2026-01-16
Blog Page 324

Aitor eta Arkaitzen epaiketa bertan behera utzi eta langileen grebarako eskubidea babestea eskatu dio Jaurlaritzari Salatutako langileen plataformak

Gaur epaitu dituzte Aitor eta Arkaitz Bizkaiko metalgintzako langileak, herrialdeko hitzarmenaren aldeko grebetan parte hartzeagatik. Fiskalak 12 hilabetetako kartzela zigorra eskatzen du eurentzat eta Eusko Jaurlaritzak, 23 hilabekoa.

Salatutako langileen plataformak mobilizazioa egin du epaiketaren aurretik Bilbon, Barroeta Aldamarreko epaitegien aurrean eta metalgintzako hamarnaka langilek hartu dute parte bertan. Plataforma honek lan-gatazketan errepresioaren jomuga izan diren hainbat langilek osatzen dute.

Zigor Azpiolea plataformako bozeramaileak adierazi du epaitutako bi langileak atxilotu zituzten egunean grebaren jarraipena masiboa izaten ari zela eta egindako mobilizazioak oso arrakastatsuak izan zirela. “Antza, hau ez zen patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren gustukoa. Eguna lehertzea erabaki zuten eta horretarako, Ertzaintza bidali zuten eta ondorioak gaur ari gara ikusten, Bilboko Justizia Jauregi honen aurrean. Badakigu honelako borroka agertokiek desoroso jartzen dituztela patronala eta Jaurlaritza, suposatzen dutelako aitortzea merezi duela lan-baldintza duinen alde borroka egiteak. Horren ondorio izan baitzen ondoren hitzarmena sinatzea”.

“Bi lankide hauei gure babesa eskaintzeaz gain, etorri gara Eusko Jaurlaritzari exijitzera epaiketa hau bertan behera utz dezala eta behingoz, horrelako jarduerak bertan behera utz ditzala. Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna da langileen grebarako eskubidea babestea, horrelako egoerak ez probokatu ez sustatzea. Honek argi erakusten du patronala zein Eusko Jaurlaritzak estrategia berdina jarraitzen dutela, eta Ertzaintzaren ondorengo jarduerek erabaki politiko bati erantzuten diotela. Azken honi dagokionez, nabarmendu beharrekoa da oso bortitzak izaten direla eta honen ondorioz, epaiketan ez da soilik landuko bi langileen kontrako kasua. Epaituak izango diren langileek ere demanda jarri zioten Ertzaintzari, atxiloketak oso bortitzak izan zirelako eta biek ere ospitalean artatu behar izan zituztelako”.

“Ikusmiran” txostenaren arabera, 2011tik hona 6.165 euro galdu ditu langile bakoitzak bataz beste

Ipar Hegoak, LAB sindikatuaren ikasketa sindikaletako fundazioak, “Ikusmiran Egoeraren Azterketa, 2022ko udaberria” txostena kaleratu berri du. Euskal Herriaren ezaugarri sozioekonomikoen azterketa egin ondoren, honako ondorio nagusia atera dugu: 2008tik hona ezagutu ditugun krisiek ezaugarri espezifikoak izan badituzte ere (finantza krisia, eredu globalistaren krisia edota lehia gerra inperialistaren eremuan kokatzearen ondorioz sortzen den krisia), kapitalismoaren berezko ezaugarriek eragindako krisiak dira, sistemak berak sorturiko krisiak. Kapitala bidegabeki metatzen jarraitzeko helburuarekin mahai gaineratu diren ustezko irtenbideak langile klasea kaltetzen dute; izan ere, langileak pobretu zein prekarizatzen duen ereduan sakontzeko neurriak izan dira.

Krisi berri batean sartu gaituzte, ez da ausazko gertaera isolatua, erabaki gune nagusietan daudenek harturiko erabakien ondorio zuzena baizik. Orain, aldiz, herritarroi ustezko sakrifizioak eskatu dizkigute, erosahalmena murriztuz. Sektore zaurgarrienen eta langileen pobretze prozesuak ez du etenik.

