2026-01-13
Blog Page 307

Froneri enpresan indarraldi osoan zehar KPIa bermatzen duen hitzarmen bat sinatu dugu #LortuDugu

16 hilabeteko negoziazioaren ondoren eta 12 eguneko lanuzteekin, FRONERI enpresan indarraldi osoan zehar KPIa bermatzen duen hitzarmen bat sinatu du, besteak beste.

Atzo, abuztuaren 11n, LABek hitzarmena sinatu zuen FRONERI enpresan, MIKO zaharrean. Urtebete baino gehixeago iraun duen negoziazioaren ondoren, non 20 bilera baino gehiago, hornikuntza-arazoak eta produkzioan lanuzteak izan ditugun, akordio batera iristea lortu dugu.

2021eko urtarriletik 2025eko abendura arteko indarraldiko hitzarmen honek soldata-igoerak ditu KPIa eta soldatan finkatutako igoerak bermatuz, urteko egutegiko 7 larunbatetan eta poltsatxoko 3 larunbatetan lan egiteko derrigortasuna desagertuz, lanaldia 1.712 ordutan geratuz 8 orduko jaitsiera, 25 urtetik gorako antzinatasuna duten aldizkako kontratu finkoetarako 6 hilabeteko gutxieneko kontratua, aldi baterakoen zerrenda sortzea, atxikipenen ordainsarietan hobekuntzak, makinetan zein pertsonetan txandetan hobekuntza, izatezko bikoteen ekiparazioa. Gainera, beste artikulu batzuen idazketa ere argitu da interpretazioan.

Behin-behinekotasunaren puntuari dagokionez, azpimarratu nahi dugu LAB izan zela bere plataforman sartu zuen sindikatu bakarra, eta adostutakoak gure asmoak betetzen ez dituen arren, 2011ko hitzarmenean galdu zena berreskuratzeko bidea ezarri da. Hitzarmen hori eta hurrengoa ez zituen sinatu atal sindikal honek, eskubideak nabarmen galtzea eta gure lan-baldintzetan atzera egitea ekarri zuelako. Horrela, bada, hautsi egin da azken negoziazioetan erabili zen “diru eskubideen truke” eskema.

LABek hasieratik bultzatu du bide hori, gure indar guztiak horretan inbertitu ditugu, bai plataforma egiten, bai negoziatzen, negoziazio kolektiboaren tresnari garrantzia emanez.

Era berean, esan behar da hori guztia langileen babesari esker lortu dugula, gure lan-baldintzak hobetzeko batzordeak planteatutako mobilizazioekin bat egin baitu. Beste behin ere, argi geratu da batasuna eta antolaketa direla langile klasearen tresnarik onena eskubideak konkistatzeko.

Nafarroako kirol kudeaketako langileak ez daude prest eros ahalmena galtzen jarraitzeko

Greba eguna dute Nafarroako kirol kudeaketako langileek, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok deituta. Goizean, pikete informatiboak egin dituzte eta, arratsaldean, elkarretaratzera deitu dute 19:00etarako, Iruñean, udal plazan.

Grebarekin hainbat igerileku ixtea lortu dute; besteak beste, Zizur Nagusi, Azkoien, Orkoien, Burlata, Artika, Sarriguren, Sanduzelai, Eskiroz, San Adrian, Lekunberri eta Caparrosokoa.

Sindikatuok hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatu eta berriro negoziazioari ekitea eskatu dugu. Hain zuzen ere, hitzarmenaren indarraldia 2020ko abenduaren 31n amaitu zen.

2.000 langile inguru biltzen ditu sektoreak Nafarroan, eta prekaritatea da nagusi hauen lan baldintzetan.

Lan heriotzek erantzule zuzenak dituztela salatu dugu Oreretan

Lan heriotzek ez dute etenik. Horren lekuko, aste honetan gertatu diren bi lan istripu hilgarriak; bata Oreretan eta bestea, Elgoibarren. Eraikuntzako langile bat eta garraiolari bat zendu dira, hurrenez hurren, eta dagoeneko, gutxienez, 49 langile hil dira Euskal Herrian aurten.

