2026-01-13
Blog Page 301

Elduaienen mobilizatu gara, CORENSO enpresaren aurrean, Gipuzkoako grafikagintzako negoziazio mahaia blokeatuta dagoela salatzeko

Elkarretaratze bat egin dugu Elduaingo CORENSO enpresa aurrean, Gipuzkoa mailako grafikagintzako hitzarmen duin bat eskatzeko, deituko ditugun greben atarian. Joan den astean Tolosako SAM enpresaren aurrean egin genuen protesta.

Hain zuzen ere, Adegik blokeatuta du grafikagintza sektoreko negoziazio-mahaia. Honen aurrean, sektoreko langileok mobilizazioetara eta grebara joatea beste erremediorik ez dugu. Horrela, sektoreko lehen indarra den LABek lau greba deituko ditu Gipuzkoako grafikagintzan: irailaren 27an eta 29an eta urriaren 4an eta 6an. 

Bilboko Udalaren murrizketa-politikak enpleguaren egonkortzea ere arriskuan jartzen du

Bilboko Udaleko LABen Atal Sindikalak urtebete inguru darama Giza Baliabideen Zuzendaritza langile gehiagorekin indartzeko eskatzen. Zuzendaritza horrek 20/2021 Legearen barruan dauden enplegua egonkortzeko prozesu guztiei aurre egin beharko die.

Lege horrek epe batzuk zehazten ditu, eta epe horietan administrazioek enplegua egonkortu beharko dute, finkatze-prozesuak eginez. LABen zalantza handiak ditugu Bilboko Udala gai ote den epe horiek betetzeko eta gai ote den prozesu horiek behar bezala egiteko.

Ezintasun horren adibide garbia da mendekoen prozesu arrunta, gaur egun martxan dagoena. Prozesu horretan 5.000 pertsona inguruk eman zuten izena, eta 2000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte.

Udalak ariketen kalifikazioei buruz egin dituen argitalpenak, bai behin-behinekoak bai behin betikoak, akatsez beteta egon dira: erantzunak baliogabetu eta argitaratzen diren galderak, gaizki argitaratutako erantzunen txantiloiak, oposiziogileei akats gehiago kontabilizatzen zaizkie…

Gobernu-talde hori hainbat arlotan egiten ari den kontratazioen murrizketa-politikaren ondorio zuzena da hori. Beste adibide argi bat Gizarte Ekintzako Saila da, hiriko sektore behartsuenen beharrizan gero eta handiagoei erantzuteko gai ez dena.

LABek zerbitzuen beharrei aurre egiteko kontratazioak eskatu ditu hainbat Negoziazio Mahaitan, eta egia bada ere Giza Baliabideen Zuzendaritzan batzuk egin direla, mendekoen oposizioarekin gertatzen ari denak erakusten du ez direla nahikoak.

Beste behin ere, Giza Baliabideen Zuzendaritzarako kontratazio-programa bat eskatzen dugu, 20/2021 Legean ezarritakoa betetzen dela ziurtatzeko eta murrizketa-politika horrekin amaitzeko.

Ezin dugu ahaztu, gainera, mendekoen oposizio horrek atzerapen handiak izan dituela, oinarriak 2019an argitaratu baitziren. Prozesu hori epaimahaietan dago, 20/2021 Legea aplikatu behar zitzaiolako eta ez delako egin. Milaka dira 3 urteko gurutze-bidetik pasarazi dituzten pertsonak. Horren ostean, opor-egunetan azterketa baten eskarnioa etorri zitzaien, eta, orain, gainera, kalifikazioak eta zerrendak argitaratzean egindako etengabeko akatsen iseka.

EAJren eta PSEren murrizketa-politikak enplegua egonkortzeko prozesuak arriskuan jartzeaz gain, errespetu falta eta prozesu horietan parte hartzen duten pertsona guztien duintasunaren aurkako erasoa ere badakar.

Aurreakordioa #LortuDugu Arabako metalgintzan

Gaur, irailaren 19an, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea batu da eguerdian berriro ere. Bilera honetan, SEA patronalak proposamen berritua ekarri du, non sindikatuek aspalditik adierazi dizkiegun puntu batzuetan mugimenduak eman dituen. Hala ere, LABen iritziz oraindik ez zen nahikoa proposatutako edukiekin, eta arratsalderako beste bilera bat adostu da.

Azken bilera horretan LAB-ek, bere afiliatu eta delegatuen berrespenaren faltan, aurreakordioa erdietsi du, hurrengo edukiekin:

• Ultraktibitate mugagabea.

• Inaplikazio klausula.

• 8 orduko jardunaldi jaitsiera.

