2026-01-21
Blog Page 318

Asko dago negoziazioan aurrera egiteko Bizkaiko merkataritzan

Urtarrilaren 5ean, beherapenekin batera hasi zituzten sektoreko langileek Bizkaiko larru eta oinetakoen merkataritza, ehun merkataritza eta merkataritza orokorreko hitzarmen duinen aldeko mobilizazioak. Euren eskubideak beherapenetan ez daudela aldarrikatu zuten. Hiru hilabetez ostiralero mobilizatu eta gero, apirilaren 29an, maiatzaren 6 eta 13an eta ekainaren 9, 10, 23 eta 24an, zazpi greba egun arrakastatsu egin dituzte. Gaur izan da ekaineko azkena.

Borroka luzea ari da izaten, baina gutxika, emaitzak ikusten ari dira. Alde batetik, 15 urte hitzarmenik gabe egon ondoren, larru eta oinetakoen merkataritzako hitzarmenaren negoziazio mahaia irekitzea lortu dute. Bestetik, mahai desberdinetan posizioak oso aldenduta badaude ere, patronala bere proposamenak moldatzen hasi da, sektoreko langileentzat oso erasokorrak ziren proposamen batzuk alboratuta, besteak beste, bajetako prestazioaren osagarria.

Hala ere, oraindik asko dago negoziazioan aurrera egiteko. Urteko lanaldia jaistea, partzialitatea mugatu eta zigortzeko neurriak adostea, soldata igoera duinak… Horrez gain, bereziki feminizatutako sektoreak dira hauek eta kontziliazio neurrietan zein atseden denboran asko hobetzeko beharra dute langileek. Negoziazio mahai gehienek ia hiru urte irekita badaramate ere, negoziazioan oso gutxi egin dute aurrera zentzu honetan, eta greba egun hauekin bultzada bat eman nahi diete.

Lan munduak inposatzen dizkigun armairuak apurtzearen aldeko deia egiten dugu

Ekainaren 28 honetan, LGTBI+ Harrotasun Nazioarteko Egunean, LAB kalean egongo da kolektiboaren aldarrikapenak babesten. Askotan esan dugun bezala, lan merkatua ez da esparru eroso eta seguru bat langile gehienontzat. Prekaritateak segurtasun falta, lan baldintzak kaskartzea eta eskubideak defendatzeko aukerarik ez edukitzea ekartzen du. Errealitate hau zaila bada guztiontzat, zer esan heteroarauetatik kanpo daudenez. Lemak adierazten duen bezala lan mundua armairu handi bat da. Diskriminazioa ematen da kontratazioan, arazoak lantokian, eta ez dago eraso LGTBI+foboen aurrean babestuko gaituen araudi eta politikarik.

Azken hilabete hauetan, trans legeak eztabaidatzen eta onartzen direla ikusten dugu, baina kolektiboaren kontrako erasoen aurrean, lan munduari dagokionez, benetako urratsik ez.

Azpimarratu nahi dugu, egun dauden plan edo lege proposamenek aitortu eta babestu nahi duen genero- identitate aniztasuna ez dela iritsiko lan mundura. Urteak daramatzagu enpresetan sexu eta genero identitateen aldeko proposamenak eta lanketa garatzen, baina oso argi dugu diskriminazioarekin bukatzeak enpresen esku jarraitzen badu, eskubide formalen aitortza formalismo hutsa izaten jarraituko duela.

Ekainaren 28an harrotasunak izan behar du ardatza. Ertzetan dauden pertsona guztiok kaleak hartu behar ditugu eta nola ez, lantokiak ere bai. LABen oso argi dauka bidea luzea izango dela baina askotan esan dugun bezala, gu langile ororen eskubideen alde borrokatzeko gaude. Diskriminazioak salatu eta proposamenak ere lantzen ari gara, LGTBI+ kolektiboak bere genero identitatea edo orientazioa sexuala ezkutzen duen lan mundua aldatzeko helburuarekin.

