2026-05-01
Blog Page 308

Euskal Enplegu Publikoaren Lege hau langileona ez dela adierazteko elkarretaratzea egin du LABek Gasteizko parlamentuaren aurrean

EAJk eta PSE 2008tik saiatzen ari dira estatuko Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua (EPOE) delakoa erkidego autonomikoan garatzen duen Euskal Enplegu Publikoaren Legea aurrera ateratzen. Lau legegintzaldi behar izan dituzte, eta azkenean arrabola erabiliz lortu dute. LABek salatzen du bide hau guztia langileon ekarpenei erabat bizkar emanda egin dutela, ez baitute sindikatuon ekarpen bat ere kontuan izan.

Jaurlaritzak sindikatuok oztopo bezala eta igaro beharreko tramite huts bezala hartu gaitu beti. Hau jakinda ere, LABek aukera bat eman nahi izan zion negoziazioari. Lege egitasmoa oso motz gelditzen zela eta, zerbitzu publikoak babesteko eta garatzeko 200 proposamen egin genituen. Besteak beste: 

  • Egindako murrizketak leheneratzeko neurriak.
  • Jasanezina den behin-behinekotasunarekin amaitzeko neurriak, Madrilgo dekretu txapuzeroa saihesteko, Euskal Herriaren beharretara egokituta.
  • Zerbitzu publikoak indartzeko, beharrezkoak diren enpleguak sortzeko neurriak. 
  • Pribatizazioak ekiditeko eta zerbitzuak publifikatzeko neurriak, besteak beste, zaintza lanak.
  • Administrazio publikoak enpresa pribatu moduan kudeatuak izan ez daitezen neurriak. Izan ere proiektu honek lanbide karrera eta ebaluazio sistema arbitrarioak, eta zuzendaritza sistema alderdikoia sustatzen ditu.
  • Administrazio publiko euskaldun eta feministak izateko neurriak, berdintasun plan eta indarkeria matxistaren aurkako protokolo eraginkorrekin.
  • Estatuaren oinarrizko legediaren garapen hutsa izan ez dadin, lege burujabea izateko neurriak. 

Aitzitik, Eusko Jaurlaritzak ez zituen LABen proposamenak aintzat hartu, eta legegintzaldi honetan batere negoziaziorik eta komunikaziorik gabe, gaur parlamentuan bozkatu eta onartuko zela medioen bidez jakin genuen duela aste pare bat.

Zerbitzu publikoak ahultzeko eta pribatizatzeko estrategian alderdi horientzat sindikatuak oztopo garela argi utzi dute. Azken egunotan ezagutu dugun berrikuntza bakarra hainbat kasutarako naziotasunaren irizpidea baztertzeko aukera jasotzen dena da. Honek, jendartearen hainbat sektorek egindako ekarpenari onarpena eta konponbidea eman baino, langileen instrumentalizazioa are ageriagoan uzten du, eta erabat xenofoboa da. Legearen kutsu neoliberalaren adierazgarria  ere bada PP-C’s taldeak bere abstentzioa eskaini izana ekarpen hau jaso zela iragarri zen egun berean.

LABentzat, gure proposamenak ez jasotzeaz gain, nagusiki arrazoi hauengatik ere bada lege hau onartezina:

  • Negoziazio kolektiboa ukatzen du eta inposizio eredua betikotu.
  • Zerbitzu publikoen pribatizazioari ateak parez-pare irekitzen dizkio.
  • Egindako murrizketak betikotzen ditu.
  • Administrazio publikoen kudeaketa merkantilista eta alderdikoia ahalbidetzen du. 
  • Enpleguari dagokionez, estatuko legediaren menpe jarraitzen du, anbiziorik gabe. 
  • Langileen egonkortasunerako bermerik ez du jasotzen. 

Zerbitzu publikoak oinarrizko eskubideen bermea dira, eta hauek babesteko geure lege propio bat behar dugu, ez kanpoko legeen garapen hutsa den hau bezalakoa. Eusko Jaurlaritzak, gehiengoa edukita, eskuin espainiarraren oniritziarekin proiektu neoliberal eta menpeko hau ere langileoi inposatuko digu. LABek aldiz, Euskal Herriko langile klaseari begira jarraituko du, eredu autoritario honi aurre egiteko dinamika mobilizatzaileak bultzatuz. Gaur ere parlamentuaren aurrean mobilizazioa egin dugu, eta lege honek eragingo dituen kalteei ere modu berean egingo diegu aurre. Jaurlaritza honek ez du langileon iritzia kontuan hartzeko inolako asmorik, eta jokabide hori aldarazteko mobilizazioa da bidea. Lege hau ere ez da langileona!

