2026-05-01
Blog Page 309

Greba deitu dugu Gipuzkoako Handizkako Arrain eta Itsaskien sektorean abenduaren 1, 5 eta 7an, eros-ahalmena mantentzearen alde

LAB (% 66’67), ELA (%26’67) eta CCOO (%6’67) Gipuzkoako Handizkako Arrain eta Itsaski Fresko eta Izoztuen hitzarmenean ordezkaritza dugun sindikatuok, heldu den abenduaren 1ean hasi eta abenduaren 5 eta 7an jarraipena izango duen hiru eguneko greba deialdia egin dugu.

2020an Gipuzkoako Handizkako Arrain eta Itsaski Fresko eta Izoztuen hitzarmenaren iraunaldia amaitu zen. Covid-19aren izurriteak bete-betean harrapaturik, hitzarmen berriaren negoziazioa ez da 2022ko udaberrira arte hasi.

Zenbait bilera egin eta Mapesgik, patronalak, KPIa eskaini zuenean, hitzarmenaren negoziazioa bide onean zegoela uste genuen arren, udako etenaldiaren ostean egin genuen bileran, denon harridurarako, enpresek KPIa eskaintzeari utzi ziotela frogatu genuen. Gainez, eskaintzarik ez ziguten plazaratu. Jarrera hau onartezina da.

Azken urteetan ikusi dugu zenbat hazi den gure etxeetako argindarraren faktura. Ikusi dugu erregaiak zenbat garestitu diren eta zein garestia den gure lan-zentroetara iristea. Ikusi dugu zenbat garestitu den gure asteko erosketa-saskia. Aldiz, guk zeharo izoztuta dagoen 2020ko soldatarekin jarraitzen dugu. Arestian esan bezala, patronalak izan duen jarrera onartezina da, are gehiago kontuan hartuta aipatutako argindarraren, erregaien edo erosketa-saskien inflazioa KPIak markatzen duen inflazioa baina askozaz ere handiagoa dela.

Kontuak hala, eta ikusirik patronalak ez duela gure eros-ahalmena bermatzeko inolako asmorik, langileok, erabaki irmoa hartzeko unea dela sinetsita, mobilizatzeko garaia iritsi dela argi dugu.

Mapesgik bere jarrera aldatzen ez badu, negu gorria izango du aurretik.

LABek Bizkaiko gasolina-zerbitzuguneen hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa sinatu du #LortuDugu

Atzo, azaroaren 28an, Bizkaiko gasolina-zerbitzuguneen hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa sinatu zuen LABek, eta ondorioz, abenduaren 1etik 5era deituta zeuden grebak bertan behera geratzen dira. 

Aurreakordioa termino hauetan sinatu dugu: 

  • Indarraldia: 2020-2022 eta ultraktibitate mugagabea.
  • Igoerak: 2020rako, 2019ko KPI (%1,2); 2021erako, igoerarik gabe, 2020ko KPI negatiboa izan zelako
    (-%0,3); eta 2022rako, %6,1, 2021eko KPI eta 2020koaren arteko aldea.
  • Ordaindutako lizentzia berri bat sortzea, mendekotasuna duten adingabeei eta/edo adinekoei mediku-
    laguntza emateko.
  • Ekoizpenaren gora-beherengatik kontratatutako langileek kontratatuak izaten jarraitu ahal izango dute
    18 hilabetetan 12 hilabetez jarraian, 12 hilabetetan 6 hilabetez izan beharrean.
    Hiru urteko negoziazio gogorra eta luzea izan da. Hiru urte hauetan, pandemia dela eta, asko sufritu du funtsezko sektore honek. Langileak izan dira ondorioak ordaindu behar izan dituztenak, enpresa handiek irabaziak handitzen zituztelako beren bizitza pobretzen ari zen bitartean.
    Inguruabar horiek guztiak direla eta, azken proposamen hori aztertu dugu, erantzukizunetik abiatuta eta aurretik aipatutakoa kontuan hartuta. Gure ustez, ziklo hau ixteko eta 2023an negoziazio berri bati ekiteko aukera ematen diguten gutxieneko batzuk betetzen ditu, eta horrek indartsu hastea ekarriko digu, hala nola erosteko ahalmenari eustea eta hobekuntza sozialak, hasieratik negoziazio-mahaian adierazi ditugunak.
    Hiru urte hauetan, negoziazioaren zama etengabe LABen pausatzen zen bitartean, mahaian ordezkaritzaren % 9 soilik izan arren, argi geratu da zein garen benetako kontraboterea, langileen eskubideen defentsa soilik helburu duen ekintza sindikalaren ereduarekin. Maiatzean hitzarmena arriskuan zegoenean, gogor eta patronalaren xantaiari amore eman gabe eutsi genion. Ez dezagun ahaztu CCOO eta UGT prest zeudela eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat sinatzeko, horrek dakarren guztiarekin (sektoreko langile guztiei ez aplikatzea eta legalki beharrik ez egotea). ELAk, bestalde, negoziazio-estrategia arduragabea eta korporatiboki interesatua erakutsi du; izan ere, euren ez aplikatzeko klausula defendatzen eta, maiatzean, LABek 2022a negoziazioan sartzeko egindako proposamena bere egiten baino ez da aritu. Hala eta guztiz ere, ez sinatzea erabaki du, euren intereseko klausula sartu ez delako. Erein ez dutena biltzen duen kontrabotere koldarra. Aldiz, LABek pultsuari eustea erabaki zuen, eta horri eta greben mehatxuari esker, puntu honetara iritsi gara. Negoziazio gogorra datorkigu berriz ere datorren urtean baina argi dago elkarrekin eta indarrez aurrera ekingo diogula.
    Zorionak Bizkaiko gasolineretako langileei borrokarako izan duzuen prestutasunagatik, hau izan delako patronala behartu duena azkenengo mugimendu hau egitera.
    Gora langileon borroka! 

