2026-07-16
Blog Page 314

Torturaren gaineko ikerketan sakontzearekin batera, aitortza eta erreparaziorako neurriak hartzea eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari

Tortura eta beste tratu txar batzuei buruzko ikerketa Nafarroan 1979tik gaur egun arte txostena aurkeztu du gaur Euskal Kriminologia Institutuak (IVAC-KREI) Nafarroako Parlamentuan eta bertan izan da LAB sindikatuaren ordezkaritza zabal bat, Nafarroako Pertsona Torturatuen Sareak gonbidatuta. Horren karietara, LABek Gobernuari exijitzen dio lan horretan sakon dezan eta aukera aprobetxatzeko torturarekin lotutako bere jarduna zuzentzeko.

1979tik gaur egun arte, irizpide zientifiko, zorrotz eta independenteetan oinarrituta, Nafarroako torturari eta bestelako tratu txarrei buruzko ikerketa txostenak torturaren eta tratu txarren dimentsioak egiaztatzen ditu, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan: 1.068 tortura kasu Nafarroan, 1960-2015 aldian eragindako 891 pertsonari dagokienez.

Bada, ikerketa honetan sakondu eta ikerketaren ondorioetatik abiatuta torturaren aurkako plana egin dezan eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Plan horretan gertatutakoaren aitortza, erantzun politikoen argipena, torturatutako herritarrekiko babesa eta erreparazioa, eta torturaren prebentziorako egiturazko neurriak jaso beharko lirateke.

Tratu txarren eta torturaren errealitatea egiaztatu den arren, nahiz eta giza eskubideen urraketa larritzat jotzen diren delituak izan, helburu politikoekin erabilitako indarkeria izan da, etsaitzat hartutako sektore sozial eta politikoa suntsitzeko, duela gutxi arte iraunarazi dena. Izan ere, indarkeria ukatua, ikertu gabea eta zigortu gabea izan da. Nafarroako erakundeek, haien agintariek eta beste erakunde politiko, sozial eta sindikal batzuek jarrera konplizea hartu dute, eta, hamarkadatan, beste alde batera begiratu dute biktimengandik aldenduz eta haien oinazean inpaktatuz.

LABen ustez, funtsezkoa da proiektu honekin jarraitzea, Nafarroako torturaren errealitatea ulertu eta jorratu ahal izateko. Elkarrekin lan egiten jarraitzea da erronka, modu praktikoan aurrera egin ahal izateko indarkeria hori aitortzeko, prebenitzeko eta ez errepikatzeko bermean, hori ezinbestekoa baita bizikidetza demokratikorako.

Halaber, ezinbestekoa da indarkeria hori erabili zutenek, tratu txarrak eta tortura egin dituztenek hori aitortzea. Ildo horretan, lan honekin Nafarroako Gobernuak aukera eta eginbeharra du torturari buruzko bere jarduna berrikusteko eta zuzentzeko.

APNABIko langileek erosteko ahalmena berreskuratzea bermatzen duen akordioa #LortuDugu enpresako zuzendaritzarekin, eta otsailaren 8ko eta 9ko grebak bertan behera utzi ditugu

APNABIko enpresa-batzordea LABeko 13 ordezkarik osatzen dute. Bada, hainbat mobilizazio eta deialdiren ostean, eros-ahalmena berreskuratzea eta lan baldintzak hobetzea dakarren akordioa erdietsi dugu.

APNABI Autismo Bizkaia erabat finkatuta dagoen elkartea da. 1000 familiak baino gehiagok osatzen dute, eta 300 pertsona inguruk lan egiten du bertan. APNABIk erakunde publikoen eta beste eragile batzuen lankidetza du, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei eta haien familiei zuzendutako zerbitzu eta jarduera sare zabala mantentzeko.

Ematen duten zerbitzu publikoaren titulartasuna, ia osorik, Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura da. Azken batean, APNABI diru publikoarekin finantzatzen da gehienbat.

Hainbat lanuzte, mobilizazio eta greba deialdi egin ondoren, akordio bat lortu dugu APNABIko Zuzendaritzarekin, eta langileen batzarrean berretsi dugu. Hori dela eta, bertan behera utziko ditugu otsailaren 8rako eta 9rako aurreikusitako greba egunak.