• Soldata igoerak: ◦ Atzerapenak: % 2 kategoria baxuenentzat (18.000 eurotik behera) eta % 1,5 besteentzat (18.000 eurotik gora) ◦ 2022: %6,5 ◦ 2023: % 3 ◦ 2024: %2,5 ◦ 2025: %2

• Igoerak eta KPI-aren berrikuspena hitzarmenaren amaieran.

• Antzinatasuna ere igoerei lotuta egotea (izoztuta dago 2018tik).

• Izatezko bikote eta bikote ezkonduen berdintzea baimenetan, medikurako laguntze baimenak Osasun Zerbitzu Publiko guztietara zabaltzea (orain arte soilik Osakidetzarako ziren) eta baimen motzetan lehen eguna lan eguna izan beharra jasota egotea testuan.

• ABLE-etan lan egindako denborak antzinatasunean ere eragina izatea

• Subrogazioan Bizkaiko klausulari zuntz optikoa eta telefono linearen instalazio eta mantentzera zabaltzea. Gainera batzordea eratuko da berau gehiago nola zabaldu aztertzeko.

• Berdintasun batzordea, non LGTBI+ kolektiboak ikusgarritasuna izango duen. • Laneko jatorria duten Aldi Baterako Ezintasunetan osagaiak %100 izatea lehen egunetik Soldata Errealetan.

LAB-etik gogorarazi nahi dugu ia 20 urtetik erorita zegoen eragin osoko hitzarmena berreskuratu duela, sektorean zegoen anabasari aterabidea emanez. Gainera, duela ia bi hamarkadatik izoztuta zegoen jardunaldia jaistea lortu da ere, eta sektorearen aldarrikapen nagusietako bat jasoz, hitzarmenaren iraunaldiaren bitartean KPI bermatuta dago.

LABek argi du honaino iritsi bagara azken hilabeteetan egin diren mobilizazio, lan-uzte eta grebei esker izan dela. Horiek gabe, ezinezkoa litzateke gaur-gaurkoz gauden egoeran egotea. Gogorarazi nahi dugu 2 urte baino gehiago direla LAB mobilizatzen hasi zela, sektoreko aldarrikapenak -orain jasotzen ari direnak- enpresetara eta kaleetara eramanez. Geroago dinamika amankomuna abiatzea lortu genuen eta 5 sindikatuk apirilean lanuzte bat deitu ondoren, greba deialdi amankomunak gauzatu zirela.
Honenbestez, datorren irailaren 21ean delegatuen asanblada egingo dugu edukiak aurkeztu eta bozketa egiteko.

Borrokak merezi du!

Mugimenduak eman dira Arabako metalgintzako mahai negoziatzailean

Gaur, irailaren 19an, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea elkartu da berriro ere, iragarritako greben atarian. Bilera honetan, SEA patronalak proposamen berritua ekarri du, non sindikatuek aspalditik adierazi dizkiegun puntu batzuetan mugimenduak eman dituen.

Hala ere, LABen iritziz oraindik ez da nahikoa. Eduki batzuk motz geratzen zaizkigu. Horrela adierazi diogu SEAri mahaian eta arratsaldean beste bilera bat ixtea adostu da. Espero dugu bilera horretara falta diren edukiak ekar ditzala Patronalak.

Krisi ekosozialari aurre egiteko neurriak aurkeztu eta Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren premiazko bilera eskatu dugu

Bilbon eta Iruñean aldi berean egindako agerraldi banatan, EAEko eta Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren premiazko bilera eskatzeko idazkia erregistratu dugu, euskal langileriak behar duen trantsizioa abian jartzeko eta aberastasuna banatzeko neurri sorta aurkeztearekin batera. EAEren kasuan, gainera, Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean sindikatuari dagozkion ordezkariak izendatzeko prozesua abian jartzea eskatu dugu.

Bilboko agerraldian, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopategi izan dira; Iruñean, berriz, Nafarroako eledun Imanol Karrera eta Industriako arduradun Kris Gete.

Igor Arroyok salatu duenez, “hamarkadetako politika neoliberalek krisi ekosozial larria eragin dute hala orokorrean nola Euskal Herrian bertan. Ukrainako gerra luzatzeko Mendebaldeko eliteek hartutako erabakiak egoera are gehiago larriagotzen ari da”.

LABen iritziz, bizitzaren garestitzea, enpleguaren prekarizazioa, zaintza krisia, klima aldaketa, migrazioak edota elkar gurutzatzen diren diskriminazio desberdinak Kapitalismoak eragindako krisi ekosozialaren aurpegi desberdinak dira.

Arroyoren esanetan, “hazkunde ekonomiko mugagabearen mitoa amaituta, bidegurutze batean gaude. Bi dira aukerak: herriak eta herritarrak desjabetzen jarraitu ala, pertsonen nahiz planetaren bizitza erdigunean jarrita, enplegua, zaintza lanak eta aberastasuna banatzea”.