Amazoneko langileek bat egin dute greba egunarekin

Langileen babesa erabatekoa izan da, urriaren 17ko lanuztean gertatu zen bezala, gaur langileen %100ek greba egin dute, aginte-lerroak bakarrik sartu dira lanean.

Logistika-zentroak oso eragin handia izan du, eta gaur 20.000 pakete baino gehiago banatu gabe geratu dira.

Amazoneko zuzendaritzak oraindik ez die erantzun langileei, eta ez da gai LABeko ordezkariekin lantokian biltzeko, lan-gatazka honi irtenbidea aurkitu ahal izateko.

%85eko jarraipena izan du Bizkaiko metalgintzako asteko lehen greba egunak

Metalgintzako langileak Ezkerraldean mobilizatu dira gaur eta elkartasuna erakutsi diete greba eguna izan duten Trapagarango Amazoneko langileei.

Hitzarmen berri bat lortzeko negoziazioek porrot egin ostean, jarraian egingo dituzten bost greba egunen lehena da gaurkoa. Patronalak hitzarmena hobetzeko eskaintza duinik egiten ez badu, negoziazioek ez dute aurrera egingo.

Goizaldeko lehen orduan hasi dira piketeak martxan Trapagako Productos Tubularesen, eta ondoren, eskualdeko beste enpresa batzuetara gerturatu dira langileak. Datuen arabera, grebak %85ko jarraipena izan du goizeko txandan.

Gaur Cyber Monday egun delarik, greba duten Amazoneko langileei ere euren elkartasuna adierazi diete metalgintzako langileek. Lehen hauek, zentroko hitzarmen propioa eskatu nahi dute greba egun honekin.

Bizkaiko metalak manifestazioa 11:00etan hasi du Portugaleteko Metro geltokitik abiatuta.

Hurrengo mobilizazioak; bihar Durangaldean, asteazkenean Hego Uribe-Arratian, ostegunean Eskumaldean, eta ostiralean Bilbon izango dira.

Ikastoletatik ere Euskal Eskola Publiko Komunitarioa Eraikitzearen aldeko apustua egin dugu

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako LABeko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, EAEko Hezkuntza Lege Aurreproiektu honi ezetz esan eta Euskal Herriak bere Hezkuntza Sistema behar duela adierazteko.

Euskal Herriak burujabea izango den Euskal Eskola Publiko Komunitarioa behar du. LABek ikastolek izaera propioa duen sarea osatzen dutela aldarrikatzen du. Izaera hori mantenduz, hezkuntza-sistema burujabearen bidean ekarpen propioa egiteko eragile aktibo direla adierazten du. EAEko Hezkuntza Legea publikotasun berri hori eraikitzeko tresna eraginkorra izan beharko litzateke eta hor eragiteko ikastoletako langileak borrokara deitzen ditugu honako aldarrikapenak defendatuz:

-Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propioa eraikitzeko hezkuntza eskumenak eskuratzeko bideak bermatzea. Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin izango duen egiturazko harremana legean jasoz. Horrekin batera, hezkuntza eskumen osoaren transferentzia eta hezkuntza gaietan erabaki ahalmen osoa izatea, honen baitan langileria propioa izan eta arautzeko eskubidea gauzatuz. Euskal Herri osorako hezkuntza ekimen eta jarduerak sustatu; ildo honetan, Euskal Herriko hainbat eskualdetan (hala nola Nafarroaren hegoaldean eta Ipar Euskal Herrian) hala behar duten ikastolak eta bestelako hezkuntza ekimenak ekonomikoki lagundu. 

