2026-05-02
Blog Page 298

Ostalaritzan guztiontzako lan eskubideak berma daitezela exijitu dugu

Ostalaritza sektorerik prekarizatuenetako bat da, eta ezkutuko ekonomia nahiz aldi baterako enplegua proportzio handian azaltzen dira. Gastronomiagatik eta ostalaritzagatik goratutako postaleko Donostia horren atzean, esplotazio-eredu hori beren gorputzekin eusten duten langileen lan-baldintza lazgarriak daude. Arrazakeria, klasismoa, esplotazioa eta gehiegikeriak daude gero eta bortitzagoa eta baztertzaileagoa den txanpon horren beste aldean. Aski da gehiegikerien nahiz denetariko xantaia eta promesa faltsuen bidez aberasten den patronal espekulatzailearekin.

Espainiar estatuko Atzerritartasun Legea arrazista da. Gainera, Hego eta Ipar Euskal Herriko administrazioek beste alde batera begiratzea erabaki dute, mafia horiek kontrolatzeko, zigortzeko eta geldiarazteko mekanismoak eta eskumenak badituzten arren. Hala, langile migratu eta arrazializatuak abandonu eta babesgabetasun handiko zirkuituetan sarrarazten dituzte, mota guztietako urraketei aurre egin behar izaten dietelarik.

Baldintza duinetan lan egiteko eskubidea langile guztiontzat izan behar da.

LAB sindikatuak ekintza hipokrita eta espekulatzaile hori gaitzesten du. Administrazioek eta gobernuek langileen egoera erregularizatu eta babestu dezaten eskatzen dugu, dagokien lurraldean oinarrizko eskubideak benetan baliatu ahal izatea bermatzeko.

Euskal Herrian lan osasunean atzera egiten ari garela salatu dugu

“Lan osasun eskubidea egunero urratzen da, argazkia gordina da”, adierazi du Garbiñe Aranburu  koordinatzaile orokorrak sindikatuak 2022ko lan istripuei buruz osatu duen txostena aurkezteko asmoz gaur goizean egindako agerraldian. Iaz 69 pertsona hil ziren lanean Euskal Herrian, eta laneko gaixotasunen ondoriozko heriotzak 276 inguru izan direla kalkulatu dute.

“Egoera honek langileok bizi dugun krisi ekosozialarekin eta bizi baldintzen prekarizazioarekin lotura zuzena du”, azaldu du Aranburuk. Bada, ezinbestekotzat jo du langileen ekarpena aintzat hartzea, lan istripuak zergatik gertatzen diren aztertzea eta laneko gaixotasunen arrazoietan arreta jartzea; izan ere, lan osasun galera horiek ekiditea lehentasuna izan beharko litzatekeela uste du, gaur-gaurkoz gertatzen ez dena: “Langileon bizitzak beraien irabaziek baino balio txikiagoa du enpresarientzat”. Hala, prekaritatea mugatu eta prebentzio arloan inbertsioak egitearen premia aipatu du LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak.

Gainera, 2022. urtean gertatutako istripu hilgarriak ekiditea “oso erraza” zela nabarmendu du Aranburuk:  “Arriskuen azterketa sakonik eta prebentzio plan mardulik gabe, oinarri-oinarrizko prebentzio neurri errazekin, erdia baino gehiago murriztu zitekeen hildako kopurua”.

Sektorerik hilgarrienak identifikatuta

LABeko Lan Osasuneko idazkariak, Inko Iriartek, iazko urteak utzitako datuak xehatu ditu  agerraldian. Bada, azpimarratu du proportzioan basogintza sektoreak marka guztiak hausten dituela.  Jardun hori sailkapenean bigarren den eraikuntza arloa baino “15 bider hilgarriagoa” da. Aipatutako azken sektore horren kasuan, eraikuntzarenean, 20 pertsona hil ziren lanean zebiltzala, gehien-gehienak altueratik erori izanaren ondorioz. Industriak, berriz, 22 hildako eragin ditu, eta kolpeak nahiz harrapaketak dira arrisku faktore nagusiak sektore horretan. Azkenik, laugarren postuan garraioa dago, zeinetan 9 behargin hil diren lan istripuz, horietatik 6 ez traumatikoak. “Honek laneko arrisku faktore hau azalarazten du, zeinetan estresak, lan eredu sedentarioak, lanaldi luzeek eta, finean, bizitza osasuntsua eramatea eragozten duten lanak ere hil egiten duten”, azaldu du Iriartek.