  • 2021.urtean KPI-ak azken urte luzeetako igoerarik handiena izan zuen, % 6,5 inguru, eta 2022ko maiatzean % 8,7ra iritsi da. Igoera honek eguneroko erosketa saskian eragin handia izan du: olio eta koipeak % 32 garestitu dira; irinak eta bestelako zerealak % 14,3; pastaren prezioak % 21,4ko igoera izan du; argindarra % 107,8 garestitu da; eta ibilgailuen erregaia % 40,2a. Herritar guztiok gure poltsikoetan nabaritu arren, etxe xumeetan gehiago nabaritu da, aurrekontuaren %66a baino gehiago erabiltzen baita etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak eta elikagaiak zein alkoholik gabeko edariak erosteko. 
  • 2021.urtean KPI-ak azken urte luzeetako igoerarik handiena izan zuen, % 6,5 inguru, eta 2022ko maiatzean % 8,7ra iritsi da. Igoera honek eguneroko erosketa saskian eragin handia izan du: olio eta koipeak % 32 garestitu dira; irinak eta bestelako zerealak % 14,3; pastaren prezioak % 21,4ko igoera izan du; argindarra % 107,8 garestitu da; eta ibilgailuen erregaia % 40,2a. Herritar guztiok gure poltsikoetan nabaritu arren, etxe xumeetan gehiago nabaritu da, aurrekontuaren %66a baino gehiago erabiltzen baita etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaiak eta elikagaiak zein alkoholik gabeko edariak erosteko. 

Ukrainiako gerra ere sistema honen berezko ezaugarrien ondorio politiko bat da. Ondorioak, berriro ere, herritarrok ordaintzen ari gara arestian aipatu bezala.

  • Gastu militarrera bideratzen den dirua maximo historikoetan dago (Espainiako estatuak 2021eko BPG-aren % 1,4a bideratu zuen eta Frantziako estatuak 2020ko BPG-aren % 1,9a) eta epe motzean handitzen jarraituko duela iragarri dute. Argi eta garbi, gastu militarrera bideratuko den dirua ez da herritarron eskubide sozialak bermatzera bideratuko.
  • Ekologikoki iraunkorra ez den ereduak natura bidegabeki ustiatzen jarraitzen duen bitartean, lehengaiak ahitzeraino, uko egin dio Berotegi Efektuko Gasen isurketa prozesu kolektiboen bidez abordatzeari, erantzukizuna norbanakoan zamatuz.

Egoera honen aurrean, Euskal Herria prestatu behar da datorkigunari aurre egiteko (edo datorkigunak hartuko gaitu). Herritarron ongizate osoa lehenetsiko duen herria izan nahi badugu, erabaki politikoak hartu behar dira gaurdanik trantsizio energetikoa gauzatzeko, elikaduraren esparruan ahalik eta burujabeenak izateko, ekonomikoki beharrezkoak ditugun erabakiak hartu ahal izateko… Herri erabakiak hartzeko garaia da, lehentasunak ezarri eta politika publiko ausartak garatzekoa.

Eremu konfinatuetako istripu klasikoa, bata bestearen atzetik

2022ko ekainaren lehen astelehen honetan beste lan heriotz baten berri izan dugu, azken egunetako bigarren istripu hilgarria Nafarroako Garesen. 33. istripu hilgarria Euskal Herrian eta 7.a Nafarroan. Istripu honetan, hildako langilearekin zegoen lankidea larriki zauritua izan da laguntzen saiatu denean.

Lehenik eta behin, une latz hauetan gure gertutasuna adierazi nahi genieke senide, lagun eta lankideei.

45 urteko langilea, Señorio de Sarria upategiko eremu konfinatu baten (ureztatze putzu sakona) lanean ari zela, barrura erori eta oxigeno faltagatik hil da. Istripu hauetan ohikoa izaten den bezala, bertan zegoen lankidea laguntzera gerturatu eta putzura erori ostean, oxigeno gabe denbora asko egon ostean, oso larri dago.

LAB sindikaturik irmoki salatu nahi dugu istripu berri hau. Eremu konfinatuetan ezagunak diren arriskuen aurrean nola ez dira aplikatzen prebentzio protokoloak? Zergatik ez zegoen babes perimetralik? Prozedura tekniko hauek argiak dira eta hauek ez betetzean ematen dira istripuak, normalean oso larriak edo hilgarriak.

Jakinik arrisku aktibitate espezifiko eta arautua dela, nola ez du NOPLOIek eta inspekzioak jarraipena egiten? Utzikeria horrek eramaten gaitu 2022 urtean oraindik ere istripu ekidingarri hauek pairatzera, emaitza beldurgarriekin.