-Ikasle guztiak euskaldunduko dituen euskara ikas-irakas eredu orokor eta inklusiboa ezartzea, langile guztien euskalduntzea bermatzearekin batera. Kontseiluak proposatu eta hezkuntza-eragile gehienek babestu duten proposamenari jarraiki, egun indarrean dauden hizkuntza ereduak gainditzea eta euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikas-irakas eredu orokor eta inklusiboa ezartzea. 

-Euskal Herria eta bere ondare linguistiko, kultural eta soziala aintzat hartzen dituen Euskal Curriculuma hezkuntza-sistema osoan ezartzeaeta egiturazko bide-lerro izatea.

-Konfluentziatik eraikiko dugun Euskal Eskola Publiko Komunitarioara bideaneta sare publiko bakar, euskaldun, burujabe eta deszentralizatu berria ortzimugan, trantsizioari ekiteko eman beharreko urratsak hurrengoak dira:

. Ikastolen bokazio eta izaera publikoa aintzat hartuta, baldintzak dauden tokietan udala ikastoletako titularitatean sartzea.

. Ituntze unibertsalarekin amaitzeko neurriak hartzea eta funts publikoak eredu propioa garatzeko baldintzei lotzea: doakotasuna, euskal curriculuma, euskalduntzea, laikotasuna, hezkidetza, ekitatea, inklusioa, ikasleen aukera berdintasuna, eta langileen sarbide gardena. Eta hauek betetzen direla ziurtatzeko, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiei kontrol mekanismo zorrotzak ezartzea. Aipatutako betebeharrak betetzen dituzten ikastetxeen oinarrizko hezkuntza beharrak eta azpiegiturak osoki finantzatuz.

-Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren eraikuntzan tokiko administrazioen eskumenak areagotzea. Besteak beste, udalerri horretako ikastetxeen eskolaratze eta planifikazio bateratua antolatzeko eta matrikulazio prozesu bakarrak egin eta hauetan eragiteko eskuduntza izateko. Segregazioari aurre egiteko neurri errealak ezartzea.

-Kalitatezko hezkuntza eta lanpostuak bermatzeko hezkuntzara bideratzen den inbertsioa BPGren %6 izatea. Egungo azpifinantzaziotik, ahal bezain azkarren, Europako bataz besteko inbertsiotik harago joatea. Hala eskola publikoetan nola itundutakoetan ratioak jaistea. 

-Ikastoletako langile guztien lanpostuak bermatzea. Euskal Hezkuntza Zerbitzuko ikastetxeetako langile guztien lan-baldintzak parekatzea. Ikastoletako zerbitzu guztiak kudeaketa zuzenera pasatzea.

-Haur hezkuntzako 0-6 etaparen eta bereziki lehen zikloaren (0-3) aitortza pedagogikoa, koordinazioa eta sustapena. Etapa honetako langileen lanpostuen defentsa. 

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileak, hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, homologazio-printzipioaren alde mobilizatu dira Legebiltzarraren aurrean

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon oharra:

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileok 5 urte inguru daramatzagu hitzarmenik gabe. Enpresa emakidadunekin berrogeita hamar bat bilera egin ditugu honezkero, hala ere, hauek ez dute inoiz akordio batera heltzeko borondaterik erakutsi.

Gure hitzarmena Osakidetzako langileen baldintzekin benetan homologatzea aldarrikatzen ari gara. Hor sartzen dira, besteak beste, karrera profesionalerako sarbidea eta errelebo- kontratuari lotutako erretiro partziala. Gogorarazi behar dugu gure hitzarmenak, berez, Osakidetzako langileen baldintzekin homologatuta gaudela adierazten duela, baina praktikan ikusten ari gara enpresak homologazio hori indargabetzen ari direla Osakidetzako langileek azken urteotan izan dituzten hobekuntzak aplikatzeari uko egiten diotenean.

Are gehiago, berriki jakin dugu, sektoreko enpresa nagusiaren ahotik, Osakidetzako zuzendaritzak adierazi duela ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, karrera profesionaleko osagarria, alegia. Beraz, gertaera honek azken hamarkadetan zehar indarrean egon den homologazio-printzipioa haustea suposatzen du gure iritziz.