Jazarpenaren aurrean, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin bat eskatzen jarraituko dugu

Gaur ere greba eguna izan da Bizkaiko metalgintzan, aste honetako hirugarrena. Bortizki oldartu da Ertzaintza Bizkaiko metalgintzako grebalarien aurka, hainbat langile zauritu dituzte eta LABeko bi arduradun osasun zentrora joan behar izan dira.

Errepresio honen aurrean, gaur 17:00etan Bizkaiko metalgintzako intersindikalak deituta, kontzentrazioa egin dugu Sabin Etxearen aurrean, Bilbon, Ertzaintzaren jarrera bortitza salatzeko eta EAJ interpelatzeko.

EAEko Hezkuntza Publikoko greba eta mobilizazioen jarraipen zabala

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek gaur unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deituriko gaurko greben eta mobilizazioen jarraipena zabala izan dela adierazten dugu. Bataz beste langileen % 60ak bat egin du grebarekin; irakasle, Haurreskolak Partzuergoko langile, eskoletako hezitzaile eta hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileak izan dira deituak. Horretaz gain, milaka pertsona gerturatu dira “PUBLIKOA, EUSKALDUNA eta PROPIOA helburu” lelopean, hezkuntza legea langileekin eraikitzeko Bilbon deitu dugun manifestaziora.
Hori horrela argi gelditzen da hezkuntza komunitatearen parte zabala den langileriak bat egiten duela gure irakurketarekin; alegia, lege-aurreproiektuaren zirriborroak, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela. Beraz, borrokatzen jarraituko dugu sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko, sare publikoa baita aukera-berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu behar dituena. Horretarako, datorren abenduaren 14ean ere beste greba eta mobilizazio eguna deitu dugu,. Gaur arratsaldean mobilizazioak deituta ditugu Donostia, Bilbo eta Gasteizen 18:00etan; horietan hezkuntza sistemako langile guztiak eta hezkuntza komunitatea guztia deituta dago.
Hauek dira gure aldarrikapenak:
1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu. 3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
4.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza legea nahi dugu.
8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.
9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.
10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.

LABek hitzarmen duina aldarrikatu du Gipuzkoako metalgintzarako ADEGIren egoitzaren aurrean

LABek elkarretaratzea eta agerraldia egin ditu Donostian, ADEGIren egoitza aurrean, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioari begirako bere plataformaren berri emateko, sektorerako hitzarmen duina lortzea duena helburu. Sindikatuko ordezkariek patronalaren egoitzaren erregistratu dute aipatu plataforma.
2023an Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena negoziatu beharko dugu berriro eta LAB horretarako prest dago. Azken asteetan delegatu eta langileekin egindako lanketatik sektoreak dituen beharrak jaso ditugu eta horiei erantzunez osatu dugu negoziaketarako gure plataforma.
Badakigu ez dela erraza izango akordiorako bidea baino datorrenari heltzeko prest gaude. Azken negoziaketan sektorean gehiengoa duen sindikatuak, langileak eta borroka alde batera utzi eta patronalari eskua ematea erabaki zuen, akordioa gehiengo osoa eduki gabe alde bakarrez onartuz. Ondorioz, akordioak ezin izan zien sektoreko langileen behar guztiei erantzun. Oraingoan ezin da berdina gertatu, eta horregatik, LAB, metalgintzako hitzarmen duina lortzeko bidean, borrokarako prest dago.
Hauek dira LABen plataforman jasotako eduki nagusiak:

