2026-10-02
HomeEkintza SindikalaBerriro atera gara kalera Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmenaren inpugnazioa salatzera

Berriro atera gara kalera Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmenaren inpugnazioa salatzera

Sei urteko borrokaren eta bi urteko negoziazioaren ondoren, 2021eko urtarrilaren 8an LAB sindikatuak sektorea duintzeko akordio historikoa lortu zuen, Nafarroako esku-hartze sozialeko lehen hitzarmen sektoriala sinatuz.

Estatuko OEIS (Gizarte Ekintza eta Esku-hartze Erakundeen Estatuko Elkartea) patronalak urte hasieran salatu du hitzarmena. OEIS Gurutze Gorriak, Caritasek, Gosearen Kontrako Ekintzak, Ijitoen Idazkaritzak eta Minbiziaren Kontrako Espainiako Elkarteak ordezkatzen dute Nafarroan. Enpresa salatzaileek ez zuten negoziazio-prozesuan parte hartu nahi izan, nahiz eta jakinaren gainean egon eta gonbidatuta egon.

Epaiketa irailaren 28an izango da, 12:00etan, Probintzia Auzitegian. Horregatik, atzo kalera atera ginen Gurutze Gorriak Iruñean eta Tuteran dituen egoitzen aurrean protesta zaratatsua egitera. Gaur, maiatzak 17, gauza bera egin dugu Caritasek hiriburuko Alde Zaharrean duen egoitzaren aurrean.

Bi enpresa horiek dira gizarte-zerbitzuak kudeatu beharko ez lituzketenen erakusle. Inolako arazo ekonomikorik ez duten enpresek, horrelakorik erakutsi ez dutelako, Administrazioak azpikontratatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituztenek eta milioi askoko diru-laguntzak eta dohaintzak jasotzen dituztenek ez dute Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmena betetzen.

Esaten dugu hitzarmena ez dutela betetzen, Caritasek hitzarmenean soldatei buruz ezarritakoa ez aplikatzeko klausularekin bat egin duelako, eta Gurutze Gorrian enpresa-hitzarmen bat sinatu dutelako, sektoreari buruzko gaiak okertzen dituena. Jarrera gaiztoa dute Gurutze Gorriak eta Caritasek, justizia soziala defendatzen duten bitartean. Hitzarmena ez betetzeaz gain, sektoreko gainerako 2.000 langileen lan-baldintzak arriskuan jarri dituzte.

Langile gehienak egoera dramatikoan egon dira urteetan, soldata oso baxuekin, mileurismotik gertu, baina ezin konta ahala unibertsitate-titulazio eskatzen dituzte, KPI izoztuta, 2010 eta 2020 artean %10eko pobretze metatua suposatuz, gauekotasunagatiko, txandakotasunagatiko, jaiegunagatiko, antzinatasunagatiko plusik gabe, urteko lanaldi oso altuekin, opor eta ordaindutako baimen eskasekin… Hori da hitzarmen sektorialak irauli duen egoera eta antza, OEIS erakundeak (Gurutze Gorria, Caritas, etab.) sektoreko plantillak itzularazi nahi dituen abiapuntura.

LABek argi dauka ez dugula onartuko, aldaketa eta hobekuntza nabarmen horren sustatzaile eta lider aktibo izan gara, eta, beraz, defendatu egingo dugu.

Laster ekimen berriak iragarriko ditugu eta berriro kalera irtengo gara jasaten ari garen harrapaketa hau salatzera.

Borrokan jarraitzen dugu! Hitzarmena ez da ukitzen!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.