Horregatik, sektoreko langileok gure hitzarmenaren defentsan, eta finean, homologazioaren alde mobilizatzera behartu gaituzte. Ziur gaude borrokaren bidez bakarrik lortuko dugula guri aldarriei kasu egin diezaioten. Horrela, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok Legebiltzarraren aurrean mobilizatu gara, izan ere Legebiltzarreko Osasun Batzordean parte hartzeko eskaera erregistratu dugu. Gure aldarriei kasurik egin ezean, sindikatu deitzaileok ez dugu hurrengo asteetan mobilizazioa gogortzea baztertzen.

APNABI elkarteko langileek lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte

APNABI irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Bizkaian autismoa duten pertsonei laguntza emateaz arduratzen da, eta ematen diren zerbitzu gehienak Bizkaiko Foru Aldunditik (BFA) datorren diru publikoarekin finantzatzen dira. 350 langile ditu eta LABekoak dira enpresa-batzordeko ordezkari guztiak.

Mila egun baino gehiago daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta denbora horretan langileak ikusten ari dira nola ari den larriagotzen euren egoera ekonomikoa, hilabete amaierara iritsi ezin izateraino.

Azaroaren 21an eta 22an lanuzte eta mobilizazioak egin zituzten hitzarmen duina eskatzeko eta beste horrenbeste egin dute gaur, azaroaren 23an.

Hain zuzen ere, manifestazioa egin dute Bilbon, Jesusen Bihotzetik hasita, elkartearen egoitza nagusiraino, “APNABIk pobretu egiten gaitu, Aldundia konplizea” leloarekin.

Hamarnaka lantokiren aurrean mobilizatu gara, sektore publikoaren lan baldintzak berton erabakitzearen alde

“Sektore publikoan enplegu duina, eros ahalmena bermatu, berton erabaki” lelopean LABen daramagun mobilizazio dinamikaren barruan, hamarnaka mobilizazio egin ditugu Hego Euskal Herriko lantokietan. Xabier Ugartemendia Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkaria Bilbon egon da, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean eta mobilizazioen zergatia zehaztu du: “Langile publikook geure lan baldintzak hemen erabakitzea, erosahalmena bermatuta izatea eta enplegu duina nahi ditugulako”.

Madriletik inposaketa baino ez dator, eta gure erakunde publikoak oso eroso daude inposaketa horiek aplikatzen. Baina Madrili men egite horren atzean, gure erakunde publikoko agintariek berton negoziatzeko duten borondate falta ezkutatzen da.

EAEko zein Nafarroako gobernuek, aldundiek, udaletxeek, eta beste hainbat erakundek, ez dute langileekin ezer adostu nahi. Lan baldintzak inposatzea da nahi dutena.

Nahikoa da! Euskal Langile publikook geure lan baldintzak berton negoziatzeko eskubidea dugu. Entzun dezatela argi eta garbi gure agintari politikoek.

Berton negoziatu geure enplegua hobetzeko eta egonkortzeko; erosahalmena bermatzeko; zerbitzu publikoak ez pribatizatzeko eta ez murrizteko, indartzeko baizik. Hau da, benetan kalitatezko zerbitzu publikoak izateko.

LAB enplegu eta zerbitzu publiko duinak lortzeko borrokarekin konprometituta dago, eta hauek defendatzeko borrokarekin jarraituko du. Dei egiten diegu gure erakunde zein alderdi politikoei konpromiso berdina hartu ditzaten, eta langile publiko guztiei helburu hauen aldeko borrokara batzeko.

Hamarnaka mobilizazio Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan

Araban, Amurrio eta Laudioko Udaletan eta Gasteizi dagokionez, Lakuan, Tuvisan eta Osakidetzako bulego nagusian egingo dira mobilizazioak. Bizkaian, Durango, Bilbo, Bermeo, Gernika, Ondarroa, Lekeitio, Galdakao, Arrigorriaga, Erandio eta Leioako udaletan mobilizatu da LAB; baita Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean ere. Gipuzkoan, Donostia, Pasaia, Oiartzun, Orereta, Ordizia, Tolosa, Andoainen eta Antzuolako udaletan eta Dbuseko hiriburuko kotxeretan. Eta Eibarren, Haurreskolak Partzuergoan. Azkenik,  Nafarroari dagokionez, Iruñean mobilizatuko da sindikatua, Gobernuaren Jauregiaren aurrean.

Patronalak ez du erakusten Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko borondaterik

Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaiaren bilera egin da, eta bertan izan gara, oraingoan ere, sektoreko langileen eskubideak eta hitzarmen duin bat aldarrikatzen. 18 bilera eta 6 greba-egun egin ondoren, FVEMek sektoreari mobilizatzen eta borrokan jarraitzea beste aukerarik ez dio utzi.Â