Bada, euskal gehiengo sindikalak deituta, azken bi lan heriotzak salatzeko elkarretaratzea egin dugu Oreretan, lan istripu hilgarrien erantzule nagusiak zeintzuk diren agerian uzteko eta prekaritateak hil egiten duela berriro ere ohartarazteko. “Non daude Osalan eta Lan Ikuskaritza? Zer dio Eusko Jaurlaritzak ardura berea izanik? Beti bezala, ezer ez”, galdetu du LAB sindikatuko Lan Osasuneko arduradun Inko Iriartek. Oarso-Bidasoko eskualdeko sindikatuko arduradun Aitor Sagastuyk, bere aldetik, Urkullu eta Mendiari langileak defenda ditzatela eskatu die, eta ez daitezela ohi bezala patronalarekin lerrokatu.

Non daude Osalan eta Lan Ikuskaritza?

Bi langile hil dira Gipuzkoan azken orduotan, eta dagoeneko 49 langile zendu dira, gutxienez, Euskal Herrian urtea hasi zenetik; horietatik 9 altueratik erorita.

Atzo, abuztuak 8, Oreretako Goiko Kaleko etxebizitza bateko eraberritze lanetan 49 urteko langile bat hil zen, aldamio baten zama-igogailuaren hutsunetik erorita, 4. pisu batetik. Kapitalismoak eragindako beste lan heriotz bat da hau, beste familia bat birrinduta, beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta etxera itzuli ezinik. 

Ditugun datuen arabera, nahiz eta aldamioaren egitura eta muntaia legez araututakoa izan, barnean daraman zama-igogailuak ez zuen babes perimetralik. Ohikoa da egoera hau, kanpora begirako babesak jarrita egotea eta barnera begirakoak ezabatuta. Prebentzioaren beraren paradoxa. Itsurakerian oinarrituriko sistema da eta urtero emaitzek hori bera berresten dute.

Gainera, kasu honetan, hildakoa bera, obrako hormaren garbiketa lanean ziharduen langilea, “errekurtso prebentibo” bezala izendatua zegoen. Urteetan argi eta garbi aldarrikatu dugu errekurtso prebentiboaren funtzioak soilik segurtasun neurriak betearaztekoa dela; patronalak, ordea, obrako edozein langile izendatzen du errekurtso prebentibo gisa, ardura hori desitxuratuz. Honela, arau guztiak apurtuz, inork ez ditu lan osasunerako neurriak betearazten eta istripu eta hilkortasun maila izugarri hauek betikotzen dira.

Non daude Osalan eta Lan Ikuskaritza? Zer dio Eusko Jaurlaritzak ardura berea izanik? Beti bezala, ezer ez. Badirudi hildako langileen bizitzek ez dutela euren interesa pizten, edota beste “udarako albiste” batzuk erabili nahi dituztela anabasa estaltzeko.

Bestalde, lan heriotzen sarraskiak gaurko eguna ere kolpatu du. Bart, trafiko istripu larri baten ondorioz, garraiolari bat hil eta bere laguntzailea larriki zauritu da AP-8an.

Nafarroako Bibliobuseko lanpostuak behatzez banatu dira

Adierazi nahi dugu oso haserre gaudela Iruñeko Bibliobus-plazak betetzeko aukeratu den moduarekin. Beste hainbat pertsona bezain gaituak diren bi pertsonari emandako zerbitzu-eginkizunaren figura erabili da lanpostu horiek aldi baterako betetzeko. Ez dakigu nola egin den aukeraketa eta zein irizpideren arabera, lanpostu horiek ez baitzaizkie funtzionario guztiei eskaini.

Zuzendaritzak bidalitako idazkian esaten da kontua ez dela kontratazio-zerrendetan dauden pertsonak gutxiestea; agian ez gutxiestea, baina badirudi pertsona horiek ez direla aintzat hartzen. Ez dakigu zergatik ez den ohi den bezala zerrendetara jo eta aldi baterako kontrataziorik egin, lekualdatze- edo oposizio-lehiaketara atera arte.