  • Bizitzaren garestitzea inoiz baino handiagoa den garaietan hitzarmenak langileen eros ahalmena bermatu behar du. KPIaren araberako soldata igoerak bermatzea ezinbestekoa izango da.
  • Egun bizitzen ari garen egoeraren beste ondorio bat lanpostuen etengabeko suntsitzea da, eta horri aurre egiteko eta lana banatzeko helburuz, 1.592 orduko lan astearen bidean, lanaldia murriztea beharrezkoa ikusten dugu.
  • Bestalde, gaixotasun arruntetan eta zer esanik ez lanaren ondorioz gaixotzen garen kasuetan, aldi baterako ezintasunak osagarritu behar dira.
  • Aurten 67 langile hil dira lan istripuetan. Datuek agerian uzten dute prebentzio alorrean lan handia dugula egiteko eta bide horretan ere egin ditugu proposamenak.
  • Gaur egungo gizartea nola aldatu den nabarmena da familia eredu ezberdinak, zaintza beharrak, lana eta bizitza uztartzeko zailtasunak gero eta ageriagoak dira, eta hitzarmenak honi ere erantzun beharko dio, baimen eta lizentzien bidez, norabide honetan proposamenak ere egin ditugu.
  • Eta azkenik, sektoreari begiratu eta emakumeen presentzia oso murritza dela ikusten dugu eta gainera, askotan emakume hauek lantegietan jasaten duten jazarpena ere kezkagarria da. Horretarako, derrigorrezkoa da sexu jazarpenaren aurkako protokolo bat adostea. Eta emakumeen presentzia
    areagotzeko diagnostiko espezifiko baten beharra ikusten dugu, benetan errealitatea zein den ikusi eta hau aldatzeko proposamen efektiboak egin ahal izateko.
    Hauek dira gaurkoan aipatutako edukiak baina LABen plataforman beste asko jasotzen dira. Badakigu bidea ez dela erraza izango baina prest gaude datorrenari heldu eta Gipuzkoako metalgintzarako akordio duina lortzeko.

Euskal Herrian 2022an hildako 68. langilea zendu da Berriobeitin, eta iazko marka berdindu da

Berriobeitiko (Nafarroa) Saint Gobain Abrasivos enpresan 56 urteko langile bat hil da gaur; bere lanpostura sartzera zihoala ondoezik sentitu eta bertan hil da. Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere elkartasuna eta samina adierazi nahi die senide, lagun eta lankideei. Bertzetik, LABek salatu nahi du gaurko hildakoarekin dagoeneko 68 direla Euskal Herrian 2022an lanean edo laneko bidean hil diren langileak. Hartara, 2021eko marka berdindu da.

LAB sindikatuak behin eta berriz salatu du enpresa gehienetan ez dutela betetzen lan osasunerako araudia eta heriotz gehienak lan istripu traumatiko ekidingarriek sortuak direla. Eta gobernuek, Txibiterenak zein Urkullurenak, ez dituzte dagozkien tresnak erabiltzen patronalari araudia betearazteko.
Urtea bukatzeko hilabete falta delarik, argi dago iazko datu latzak gaindituko direla eta horrek hausnarketa sakona egitera garamatza halabeharrez. Sarraskiak bistan uzten du lan osasuna agenda politikoan kokatu behar dela eta egoerak erabaki politiko zintzoa behar duela behingoz norabidea aldatzen hasteko.

Bizkaiko langile klaseak kalean jarraitzen du metalaren hitzarmena berritzeko

Gaur, hilaren 29an, asteartea, zortzigarren greba eguna izan da Bizkaiko metalaren sektorean, aurreko zazpi egunetan bezain jarraipen sendoarekin. Informazio-piketeen ekintza Durangaldean zentratu da, goizeko lehen orduetatik eskualdeko industrialdeak zeharkatuz eta metaleko enpresa guztien ekoizpena kaltetua izan dela eta hauetako gehienek gelditu egin behar izan dutela egiaztatuz.

Goiz erdian, euria egin duen arren, mila lagun baina gehiagok Zornotzako kaleak aldarrikapenez bete dituzte.

Mobilizazioan jarraitzeko erabakia hartu genuenetik, gehiengo sindikalak patronalari eskatzen diogu gogoan har dezala Bizkaiko milaka grebalariak aste honetan zehar zabaltzen ari diren mezua. Aitzakiarik ez, sektoreak eskatzen eta behar duen horretan zentratzeko unea da.

Bihar borroka Hego Uribe Arratia eskualdera eramango dugu eta bertan Ormazabal bisitatuko dugu, Bizkaiko metalaren hitzarmena blokeatzen eta ukatzen duen patronalaren zuzendaritza batzordeko enpresetako bat.

Nafarroako Gobernuak presioei amore eman eta berriz ere Lan Epaitegitik kanpo utzi du LAB sindikatua

1996an, CEN patronalaren eta UGT eta CCOO sindikatuen artean sinatu zen “Nafarroako Lan Epaitegia” eratzeko akordioa; auzitegi horrek hasieratik baztertu du sistematikoki LAB sindikatua. Azken hilabeteetan demokratizatzeko eta berritzeko ireki den aukeraren aurrean, Gobernuak amore eman du CENeko enpresaburuen eta UGT eta CCOO sindikatuen presioen aurrean, ezer alda ez dadin.

