2024-04-25
HomeEkintza SindikalaGaude elkarteko langileek 1.000 egun beteko dituzte hitzarmen berri bat sinatu gabe

Gaude elkarteko langileek 1.000 egun beteko dituzte hitzarmen berri bat sinatu gabe

Gaude elkarteak aniztasun funtzionaleko pertsonekin egiten du lan, 150 langile ditu eta LABeko 9 ordezkarik osatzen dute bere enpresa-batzordea. Bi urte baino gehiago daramatzate hitzarmenik gabe eta, gaur, prentsaurrekoa eman dute elkartearen egoitzaren aurrean, Leioan, euren egoeraren berri eman eta eskubideen alde abiatuko duten kanpaina aurkezteko.

Enpresa batzordearen oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Irailaren 26an, Gaude elkartean 1.000 egun igaroko dira hitzarmen berri bat sinatu gabe. Egun horietan, langileak baldintza hobe batzuetan jarriko dituen hitzarmen berri bat sinatzeko ahal izan dugun guztia egin dugu. 2018an, gure lehenengo hitzarmen bakarra sinatu genuen 40 urteetan. Hitzarmen hori 2019an iraungi zen, eta harrezkero ez dugu berritu, erakundeko zuzendaritzaren aldetik konpromisorik ez dagoelako, eta, nola ez, egoera berean bizi diren gainerako elkarteetan bezala, egoeraren erantzule ere diren Udal eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromiso faltagatik.

1.000 egun hauetan hainbat aldiz bildu gara zuzendaritzarekin, eta zuzendaritzak ez dio bilera egiteari uko egiten, bere betebeharra baita, baina bai gure proposamenei ezetz esateko asmo argiarekin heldu dio bilera guztiei. Gure proposamenak argi daude, sendoak dira eta inoiz baino indarraldi handiagoa dute; ez dugu erosteko ahalmena galtzen jarraitu nahi, urte guzti hauetan % 14 baino gehiago galdu baitugu eta KPIari lotutako soldata-igoera eskatzen dugu, kontratu finko gehiago eskatzen ditugu , egun behin-behinekotasun tasa oso handi batean gaudelako eta lege iruzurrean egindako kontratazioekin, elkarteko langile guztientzako prestakuntza, euskalduntze-prozesua, lan-segurtasuna hobetzea, soldata-eskala bikoitzak haustea eta hautaketa-prozesu argi, garden eta objektiboak izatea. Hau da, hitzarmen honetan langileoi dagokiguna eskatzen dugu, hainbatetan ezinbestekoak garela entzun ondoren, berriz ere ikusezin bihurtu gara. Horregatik, uste dugu eta eskatzen dugu negoziazio honetan Gaude Elkarteko langileen bizi eta lan-baldintzak hobetzea.

Baina arazo hori ez da Gaude Elkartearena bakarrik, egoera berean daude beste erakunde batzuk ere: Gorabide, FEEKOR, Apnabi, Madres mercedarias eta beste hainbat. Erakundeek, udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute konpromiso argirik hartu egoera honi konponbidea emateko eta zerbitzua nahiz sektorea prekarizatzen jarraitzeko hautua egin dute. Erakundeei finantzaketa emateaz arduratzen dira, bai proiektuen bidez, bai diru publikoaren bidez, eta, ondoren, beste alde batera begiratzen dute sektorea eta sektoreko langileak prekarizatzen dituztenean eta lan eta bizi baldintzak kaskartzen dituztenean.

Sektore honetako  ordezkari sindikalak gero eta indartsuagoak gara eta inoiz baino elkartuago gaude. Eta horrek antolaketan zein ekintzetan laguntzen digu. Ez dugu ezer bidegaberik eskatzen, gurea dena baizik, sektoreko langileona dena. Horregatik, erakundeetan eta kaleetan sektoreko hitzarmen probintzial baten aldeko presioa egiten jarraituko dugu, eta hori mugarri historikoa da sektorearentzat.

Horregatik, guztiagatik, datozen 10 egunetan egingo ditugun mobilizazioen edo ekintzen egutegia aurkezten dizuegu, irailaren 26an Algortan egingo dugun mobilizazioarekin bukatuko dena. Beste erakundeetako gainerako kideekin batera, hitzarmenik gabeko gure 1.000 egunak salatzeko eta hitzarmen probintzialaren beharra aldarrikatzeko. Bertan elkar ikusiko dugulakoan!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.