Gaur Bizkaiko Eraikuntzako negoziazio-mahaia bildu da, 2023 eta 2024 urteko soldata-igoerak negoziatzeko. Gogoratu behar da 2020. urtean CCOOk eta UGTk lau urteko indarraldia zuen hitzarmen bat adostu zutela patronalarekin, baina aurtengo eta hurrengo urteetako soldata-igoera “airean” utzi zuten, orain negoziatzeko. Bada, patronala esku hutsik etorri da bilerara, eta akordiorik lortu ez denez, aurrerago berriro biltzea aurreikusten dugu.
LABek jokabide hori kritikatu zuen. Gure ustez, negoziazio kolektiboa edukirik gabe uztea da, baita sektoreko langileen baldintzak hobetzen jarraitzeko aukera bat galtzea ere.
Gaurkoan, mahaira eraman dugu sektorean KPIaren gaineko soldata-igoerak egiteko beharra. Sektoreak irabazi handiak dituela ikusten dugu, eta aberastasuna langileen artean ere banatu behar dela. Gainera, bi urteetan KPIaren gainetiko igoerak lantokietan falta diren langileak erakartzeko aukera bat izan daitezke; izan ere, kontu hori, denborarekin, arazo handi bat izan daiteke sektorearentzat.
Gaurko bilera akordiorik gabe amaitu da. Patronalak ez du proposamenik ekarri eta aurrerago beste bilera bat deitzeko asmoa azaldu digu, bertan adostasun bat lortzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak proposamen bat aurkeztu du Bizkaiko metalaren bitartekaritzan, eta sindikatuek batzarretara eramango dute. LABek, CCOOk eta UGTk adierazi dugu proposamenak ez dakarrela atzerapausorik, eta jasotzen dituen aurrerapenak sektoreko langileen borrokari eta 11 greba-egunei esker lortu direla.
Honako puntu hauek jasotzen ditu aipatutako proposamenak:
– Hitzarmenaren indarraldia: 2022-2025. – %15eko igoera, KPIak berrikusteko klausula. – Telefono-lineen eta zuntz-optikoaren instalazio eta mantentze-lanetako beharginen subrogazioa. –Baimenak eta lizentziak lanegunetan hastea, eta horiek baliatzeari dagokionez, jurisprudentziak ezarritakoari jarraitzea. – 28.000 eurora arteko hobekuntza istripuagatiko ezintasun eta heriotza aseguruetan. – Jazarpen-protokoloetan LGTBI+ pertsonak sartzea. – Norberak hartzeko 8 ordu, horietatik 4 berreskuraezinak.
Proposamen honek ez dakar atzerapausorik Bizkaiko metaleko langileen eskubideetan, eta aurrerapenak sektorean egindako borrokari eta 11 greba-egunei esker lortu dira.
Proposamen hau sindikatu bakoitzeko batzarretara eramango da erabakia hartzeko.
Gureak Nafarroa-ko enpresa batzordeko kideak enpresaren bulego nagusien aurrean kateatu dira gaur Donostian, hitzarmenaren negoziazioa exijitzeko eta Gureak Taldearen kudeaketa eta erantzukizun-organo gorenen aurrean Nafarroako langileak jasaten ari den egoera jasanezina salatzeko.
Gaurko protesta ekintza baino lehenago, Gureak enpresak Nafarroan duen ordezkaritzako langileek -mila euro inguruko soldata dituztenek-, bulego horietan bertan egin izan dute elkarretaratzerik, 2022ko maiatzean eta irailean ere hainbat greba egun egin zituzten, eta ia asteazkenero kontzentratu dira enpresaren atean, hitzarmen duin baten alde.
Bitartean, Gureak Nafarroako enplegu-zentro berezi horrek milioi askoko irabaziak eta diru-laguntzak lortzen ditu urtez urte.
Egoera horren ondorioz, LABek, UGTk eta ELAk osatutako Batzordeko kideek gaurko ekintza hau egin dute hitzarmenaren negoziazioa 2022ko urtarriletik irekita dagoela ikustarazteko eta salatzeko enpresak ez duela akordiorik lortzeko inolako borondaterik.
Horregatik guztiagatik, Gureak Nafarroako langileek berea dena erreklamatzen jarraituko dute: hitzarmen duina, lan-baldintzak okertuko ez dituena eta, gutxienez, KPIaren igoeraren araberako soldata igoera bermatuko duena. Ezin baita onartu Gureak Nafarroako langileek egunetik egunera erosteko ahalmen gero eta txikiagoa izatea.
Nafarroan, Lehen Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoek (597 eta 591 kidegokoak direnak) Bigarren Hezkuntzan irakasten dutenek baino gutxiago kobratzen dute. Erabateko injustizia juridiko eta pedagogikoa da, ez duena ez orain ez inoiz logikarik izan. Bologna Planak hamarkada bat baino gehiago darama dagoeneko indarrean, eta bidegabekeria juridiko horri ezin zaiola eutsi argi dugu LABen.