Sindikatuak darabiltzan zifrak datu ofizialek erakusten dituztenak baino handiagoak direla nabarmendu behar da; izan ere, LABek ez die sinesgarritasunik aitortzen, “mutualitateek ekoitzitako datu interesatuak” direlakoan.

Laneko gaixotasunei erreparatzeko beharra

Istripuez harago, dena den, sindikatuak azpimarratu nahi izan du prekaritateak gaixotu egiten duela, eta horrek ere heriotza izan lezakeela ondorio gisa. Beraz, ez traumatiko gisa izendatutako heriotzen arrazoiak ikertu beharko liratekeela uste du. “Prekaritateak, soldata baxuek, lanaldi luzeek, laneko presek, estresak…. bizitza osasuntsua eramatea eragozten dute, eta honek lotura zuzena du lantokien barruan edo lantokitik kanpo gertatzen diren lanari loturiko hainbat heriotzekin”, azaldu du Garbiñe Aranburuk. In itinere kasuetan ere, “mugikortasun beharrak” edota “lanaldi luzeek sorturiko nekeak” duten zerikusia aztertu behar dela iritzi dio.

Sindikatuak ezin izan du laneko gaixotasunen eraginaren gaineko azterketa zehatzik egin, askotan eskatu badute ere, ez baitako halakoen erregistrorik. “Errealitatea ezkutatzeko asmo argia” ikusten du horren atzean Aranburuk, eta salatu du lantegiek ez dutela langile horiekiko ardurarik hartzen, ezta prebentzioa jorratzen ere.

Prebentzioan sexu-genero aldagaia aintzat ez hartzea ere gaitzesgarritzat jo du sindikatuak: “Sektore feminizitatuetako laneko gaixotasunak, zeregin errepikakorrekin lotuak, sistema muskulo eskeletikoari eragiten diotenak eta zaintza bezalako eremuetan ari diren emakume* langileen arrisku psikosozialak ez dira kontuan hartzen”. Bestalde, zaintza arduren zama nagusia oraindik ere nagusiki emakumeen gain jartzen denez, “lanaldi bikoitz” horiek osasunean duten eragina ere aipatu dute aurkezpenean. “Lan batzuek hil egiten dute eta beste batzuek ez digute duin bizitzen uzten”, adierazi du Aranburuk.

Patronalaren eta instituzioen erantzukizuna

LAB sindikatuaren ustez, patronala “legalki zigorgabe” sentitzeak ahalbidetzen du egungo egoera, baita instituzioen “utzikeriak” ere, azken hauek ez baitute dagokien ardura bereganatzen: “Ez dago Lan Ikuskari nahikorik, ez dago inolako neurririk zigortuak izan diren enpresekiko, ez dute patronala interpelatzen prebentzio neurriak har ditzan eskatuz”.

Horren erakusletzat daukate mutualitateek jokatzen duten rola. Azken boladan, osasun sistema pribatizatzearekin batera, geroz eta eskumen gehiago eman zaizkiela salatu du sindikatuak. “Mutualitateen egitekoa ez da enpresei prebentzioan laguntzea, enpresei kostuak murriztea baizik”, adierazi du Garbiñe Aranburuk, gaineratu duelarik, besteak beste, bajak kontrolatzen eta laneko istripuak eta gaixotasunak ezkutatzen jardun ohi dutela.

Sindikatuaren lan ildoak

Hori guztia ikusita, aurkezpenean berretsi dute LABek bere azken Biltzar Nagusian erabakitakoen ildotik tiraka jarraituko duela lanean sindikatuak. Hala, prekaritatea borrokatu eta heriotzak nahiz gaixotasunak aztertzeaz batera, neurri eraginkorrak eskatzeko ekintza sindikala areagotzeko asmoa adierazi dute. Horrez gain, lan osasunari lotutako problematikak ikusarazi eta salatzen jarraituko dute eta, aipatu bezala, mutualitateen hedapenaren aurkako eta osasun sistema publikoaren aldeko borrokan ere bai. Azkenik, insituzioak interpelatuko dituztela jakitera eman dute; asmo horren baitan,  Osalanera zein Nafarroako Osasun Publikoaren Institutura prebentzio plan eraginkorrak eskatzeko proposamenak eramango dituzte.