Jakina, zuzendaritza ez dago behartuta aurreko guztiaren azalpenak ematera, ezta eskatu ere. Baina kontuan izan behar da jarduera horiek haustura dakartela liburutegiko langileek beren zuzendaritzarekiko duten konfiantzan eta sintonian

Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatuz, euskal hondartzetan izango gara igandean

Etxerat-ek deituta, elkarretaratzeak egingo dira igandean Gipuzkoako, Bizkaiko eta Lapurdiko 15 hondartzetan, euskal presoen eskubideen alde eta ezartzen zaien salbuespen politikaren kontra.


Etxerat elkarteak emandako azken datuen arabera, 177 euskal presoetatik 88 daude Euskal Herriko espetxeetan, 72 Espainiakoetan eta 18 Frantziakoetan. Horietatik 27 daude hirugarren graduan, 122 presok hala beharko luketen arren. Beste horrenbeste espetxe baimenei dagokienean: 151 euskal presok dute eskubidea, baina seiri bakarri eman dizkiete.


Halaber, askatasuna ukatzen jarraitzen diete gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamazazpi presori eta 65 uretetik gorako beste hamazazpiri. 32 urte baino gehiago daramate espetxean Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Unai Parotek.

Presoengan ez ezik haien senitarteko eta hurbilekoengan ere (uztailaren 17an Itziar Moreno presoaren lagun batek espetxera bidea —795 km— izandako istripua dugu azkena) eragina duen salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzea eskatzen dugu LABetik eta horrexegatik, igandean euskal kostako hondartzetan izango gara.

Tubacexeko mobilizazioetan parte hartu zutenen aurkako jazarpena salatu eta auziperatutako hiru gazteen absoluzioa eskatzen dugu

Beste behin ere, Tubacexeko greban sortutako langileen elkartasuna zigortzen eta kriminalizatzen saiatzen ari dira. Ez da elkartasun hori zigortzeko lehen saiakera, ezta bigarrena ere; izan ere, bai grebak iraun bitartean, bai ondoren, isunak, mehatxuak, akusazioak eta neurrigabeko jarduerak ugariak izan dira, eta Tubacexeko langileek zein elkartasuna adierazi nahi izan dieten guztiek pairatu behar izan dituzte.

Oraingoan, fiskaltza da jarduten duena, eta Aiaraldeko hiru gazte solidariori 4 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatzen dizkiena, martxoaren 25ean Amurrioko Tubacexeko piketean gertatutakoagatik. Desordena publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen dizkie, eta gaineratu du modu koordinatuan jardun zutela han zeuden ehunka pertsonen laguntzarekin.

Gogoan izan behar da, bere garaian salatu genuen bezala, martxoaren 25 hartan Ertzaintza izan zela jokaera erabat neurrigabea izan zuena, bertan zeudenak hainbat aldiz kolpatuz eta haien aurka kargatuz, baita buruaren parean foama jaurtiz ere.

Hiru gazte horiekiko akusazio eta salaketak ez datoz bat errealitatearekin, eta ez dira gertakari zehatz batzuen ondorio; aitzitik, langileen borrokaren eta elkartasunaren aurkako jazarpen-estrategiaren barruan kokatzen dira.

Aurreko aldietan ikusi dugun moduan, eta salatu izan den bezala, botere eta estamentu desberdinetatik egindako jarduera horiek guztiak langile-borroka eta klase-elkartasun oro kriminalizatzeko estrategiaren barruan daude, Tubacexen greban eta borrokan ikusi ditugu, Euskal Herrian azkenaldian bizi izan diren beste gatazka batzuetan bezala.

Horregatik guztiagatik, 3 gazte horien aurkako akusazioak eta inputazioak bertan behera uzteko eskatzen dugu, hala nola, langileenak edo Tubacex-eko pikete edo manifestazioetan parte hartu izan zuen edozein pertsona solidariorenak. Era berean, hiru pertsona horien absoluzioa eskatzen dugu, baita Tubacexeko greba eta lan-gatazkaren harira salatuak eta auzipetuak izandako guztien absoluzioa ere.