“Errenta ituna aldarrikatzen duenean, Urkulluk lehen aukeraren alde egiten du. Josu Jon Imaz eta Urkullu ekipo berekoak dira. Soldatak KPIaren azpitik igo daitezen nahi dute, enpresen irabaziak hazten direnean. Langileon errentetan oinarritutako zerga politikari eutsi nahi diote. Zaintzaren eremuan egin bezala, osasun sistema pribatizatu nahi dute”.

Aldiz, LABen iritziz Euskal Herrian bada aberastasunaren banaketan oinarritutako politikak eskatzen dituen eremu sindikal, sozial eta politiko zabala. Langileak mobilizatzen ari da, borroka ziklo berria abian da. Lantoki eta sektoreka langileon aldeko urratsak ematearekin batera, eredu aldaketaren alde gauden eragile sindikal, sozial eta politikook agenda sozial partekatua behar dugu, politika publikoak aldatzeko ahalik eta indar gehien egiteko”, adierazi du Arroyok.

Hain zuzen ere, aberastasuna banatzeko eta eredu sozioekonomiko berri baterako trantsizioa abiatzeko neurri sorta aurkeztu du LABek, lau ataletan banatuta.

Lehenik eta behin, enplegu, zaintza lanak eta aberastasunaren bidezko banaketa, hala enplegu politikaren bidez (besteak beste, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarri, erosmen ahalmena bermatu, arrakala ororekin amaitu eta 30 orduko lanaldia ezarriz) nola zerga politikaren bidez (Kapital errenten eta Elkarteen gaineko zergak indartuz).

Bigarrenik, herritar orori zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak, hala nola, osasuna, zaintza, garraioa, etxebizitza, pentsioa edota energia. Eremu hauetan esku hartze publiko sendoa eskatu dugu, oligopolioen mesederako pribatizazio politika ororekin amaituz.

Hirugarrenik, Patronalari negozioa egiten ahalbidetuko dion “kapitalismo berdea”ren iruzurraren ordez, langileon parte hartzeaz bideratutako trantsizio ekosozialista abian jartzea eskatu dugu. “Gehien kontsumitzen dutenek gehiago murriztu beharko dute euren kontsumoa”.

Azkenik, euskal instituzioek dituzten eskumenak erabiltzearekin batera, estatu tresnak eskuratzeko premia nabarmendu dugu, hala nola, Euskal Gizarte Segurantza edota Euskal Lan Kodea.

Ekimen ibiltari bat abiatu dugu Donibane Garazin, Ipar Euskal Herriko zerbitzu publikoetako hauteskunde sindikalen baitan

Kurtso berriaren etorrerarekin, hauteskunde sindikalak dira sindikatuaren erronka nagusietako bat, LABek lan eta bizi baldintzen defentsan duen eskaintza are eta gehiago zabaltzeko helburuarekin. Bada, “Zurekin bagara. Egiteko beste modu bat” leloarekin izango gara Hego zein Ipar Euskal Herriko lantokietan.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren kasuan, hauteskunde sindikalak arlo publikoan gauzatuko dira, eta, gaur, abian jarri dugu kanpaina. Hain zuzen ere, ekimen ibiltari bat egingo dugu, sindikatuaren eskaintza bertatik bertara azaltzeko. Kanpainaren aurkezpena Donibane Garaziko udaletxe aurrean egin dugu, ekimen ibiltariaren lehen geltokian.

Zerbitzu publikoen kalitatea hobetzea helburu

Euskal Herriko langileentzako lurralde-negoziazioetarako guneak hemen eta orain sortzeko aldarrikatu ohi dugu. Ipar Euskal Herriko kasuan, LABetik diogu agente guztientzat lurraldeko langileen ordezkatzeko batzorde bakarra sortu beharra dagoela, eta, osasun publikoaren kasuan, egiazko osasun-sare publiko bat sortu behar dela lurralde osoan, Donibane Lohizunetik Mauleraino.

Ondoko aldarrikapenak defendatuko ditugu zerbitzu publikoetako hauteskundeetan:

-Lan-baldintzen eta ordainketa-erregimena baikorki harmonizatzea

-Gutxienez 28 orduko lan-kontratuen finkatzea

-Langileen segurtasuna eta osasun fisiko eta mental ona bermatzea

-Langileen mugikortasuna, birsailkapena eta lan-toki aldaketa erraztea lurraldean

-Lanbideen aitortza eta baloratzea, bereziki animazioa, medikuntza eta jendarte laguntzako arloetan, non emakumeak ari diren nagusiki

-Kultur eta jendarte jardueretarako aurrekontua ezartzea, tokiko ekonomia eta zirkuitu laburrak sustatuz

-Osasun-profesionalen erakartzea eta leialtzea, bereziki etxebizitza eta garraio publikoa eskuratzeko aukera emanez

-Zerbitzu publikoen kalitatea hobetzea lurralde osoan

Gaude elkarteko langileek 1.000 egun beteko dituzte hitzarmen berri bat sinatu gabe

Gaude elkarteak aniztasun funtzionaleko pertsonekin egiten du lan, 150 langile ditu eta LABeko 9 ordezkarik osatzen dute bere enpresa-batzordea. Bi urte baino gehiago daramatzate hitzarmenik gabe eta, gaur, prentsaurrekoa eman dute elkartearen egoitzaren aurrean, Leioan, euren egoeraren berri eman eta eskubideen alde abiatuko duten kanpaina aurkezteko.