LABek politika publikoak aldatzeko eskatu dio Txibiteri, aberastasuna birbanatzeko

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak eta Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak bilera bat egin dute gaur Iruñean, Nafarroako Jauregian, Maria Txibite Foru Komunitateko lehendakariarekin. Herritarren erdiak bizi duen egoera prekarioaren berri eman diote, eta aberastasuna modu bidezkoan banatzeko aldaketa sakonak egiteko eskatu diote. LABen eta lehendakari honen arteko lehenbiziko bilera publikoak erakundeen arteko harremanen normalizazioa berresten du, eta adeitasunez egin da.

Gaurko topaketa LABek 2022ko ekaineko X. Biltzarraren ondoren hasitako bilera sorta nazionalaren barnean kokatzen da, Euskal Herriko eragile eta erakunde sozial, sindikal, politiko, enpresarial eta instituzional gorenekin egiten ari dena. Lehenik eta behin, LABek Txibite lehendakariarekin partekatu du 2022an Nafarroako langileen lan eta bizi baldintzen azterketari buruz egin duen txostena, ondorioztatzen duena Nafarroako langileen erdia egoera prekarioan bizi dela.

178.175 nafar langabezian bizi dira, egoera ez-aktiboan edo 1.400 eurotik beherako diru-sarrerekin. Horrenbertzez, LABek Nafarroako lehendakariari eskatu dio indarra egin dezan lurraldeko gehiengo sozialaren baldintzak hobetzeko lanetan.

Ildo horretan, LABek Txibiteri galdegin dio enpresaburu eta eskuindarrek erreforma fiskalari jarritako betoa gaindi dezan, aberastasuna modu bidezkoan banatzea eta bizitza eta la-baldintzak hobetzea ahalbidetuko duena. Onartezina da Nafarroako enpresek irabaziak handitzen dituzten bitartean —Ogasunak aitortzen duen gisan—, soldaten igoerari eustea eta enpresaburuaren aldeko fiskalitatea ezartzea, horrek Nafarroako langile klasean erosteko ahalmena galtzea eta gehiengo soziala pobretzea eragiten baitu. Hala, LABeko ordezkariek Txibiteri eskatu diote, eskuina baztertzeaz gain, aldaketa sakonak egiteari eki diezaiola.

Lan Epaitegia, Osasunbidea eta Foru Hobekuntza

Elkarrizketa Soziala deitzen duten horretako sindikatuekin eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioarekin izandako bilerek, eta gaur lehendakariarekin egin den topaketa publikoak, berretsi egiten dute LABek Nafarroako eragile sozial, ekonomiko eta instituzional nagusiekin dituen harremanen normalizazioa. Solaskide arrunta izateko gaitasun horri garrantzi handia ematen dio sindikatuak. LAB da izaera hegemonikoa duen lehen indar sindikala Nafarroako Foru Administrazioan, MarĂ­a Txibitek zuzentzen duena, bai eta Nafarroako Gobernuaren menpeko den Esku-hartze Sozialeko sektorean ere.

Hala ere, elkarrizketaren normalizazioak nahitaez ekarri behar luke parte-hartze sindikala baldintza berdinetan. Hori dela eta, bertze neurri batzuen artean, sindikatuak Txibiteri eskatu dio buka dezan LAB Nafarroako Lan Epaitegitik at uzteko ohitura, Gobernuak ordaintzen baititu epaitegi horren gastuak.

Bertze aldetik, Osasunbidean lehen sindikatua den aldetik, LABek Txibiteri erran dio esklusibotasuna kentzea dirua baino zerbait gehiago dela: zerbitzu publikoak pribatizatzeko ate onartezina irekitzen duen profesional kopuru txikiari mesede egiteko neurria da. Zerbitzu publikoak hobetzea eta indartzea gure bizitzak erdigunean jartzea da. Guztion osasuna zainduko duen osasun publiko eraginkorra bermatzeko, langile guztien lan eta ordainketa baldintzak hobetu behar dira.

Gainera, gogorarazi diote 40 urte hauetan zehar agerian jarri dela Foru Hobekuntzak Espainiarekiko duen mendekotasunak eta lan-harremanen estatalizazioak egoera larrian bizitzea dakartela anitzendako. Balantzea defizitarioa baino ez da. Foru Hobekuntza agorturik dago, Nafarroak etorkizunari begiratu behar dio, bere subiranotasuna berreskuratu.

Bizkaiko metalgintzari buruzko bigarren bilera egin dugu, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin

Bigarren bilera egin dugu Bizkaiko metalgintzaren inguruan, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin, eta alderdien arteko desadostasunak aztertzen jarraitu dugu. Asteleheneko bileraren ostean, Eusko Jaurlaritzak proposamen bat jarri du mahai gainean, baina ez da nahikoa alderdientzat. Lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dugu eta datorren ostiralean elkartuko gara berriro.