Era berean, datorren ekainaren 28, LGTBI+ Harrotasunaren nazioarteko egunean, E-28 koordinadorek hiruburu eta herrietan antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzera deialdia luzatu nahi die LABek langile guztiei. Harrotasuna borrokatu.

Euskal presoen eskubideen alde mobilizatu gara Iruñean, Donostian eta Bilbon

Euskal presoak etxean eta bizirik nahi ditugula udaren atarian egin ohi dugun manifestazioa gauzatu dugu Iruñean, sindikatuak berak deituta. Donostian ere irten gara kalera, hau ere gure ekimenez.

Bilbon, bestalde, LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok hileroko mobilizazioa egin dugu, espetxe-politikan aldaketak aldarrikatzeko.

Eskola publikoa indartzeko unea dela adierazten diogu EAEko Hezkuntza Sailari

Azken egunotan EAEko hezkuntza akordioaren baitako bi ekimen garrantzitsu aurkeztu ditu Hezkuntza Sailak: bata, Hezkuntza Legeari loturiko I. Seiurteko (2022/2023 – 2028/2029) kronograma; eta bigarrena, 679,3 milioi euro seiurteko horretan hezkuntza-itunak finantzatzeko.

Hezkuntza ituna aztertu eta baloratu genuenean, aurrerapausoak egon arren hainbat gaitan sakontasun handiagoa eskatu eta langileen eskaerak jorratzeko bide orria eskatu genuen. Orduan adierazi genuen moduan, LABek ortzimugan duen euskal eskola publiko komunitarioaren norabidean Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortzea – bertako parte diren ikastetxeei eskubide berdinak emanez eta betebehar berberak eskatuz-, eta ikastetxeei eskumen gehiago ematea, urrats bat izan litekeela adierazi zuen LABek baldin eta hau trantsizio gisa ulertzen bada, eta ez amaierako eskenatoki gisa.

Hezkuntza Legea idatzi gabe eta Euskal Hezkuntza Zerbitzuan parte hartuko duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta auditoria eta ikuskaritzak legean jaso gabe, hezkuntza-itunak finantzatzeko agindua eta finantzaketa onartu du Jaurlaritzako gobernu-kontseiluak.

Hiru ondorio nagusi ateratzen ditugu:

1. Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa atzeratu izana kritikatzen dugu. Hezkuntza Saila eskola publikoa zokoratzen ari da. LAB sindikatuak argi adierazi zuen Hezkuntza akordioaren inguruan egindako balorazioan, egungo testuinguruari erreparatuta, eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza-sistema eraikitzeko bertan egingo den inbertsioa kuantifikatzea beharrezkoa zela, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea zela. Horregatik esaten zuen LABek hezkuntza-lege berriaren aurretik egin beharrekoa zela Euskal Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa, urgentziazkoa neurria. Hezkuntza Sailak aldiz, eskola publikoren plana 2024rako atzeratu du.

2. Ituntze sistema berritzeko diru gehiago jartzen da, betebeharrak, ikuskaritza eta kontrol mekanismoak zehaztu gabe. Gainera, ituntze-sistema indartu egin dute orain arte itundurik egon ez diren etapak bertan txertatuz. Diru-publikoaren erabileraren eta hezkuntza-itunek izan behar dituzten baldintzak negoziatu aurretik heldu da dirua, eskola publikoan hainbeste kostatu zaigun irakasleen ratio jaitsierarekin batera.

Bide batez, LABek Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte izango diren ikastetxeek izan behar dituzten betebehar eta eskubideak eta hauek finantzatzeko mekanismoak soilik patronalekin negoziatu izana kritikatzen du. Horrek orain arte itunduta ez zeuden hezkuntza-etapa eta -zerbitzu batzuk ituntzea ekarri du, ituntze-sistema baldintzatu ordez, berau indartuz: batxilergoa, lanbide heziketa, hezkuntza laguntza espezialistak eta badirudi haur hezkuntzako etapako lehen ziklokoa den 2 urteko gela ere txertatu dutela. Patronalei ad hoc egindako ituntze- sistema.