Bolonia Plana 2010/2011 ikasturtean sartu zen erabat indarrean unibertsitateetan, eta geroztik lizentziaturak eta diplomaturak gradu bihurtu ziren. Hamarkada bat da Lehen Hezkuntzako zein Bigarren Hezkuntzako irakasleak lan-munduan gradu batekin sartzen ari garela. Beraz, zergatik dago oraindik aldea eta diskriminazioa soldatetan? Bestalde, Lanbide Heziketan kidego berri bat sortu da, 598.a, sektore berezietako espezialisten kidegoa (lehengo 591 kidegokoak). Horren ondorioz, gainditu beharreko desfase bikoitza dugu: alde batetik, kidego berriko irakasleak ditugu, eta, bestetik, lan bera eginda soldata txikiagoa dutenak. Horregatik, eskatzen dugu, halaber, hainbat osagarriren bidez parekatzea soldatak, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den bezala.
Soldata-parekatze hori gauzatzeko, 251/1993 Foru Dekretua eguneratu behar da, hori baita langile publikoak mailaka sailkatzen dituena. LABen urteak eman ditugu hori eskatzen Nafar Gobernuari. Dekretu horrek 30 urte ditu, eta gaur egun erabat zaharkituta dago; are gehiago kontuan hartuta Europan dagoeneko eguneratuta daudela langileak sailkatzeko estatutuak.
Gainera, Nafarroako Foru Komunitatean baditugu horren aurrekariak (maila-igoerarekin batera eginak), hala nola administrazio-laguntzaileena, hezkuntza-laguntzako espezialistena, suhiltzaileena eta basozainena, zeinak D mailatik C mailara igaro baitziren.
Aldarrikapen horri langile guztiei eragiten dien krisi ekonomikoa gehitu behar zaio. Gure soldatek ez dute balio lehen balio zutena. Inflazioa dagoeneko galera handiak eragiten ari da familia askoren eros-ahalmenean, eta horrek, oinarrizko produktuen eta energiaren prezioen gorakadarekin batera, panorama zaila erakusten digu. Langile publikoek erosteko ahalmena galtzen jarraitzen dute, eta 2010etik metatutako galera % 15era iristen da.
Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da borroka. Azkazal eta hortzekin defendatu behar ditugu zerbitzu publikoak, horiek baitira berdintasunezko sistema bidezkoagoa bermatzen dutenak. Eta irakasleen soldata parekatzearen alde borrokatzea, horren baitan kokatzen da. Hel diezaiogun horri!
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak agerraldia egin du gaur goizean, Espainiako eta Frantziako pentsioen erreformei buruz egiten dugun irakurketa azaltzeko. Estatu espainiarrean egindako azken bost erreformen ondorioei buruzko azterketa ere aurkeztu du, pentsioen bideragarritasunari eusteko hainbat neurrirekin batera. Azkenik, otsailaren 8an Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan egingo duen mobilizazioa iragarri dugu. Hemen lan egin, hemen kotizatu, hemen erabaki. Pentsioen erreformei ez izango da leloa.
Garbiñe Aranburuk azpimarratu du Ukrainako gerraren testuinguruak trantsizio ekosozialista eta feministaren beharra areagotu duela, eta horrek politika publiko birbanatzaileen aldeko apustua egin behar duela. “Hori ez egiteak desberdintasun sozialak areagotzen jarraitzea esan nahi du”, dio. Hala, trantsizio hori abiatzeko, lehenik eta behin azken urteetan lan-erreformen eta pentsioen bidez nahiz zerbitzu publikoetan inbertsiorik ez egitearen ondorioz egindako murrizketak atzera bota behar dira.“Pentsioen erreforma justifikatzeko bi estatuetan erabilitako argudioak antzekoak dira. Erronka demografikoaz hitz egin digute, eta esan digute egungo pentsio sistemak ez direla iraunkorrak”, azaldu du Aranburuk, eta nabarmendu du neurri horiek eskubideak murrizten dituztela eta erretiroa kobratzeko baldintzak gogortzen dituztela. Horrek guztiak, LABen ustez, negozio pribatuari mesede egiten dioten politika ekonomiko neoliberalen logikari erantzuten dio.
Aldiz, ziurtatu dugu posible dela pentsioen iraunkortasuna bermatzea murrizketarik egin gabe, eta, horretarako, honako neurri hauek nabarmendu ditugu:
• Soldatak hobetzea eta kotizazio-mugak kentzea. Horrela, lanean ari diren langileek diru gehiago jartzen dute kotizazioen bidez, eta, gainera, etorkizunean pentsio hobeak izango dituzte.
