2026-09-25
HomeEkintza SindikalaPribatizaziora 130 milioi euro bideratzeko asmoak geldiarazi ditugu Osakidetzako informatika zerbitzuetan eta...

Pribatizaziora 130 milioi euro bideratzeko asmoak geldiarazi ditugu Osakidetzako informatika zerbitzuetan eta elektromedikuntzako mantentze-lanetan

Osakidetzako zuzendaritzak osasun-sistema publikoan zerbitzuak ematen dituzten profesionalak gutxiesten eta osasun publikoa ahultzen jarraitzen du zereginak kanpora ateratzearen bitartez, Osakidetzako profesionalak eginbehar horiek gauzatzeko erabat gaituta egon arren. Pribatizazioaren aurkako LABen estrategiak behin betiko geldiarazi ditu informatika arloko bi kanporatze, hurrenez hurren 11 milioi eta 600.000 euroko prezioa zutenak. Beste bat kautelaz geldiarazi du, Bizkaian, elektromedikuntzako mantentze-lanak arriskuan jartzen zituena eta 120.000.000 euroko kostua zuena.

Sagardui eta Urkullu une-oro ari dira Osakidetzan pribatzizaziorik ez dagoela mila aldiz adierazten. Etengabeko errepikapen horrek herritarren benetako pertzepzioa aldatzea nahiko lukete. Hala ere, Osakidetzako langileok eta erabiltzaileok argi eta garbi daukagu adierazpen horiek Goebblesen estiloko propaganda zakarra baino ez direla.

Sagarduik eta bere kudeaketa-taldeak batzorde militarra dirudite negoziatzeko orduan, eta enpresa pribatuen agente infiltratuak, berriz, zuzentzen duten erakundearen beharrei aurre egiteko orduan.

Oraingoan diruzko zenbateko ezberdinak dituzten hiru plegu ditugu aurrean, baina horiek argi eta garbi islatzen dute Osakidetzako zuzendaritzak egiten duen kudeaketa.

Alde batetik, Bizkaia osoko elektromedikuntzako mantentze-lanak kaltetuko lituzkeen plegu bat daukagu. Izan ere, kanporatze horrek gure profesionalei zeregin horietan jarduteko ateak itxiko lizkieke. Osakidetzako zuzendaritza bere gain hartzeko prest dagoen gastua 100.000.000 eurokoa da (BEZik gabe). Bada, lan horiek gure profesionalek egin ditzakete, Txagorritxu Ospitalean gertatzen den bezala, baina Osakidetzako zuzendaritzak beste behin ere bere benetako asmoa zein den erakutsi du, plantilla mespretxatuz eta interes pribatuei ateak irekiz. Zuzendaritzak zer dauka esateko Elektromedikuntza Teknikarien EPEetara aurkezten direnei?

LABek bultzatutako inpugnazio eta geldiaraztearen ondoren, Osakidetzak plegua kendu du. Atzera egin izana justifikatzeko, akatsak aipatzen ditu. Egia izanez gero, zerbitzu horiek pribatizatzeko borondateaz gain, diru publikoa kudeatzen arduragabekeriaz jokatu duela baino ez luke erakutsiko horrek. Badakigu Osakidetzako zuzendaritza lan horiek berriro lizitatzen eta LABen ekintza sindikala saihesten ahaleginduko dela. Bada, adi jarraituko dugu. Badakigu Osakidetzako kudeatzaile politikoek ez dutela atseden hartzen arlo publikoaren bizkarretik bizi diren enpresak elikatzerakoan. Gainerako prozesuetan aldiz, hala nola EPEetan, kontratazio-zerrendetan, lekualdaketetan eta abarrean, urteak eta urteak igaro ditzazke prozesuak bukatu orduko. Kanporatzeko azkartasun horretan eta erakundearen funtzionamendu egokirako utzikerian ezkutatzen da eraispen-politikaren erroa.

Horrez gain, behin-betiko geldiarazi ditugu informatika-zerbitzuko lan-arloak pribatizatzeko beste bi ahalegin. Osakidetzako zuzendaritzak 11 milioi euro baino gehiago gastatu nahi zituen IKT bulego bat azpikontratatzeko, eta beste 600.000 euro ibilbide profesionalaren eredu berria kudeatzeko aplikazio informatiko bat egiteko. Osakidetzak baditu lan horiek egiteko gaituta dauden profesionalak, eta, beraz, onartezina da zuzendaritzaren jarrera eta gure lankideekiko mespretxua.

Programatutako kolapso baten aurrean gaude eta Osakidetzako zuzendaritzaren eraispen-agendaren lehentasuna Osakidetzan kategoria jakin batzuk desagerrarazi eta, aldi berean, enpresa pribatuak indartzea da. Zerbitzuetako langileak, mantentze-lanetakoak, elektromedikuntzakoak, informatika-zerbitzuetakoak… etengabeko erasoa jasaten ari dira aspalditik, baina eraso hori globala da. Ikusten denez, lehen mailako arreta ere agenda horren biktima da.

Jazarpen egoera hori gure ekintza sindikalaren helburu izaten ari da eta azken urtean plegu ugari baliogabetzea lortu dugu, ez baitute kontratazio publikoaren legea betetzen. Baina aipatutako agenda hori ez da legezko ekintzekin bakarrik geldituko, herritarren eta osasun-arloko langileen mobilizazioa funtsezkoa da.

Eraispen-agenda horren helburua osasun publikoa da, bertako langileak barne. Gero eta ohikoagoa da zuzendaritzak enpresa pribatuekin ados jartzea, legearekin bat ez datozen pleguak idaztea, horiek ez betetzea, kontratuak zatitzea eta abar. Hori dela eta, LAB-ek salaketa gehiago jarriko ditu aurrerantzean.

Informatika Zerbitzua kontratazio berriekin indartu behar izan da, sindikatu honek azken urtean eten dituen kanporatze-espedienteak deuseztatu izanaren ondorioz.

EAJren helburua, kapitalaren ariete gisa, zerbitzu publikoen pribatizazioa da. Bada, hori gelditu egin behar dugu, eta gure sindikatuaren aurrez-aurreko oposizioa izango dute halako asmoek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.