3. Langileen eskaerak jorratzeko ez dago bide orririk. Horretaz gain, apirilean publikoki Hezkuntza Sailari adierazi bezala, afera laboralak jorratzeko egutegi eta metodologia zehatza aurkezteko eskariari eusten dio LABek, kolektiboz kolektibo lan-baldintzei loturiko gai guztiak langileekin adosteko. Gaur gaurkoz ez dugu inongo metodologia ez egutegirik jaso. Negoziatu den bakarra azken urteetan -eta ez Hezkuntza Akordioagatik- grebak eta mobilizazioak tarteko egonda lortutako sare publikoko irakasleen plantillak hornitzeko irizpideak eta ratioak izan dira.

Laburbilduz, LABen ustez, ituntze-sistema berritzen eta indartzen da eta eskola publikoaren aldeko apusturik ez dago. Honela, Hezkuntza Sailak planteatu duenak, trantsizioa marraztu baino egungo eredu duala betikotu dezake. Zentzu horretan LAB sindikatuak adierazi nahi du bere eskura dituen tresnak baliatuko dituela eskola publikoaren aldeko neurriak urgentziaz ezarri daitezen eta langileen eskaerak kontuan har daitezen, horretarako hezkuntza-komunitatearen mobilizazioa beharrezkoa izango delarik.

Dynamobeleko EEEren kontsulta epea antzerki hutsa izan da

Dynamobeleko EEE Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta epean, UGT enpresarengatik eta enpresarentzat solastatzera mugatu da eta lanpostuen defentsa guztiz desagertuta egon da.

Atzo, 12 orduko bilera baten ondoren, Dynamobeleko EEEren kontsulta epea bukatu egin zen. Hamabi ordu horiek lau sos onartzeko balio izan zuten eta, horren ondorioz, CCOOk, UGTrekin batera, akordioa sinatu zuen. Praktikan 70 lanpostu suntsitu dituzte, planta oso bat itxi egin dute eta, momentuz, enpresan lanean segitzen duten langileen lan baldintzak okertu egin dira.

Egoera hau hagitz kezkagarria eta guztiz salagarria da, gehien bat kontuan hartzen badugu enpresaren bideragarritasunaren benetako arazoa, eskulan ez zuzenaren gehiegizko dimentsioak, zuzendaritzaren lagun eta senideei zuzenean emandako lanpostuekin, bere horretan segitzen duela eta diru publikoak sartzen segitzen duela (Europako funtsak, gizarte segurantzaren kotizazioen atzerapena…) zulo beltz bat den enpresa batean eta bideragarritasun eskaintza eskasa egiten duen bideragarritasun plan batekin.

Enpresaren aldetik ezer gutxi ez bagenuen espero ere, lotsagarria izan da nola prozesuan zehar hainbat ordezkaritza sindikalek lanpostuen suntsiketa onartu duten zerbait ekidinezina balitz bezala eta nola papur batzuk negoziatu dituzten basatia izanen den soldata jaitsiera  “hobetzeko”.

Bakoitzak egin beharko du egindakoaren barne azterketa azken asteetan defendatu dituen interesen arabera, baina LABen garbi dugu prozesu guztian zehar gailendu dena derrotismoa izan dela eta enpresaren argudioen onarpena inongo borrokara planteamendu seriorik gabe; eta denok dakigu borrokarik gabe zaila dela lanpostuak eta lan eskubideak defendatzea.