Enpresa batzordearen oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Irailaren 26an, Gaude elkartean 1.000 egun igaroko dira hitzarmen berri bat sinatu gabe. Egun horietan, langileak baldintza hobe batzuetan jarriko dituen hitzarmen berri bat sinatzeko ahal izan dugun guztia egin dugu. 2018an, gure lehenengo hitzarmen bakarra sinatu genuen 40 urteetan. Hitzarmen hori 2019an iraungi zen, eta harrezkero ez dugu berritu, erakundeko zuzendaritzaren aldetik konpromisorik ez dagoelako, eta, nola ez, egoera berean bizi diren gainerako elkarteetan bezala, egoeraren erantzule ere diren Udal eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromiso faltagatik.

1.000 egun hauetan hainbat aldiz bildu gara zuzendaritzarekin, eta zuzendaritzak ez dio bilera egiteari uko egiten, bere betebeharra baita, baina bai gure proposamenei ezetz esateko asmo argiarekin heldu dio bilera guztiei. Gure proposamenak argi daude, sendoak dira eta inoiz baino indarraldi handiagoa dute; ez dugu erosteko ahalmena galtzen jarraitu nahi, urte guzti hauetan % 14 baino gehiago galdu baitugu eta KPIari lotutako soldata-igoera eskatzen dugu, kontratu finko gehiago eskatzen ditugu , egun behin-behinekotasun tasa oso handi batean gaudelako eta lege iruzurrean egindako kontratazioekin, elkarteko langile guztientzako prestakuntza, euskalduntze-prozesua, lan-segurtasuna hobetzea, soldata-eskala bikoitzak haustea eta hautaketa-prozesu argi, garden eta objektiboak izatea. Hau da, hitzarmen honetan langileoi dagokiguna eskatzen dugu, hainbatetan ezinbestekoak garela entzun ondoren, berriz ere ikusezin bihurtu gara. Horregatik, uste dugu eta eskatzen dugu negoziazio honetan Gaude Elkarteko langileen bizi eta lan-baldintzak hobetzea.

Baina arazo hori ez da Gaude Elkartearena bakarrik, egoera berean daude beste erakunde batzuk ere: Gorabide, FEEKOR, Apnabi, Madres mercedarias eta beste hainbat. Erakundeek, udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute konpromiso argirik hartu egoera honi konponbidea emateko eta zerbitzua nahiz sektorea prekarizatzen jarraitzeko hautua egin dute. Erakundeei finantzaketa emateaz arduratzen dira, bai proiektuen bidez, bai diru publikoaren bidez, eta, ondoren, beste alde batera begiratzen dute sektorea eta sektoreko langileak prekarizatzen dituztenean eta lan eta bizi baldintzak kaskartzen dituztenean.

Sektore honetako  ordezkari sindikalak gero eta indartsuagoak gara eta inoiz baino elkartuago gaude. Eta horrek antolaketan zein ekintzetan laguntzen digu. Ez dugu ezer bidegaberik eskatzen, gurea dena baizik, sektoreko langileona dena. Horregatik, erakundeetan eta kaleetan sektoreko hitzarmen probintzial baten aldeko presioa egiten jarraituko dugu, eta hori mugarri historikoa da sektorearentzat.

Horregatik, guztiagatik, datozen 10 egunetan egingo ditugun mobilizazioen edo ekintzen egutegia aurkezten dizuegu, irailaren 26an Algortan egingo dugun mobilizazioarekin bukatuko dena. Beste erakundeetako gainerako kideekin batera, hitzarmenik gabeko gure 1.000 egunak salatzeko eta hitzarmen probintzialaren beharra aldarrikatzeko. Bertan elkar ikusiko dugulakoan!

Greba mugagabeari ekin diote SuperBerriak-eko langileek

Esan eta egin. SuperBerriak-ek EEEa atzera bota ezean, greba mugagabeari ekingo ziotela iragarri zuten langileek, eta hala egin dute. Oso arrakastatsua izan da lehen greba eguna.

Ez dago dendak itxi eta 70 lanpostu suntsitzea justifikatzen duen arrazoi ekonomikorik. Beraz, EEEa honek ez du izateko zentzurik. Hala salatzen jarraituko dugu aurreikusitako mobilizazioetan.