Metro Bilbaoko akordioak plantilaren erosahalmena bermatu behar duela exijitzen dugu

Metro Bilbaoko ordezkari sindikalen gehiengoak bertako zuzendaritzarekin sinatutako aurreakordioaren aurrean, LABetik adierazten dugu aurreakordio hori ez datorrela bat gure ildoetako batekin, ez duelako benetako konpromisorik jasotzen 2023 eta 2024 urteetan plantilaren erosahalmena bermatzeko. Ondorioz, aurreakordioaren aurka agertzen gara. Okerra zuzenduz, plantilaren erosahalmena bermatuko duen akordioa sinatzea eskatzen dugu LABetik.

Egoera sozioekonomiko ezegonkorraren adierazle dira langabezia datuak

Hego Euskal Herrian langabeziak jaitsiera apala izan du, aurreko hilabetean baino 357 langabe gutxiago baitaude, %0,25 murriztu da langabezia. Herrialdeka, Gipuzkoa eta Araban behera egin badu ere, Bizkaian 25 langabe gehiago daude eta Nafarroan 91 gehiago. 25 urtetik gorakoen kasuan ere, langabeziak gora egin du %0,30 eta adin tarte honetako emakumezkoen kasuan %0,58.

Arretaz aztertzeko beste datua sektorekako azterketan kokatzen dugu. Izan ere, zerbitzuetan langabeziak gora egin du eta Hego Euskal Herrian 968 langabetu gehiago daude sektore honetan. Aurreikuspenak bi norabidetan hautsi dira kasu honetan: batetik, turismoaren eraginez uda garaian zerbitzu zein ostalaritzan landunek gora egiten dutelako eta, bestetik, azken hilabeteetako joera apurtu delako; izan ere, azken hilabeteetan zerbitzu sektoreko landunek gorakada izan dute. Pasa den astean publikaturiko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2022ko bigarren hiruhilabetekoan, komertzioan zein ostalaritzan, pasa den urteko datuen aldean %20,9 igo ziren landunak. Datuok egoera estruktural bilakatzen ote duten ikusteko, datozen hilabeteetako joerak gertutik jarraituko ditugu.

Hego Euskal Herriko langabezia tasa %8,87an kokatzen da, oraindik orain, Europar Batasuneko ekaineko bataz bestekotik (%6,6) gora.

Lan kontratuei dagokionean, uztailean sinatu ziren 98.090 kontratuetatik, %74,56a aldi baterakoak izan ziren eta mugagabeak, aldiz, %25,44.

Azken hilabeteetan errepikatzen ari gara, enpleguaren kalitatea bilakatu zaigula kezka iturri nagusia, prekarizazio eta ezegonkortasuna ahalbideratzen duten adierazle nagusienek gora egin baitute, estruktural bilakatuz: emakume eta gizonen arteko arrakala, langile migratuen langabezia tasa altua zein jatorriaren araberako diskriminazioa, lan baldintza kaxkarrak dituzten sektoreetan okupazioak gora egitea, epe luzerako langabezia… Bada, gaur gaurkoz Hego Euskal Herruian langabeziak modu apalean behera egin badu ere, hainbat joera hausten ari dira, langabeziaren goraka zenbait lurralde, sektore zein jendarte-eremuetan kokatuz (25 urtetik gorako emakumeak, etorkinak, zerbitzuak sektoreak…). Honi guztiari gehitu behar zaio oinarrizko elikagaien garestitzeak, KPI-aren etengabeko igoerak, soldata zein pentsioak neurri berean ez igotzeak, interes tasen igoerak (…) gure erosahalmenean sortzen duen galera.

Testuinguru ekonomiko, politiko eta sozial ezegonkor baten aurrean gaude eta epe motz-ertainean ez du hobera egingo langile klasearentzat. Horren adierazle ere bada lan zentroetako konfliktibitatea, irailetik aurrera areagotuko dena aurreikuspen guztien arabera. LAB sindikatuak langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko du, inork sostengatu ezin duen sistema errotik aldatzeko.