2026-06-17
HomeEkintza PolitikoaLABek politika publikoak aldatzeko eskatu dio Txibiteri, aberastasuna birbanatzeko

LABek politika publikoak aldatzeko eskatu dio Txibiteri, aberastasuna birbanatzeko

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak eta Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak bilera bat egin dute gaur Iruñean, Nafarroako Jauregian, Maria Txibite Foru Komunitateko lehendakariarekin. Herritarren erdiak bizi duen egoera prekarioaren berri eman diote, eta aberastasuna modu bidezkoan banatzeko aldaketa sakonak egiteko eskatu diote. LABen eta lehendakari honen arteko lehenbiziko bilera publikoak erakundeen arteko harremanen normalizazioa berresten du, eta adeitasunez egin da.

Gaurko topaketa LABek 2022ko ekaineko X. Biltzarraren ondoren hasitako bilera sorta nazionalaren barnean kokatzen da, Euskal Herriko eragile eta erakunde sozial, sindikal, politiko, enpresarial eta instituzional gorenekin egiten ari dena. Lehenik eta behin, LABek Txibite lehendakariarekin partekatu du 2022an Nafarroako langileen lan eta bizi baldintzen azterketari buruz egin duen txostena, ondorioztatzen duena Nafarroako langileen erdia egoera prekarioan bizi dela.

178.175 nafar langabezian bizi dira, egoera ez-aktiboan edo 1.400 eurotik beherako diru-sarrerekin. Horrenbertzez, LABek Nafarroako lehendakariari eskatu dio indarra egin dezan lurraldeko gehiengo sozialaren baldintzak hobetzeko lanetan.

Ildo horretan, LABek Txibiteri galdegin dio enpresaburu eta eskuindarrek erreforma fiskalari jarritako betoa gaindi dezan, aberastasuna modu bidezkoan banatzea eta bizitza eta la-baldintzak hobetzea ahalbidetuko duena. Onartezina da Nafarroako enpresek irabaziak handitzen dituzten bitartean —Ogasunak aitortzen duen gisan—, soldaten igoerari eustea eta enpresaburuaren aldeko fiskalitatea ezartzea, horrek Nafarroako langile klasean erosteko ahalmena galtzea eta gehiengo soziala pobretzea eragiten baitu. Hala, LABeko ordezkariek Txibiteri eskatu diote, eskuina baztertzeaz gain, aldaketa sakonak egiteari eki diezaiola.

Lan Epaitegia, Osasunbidea eta Foru Hobekuntza

Elkarrizketa Soziala deitzen duten horretako sindikatuekin eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioarekin izandako bilerek, eta gaur lehendakariarekin egin den topaketa publikoak, berretsi egiten dute LABek Nafarroako eragile sozial, ekonomiko eta instituzional nagusiekin dituen harremanen normalizazioa. Solaskide arrunta izateko gaitasun horri garrantzi handia ematen dio sindikatuak. LAB da izaera hegemonikoa duen lehen indar sindikala Nafarroako Foru Administrazioan, María Txibitek zuzentzen duena, bai eta Nafarroako Gobernuaren menpeko den Esku-hartze Sozialeko sektorean ere.

Hala ere, elkarrizketaren normalizazioak nahitaez ekarri behar luke parte-hartze sindikala baldintza berdinetan. Hori dela eta, bertze neurri batzuen artean, sindikatuak Txibiteri eskatu dio buka dezan LAB Nafarroako Lan Epaitegitik at uzteko ohitura, Gobernuak ordaintzen baititu epaitegi horren gastuak.

Bertze aldetik, Osasunbidean lehen sindikatua den aldetik, LABek Txibiteri erran dio esklusibotasuna kentzea dirua baino zerbait gehiago dela: zerbitzu publikoak pribatizatzeko ate onartezina irekitzen duen profesional kopuru txikiari mesede egiteko neurria da. Zerbitzu publikoak hobetzea eta indartzea gure bizitzak erdigunean jartzea da. Guztion osasuna zainduko duen osasun publiko eraginkorra bermatzeko, langile guztien lan eta ordainketa baldintzak hobetu behar dira.

Gainera, gogorarazi diote 40 urte hauetan zehar agerian jarri dela Foru Hobekuntzak Espainiarekiko duen mendekotasunak eta lan-harremanen estatalizazioak egoera larrian bizitzea dakartela anitzendako. Balantzea defizitarioa baino ez da. Foru Hobekuntza agorturik dago, Nafarroak etorkizunari begiratu behar dio, bere subiranotasuna berreskuratu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.