Akordioa honetan datza:
– Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, oinarrizko soldataren % 16,5eko igoera. Horrez gain, 2020tik aurrerako KPIa berrikustea indarraldia amaitzean.
– Elkargoaren antzinatasunak Gizarte Esku-hartzearen Hitzarmen Sektorialeko taulekin parekatzea
– Hobekuntzak kontziliazio-neurrietan, hala nola zaintzaileentzako baimen-egun bat, kolektibo jakin batzuentzako lanaldiak murrizteko aukera, edo 7 ordu gehiago gurasoei laguntza emateko.
– Laneko arriskuak arintzeko eta Lan Osasunean funtsezkoak diren alderdiak hobetzeko plan eraginkor bat gauzatzeko konpromisoa.
– Etxebizitzetako disponibilitate egunak murrizteko konpromisoa
– Prestakuntza-orduen kupoa berritzea

LABek akordioari buruzko balorazio positiboa egin du, erosteko ahalmena berreskuratzea bermatzen baitu, eta, horrez gain, lan-baldintzak hobetzeko neurriak jasotzen baititu oinarrizko zenbait alderditan, hala nola Kontziliazio neurrietan eta Lan Osasunean.

Akordio honek gure bizitza hobetuko duten akordioak lortzeko bidea erakusten digu. APNABIko langileen borroka kolektiboak, enpresa-batzorde indartsu eta aktibo batek gidatuta, lortu du enpresak duela egun batzuk onartezina zela zioen proposamen bat egitea.

APNABIko langileek planteatutako borrokak, Dibertsitate Funtzionalaren sektoreko beste enpresa batzuek planteatutakoak bezala, agerian uzten du Bizkaian sektore hori osatzen duten 3.000 langile baino gehiagok ematen duten zerbitzu publikoak aintzat hartzeko beharra. Erakunde publikoek ez dute aitorpen hori egin nahi, gizarte-zerbitzuen pribatizazioa inposatzen dutelarik.

Borrokak merezi du.

Beste behin ere kalera atera gara erretreten erreformari ezetz esateko

Ipar Euskal Herriko langileek grebara jo dute gaur, hirugarrenez, Frantziako Gobernuaren pentsio erreformari ezezko borobila emateko asmoz. Baionako manifestazioak jarraipen itzela izan du beste behin ere. Bihar, asteazkena, Euskal Herriak pentsio sistema propioa behar duela aldarrikatzeko mobilizazioa egingo du LABek Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian.

Lapurdiko hiriburuko tren geltokitik abiatu da manifestazioa, eta bertan izan da LAB sindikatuko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu. Gogorarazi nahi izan du erretreten erreformarekin mahaigaineratutako neurriak “atzerakoiak” direla, “pentsio sistema ahultzeko” helburua duten heinean. Beraz, kalera atera eta mobilizatzea behar-beharrezkoa dela azpimarratu du. Bestalde, nabarmendu du pentsioen inguruko gatazkak Bidasoaren alde bietan duela eragina: “Frantziar estatuan bezalaxe, espainiar estatuan ere azken hamarkadetan erreformaz erreforma sistema publikoa sistema pribatuaren mesedetan ahultzen joan da, eta orain beste erreforma baten aukera dago mahai gainean”. Bada, Aranbururen esanetan, erreforma hori zer nolako terminotan datorren ikusi beharko litzateke, eta, horren arabera, Hego Euskal Herrian ere mobilizazioetara jotzeko aukera legoke.

Ildo beretik, sindikatuak mobilizazio berezia egingo du bihar, otsailak 8, Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan, Santiago zubian. Hemen lan egin, hemen kotizatu, hemen erabaki izango da lelo nagusia, eta hain zuzen ere horixe aldarrikatuko dugu, euskal sistema propioaren beharrizana.