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzua berrantolatu eta indartzeko eskatu dugu, eta Barne zuzendariaren dimisioa baso suteetarako aurreikuspen, alerta-gaitasun eta prebentzio-neurri faltagatik

LABek Nafarroako Suhiltzaileetan duen atal sindikalak bat egin du Nafarroako Gobernuak baso suteekin izandako aurreikuspen, alerta-gaitasun eta prebentzio neurrien faltaren kritika orokorrarekin, eta Barne zuzendari nagusi Amparo Lopezen dimisioa eskatu du, Barne Departamentuak bere gain hartu beharko lituzkeen erantzukizunen ondorio logiko gisa. LAB sindikatuaren ustez, premiazkoa da Nafarroako Suhiltzaileen zerbitzua berrantolatzea eta, batez ere, indartzea.

Gaur Iruñean prentsaurrekoan agertu diren LABeko sail sindikaleko suhiltzaileen iritziz, berdin dio egoera 0. mailakoa den edo 4. mailakoa, Suhiltzaileen Zerbitzuak eskura dituen giza baliabideak eta baliabide materialak beti berberak baitira. “Gutxieneko zerbitzua da”, azaldu du Urko Araizek sailaren izenean. “Larrialdi-egoera bat aktibatu ala ez, guardiako suhiltzaileen kopurua gutxieneko zerbitzuena da. Adibidez, Leireko sutea piztu zen gauean, parte hartu zuten lehenbizikoak Zangozako parkeko hiru suhiltzaileak baino ez ziren izan, txandan zeudenak, hau da, ezarritako gutxienekoa, eta praktikan eguneroko maximoa dena”.

Suhiltzaileek beren elkartasuna adierazi nahi izan dute suteen ondorioak jasan dituzten pertsonekin. Era berean, egun horietan suteak itzaltzen lagundu zuten pertsona, entitate eta zerbitzuen lana eskertu dute. “Haien laguntzarik gabe, Nafarroako suhiltzaileok nekez egin geniezaieke aurre suteei”, nabarmendu du Araizek. “Suhiltzaileen Zerbitzuari berari dagokionez, plantillaren erantzuna nabarmendu eta eskertu nahi genuke. Izan ere, beste behin ere, ekimen propio eta borondatezkotasun horretatik erantzun dio egoera horri, zerbitzuaren eta zuzendaritzaren gabezia eta ezintasuna salbatuz, ez baitu gaitasunik eta baliabideak antolatzeko eta mobilizatzeko mekanismorik horrelako egoeretan edo egoera txikiagoetan”.

Zerbitzuaren gabeziak

LABek Nafarroako Suhiltzaileetan duen sail sindikalak urteak daramatza zerbitzuaren gabeziak salatzen; eta egun hauetan bizi izan den egoeraren ondoren, inoiz baino nabarmenago gelditu dira gabezia horiek. LABen iritziz, Nafarroako Suhiltzaileetan falta dira egitura, langileak eta oihanetako suteen berariazko talde bat.

“Agintariei dagokienez, egitura operatiboa oso kaskarra zen legegintzaldiaren hasieran, eta oraindik okerragoa da orain”, azaldu du Araizek. “Barne Zuzendaritza Nagusiak epe laburreko konponbideak baino ez ditu bilatu 2020-23 Plan Estrategikoan atzemandako akatsak zuzentzeko. Adibidez, gaur egun, buruzagitza operatiboen %50 aldi baterako okupatuta daude”.

Langile faltari dagokionez, azken urteotako plazen deialdiak gorabehera, LABek salatu nahi du gutxienekoen zerbitzua izaten jarraitzen dela: “Orain dela 20 urteko plantilla bera mantentzen da, gutxienez hiru suhiltzaile parke bakoitzeko, eta hori, zalantzarik gabe, ez da nahikoa egun ditugun zerbitzu guztiei erantzuteko, eta ez du parte-hartzaileen segurtasuna bermatzen”.