• Eta beharrezkoa balitz, aurrekontuen bidez, beste zerga-politika batekin, diru gehiago eta modu progresiboagoan biltzen, pentsio publikoak eta zerbitzu publiko duinak bermatuz. Izan ere, pentsioak Estatuak bermatu beharreko oinarrizko eskubidea dira.
Macronen gobernuak iragarritako erreformari dagokionez, Aranburuk nabarmendu du “sistema publikoaren aurkako eraso zuzena” dela, erretiroa hartzeko legezko adina handitzen duelako eta pentsioak jasotzeko baldintzak gogortzen dituelako.
Era berean, Espainiako estatuan egindako azken bost erreformak norabide berean doazela dio. Gainera, horietako batzuek CCOOren eta UGTren berme sindikalarekin aurrera eraman izanaren larritasuna azpimarratu du. Aranburuk erreforma horien ondorio hauek aipatu ditu:
• Erretiro-adina atzeratzea
• Pentsioa jasotzeko behar diren gutxieneko urteen luzapena
• Pentsioaren zenbatekoa eguneratzeko berrikusketa-metodoaren eguneraketa, pentsioak jaistea ekarri duena. Bada, jaitsiera hori ez da berrreskuratu metodoaren berrikusketarekin.
• Pentsio-funts pribatuak bultzatzea
Erreforma horien bidez, erretiro-prestazioa jasotzeko baldintzak gogortu egin dira. Gainera, ez da 1260 euroko gutxieneko pentsioa bermatzen, Aranburuk azaldu duenez. Nabarmendu du, halaber, emakumeen %66,7k 1.000 eurotik beherako soldata jasotzen duela, eta pentsiodun guztien %34,5ek ere ez duela kopuru hori kobratzen. Gaineratu du, halaber, ez dagoela inolako errekonozimendu edo konpentsazio ekonomikorik emakumeek doan egindako zainketa-lanerako, eta ez dela inolako neurririk hartzen genero-arrakala murrizteko.
“Eta orain, Escriva ministroak beste urrats bat eman nahi du, 30 urteko pentsioa kalkulatzeko epea handituz. Neurri hori erabat gaitzesten dugula adierazi nahi dugu. Frogatuta dago aldi hori handitzen den urte bakoitzeko pentsioek murrizketa argia dutela eta estaldura-tasa murrizten dutela. Horrela, jasotako azken soldataren eta erretiro-pentsioaren artean gero eta alde handiagoa dago”, kritikatu du.
LABen ordezkariak azaldu duen bezala, ahal dugun guztia egingo dugu pentsioen erreforma hau geldiarazteko: “Gutunak bidaliko dizkiegu Unidas Podemos, EAJ eta EH Bilduri, pentsio sistema publikoaren gaineko murrizketak babestu ez ditzaten exijitzeko nahiz pentsio sistema propio baten beharrizana defendatzeko”.
Aranburuk azaldu duenez, Euskal Herriko gehiengo sindikal eta soziala Madrildik eta Paristik inposatutako erreforma horien aurka agertu da. Ildo horretan, beharrezkotzat jo du Gizarte Segurantzaren Euskal Legea, eta, horretarako mobilizatzen jarraituko dugu. Hala, datorren otsailaren 8rako hitzordua jarri dugu Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Goizeko hamaiketan hasiko da, Hedaiako tren geltokian, eta Hemen lan egin, hemen kotizatu, hemen erabaki. Pentsioen erreformei ez lelopean egingo da. “Ipar Euskal Herrian bezala, Hego Euskal Herrian ere murrizketek aurrera egiten badute eta pentsioen aurkako beste eraso bat gertatzen bada, gainerako sindikatuekin, gizarte eragileekin eta pentsiodunen mugimenduarekin mobilizatzeko aukera ere baloratuko dugu”, amaitu du Garbiñe Aranburuk.
Kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmeneko batzorde paritarioa bildu da gaur, soldata-taula berriak 2022ko igoerarekin (%1,5) eta Hezkuntza Saileko lan-kontratuko langileen soldata-taulak % 100ean parekatzeari dagokiona sinatzeko. Patronalak (Tamar, Gasca, Auzo Lagun, CC. Goñi, CC. Magui eta Eurest) ez sinatzea erabaki du, ordainketei aurre egiteko kaudimen ekonomikorik ez duela eta otsailaren 8an Eusko Jaurlaritzarekin bilera bat duela argudiatuz, Jaurlaritzak kopuru horien zati bat bere gain har dezan. Gogoratu behar da soldata-igoera horiek 2019. urtetik, hau da, indarrean dagoen hitzarmena sinatu zenetik, adostuta zeudela, beraz, bazekitela.
Batzorde paritarioan ordezkaritza duten hiru sindikatuok (LAB, CCOO, UGT) irmo salatzen dugu bahitu gisa erabili nahi gaituztela Eusko Jaurlaritzaren aurrean, beren interesetarako. Erabaki horrekin, kudeaketa zuzeneko eskola-jangelen hitzarmen kolektiboa urratzen ari dira nabarmen.
