2026-06-18
HomeEkintza SindikalaNafarroako Foru Administrazioko lehen indarra izan gara berriz, 3.500 boto eta 77...

Nafarroako Foru Administrazioko lehen indarra izan gara berriz, 3.500 boto eta 77 delegaturekin

Euskarabidean, 5. Irakaskuntzan, 12. Justizian, 1. Nafar Lansaren, 2. Kirol Institutuan, 3. NOPLOIn, 3. Nukleon, 17. Ogasunean, 2. Osasunbidean, 16. PAGNAn, 6. Eta Suhiltzaileetan, 10. 77 delegatu eskuratu genituen atzo Nafarroako Gobernuak zuzentzen duen Administrazioko hauteskundeetan, eta ia 3.500 boto, eta berriz ere lehen indarra izan gara, alde handiz. Gure poztasuna agertu dugu lorturiko emaitza horiengatik eta nabarmendu dugu gurea dela, langile guztientzako lorpen kolektiboak helburu, sindikatu korporatiboen gorakadari aurre egin dion klase sindikatu bakarra.

Duela lau urteko Foru Administrazioko hauteskundeetan baino 250 boto gehiago eta 8 delegatu gehiago lortu genituen atzokoan eta hori ospatzeko agerraldia egin dugu gaur goizean Iruñean. Agerraldian, Nafarroako bozeramaile Imanol Karrera eta bertako Administrazioko arduradun Isabel Artieda mintzatu dira, eta ondoan izan dute langile publiko andana. “Nafarroako gehiengo sozialak zerbitzu publikoen defentsa eta indartzea funtsezkotzat jotzen duen testuinguru honetan, ederra da LABek babes zabal hau jaso izana eta lehen indarra izaten jarraitzea”, adierazi du Artiedak.

Atzoko emaitzetan, bereziki garrantzitsua izan da Administrazio Nukleoko ordezkaritza handitzea ‒lau delegatu gehiago banatzen ziren eta guk eraman ditugu laurak‒ eta suhiltzaileetan gehiengo osoa lortzea. Osasunbidean lortutako emaitza ere garrantzitsua da, delegatu kopurua 13tik 16ra igo baitugu . “Argi dago Osasunbideko langileek balioetsi dituztela LABek eginiko lana, borroka eta lorturiko akordioa”, gaineratu du Artiedak.

Irakaskuntzan, delegatuen kopurua mantendu eta botoetan gora egin arren, ezin izan dugu duela lau urteko lehen posizioa berretsi. Artiedaren hitzetan, hau “aukera bat da gure ekintza sindikala hobetzeko, Nafarroa osoko langileei entzunez eta irakasle gazteen bulkada berreskuratuz”. Era berean, Artiedak aipatu du kezkaturik gaudela Irakaskuntzan lehen hiru indar sindikalak sindikatu korporatiboak izateagatik. Gauza bera gertatzen da Osasunbidean sindikatu korporatiboen pisuarekin. “Horrek hezkuntza-komunitate osoa kaltetzen du, baita irakasleak ere. Horrek, langile sanitario eta ez sanitario guztiak kaltetzen ditu, osasungintza publikoa kaltetzen du”.

“Langile publikook bermatzen ditugu gizarteak Nafarroako eremu guztietan behar dituen zerbitzu publikoak”, adierazi du Artiedak. “LABen bokazioa publikoa eta kolektiboa da. Harro gaude horretaz. Arlo publikoa defendatzen jarraituko dugu, hura indartzen eta gure lan-baldintzak hobetzen aurrera eginez. Baita gure lan eta zerbitzu publikoan euskararen ofizialtasunaren aitortza exijitzen ere”.

“Oso pozik gaude, energia berrituarekin eta ilusioarekin”, bukatu du Artiedak. “Gaur lau urteko beste ziklo bat hasi da, langile publiko guztiekin batera lan egin jarraitzeko, merezi ditugun eskubideak eskuratzen jarraitzeko, Osasunbidean akordioa inplementatzeko, langile guztientzako karrera profesionala eskuratzeko, Irakaskuntzan irekitako borroka areagotzeko, Nafarroako zahar egoitzen lehen hitzarmena lortzeko jarraitzen dugu. Protagonistak gara eta lortuko dugu. Eskerrik asko bihotzez lan eta babes guztiagatik, eta zorionak, noski, garaipenagatik”.

Klase sindikalismoa vs. Antisindikalismo korporatiboa

Bere aldetik, Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak aipatu du atzoko emaitzak ez direla “kasualitate hutsa”. “Klaseko lan sindikal baten emaitza dira, kontrabotere baten emaitza, langile guztiak batzen dituena eta kolektibo osoaren alde borrokatzen dena. Sindikalismo ezberdin bat, interes korporatiboengatik mugitzen ez dena. Gauzak egiteko beste modu bat duen sindikalismoa, koherentea, esaten duena egiten duena, eta konprometitua, egunerokoan betetzen duena”.

Karreraren hitzetan, “lan zintzoak eta ekintza sindikal eraginkorrak” irabazi dute “gehiegizko antzezpen eta manipulazioaren aurrean”. Kolektiboak indibidualismoari eta klasismoari irabazi die, bere ustez. “Klase sindikalismoak irabazi dio antisindikalismo korporatiboari”.

Eskerrak eman dizkie Karrerak “LABen sindikalismo berriarengan” konfiantza jarri duten 3.500 langile publiko guztiei. “LAB erabaki-foro guztietan egon da azken urteotan, borroka sindikal guztien buru izan da eta akordioak lortu ditu, betiere Administrazioko langile guztien eskubideak defendatzeko eta haien lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin”.

Era berean, datozen hauteskundeetan sortuko den Nafarroako Gobernu berriari mezu bat bidali nahi izan dio Karrerak: “Plantilla aktibatuta eta mobilizatuta dago, langile publikoen eta zerbitzu publikoen baldintzen hobekuntzak ez du atzera bueltarik. Erronka garrantzitsuak ditugu aurrean, gure etorkizuna baldintzatuko dutenak. Izan ere, politika pribatizatzaile eta suntsitzaileen bizkortze baten aurrean gaude. Ondorioz, LABen ustez, oraindik ere lehentasunezko helburua da politika publikoetan aldaketa sakonak bultzatzea”.

Karrerak adierazi duenez, ez gara konformatzen diskurtsora mugatutako kritika hutsarekin, ezta lan-baldintzak hobetzearekin ere. “Aldaketa sakonak eragiten dituen eta garaipen garrantzitsuak lortzen dituen sindikalismo ezberdin bat garatzen dugu. Langile klasea lantokietan, kaleetan eta hautestontzietan irabaztera atera behar da gure boterea baliarazteko, burujabetzan eta aldaketa sozialean aurrera egiteko”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.