behinekotasun legeaz baliatuz, honela irakasle asko eta asko baztertuz.

Maltzurkeria, ordea, ez da hemen amaitzen. Informazioa ezkutatu diguten arren, badakigu lanpostu estruktural batzuk ez dituztela egonkortuko, nahiz eta zeintzuk ez duten esan. LABen salatu nahi dugu honela, irakasleen plantilla ez dela inolaz ere egonkortuko, eta ezinezkoa izango dela ezegonkortasun-tasa gehienez % 8ra jaistea, legearen helburua dena. Era berean, Hezkuntza Departamentuak azaldu beharko luke zergatik ez dituen lanpostu horiek atera, zergatik ez ditu egonkortu nahi?

Azkenik, LABek erabat arbuiatzen du Departamentuak erlijioaren gaiarekin izan duen kudeaketa; izan ere, bitarteko irakasleak, berriro ere, horren kaltetuak dira. Erlijioak eskolatik kanpo egon beharko lukeen estatu laiko batean, ordu asko gordetzen zaizkie erlijioko irakasleei, eta ez dira Hezkuntzak hautatutako langileak, Elizak hautatutakoak baizik, gardentasunik gabeko prozesu bati jarraituz, gainerako irakasleei eskatzen zaienaren kontra, horiek berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarritutako probak gainditu behar baitituzte. Lanpostu horiek azken horiei bakarrik egokitu beharko litzaizkieke.

Bistan denez, behin-behinekotasun egoeran dauden bitarteko irakasleei kalte egiten diete, berriz ere, Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntza Departamentuaren erabakiek, PAIrengatik edo erlijioarengatik izan. Ez dago eskubiderik irakaskuntzan urteak daramatzaten eta beren gaitasuna proba desberdinetan (eta, maiz, askotan) frogatu behar izan duten langile horiek berriro biktima izan daitezen interes alderdikoi eta propioen arabera hartutako erabaki okerrengatik. Gure ustez, berdintasuna, meritua eta gaitasuna guztiei eskatu beharko litzaizkieke, bidegabekeriarik gabe.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Kaleratutako 13 lankideak berronartzea eskatu dute Konecta BTOko langileek

Lanuztea egin dute eta El Correo-ren Bilboko egoitzaren aurrean mobilizatu dira. Vocento da, Iberdrolarekin batera, Konecta BTOko bezero nagusia. Gaurkoa izan da langileek egin...

Osasunbideak ez ditu hizkuntzak baloratzen langile fakultatiboen deialdietan

Hizkuntzen balorazioa ezartzen duen araudi berriaren aplikazioari zor zaio. Azken hau euskararen dekretu gisa ezagutzen da. 2025ean horren inkoherentzia eta bidegabekeriak salatu genituen, eta...

Konecta BTO telemarketin enpresako langileek lanuzteak egingo dituzte abuztuaren 11n eta 17an ezkutuko EEEaren kontra

Enpresaren bezero nagusi diren Vocentori eta Iberdrolari erantzukizuna exijituko diete. Gueñesen kokatuta dagoen Konekta BTO telemarketin enpresako langileek salatzen dute enpresa ezkutuko Enplegu Erregulazio Espediente...