Era berean, LABek nabarmendu du gaur egun baso-suhiltzaileen plantillan dagoen langile falta. “Salatu nahi dugu kanpainetarako bakarrik gutxieneko plantilla bat kontratatzen jarraitzen dutela, eta hori ez dela nahikoa frogatu dela. Era berean, salatu nahi dugu egonkortze-prozesuan deitutako baso-suhiltzaileen plazak ez direla nahikoak”.

Hain zuzen ere, LABek urteak daramatza oihanetako suteak itzaltzeko eta prebenitzeko lanetan arituko den talde espezialista bat sortzeko eskatzen, uretako erreskateko talde espezialista dagoen bezala. Baina talde espezialista hori sortzea falta da, eta, gainera, aurten langile gutxiago daude Brigadari Helitransportatuari esleituak, erantzuteko gaitasuna murriztuz. “Eta egitura, langile eta antolakuntza gabeziei, babes- eta segurtasun-ekipamenduetan, parkeetan, ibilgailuetan eta ordainsarietan egindako inbertsioa hobetzeko beharra gehitu nahi diegu, 2002. urtetik aurrera suhiltzaileen kasuan gelditu egin baitira”, gaineratu du Araizek.

Azkenik, baso-kudeaketa Nafarroako suhiltzaileen eskumenekoa ez den arren, LABeko sail sindikalak uste du beharrezkoa dela INFONA (Nafarroako Baso Suteetarako Larrialdi Plana, 1999. urtekoa) eguneratzea eta mendien eta natur ingurunearen kudeaketa, mantentzea, aprobetxamendua, etab. birplanteatzea.

Laburbilduz, Barne zuzendari nagusiaren dimisioaz gain, LABek Nafarroako Gobernuari eskatzen dio:

  1. Zerbitzua egoki antolatu eta dimentsionatzea egitura eta logistika mailan.
  2. Gutxieneko operatiboa handitzea parke guztietan, halako moldez non parkeek ez baitute lau suhiltzaile baino gutxiago izanen txanda bakoitzean.
  3. Baso-suhiltzaileen kopurua eta kontratazio aldia handitzea.
  4. Oihanetako Suteen Talde Espezialista sortzea.
  5. INFONA eta natur ingurunearen erabilera eta ustiapen politika osoa berrikusi eta eguneratzea.

[IRITZIA] Euskal osasun publikoa suntsitzen ari dira ESIak

LAB Osakidetzako kide Raul Castillok eta Ana Fran Astigarragak osasungintza publikoaren egoera larriari buruz idatzi dute, eta igandeko manifestaziorako deia egin dute (Bilbo, 12:00):

Osakidetzako administrazio-kontseiluak 2010eko abenduaren 13an sortu zuen EAEko lehenengo osasun erakunde integratua, Bidasoko ESIa hain zuzen ere. Osasun antolakuntza modu berri horrek arreta espezializatuaren eta lehen mailako arretaren arteko koordinazioa hobetuko zuela iragarri zuten Osakidetzako buruek. Ordutik aurrera EAE osoan ezarri ziren aipaturiko osasun zerbitzu horiek. Orduan sistema horren ontasunei buruzko zalantza handiak izan arren, osasun zerbitzuen antolaketa berri hori ez zen negoziatu sindikatuekin. Osakidetzak, berriz ere, bere kabuz hartutako erabakia izan zen.

Eta geroztik, Osakidetzaren hondamendia. Ospitale zentrismoa nagusitu egin da eta Lehen Arreta bakarrik eta abandonatuta utzi dute. Ikusi dugu ESI sistema horrek ez dituela benetan herritarren zein langileen beharrak bermatzen. Begiratu besterik ez dago azken bolada honetan biderkatu egin direla herritarrek zein Osakidetzako langileek egindako mobilizazioak EAE osoan, anbulatorioen aurrean edo ospitaleetan, grebak barne.