Gaur LABeko bi kide deklaratzera deituak izan dira Gipuzkoako Helduen Egoitzetako grebetan errepide mozketa batean parte hartzeagatik

Argi diogu Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Helduen Egoitzak kudeatzen dituzten Patronalak direla epaituak izan behar luketenak, egoilarren eta sektoreko langileen eskubideen urraketa etengabeagatik, Covid-19aren izurritearen aurrean erakutsi duten arduragabekeria eta bihotzgabetasunagatik; haiek dira gertatutako guztiaren arduradun eta erantzule nagusiak.
Langile borroka kriminalizatzeko beste saiakera baten aurrean gaude.


LAB kontrabotere sindikatua da eta gure sindikalismo borrokalaria ez da ez instituzio ez patronalen gustokoa. Are gehiago, sindikalismo feminista da gurea, sektore feminizatuak, ertzerara eramanak izan diren funtsezko lanak aitortu eta emakume langile horien aldarrikapenak erdira ekartzeko lanean dihardu LAB, eta, emakume langileen borroka jo-puntuan dutela ere salatu nahi dugu gaurkoan.


Eta badira arrazoi gehiago ere, orokorragoak, saiakera hauen guztien atzean: borroka sozio-sindikala itzali, isildu nahia, noiz eta lantokietako borrokak ugaritzen ari direnean; langile borrokari galga jarri nahian dabiltza. Atxiloketek, jipoiek, isunek eta identifikazioek ez dute langile borroka geldiaraziko.


Lan eta bizitza duinaren aldeko borroka ez da delitua. Gaur ez dira soilik LABeko bi kide auziperatzen, euren lan eta bizi baldintzen alde borrokatzea erabaki duten Helduen Egoitzetako milaka langile epaitzen ari dira. Prekarietatera kondenatu nahi dituzten instituzioen eta patronalaren aurrean planto egiten duten langileen kontrako erasoa da.
Eserialdian, okupazioetan, grebetan zein gehiegizko zerbitzu minimoengatik lan zentro barrutik borrokatu duten Gipuzkoako Helduen Egoitzetako langile guztiei hurrengo mezua helarazi nahi diegu: Borroka sindikala zigortzen duten bakoitzean elkartasunez erantzungo dugu, hortaz jarraitu dezagun indarrez kaleak astintzen, ekintza sindikala langileon eskubide eta interesak defendatzeko tresna baliotsua da. Defenda dezagun.


Borrokan jarraituko dugu. Langileen defentsan, lan eskubideen defentsan, sektore feminizatuek dituzten aldarrikapenak erdigunean jartzeko borrokan, LABen sindikalismo borrokalaria aktibatuz, garaipenak lortzeko borrokan.


Horregatik, Helduen Egoitzetako langileen lan baldintzak duintzeko oinarrizko aldarrikapen hauek mahaigaineratu nahi ditugu:


1-Herrialdeko hitzarmen bat sektoreko lan baldintzak berdindu eta hobetzeko.

2-Ratioak handitzea, lan baldintzak ez ezik zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. ÂĽ. Langile bat lau egoiliarreko.

3-Pribatizazioarekin amaitzea. Diru publikoz finantzatutako zerbitzu publiko batean lan egiten duten langileen azpikontratazio eta prekarietatearekin amaitzeko.

GORA EMAKUME LANGILEEN BORROKA!!!

Lanuzteak Euskal Trenbide Sarean erosahalmena bermatzea eta langile guztien lan baldintzak hobetzea eskatzeko

Urtebete baino gehiago luzatzen ari diren negoziazioen ondoren, Euskal Trenbide Sareak –Eusko Jaurlaritzak sortu zuen erakunde publikoa da- ez du akordiorik lortu nahi, beraz, LAB eta ELAk (gehiengoa dugu enpresa batzordean) lanuzteak iragarri ditugu linea guztietan.

Sindikatuok ez dugu baztertu protesta indartzea, baldin eta enpresak ez baditu aintzat hartzen langileen aldarrikapenak. Lanuzteen deialdia egin dugu Euskotrenen egoitzaren aurrean hainbat elkarretaratze egin ondoren, Gipuzkoan zein Bizkaian. Lanuzteak ordutegi hauetan egiten ari dira: 01:00etatik 03:00etara; 10:00etatik 12:00etara; eta 20:00etatik 22:00etara.