BSH Ezkirotzeko langileek negoziatzeko borondatea aldatzea eskatu diote zuzendaritzari

BSH Ezkirotz hozkailuak eta ontzi-garbigailuak fabrikatzen dituen lantegia da, Bosch, Balay, Siemens eta antzeko markekin. Bertako enpresa batzordeak agerraldia egin du lantegiaren aurrean, 2021eko udazkenean hasitako hitzarmen kolektiboaren negoziazioetatik eratorritako egoera azaltzeko.

Iazko ekainean, enpresa batzordearen gehiengoarekin aurreakordio batera iritsi zenetik (langileek erreferendumean baztertu zuten), zuzendaritzak jarrera immobilista izan duela salatu dute, ez bakarrik immobilista, baizik eta inboluzionatu egin du bere proposamenetan.

Hamarkada bat baino gehiago soldatak izoztuta eduki ondoren, ezinbesteko zerga konpentsazio ekonomikorik gabeko COVID19 ABEEE bat, fakturazio historikoen errekor urteak izanik eta langileen ahalegina ikusi ondoren; Batzordeak eskatu ddu soldatak bat etor daitezela enpresaren emaitza onekin, eta hitzarmen kolektibo duin bat gauzatzea.

Gatazka hori areagotu ez dadin, zuzendaritzaren negoziatzeko borondatea aldatzea eskatu dute, guztientzako hain zaila eta korapilatsua den egoera honetan akordio bat lortzeko.

Pribatizaziora 130 milioi euro bideratzeko asmoak geldiarazi ditugu Osakidetzako informatika zerbitzuetan eta elektromedikuntzako mantentze-lanetan

Osakidetzako zuzendaritzak osasun-sistema publikoan zerbitzuak ematen dituzten profesionalak gutxiesten eta osasun publikoa ahultzen jarraitzen du zereginak kanpora ateratzearen bitartez, Osakidetzako profesionalak eginbehar horiek gauzatzeko erabat gaituta egon arren. Pribatizazioaren aurkako LABen estrategiak behin betiko geldiarazi ditu informatika arloko bi kanporatze, hurrenez hurren 11 milioi eta 600.000 euroko prezioa zutenak. Beste bat kautelaz geldiarazi du, Bizkaian, elektromedikuntzako mantentze-lanak arriskuan jartzen zituena eta 120.000.000 euroko kostua zuena.

Sagardui eta Urkullu une-oro ari dira Osakidetzan pribatzizaziorik ez dagoela mila aldiz adierazten. Etengabeko errepikapen horrek herritarren benetako pertzepzioa aldatzea nahiko lukete. Hala ere, Osakidetzako langileok eta erabiltzaileok argi eta garbi daukagu adierazpen horiek Goebblesen estiloko propaganda zakarra baino ez direla.

Sagarduik eta bere kudeaketa-taldeak batzorde militarra dirudite negoziatzeko orduan, eta enpresa pribatuen agente infiltratuak, berriz, zuzentzen duten erakundearen beharrei aurre egiteko orduan.

Oraingoan diruzko zenbateko ezberdinak dituzten hiru plegu ditugu aurrean, baina horiek argi eta garbi islatzen dute Osakidetzako zuzendaritzak egiten duen kudeaketa.

Alde batetik, Bizkaia osoko elektromedikuntzako mantentze-lanak kaltetuko lituzkeen plegu bat daukagu. Izan ere, kanporatze horrek gure profesionalei zeregin horietan jarduteko ateak itxiko lizkieke. Osakidetzako zuzendaritza bere gain hartzeko prest dagoen gastua 100.000.000 eurokoa da (BEZik gabe). Bada, lan horiek gure profesionalek egin ditzakete, Txagorritxu Ospitalean gertatzen den bezala, baina Osakidetzako zuzendaritzak beste behin ere bere benetako asmoa zein den erakutsi du, plantilla mespretxatuz eta interes pribatuei ateak irekiz. Zuzendaritzak zer dauka esateko Elektromedikuntza Teknikarien EPEetara aurkezten direnei?