Herritarrei gertatzen zaien bezala, langileak ere erreta daude. Lan kargak onartezinak dira zerbitzu batzuetan; Lehen Mailako Arretako langileek, udaran, kontziliazio arazoak dituzte arreta ordutegien murrizketak direla eta; Osakidetzak ez die langileei ordaintzen haiekin duen zorra; hautaketa eta mugikortasun prozesuak bukaezinak dira; langileen ordezkariekin negoziazio falta dago; mediku kategoria batzuetako EPE prozesuetan iruzurra izan da eta horiek geldiarazi dira…

EAEko beste administrazioetan negoziazioa egin da sindikatuekin. Zaila izan den arren, aurrerapausoak eman dira, baina azken bolada honetan Osakidetzako zuzendaritza bere baitan itxi da, eta hartutako erabaki guztiak bere kabuz hartu izan ditu sindikatuekin kontrastatu gabe. Gaur egun ez dago negoziaziorik Osakidetzako buruekin; tartean, kontsolidazio prozesua dago, hain garrantzitsua dena erakunde honetan lanpostuak finkatzeko eta behin-behinekotasun tasa altuak bukatzeko. Bestalde, garapen profesionala oraindik ordaindu gabe dago, nahiz eta pasa den urtetik sindikatuekin sinatuta egon. Mugikortasun eta azken EPE prozesuak ere amaitu gabe daude eta, azkenik, Mahai sektoriala, negoziatzeko gure esparru naturala, edukirik gabe utzi dute.

Eta kezkagarriena izan daitekeena, sindikatuok ez dugu ezta zirrikitu bat ere aurreikusten negoziazio prozesu serio eta sakon bat hasteko edo jarraitzeko. Kontuan hartu behar dugu Osakidetzako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioa 2009. urtean iraungi zela. Oraindik, krisiaren aitzakiarekin, 2012-2013 urteetan aplikatu ziren murrizketa batzuk ez ditugu berreskuratu gaur egun. Osakidetzako plantilla zahartuta dago, eta ez da aurreikusten hainbeste jubilaziori aurre egiteko planik, ezta plantilla gaztetzeko planik ere. Gaur egun, tamalez, sindikatuok ez daukagu negoziatzeko aukerarik. Osakidetzako buruek temati jarraitzen dute, haurrek bezala, baina oraina ere tematia da, eta gogoratu behar dugu atzeko atetik kargugabetuta ateratzen diren zuzendariek, Darpon jaunak kasu, osasun pribatuan amaitzen dutela. Kasualitatea?

Arazo horien guztien ondorioak honakoak dira: osasun zerbitzuen narriadura eta horrek dakarrena, erabiltzaile eta pazienteak kaltetuta, itxarote zerrenda bukaezinak, etengabeko arretako guneen itxiera, larrialdi zerbitzuen gainezkatzea eta, azkena, pandemiaren kudeaketa penagarria.

Hori guztia gutxi izango balitz bezala, Osasun sailburuaren pasa den asteko adierazpenak ditugu, azken finean denok ezagutzen genuena adierazten dutenak: Lehen Mailako Arretaren desagerpena edo suntsiketa, batez ere landa eremuetan. Sagardui andrea! Osasun publikoari egingo zeniokeen mesederik handiena zure kargua uztea izango litzateke.

Hori guztia ez da kasualitatea: osasun publikoa pixkanaka desegiteko aldez aurretik diseinatutako plan baten parte da, EAJ-PSOEk burutu nahi duena, Arabako Unibertsitate Ospitalea egitasmoarekin gertatu zen bezala. Protesten aurrean bertan behera utzi zuten, baina berriro ekin diote, eta horren adibide garbia da Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzuaren erdi-itxiera. Logika neoliberalaren ikuspuntutik, kalitatezko Lehen Mailako Arreta mantetzea eta hornitzea ez da errentagarria; makro-ospitaleak edota ospitale multzoak, ordea, bai. Hortik datoz eraikuntza erraldoiak, mantentze lanen kanporatzea (azpikontratatzea), zerbitzu batzuen pribatizazioa (garbiketa, kafetegiak), anbulantziak gaur egun pribatuak izatea, kontzertazio eta autokontzertazioa… Azken finean, denon osasuna negozio bihurtu dute eta bitartean osasun pribatua aberasten ari da, inoiz baino aseguru pribatu gehiago egiten ari dira EAEko biztanleak.