Azken hilabeteeotan, Erregimenaren txiringitoa amaitzeko eta apartheid-a gainditzeko bere eskakizun historikoekin bat etorriz, LABek bilerak egin ditu CENekin, UGTrekin eta CCOOrekin, baita Nafarroako Gobernuarekin ere, hamarkadetan zehar jasandako bazterkeriarekin bukatzeko. Hala ere, batez ere CENekoen eta UGTkoen jarrerak zorrotzak izan dira: LABek Lan Epaitegian parte hartzea, bere printzipioei uko egin gabe, onartezina litzateke, bere garaipena eta Elkarrizketa Sozialaren porrota ekarriko lukeelako. Bestela esanda, LAB Lan Epaitegitik kanpo nahi dute eta ez dute onartuko parte hartzea eliteen printzipioak bere egiten ez baditu.

Eskuina Nafarroako erakunde nagusietatik bota zenetik, LAB sindikatuak berretsi eta eskaini die Nafarroako Gobernuei lan-harremanetan aro berri bat irekitzeko aukera.
Uxue Barkosen Gobernuaren garaian, Nafar Lansarerekin gertatu ez bezala, ez zen borondaterik egon finantzaketa publikoa duten gainerako organoak erabat demokratizatzeko. Gainera, Navarra Sumarekin eta PSNrekin batera, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik eliteen kontseilua, Elkarrizketa Soziala izenekoa, indargabetzea eragotzi zuten. Eta Maria Txibiteren egungo Gobernuan ere ez dago inolako borondaterik, iraganeko etapekin dituen loturengatik eta “CEN, CCOO eta UGT sindikatuak ez dira ukitzen” Erregimenaren esaldi horrengatik.

Gobernuraino eta Parlamenturaino iritsi diren presioak

Nafarroako lan harremanak demokratizatzeko bidean edozein aurrerapen eragozteko CEN eta UGTren presioak eta oztopoak maila gorenekoak izan dira; CCOOren inakzioa eta eskuinaren estaldura izan dute lagun, gainera. Parlamentuan sindikatuekin egindako bilkura batean, Bitartekaritzari buruzko Foru Legeari buruz, Navarra Sumaren ordezkaritzak LABi galdetu zion ea sindikatu honentzat beste epaitegi bat sortu behar ote zen, egungo txiringitoa ez ukitzeko. Eta Gobernuak ere bere burua behartuta ikusi du Lan Epaitegian ez sartzera Bitartekaritzari buruzko Foru Legearen proiektuan, nahiz eta Epaitegi horren finantzaketa bere kontura izan.

Langile klaseak eta, oro har, Nafarroako gizarteak ez dute ulertzen eragile horiek oraindik ere iraganeko tresnei eta, batez ere, konponbiderik ematen ez duen eta Nafarroako gehiengo sozialaren bizi- eta lan-baldintzak okertzen laguntzen duen dinamika antzuari eusten jarraitzea.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok manifestazioa deitu dugu Basurtuko bihotzeko kirurgiaren itxieraren aurka

Epaitegiak emandako azken Autoak argi eta garbi islatzen ditu sindikatuok behin eta berriz salatu ditugun gaiak: negoziaziorik eza, helburu pribatizatzailea, aurrezteko irizpideak eta pazienteentzako zerbitzuaren kalitatearen murrizketa.

Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgiaren itxiera, zalantzarik gabe, Osakidetzaren jarrera inposatzailearen adibide argia da. Guztien aurka hartutako erabakia da: langileen, sindikatuon eta herritarren aurka. Azken kate-maila justiziarena izan da: kautelaz bertan behera utzi du itxiera Osasun Sailaren jarrera gogor gaitzesten duen Auto batean. Osakidetzak dagoeneko iragarri du Auto horren aurkako helegitea aurkeztuko duela, guztien aurka hartutako erabakia betearazteko.

Testuinguru horretan, gaurkotasun osoa dute Sagardui Sailburuak pasa den ekainean bota zituen hitzek. Bertan, kultura-aldaketa sustatzeko beharra defendatu zuen. Hitz horien atzean dagoena da lan-baldintzen prekarizazioa eta herritarrei eskaintzen zaien osasun-arretaren murrizketa. Egindako planteamenduak Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgia ixtea bezalako neurriak aurreikusten zituen. Sagarduik eufemismo bat erabili zuen eta ospitaleetako espezializazioaz hitz egin zuen.