 Egoera honen atzean arduradun politikoak daude, izan ere patronalari egiten uzten dioten politikariek dute erantzunkizuna. Patronala ez fiskalizatzea, inspekzioak ez egitea, nahikoa baliabide ez jartzea erabaki politikoa dira eta emaitzak langilegoak pairatzen ditugu, azkenik geure bizitzarekin berarekin.

Modu honetan, datozen orduetan deituko diren mobilizazioetan parte hartzera deitu nahi genuke.

Glovoko Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako langileen babesgabetasuna salatu dugu

Glovoren ausarkeria eta Lan Ikuskaritzak bere lana ez betetzea egoera dramatikoak sortzen ari dira. Hamarnaka epaiketa ebatzi dira zentzu berean, eta beraz, riderren eta enpresaren lan-harremanari dagokionez zalantzarik ez dagoela ondoriozta dezakegu. Gainera, Auzitegi Gorenak birritan erabaki du jarraitu beharreko doktrina argi eta garbi ezartzea, eta, joan den astean ezagutu genuen bezala, Glovok erabaki du helegiterik ez jartzea EAEko Auzitegi Nagusiak Bizkaiko kasuei buruz emandako epaiari helegiterik ez jartzea.

Bien bitartean, Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako ehunka Glovoko langile muturrera egoerara eramaten ari dira, eta erabateko babesgabetasun-egoera pairatzen jarraitzen dute. Nominen ordez fakturak jasotzen jarraitzen dute, hau da, oporretarako eskubiderik gabe jarraitzen dute, amatasun/aitatasun edo Aldi Baterako Ezintasun prestazioak jasotzeko aukerarik gabe, soldata ziurrik edo lanaldi-portzentaje jakin bat gabe, azken batean, lan-eskubiderik gabe. Beste era batera esanda, badaude istripu bat edo seme edo alaba bat izateagatik premia gorriko egoeran dauden langileak.

Alde batetik, bere bereizgarri diren iruzurrezko jokabideekin jarraitzen du enpresak, legearen aurka ari dela jakitun. Bestalde, Lan Ikuskaritzak, nahiz eta LABek behin eta berriz esan langile horiek bertan behera ez uzteko, erabat baztertu ditu bere garaian hasitako espedienteak. Enpresak kotizaziorik ez egiteak kalteak eragin ditu, askotan atzeraezinak, eta gaur egun enpresa eta lan-ikuskaritza dira honen erantzule zuzenak.

Horregatik guztiagatik, epe laburrean neurririk hartzen ez bada, LABek bide juridikoak aztertuko ditu erantzukizunak ebazteko eta eragindako langileei ordaina emateko.

“Jakitun gara etxeko langileen hitzarmenaren sinadura ez dela erraza izango, baina sail sindikala indartsu dago”

Aste hau giltzarri izan daiteke duela hiru urte abiatutako ibilbidean. Hain zuzen ere, EAEko etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia osatzeko hitzordua ostegun honetan da, eta Confebask patronala deitu dugu bertara. Zerbitzu Soziokomunitarioen sektoreko kide Ane Escondrillasekin hitz egin dugu, bileraren atarian.

EAEo etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia eratzeko eskaera egin duzue. Aurretik, etxeko langileen sail sindikala osatu duzue. Noiz hasi zineten hau guztia mugitzen?

Sindikatuko azken kongresuan, sindikalizatu gabeko sektore prekarizatuetara heldu eta langileak antolatzeko tresna izateko hautua egin genuen. Orain dela hiru urte hasi genuen ibilbidea, eta, egun, sindikatuan etxeko langileen lehen sail sindikala osatu dugu, sindikaturako bai langileentzako apustu politikoa izan dena.

Nola izan ziren lehen urratsak? Zein helbururekin?

2019an lehen pausoak eman genituen. Etxeko langileen elkarteekin batu ginen Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Sindikatu bat garen heinean, negoziazio kolektiboaren bitartez sektorerako hitzarmen kolektibo bat borrokatzeko aukera ireki nahi genuen. Elkarteek begi onez baloratu zuten gure proposamena eta bideari ekin genion.

Hitzarmen kolektiboaren beharra eta oinarriak lantzeaz gain, hiru urte hauetan dinamika eta mobilizazio asko egin ditugu. Langileekin harreman sendoak sortu dira eta sindikatuarekiko atxikimendua handia da, hortik sail sindikala osatzeko beharra.