ESI osasun erakunde integratuen ezarpenak ez du osasun arreta hobetzea ekarri. Gogoeta sakon bat egin beharko genuke ea zer osasun sistema behar dugun Euskal Herrian, ikuspuntu soziosanitario batetik eta neoliberalak diren tesiak urrunduz. Bitartean, osasun publiko, sendo, unibertsal eta kalitatzkoaren alde borroka egitea besterik ez zaigu geratzen.

Horrexegatik dei egiten diegu langile zein herritar guztiei ekainaren 26an Bilbora, 12:00etan Jesusen Bihotzetik abiatuko den manifestazioan parte hatzera.

Goazen langileok eta herritarrok, elkarrekin, inposatu nahi diguten osasun sistema honi buelta ematera. Goazen argi eta garbi esatera ez dugula pribatizazio gehiago nahi. Goazen eredu neoliberal honetan bizi nahi ez dugula aldarrikatzera. Goazen Euskal Herriak behar duen eredu soziosanitario berri baterantz.

NATO bakearentzat, egonkortasunarentzat eta justizia sozialarentzat mehatxu bat da

Datorren astean, ekainaren 29an eta 30ean, NATO erakundearen goi bilera izango da Madrilen. Horren harira, LAB sindikatuak ohartarazi nahi du NATO bakearentzat, egonkortasunarentzat eta justizia sozialarentzat mehatxu bat dela.

Era berean, Ukrainako Errusiaren inbasioa salatzeaz gain, gerrek herri zein langile klasearentzat dituzten ondorioak salatu nahi ditugu, gerrek eliteen eta estatuen interesei erantzuten dietelako. Zentzu honetan, NATO eta aliantza militar guztien desagertzea eskatzen dugu eta herrien burujabetzaren eta bizitzaren errespetutik eraikiko diren nazioarteko harremanak aldarrikatzen ditugu.

Pentsiodunen bizikleta martxari harrera egin diogu Baionan eta bat egin dugu euren aldarriekin

Aurrera doa pentsiodunen mugimenduak ekainaren 13an abiatutako bizikleta martxa, eta oraingoan Baionan egin diogu harrera ekimenari. Larunbatean amaituko da Donostian, baina aurretik Euskal Herri osoa zeharkatzen ari da. Hala, Lapurdiko hiriburura iritsi da ostegun arratsaldean, eta LAB sindikatuko zenbait ordezkarik harrera egin diogu martxari herriko etxearen ondoan. Hala, LABeko ordezkari Eñaut Aramendik hitza hartu du udaletxearen ondoan egokitutako gunetik.

Bizikleta martxaren hiru aldarriekin egin dugu bat: zerbitzu publikoen defentsa, zaintza lanen banaketa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa Hego Euskal Herrian. Horretaz gain, Eñaut Aramendik Frantziako Gobernuaren politika salatu du.

Hamaika mobilizazio

Urteetan zehar mugimenduak duen indarra eta konpromisoa agerian utzi dute pentsiodunek, astelehenero milaka izanik herrietako plazak bete eta hamaika mobilizazio propio antolatuz, baita ere beste hamaika borroketan ere haien ekarpena eginez.

Askotan esana dugu. Pentsio duinen aldeko borroka langile guztion borroka da. Parisen zein Madrilen gauzatzen ari diren erreformak sistema publikoaren erauspena eragiten ari dira, eta Gasteiz eta Iruñetik ez dute borondate politikorik kalean etengabe presente dauden aldarrikapenei irtenbide bat eskaintzeko.