Lan ikuskaritzak Hermanos Echevarria Idoeta, S.A. enpresa prebentzio-neurrien faltagatik zigortzea #LortuDugu

Lan ikuskaritzak bi zigor larri eta prestazioen % 30eko errekargua jarri dizkio Berriatuan kokatuta dagoen Hermanos Echevarria Idoeta, S.A. kontserba-enpresari, prebentzio neurririk ezagatik eta bertako langile batek izan zuen istripuagatik. Joan den 2022ko maiatzean, kontserba-enpresako langile batek istripua izan zuen karga-jasogailu batekin, eta ondorioz, lesio handiak izan zituen eta oraindik sendatzen ari da.

Karga-jasogailuak katigamendu mekanikoko gailu bat zuen, eta karga-jasogailua dagokion solairuan ez badago, atea ez da irekitzen, blokeatuta geratzen da. Baina karga-jasogailuak huts egin zuen egun batzuk lehenago, eta ez zen ezer egin. Istripuaren egunean, atea blokeatzeko katigatze horrek ez zuen behar bezala funtzionatu, karga-jasogailua 0 solairuan egon ez arren atea ireki egin baitzen.

Lanaren antolaketa txarra eta oinarrizko mantentze prebentiborik eza dira istripu horren arrazoiak, eta erraz ekidin zitekeen. Izan ere, lan ikuskaritzak berak egiaztatu du enpresak adierazten duela karga-jasogailuak ez zuela inolako prebentziozko mantentze-lanik egiten, eta ez zuela betebehar horren berri.

Baina istripuaren ondoren, karga-jasogailua mantentzeko kontratua egin da enpresa batekin. Konponketak egin zituen enpresa bera da, eta segurtasun-frogagiri berriak sartu zituen. Beti bezala, enpresek berandu jarduten dute, langileok osasuna galdu dugunean.

2017ko ebaluazio bat zegoen, ez zegoen lanpostuaren arrisku espezifikoei eta enpresako arrisku orokorrei buruzko prestakuntzarik, eta ez dago ohiko lanposturako gaitasun-ziurtagiririk. Gainera, karga-jasogailua fabrikatzaileak kontraindikatutako kontuetarako erabiltzen zen, eta ateak blokeatzeko sistemen funtzionamendu desegokiagatik eta mantentze-faltagatik prebentzio-araudiaren bi arau-hauste larri ekarri ditu horrek. Eta prestazioen % 30eko errekargu-proposamena egin da, langileak jasandako osasun-kalteen eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko legeria haustearen arteko kausalitate-harremanaren ondorioz.

Enpresetako prebentzio faltak, lanaren antolaketa txarrak eta utzikeriak gaixotasuna eta heriotza dakarzkie langileei. Horregatik, lanean jarraituko dugu lanpostuetan osasuna gal ez dezagun eta gertatuz gero arduradunek ordaindu dezaten.

Historiatik ikasi behar da, eta langile bakar batek ere ezin du osasuna eta bizitza galdu lanera joateagatik.

Garbiñe Aranburu: “Langileak aktibatu eta antolatzea behar-beharrezkoa den honetan, borroka ziklo berria martxan jartzeko apustua egin dugu”

LABeko koordinatzaile orokorra ETB1 telebista kateko “Egun On Euskadi” saioan izan da gaur goizean. Odei Esnaolak luzatutako galderei erantzunez, sindikatuak aurten hainbat sektoretan abian jarriko dituen mobilizazio dinamikak nabarmendu ditu, besteak beste. Izan ere, langileok bizi dugun krisia egiturazkoa dela gogorarazi du, baita azkenaldian geroz eta modu gordinagoan azalarazi dela ere, bizitzaren garestitzea edota zerbitzu publikoetako murrizketak tarteko.

Bizkaiko metalgintzan puri-purian dagoen borroka edota gaur bertan Ipar Euskal Herrian erretretaren erreformaren aurka egindako greba ere izan ditu mintzagai Aranburuk. Azken horri lotuta, azpimarratu du pentsioen arloan ere “beste erasoaldi baten aurrean” aurkitzen dela langile klasea.

Hemen ikus daiteke elkarrizketa osorik (43:00 minututik aurrera): https://www.eitb.eus/eu/nahieran/bideoa/212786/

LABen Youtube-ko kontua hackeatua izan da

LAB sindikatuaren Youtubeko kanala hackeatua izan da eta une honetan geurea ez den edukia du. Arazoa konpontzen ari gara. Luze gabe berriro martxan izango dugulakoan, barkatu erazgozpenak.