Hori esanda, dei egiten diegu sektore honetako langile guztiei adi egon zaitezten datozen egunetan aurrera eramateko planteatuko ditugun ekintzei.
Gipuzkoako ostalaritza sekulako sektore prekarizatua da: ehuneko handi bat ezkutuko ekonomian murgildurik dago, hitzarmenik gabe. Sinatu zen azken lan-hitzarmena 2010. urtean indargabetu zen eta, saiakerak egin diren arren, geroztik ez da berritu. Horrek, sektorea are gehiago prekarizatzen du, arduradun nagusia Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea izanik.
Testuinguru honetan, asteartean, salatu beharreko albiste baten berri izan genuen: Senran eta Donostiako beste taberna batzuetan baldintza irregular bezain penagarrietan lanean ziharduten 21 lagunek.
Haien babesgabetasun egoera profitatuz, lan-kontraturik gabe, atsedenik gabe eta egunean 12 eta 15 orduko lanaldia betez lan eginarazten zien enpresariak soldata miserable baten truke.
Gastronomiagatik eta ostalaritzagatik goratutako postaleko Donostia honen atzean, esplotazio-eredu hori beren gorputzekin eusten duten langileen lan-baldintza lazgarriak daude. Arrazakeria, klasismoa, esplotazioa eta gehiegikeriak daude gero eta bortitzagoa eta baztertzaileagoa den txanpon horren beste aldean. Aski da gehiegikerien nahiz denetariko xantaia eta promesa faltsuen bidez aberasten den patronal espekulatzailearekin.
Hondarribian ere, jabe berberak kudeatutako beste Senra taberna bat badago, non egoera errepikatu egiten den. Are gehiago, herrian, taberna hori ezaguna da egoera horretan aurkitzen diren pertsonak kontratatzearren (etorkinak, egoera administratibo irregularrean daudenak,…).
Gure aburuz, egoera guzti hauek salatu eta aurre egin beharrekoak dira, baldintza duinetan lan egiteko eskubidea langile guztiontzat izan dadin bermatzeko.
Gertatutakoa salatzeko eta kaltetuei gure babesa eta indar guztia helarazteko, boikotera deitzen dugu!
Gaurkoan, urtarrilak 27, Donostiako Senra taberna parean elkartu garen moduan, asteartean, urtarrilak 31, Hondarribiako Senra tabernaren aurrean bilduko gara.
Esplotazioa borrokatu! Lan baldintza duinak langile guztiontzat!
Zaintzenek Pasaian duen adineko egoitzako langileen batzordea enpresarekin akordio batera iritsi da, eta honako hobekuntza hauek lortu ditu bertan lan egiten duten guztientzat: soldatetan, %12,76 ko igoera izango dute; 2022ko atzerapenak jasoko dituzte, 2660,42 euro; eta aintzinatasuna, 4 euro igoko zaie. LABetik zorionak eman nahi dizkiegu enpresa-batzordeari eta langile guztiei, merezitako soldata igoerak eskuratu izanagatik. 40 langile inguruk egiten dute lan Zaintzenen Pasaiako egoitza honetan.
Nabarmendu nahiko genuke igoera hauek egoitzako langile guztientzat lortu izana, garbiketa eta sukaldaritzan lanean ari direnak barne. Langileen arteko berdintasuna, elkartasuna eta batasuna sustatu eta indartzeko apostua egiten dugu LABetik.
Jakin badakigu zaintza lanak merezi duten aitortza jasotzeko borroka luzea dugula aurretik baina garaipen honek gure poza eta aitortza merezi du.
Beraz, zorionak langile guztiei eta jakin, zaintza lanak erdigunean jartzea eta langileekin batera borroka egitea LABen lehentasuna dela eta ondoan izango gaituzuela.
Urtarrilaren 12an mahaia osatu ostean, gaur, urtarrilak 26, bildu da Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena negoziatzeko mahaia lehen aldiz. Bertan, gure aldarrikapenen plataforma aurkeztu dugu, bi hilabeteko prozesuan sektoreko 200 langile eta 80 enpresa baino gehiagotako langileekin elkarlanean osatu dena, eta azken asteetan, langile guztien artean zabaltzen ibili dena.
ADEGIk ordea, ez du inongo proposamenik ekarri eta gainera, langileen aldarrikapenak gutxiesten saiatu da. Hurrengorako, LABek nahiz beste sindikatuek aurkeztutako plataformak aztertzekotan geratu da. Hala, sektoreko langileon beharrak jasoko dituen jasoko dituen proposamena ekartzeko exijitu diogu.
Argi dago ez dela erraza izango, baina akordioaren bidean borrokarako prest gaude.