Nola antolatu zarete?

Hilean behin, asteburuetan langileen asanbladak deitzen ditugu Bilbon. 70 langiletako talde bat dugu osatua eta modu egonkorrean eta aktiboki 30 kidek parte hartzen dute hilero burutzen ditugun asanbladetan. 2019tik daramate LABeko markoan antolatuak hogeinaka etxeko langile. Kontuan izan behar dugu etxeko langileen sektorean lanak oso aldakorrak direla; herriz eta hiriz aldatzen dira maiz, askok interna moduan lan egiten dute, orduka, etxe eta herri ezberdinetan… Errealitatea hau izanda ere, asanbladarekiko konpromisoa eta inplikazioa itzela izan da.

Lehen hitzarmen koletiboaren negoziazio mahaia osatzeko hitzordua ostegunean da. Zer espero duzue patronalaren aldetik; Confebask-en aldetik, kasu honetan?

Sektore honetan, non ez dagoen langileen ordezkaritzarik ez patronal zehatzik, argi dugu Confebask-eri dagokiola hitzamenaren negoziazioa. Ostegunean bilatzen dugun eszenatokia mahaia negoziatzailea eratzea eta hitzarmenaren edukietaz hitz egiten hastea da, baina seguruenik hori ez da gertatuko. Confebask negoziazioei ezetz esaten ari da. Horregatik, erronka berri bat dugu aurrean. Bide judizialetik, baina batez ere sektorean ekintza sindikala bultzatuz eta piztuz, aurre egin beharko diogu aurreikusten dugun Confebask-en utzikeriari. Gauden momentura heltzeko bidea luzea izan da. Jakitun izan gara beti etxeko langileen hitzarmenaren sinadura ez dela erraza izango, baina sail sindikala indartsu dago.

Era berean, Eusko Jaurlaritza eta Enplegu Saila interpelatzen ditugu, hitzarmen hau lortzearen aldeko konpromiso politiko eta instituzional argia izan dezaten.

Eta zer espero duzue beste sindikatuen aldetik?

Ordura arte izan ditugun bilerak baikorrak izan dira. Gure aldetik espero dugu, euren ardura sindikaletik, prozesu honetan lanean egon diren langileekin eta sektorearekin konpromisoa hartzea. Denborarekin ikusiko dugu zer norabide hartzen duen intersindikalak. Momentuz, batasun sindikala beharrezkoa dela uste dugu. 

Zeintzuk dira etxeko langileen aldarri nagusiak?

Plataforman jaso ditugun aldarri guztiak garrantzitsuak eta funtsezkoak dira. Erregimen berezi baztertzaile bat izatetik EAE mailako hitzarmen kolektibo bat izatera pasako litzateke. Plataforman langileen funtzioak definitzen dira, kaleratzeak arautzen dira, ordutegia zehazten da eta horrekin aparteko orduen konpentsazioa, atsedenaldiak zehazten dira, prebentzio eta lan osasuneko elementuak jasotzen dira, indarkeria fisiko, sexual eta psikologikoaren aurrean prebentzio neurriak zehazten dira… Hitzarmenaren plataforma langileen asanbladan landu eta osatu dugu, metodologia parte hartzaile baten bitartez.  

Grebak egingo ditugu Bizkaiko merkataritzan, ekainaren 9, 10, 23 eta 24an, hitzarmen duin baten defentsan

Bizkaiko larru eta oinetakoen merkataritzako, ehun-merkataritzako eta merkataritza orokorreko langileek elkarretaratzea egin dute Bilbon, mobilizazio berriak iragaratzeko. Hain zuzen ere, hitzarmenak berritu gabe dituzte 2007, 2014 eta 2018tik, hurrenez hurren. Hori dela eta, grebak egingo dituzte ekainaren 9, 10, 23 eta 24an.

Langile bat hil da Bermeon bihotzekoak jota, lanean ari zen bitartean

Beste lan ezbehar hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu, kasu honetan Bermeoko Coviran denda batean gertatutakoa. Ekainaren 3an hil zen 50 urteko P.U.R. langilea, bihotzekoa izan ondoren. Aurtengo 32. hildakoa izan da lan istripuan, 11. ez traumatikoa zehazki. Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu senide, lagun eta lankideei.