LABek bultzatutako inpugnazio eta geldiaraztearen ondoren, Osakidetzak plegua kendu du. Atzera egin izana justifikatzeko, akatsak aipatzen ditu. Egia izanez gero, zerbitzu horiek pribatizatzeko borondateaz gain, diru publikoa kudeatzen arduragabekeriaz jokatu duela baino ez luke erakutsiko horrek. Badakigu Osakidetzako zuzendaritza lan horiek berriro lizitatzen eta LABen ekintza sindikala saihesten ahaleginduko dela. Bada, adi jarraituko dugu. Badakigu Osakidetzako kudeatzaile politikoek ez dutela atseden hartzen arlo publikoaren bizkarretik bizi diren enpresak elikatzerakoan. Gainerako prozesuetan aldiz, hala nola EPEetan, kontratazio-zerrendetan, lekualdaketetan eta abarrean, urteak eta urteak igaro ditzazke prozesuak bukatu orduko. Kanporatzeko azkartasun horretan eta erakundearen funtzionamendu egokirako utzikerian ezkutatzen da eraispen-politikaren erroa.

Horrez gain, behin-betiko geldiarazi ditugu informatika-zerbitzuko lan-arloak pribatizatzeko beste bi ahalegin. Osakidetzako zuzendaritzak 11 milioi euro baino gehiago gastatu nahi zituen IKT bulego bat azpikontratatzeko, eta beste 600.000 euro ibilbide profesionalaren eredu berria kudeatzeko aplikazio informatiko bat egiteko. Osakidetzak baditu lan horiek egiteko gaituta dauden profesionalak, eta, beraz, onartezina da zuzendaritzaren jarrera eta gure lankideekiko mespretxua.

Programatutako kolapso baten aurrean gaude eta Osakidetzako zuzendaritzaren eraispen-agendaren lehentasuna Osakidetzan kategoria jakin batzuk desagerrarazi eta, aldi berean, enpresa pribatuak indartzea da. Zerbitzuetako langileak, mantentze-lanetakoak, elektromedikuntzakoak, informatika-zerbitzuetakoak… etengabeko erasoa jasaten ari dira aspalditik, baina eraso hori globala da. Ikusten denez, lehen mailako arreta ere agenda horren biktima da.

Jazarpen egoera hori gure ekintza sindikalaren helburu izaten ari da eta azken urtean plegu ugari baliogabetzea lortu dugu, ez baitute kontratazio publikoaren legea betetzen. Baina aipatutako agenda hori ez da legezko ekintzekin bakarrik geldituko, herritarren eta osasun-arloko langileen mobilizazioa funtsezkoa da.

Eraispen-agenda horren helburua osasun publikoa da, bertako langileak barne. Gero eta ohikoagoa da zuzendaritzak enpresa pribatuekin ados jartzea, legearekin bat ez datozen pleguak idaztea, horiek ez betetzea, kontratuak zatitzea eta abar. Hori dela eta, LAB-ek salaketa gehiago jarriko ditu aurrerantzean.

Informatika Zerbitzua kontratazio berriekin indartu behar izan da, sindikatu honek azken urtean eten dituen kanporatze-espedienteak deuseztatu izanaren ondorioz.

EAJren helburua, kapitalaren ariete gisa, zerbitzu publikoen pribatizazioa da. Bada, hori gelditu egin behar dugu, eta gure sindikatuaren aurrez-aurreko oposizioa izango dute halako asmoek.

Garbiñe Aranburu: “Langile kolektibo osoaren errealitateari erreparatzen diogu eta horretarako eskaintza sindikala daukagu”

LAB sindikatuko koordinatzaile nagusia, Garbiñe Aranburu, Hamaika Telebistako Gurean Gaur saioan egon da eguerdian, Karolina Suarezek gidatutako elkarrizketako galderei erantzuten.

Aktualitatearen agendako gaiak jorratu ditu, hala nola Bizkaiko metalean erdietsitako garaipena edota EAEko hezkuntzaren inguruan gaur bertan egindako agerraldian mahaigaineratutakoak. Bestalde, azken datuen arabera sindikatuak izandako hazkundearen harira, LABen norabide eta erronka orokorrak aletzeko aukera ere izan du, sektore feminizatuekiko konpromisoa edota sindikatu antiarrazista izatea helburu duen prozesua, kasurako.