Osasun Sailaren asmoa da EAEko ospitale bakar batean eskaintzea arreta, pazienteak modu sistematikoan joan behar izan daitezen ospitale horretara eta egungo arreta-eskaintza murriztu dadin, orain eskaintzen dituzten ospitaleetan zerbitzu horiek kenduta. Sailburuak aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzak badakiela neurri horien aurka egingo dela, Basurtun gertatzen ari den bezala, baina edozein modutan eramango dituztela aurrera. Hona hemen horren adibidea.

Epaitegiaren Autoak itxieraren kautelazko etendura ezartzen du, eta garbi isladatzen ditu sindikatuok behin eta berriz salatu ditugun gaiak:

  • Negoziaziorik eza: ebazpen judizialak adierazten du Osakidetzak alde bakarreko erabakiak hartu dituela, erabaki arbitrarioak, bere borondatearen arabera. Hain zuzen ere, jarrera inposatzaile horrek eraman gaitu, behin baino gehiagotan, Osasuneko Mahai Sektorialetik altxatzera.
  • Pribatizazioa: Basurtuko bihotzeko kirurgiaren itxierak atea irekitzen dio osasungintza pribatuari. Gogora dezagun Araban eta Gipuzkoan zerbitzu hori osasun pribatuarekin azpikontratatzen dela. Orain, Bizkaian dauden bi zerbitzuetako bat itxiko da, eta horrek pribatizazio horretan beste urrats bat ematea dakar.
  • Aurrezteko irizpideak: Osakidetzak irizpide ekonomizistak eta aurreztekoak erabiltzen jarraitzen du osasun-zerbitzu publikoa antolatzeko orduan. Orain planteatzen den murrizketa, zalantzarik gabe, helburu horren ondorio da.
  • Zerbitzuaren kalitatea murriztea: murrizketa horrek zaildu egiten du herritarrek bihotzeko kirurgiako zerbitzua eskura izatea, eta horrek eragin zuzena du herritarren osasunean.

Zerbitzu hori desegitea, zoritxarrez, ez da gertaera isolatua Osakidetzan. Aski ezagunak dira lan-gainkarga sistematikoaren arazoak; kolapso egoerak zerbitzu jakin batzuetan; behin-behinekotasun tasa altuak; plantilla exkaxa; eta abar. Arazo horiek bereziki larriak dira Lehen Arretan eta ospitaleko larrialdietan. Baina ez gaude fenomeno meteorologiko baten aurrean, baizik eta azken urteetan aplikatutako erabaki politikoen eta murrizketen ondorio zuzenaren aurrean.


Basurtuko Ospitaleko adibidearekin jarraituz, behin eta berriz salatu izan dugu bertako larrialdien ohiko kolapsoa, baina ez dugu ahaztu behar Osakidetzak Deustuko EAGaren ordutegia murriztea erabaki zuela, eta horrek eragin zuzena duela kolapso horretan. Egoera larriaren adibide bat baino ez da hau.


Aipatzekoa da, gainera, itxaron-zerrendak eta denborak gehiengo historikoetan daudela. Sailburuak, duela egun batzuk, egoera hori justifikatzeko pandemia erabili zuen berriro ere. Baina horren errudun bakarra Osakidetza eta bere politikak dira.


LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu ez dezala errekurritu bihotzeko kirurgiaren itxiera eteten duen Autoa, atzera egin dezala hartutako erabakian, eta negoziazioaren bidea berreskura dezala, gure osasun-sistema publikoak pairatzen dituen egiturazko arazo larriei premiaz heltzeko.


Hori guztia aldarrikatzeko, manifestazioa deitu dugu ostiral honetarako, abenduak 02, 17:30ean, Basurtuko ospitaletik abiatuta. Plantillari, herritarrei eta gizarte-eragileei bertan parte hartzeko deia egiten diegu, guztion osasun sistemaren defentsan.

Euskal hezkuntzan aro berri bat irekitzeko deia egin dugu

LABek eta EH Bilduk alde biko bilera egin dugu, Euskal Herrian Euskal Hezkuntza Sistemaren inguruan, eta zehatzago EAEn Hezkuntza Akordioaren harira. Eraldaketa sustatzeko unea bizi dugula eta, Ezker independentistak dituen erronken eta konpromisoen inguruko gogoetak partekatu ditugu bilkuran eta ostean, horien berri emateko agerraldi bateratua egin dugu erakunde bietako ordezkariok.


LABetik Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorra eta Irati Tobar, Irakaskuntzako arduraduna, izan dira bertan eta EH Bildutik Arnaldo Otegi Koordinatzaile Nagusia eta Pello Otxandiano Programa Zuzendaria.