Herriko frankizia-denda txiki batetako langile autonomoa izan da hildakoa. Komertzio handiaren aurrean bizirauteko borrokan, ez da harritzekoa bizirauteko borroka horretan, laneko arrisku faktoreak medio, arazo kardiobaskularrak areagotzea eta bizi kalitatean eragina izatea. Kasu honetan heriotzaraino.

Nabarmena da eta denbora daramagu salatzen, egungo sistema neoliberalak, lan karga eta presio gero eta altuagoak, aneko arrisku faktore nabarmen bilakatu direla. 2022an 11 heriotza ez traumatiko eman dira lanpostuetan, arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten arrazoi laboralak tarteko. Baina zein da patronalak honen aurrean ematen duen erantzuna? Identifikatuta al dago arrisku hau prebentzio txostenetan? Horrela bada, aplikatzen al dira neurri prebentiboak? Tamalez, badakigu erantzuna.

Honela, ze paper ari da jokatzen Eusko Jaurlaritza? Lan osasun materian ia eskumen guztiak izanik, egokitu al du Osalan eta Inspekzioaren lana, gero eta pisu handiagoa duen arrisku faktore honetara?

Urkullu jauna patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu berriki, noiz aterako da laneko erailketen aurka?

Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan- istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Arabako metalgintzan mobilizazioekin jarraitzea beharrezkotzat jotzen dugu

Gaur, ekainak 3, Arabako Metaleko Mahai Negoziatzailea bildu da. Bertan ez da inolako aurrerapenik egon; hori dela eta, LABek uste du sektorean mobilizazioekin jarraitu behar dugula. Hortaz, hurrengo ostiralean, ekainak 10, konzentrazio bat gauzatuko dugu SEAren Batzar Nagusiaren aurrean.

Sektoreko 1. greba zikloa pasatuta, gaur berriro bildu da Arabako Metaleko Mahaia. Gaurkoan ere, SEA patronalak berriro eskatu digu sindikatuoi mugitzeko, berak inolako mugimendurik egin gabe. LABen ustez, hori jarrera arduragabea da, SEAk uko egiten baitio berriz ere sektoreko arazoei erantzungo dien hitzarmen bat adosteari. 

Hori dela eta, LABek beharrezkoa ikusten du sektorean mobilizazioekin jarraitzea. Ildo horretan, LABek beste sindikatuekin batera adostu nahi du mobilizazio egutegi berri bat, non grebak eta ekimen eraginkorrak bilatuko ditugun Arabako Metalean lan baldintza duinak lortzeko. 

Lehenengo mobilizazioa jada adostuta daukagu sindikatuon artean: ekainaren 10ean, SEAren Batzar Nagusiaren aurrean konzentrazioa burutuko  dugu. Bertan argi eta garbi esango diegu konpromiso irmoak eta zehatzak hartu behar dituela Arabako Metaleko lan baldintzak duintzeko: soldata igoerak KPIren gainetik, lanaldia modu nabarmenean jaistea, subrogazio efektiboa azpikontratetan, malgutasuna eta behin behinekotasuna mugatzea, diskriminazioekin amaitzea, lan osasuna bermatzea, bajan egonda soldata ez galtzea…

Beraz, LABek dei egiten die langileei mobilizazioetan parte hartzera.

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenenaren blokeoaren erantzuleen aurrean mobilizatu gara

Bizkaiko metalgintzako zazpi sindikatuak kalera irten gara, eta FVEM patronaleko Batzorde Exekutiboko bazkide diren enpresen aurrean mobilizatu gara, 52.000 langileri eragingo lieken herrialdeko hitzarmen duin baten defentsan. Hain zuzen ere, Tecuni, Arteche, ITP, Sidenor, Eldu, Ormazabal, Murueta ontziolak eta beste enpresa batzuetako enpresaburuak daude patronalaren zuzendaritzan.

Duela hiru urte egindako gatazka gogoan, borrokarako prest gaudela nabarmendu dugu sindikatuok berriki egindako agerraldian: “Edo patronalak negoziazioa desblokeatzen du eta benetako negoziazioa aktibatzen da mahaian, edo sektoreko langile guztiei dei egingo diegu beraien enpresetatik eta kaleetatik exijitzeko”. Ildo honetan egin dugu mobilizazio eguna.