Elkarrizketa esteka honetan ikus daiteke osorik: https://hamaika.eus/bideo-saioak/gurean-gaur/elkarrizketak/garbine-aranburu-lab-sindikatua-elkarrizketa-otsailak-6.html

Otsailaren 15eko greba Nafarroako foru administrazio osokoa izango da

LAB, CCOO, ELA, UGT eta Steilas sindikatuok prentsaurrekoa eman dugu Iruñean, iragartzeko otsailaren 15eko Osasunbideko greba ez dela bakarrik Osasunbidekoa izanen, foru administrazio osokoa baizik.

Isabel Artieda LABen Nafarroako administrazioko arduradunak honakoa adierazi du: “Egin dugu salto Mahai Orokorra aspalditik blokeatua dagoelako negoziazioa, batez ere diru aldetik, beti esaten digutelako aurrekontuetako 1. kapitulua ezin dela igo Madrilek onartzen ez duelako”.

“Beste alde batetik, ikusten ari gara nola ari diren mahaietatik kanpo gauzak negoziatzen, zerbitzu publikoaren kalitatearen kontrakoak direnak. Pentsatzen dugu hori ezin dela onartu. Horregatik egin dugu salto eta eremu batetik administrazio osora eramanen dugu greba”, gaineratu du Artiedak.

Greba deitu dugu Gaude Elkartean otsailaren 8rako, hitzarmen duinaren alde

Gaude elkarteak, lehen Asociación Uribe Costa bezala ezaguna zenak, aniztasun funtzionaleko pertsonekin egiten du lan, 150 langile ditu eta LABeko 9 ordezkarik osatzen dute bere enpresa-batzordea. Bere hastapenetan, eskumaldea eta Uribe Kostako aniztasun funtzionala zuten umeen familien elkarte bezala hasi zen. Hasieran boluntarioek egiten zuten lan bertan eta gerora, langileak kontratatzen hasi ziren, lan baldintzen hobekuntzekin.

Gaur agerraldia egin dute Getxon, Gaudek duen egoitzaren aurrean. Salatu dute 2008tik, hau da, 15 urte daramatzatela guztira %3,1eko igoera iraingarriarekin. Senideek lagunduak eta babestuak izaten jarraitzen dute, langileen eros ahalmenaren ia %30aren galera izanda ere. Kalitatezko zerbitzua ematen duen plantillak guztiz prekarizaturik jarraitzen du.

Familien elkartea izan zena, gutxi batzuek Aldundiaren diruari etekina ateratzeko asmoarekin sortutako enpresa batean bihurtu da.

Hitzarmenak bere indarraldia galdu zuen 2019ko abenduan eta ordutik daramate langileek soldata igoera duin bat eta hobekuntza sozialak negoziatu ezinean. Haien aitzakia da Bizkaiko Foru Aldundiak ez diela diru gehiagorik ematen.

Egoera zaila sortzen du honek langileentzat, soldata eskala bikoitzekin, kontratu mugagabedun langileak lan egutegirik gabe egotea, beste kategorien funtzioak bete behar izatea diru gutxiagoren truke, etabar.

2022ko irailetik hilabetero 2 orduko paroak egin dituzte langileek, eta otsailaren 8an lehenengo greba eguna egingo dute. Salatzen dute greba mugagabe batera hurbilarazten dituztela, langileon egoera benetan larria delako: “dirua galtzeko goaz lanera”.

Lan baldintzen inguruko oinarrizko akordioa bideratzeko dei egin diogu EAEko Hezkuntza Sailari

LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu eta irakaskuntzako arduradun Irati Tobar komunikabideen aurrean azaldu dira gaur, Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen arteko lan baldintzen inguruko oinarrizko akordioa eskatzeko.

