2024-04-25
HomeEkintza SozialaDSBEren egungo erreformak pobrezia desagerrarazteko gai ez den eredu asistentzialista betikotzen duela...

DSBEren egungo erreformak pobrezia desagerrarazteko gai ez den eredu asistentzialista betikotzen duela salatu dugu

Datozen egunetan, Gasteizko Parlamentuak diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistema arautzen duen lege berria bozkatuko du. Urteak iraun dituen legegintza-prozesu horren fruitua prekaritatea eta gizarte-bazterketa areagotzeaz gain, errealitate hori errotik eteteko gai ez den eredu bat ezartzen duen erreforma bat da.

Euskal langileen bizi- eta lan-baldintzak gogortzen ari diren testuinguruan, asko dira lege berriak aurreikusitako eskubide-murrizketak. Horien artean, DSBEagatik jaso beharreko zenbatekoak kalkulatzeko konplexutasun berria, datorren urterako, 2022ko datuekin alderatuta, 10 eurokoa baino ez den igoera ekarriko duena. Igoera horrek aurtengo KPIa konpentsatzea ere ez du ahalbidetuko, % 7 ingurukoa baita, eta ez du aintzat hartzen Hego Euskal Herrian 25 eta 64 urte bitarteko biztanleen % 53 baino gehiago bizi dela egoera prekarioan, lan duinik gabe eta diru-sarrera eskasekin, Ipar Hegoa Fundazioak berriki zabaldu duenez.

Lege berri honekin, Urkullu eta Mendia buru dituen Gasteizko exekutiboak ez die erantzuten kale mobilizazioetan adierazitako eta herri-ekimen legegileetan edo legebiltzarreko agerraldietan jasotako gizarte- eskaerei. Kontrara, beste behin ere, pobrezia estigmatizatzen duen eta berau jasangarri bihurtzea beste helbururik ez duen sistema asistentzialista eraldatzeko aukera galtzen du.

Pentsiodunek jasoko duten zenbatekoa, egungo 834 euroetik 934 euroetara igaroko litzateke, baina erreforma honek indargabetuko duen 2008ko Legearen arabera, pertsona horiek 1.166 euro kobratu beharko lituzkete. Kontuan hartuta gaur egun pentsiodunen ia % 35ek 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dutela, eta horien artean, 3 pertsonatik 2 emakumeak direla, DSBEren lege berriak ez dio aurre egiten emakume pentsiodunekiko zor historiko sakonari. Horretaz gain, 232 eurotan murrizten du hilean jasotako zenbatekoa.

Bestalde, lege berriak, etxebizitza berean bizikidetza-unitate bat baino gehiago daudenean, % 15eko beheranzko indize zuzentzaile bat aplikatzea aurreikusten du, DSBEren onuradunak izan ala ez. Eskubideen urraketa larria da hau, nagusiki etxebizitza partekatzen duten pertsonen aurka egiten duena. EAEko errealitate gorakorra, non Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratutako datuen arabera, hiri handietan alokairuaren hileko batez bestekoa ia 800 eurotakoa baita.

Gazteen kasuan ere agerikoa da erreforma horrek bultzatutako eskubide-murrizketa. Gazteen Euskal Behatokiak berak adierazten duenez, EAEn bizi diren 18 eta 34 urte bitarteko pertsonen % 60 baino gehiago ez dira emantzipatzen, eta, beraz, larria da lege berriak baldintza gehigarriak eskatzea gazteek DSBE jaso ahal izateko.

Erreformaren arabera, 18 eta 29 urte bitarteko gazteek, baldintza orokor guztiez gain, eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez, modu independentean bizi direla egiaztatu beharko dute. 18 eta 23 urte bitarteko pertsonen kasuan, aurrekoaz gain, azken 2 urteetan gutxienez 240 egun kotizatu izanaren baldintza ere gehitu da, edo horren ordez, DSBEa eskatu aurreko urtean Lanbiden alta emanda egotearena.

Erroldari dagokionez, lege berriak, oro har, 3 urteko gutxieneko epeari eusten dio, migratutako pertsonei sarbidea mugatzeko helburu argiarekin. Gainera, atzerritar jatorriko pertsonei DSBE jasotzeko kontrol espezifikoak egitea aurreikusten du, hala nola mugako mugimenduak kontrolatzea behar bezalako oinarri juridikorik gabe, eta agerian uzten du migrazioaren kriminalizazioa lege berri honetan errepikatzen den joera dela.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bihar, abenduaren 16an, 11:00etan Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, bultzatu duen mobilizazioan parte hartzera animatzen ditugu langileak, erreforma hau salatzeko eta 2023rako aurreikusitako aurrekontuak Euskal Herrian langile-klasea eta herri- sektoreak pairatzen ari diren pobretze-prozesuari aurre egiteko nahikoak ez direla salatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.