Garbiñe Aranburuk adierazi duenez, bi dira datozen hilabeteetan askatu behar diren korapiloak; batetik, hezkuntza lege berria; bestetik, hezkuntzako langileen lan baldintzak. Euskal Hezkuntza Sistemak eraldaketa sakona behar du, eta bide horretan langileen lan baldintzei ezinbestez erreparatu behar zaie. Aipatutako lehenengo korapiloari dagokionez, aurkeztu zen Lege Aurreproiektuan zuzendu beharreko hainbat gai ikusi eta berau zuzentzeko proposamen zehatzak aurkeztu genituen, Euskal Hezkuntza sistema propio, euskaldun eta sare publiko bakar eta deszentralizatu bakarrean antolaturikora trantsizioa egiteko. Ikusteko dago testu berriak zein neurritan jasoko dituen ekarpenok, eta horren araberako balorazioa egingo du LABek.

Bigarrenari dagokionez, hurrengo urteei begirako oinarriak negoziatzea eskatu izan dugu behin baino gehiagotan: pasa den urteko apirilean, adostu beharreko eduki eta prozedura zehaztuko lukeen bide-orria aldarrikatu genuen; eta irailean, lan baldintzen inguruko xedapen gehigarriak aurkeztu genituen.

Orain arte ez da egon aukerarik Jaurlaritzarekin gai hauek negoziatu eta adosteko. Eta blokeo horren aurrean, greba eta mobilizazioetara jo behar izan dugu, beste zenbait sindikaturekin batera. Greba eta mobilizazio horiek hezkuntzako langileen babes zabala izan zuten eta besteak beste lan eremuko eskaerak erdigunera ekarri zituzten, egoera desblokeatzeko baldintzak sortuz.

Honela, greba eta mobilizazioen indarraz baliatu eta azken asteetan Hezkuntza Sailarekin izan dituen elkarrizketak aintzat hartuta, akordioa bideratzeko aukerak ikusten ditugu LABeko kideok. Ildo honetan, sindikatu guztiekin eseri eta oinarrizko akordio bat negoziatzeko, datozen asteetan sindikatuen arteko mahaia deitzeko, deia egin dio Jaurlaritzari. Horrela egin ezean, greba eta mobilizazio berrien aldeko hautua egingo genuke.

Irati Tobarrek lan eremuari begira oinarriak finkatzeko akordio orokorra behar dela berretsi du. Negoziazio kolektiboa kaltetu gabe, era orokorrago batean hezkuntzako langile guztiak (publikoak, itunduetako ikastetxeetakoak zein azpikontratatuak direnak) aintzat hartuko lituzkeen akordioa behar dela azaldu du.

LABen iritziz honako hauek lirateke lan eremuaren inguruko akordio orokor horretan jaso beharko liratekeen oinarriak:

1- Langile publikoei dagokienez:

  • Kolektibo guztietan (Irakasleak, Heziketa Berezia, Sukalde eta Garbitzaileak, Haurreskolak Patzuergoa) lanpostuak mantentzea eta hauek esleitzeko irizpideak adostea. Haurreskoletan doakotasunaren ondorioz sortuko liratekeen behar berriei erantzuteko lanpostu berriak sortuz.
  • Jantoki-ereduaren gaineko azterketa egitea, langileen kudeaketa publikorako aukera aztertuz.
  • Kategoria berdina duten eta lan eta funtzio berdina egiten duten langileei soldata ekiparatzea. Bide batez, kolektibo feminizatu eta prekarizatuenen lanari duen balio politiko, sozial eta ekonomikoa aitortzea.
  • Euskalduntzea: langile kolektibo guztiak euskalduntzea; batetik, LPZetan hizkuntz-eskakizunak zehaztuaz; eta bestetik, plan bereziak eginez Lanbide Heziketan edo Sukalde eta Garbiketan.

2. Itundutako ikastetxeetako langileak:

  • Sarbidea gardena ezartzea, meritu, gaitasun eta berdintasun printzipioetan oinarritu eta eskaintzen publizitatea bermatua duena.
  • Langileen soldaten ekiparazioa eta lan-baldintzen homologazioa adostea.
  • Publifikatuko liratekeen ikastetxeetako langileak subrogatzeko akordioa jasotzea.

3. Azpikontratako langileak:

Lehentasunez garbitzaile, jantokiko hezitzaile eta autobusetako langileak lehengoratu edo langile publiko bilakatzea aztertzea. Eta hori egin ezean, lehentasunez ekiparazio eta homologaziorako azterketa egitea.