2026-05-01
Blog Page 291

Garbiñe Aranburu: “Emakumeen* lanaren debaluazioak soldata arrakala sortzen du”

Soldata arrakalaren gaineko azterketa egin dugu: kategoria berekoak diren bi lanen artean soldata arrakala %90ekoa izatera irits daiteke, eta gizonek emakumeen* ia bikoitza irabazi. Azterketa hau Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak eta Maddi Isasi Idazkari Feministak aurkeztu dute.

Generoagatiko soldata arrakalaren inguruko azterketa aurkeztu du LABek, soldata arrakalaren nazioarteko egunaren atarian. Otsailaren 22an, arrakalaren kontrako mobilizazioak egingo ditu sindikatuak.

  • 11.00etan Bilbon, Jaurlaritzatik Patronalera.
  • 11:30ean Iruñean, Parlamentu aurrean.

Arrakala aztertzeko hainbat hitzarmenen arteko alderaketa egin du LABek, kategoria bereko lanak, maskulinizatuak batzuk eta feminizatuak besteak. Eraikuntza, metalgintza eta kale garbiketa (sektore maskulinizatuak) batetik, eta elikagaigintza merkataritza, helduen egoitzak eta aretoetako garbitzaileak (feminizatuak), bestetik.

Generoaren araberako lan merkatuaren antolaketak sortzen dituen bereizkerien ondorioak aztertzean, “segregazio bertikala ikusgarriagoa izanik ere, segregazio horizontala sozialki onartuagoa” dagoela adierazi du Maddi Isasi, LABeko Idazkari Feministak. “Erakundeek, instituzio publikoek emandako datuek ez dute errealitatearen benetako argazkia ikusten uzten”, gaineratu du.

HAINBAT DATU ESANGURATSU

Sektore maskulinizatuetako soldatak feminizatuetakoak baino %90 handiagoak izatera irits daitezke. Adibide zehatza jarri du Isasik: “Gipuzkoako eraikuntzako biltegiko peoiak, helduen egotzetako kategoria bereko langilearen soldata baino %90,30 gehiago kobratzen du. Beraz, parekoak diren bi lanetan, gizonezkoak emakumezkoaren aldean ia soldata bikoitza dauka.”

Aipatu kasua ez da kasu bakana. Badira gehiago:

HEGO EUSKAL HERRIA

Kale garbiketako langilea / Areto eta eraikinetako garbiketako langilea
%33,70 gehiago

Metaleko langilea / Helduen egoitzetako langilea
%45,36 gehiago

Batez beste urtean
Gizonek emakumeek baino 6.200 euro gehiago
%23 gehiago

HERRIALDEKA

ARABA
Eraikuntzako langilea / supermerkatuko langilea
%82,73 gehiago.

GIPUZKOA
Eraikuntzako langilea / Helduen egoitzako langilea
%90,30 gehiago.

BIZKAIA
Eraikuntzako langilea / Helduen egoitzako langilea
%50,35 gehiago.

NAFARROA
Metaleko langilea / Helduen egoitzako langilea
%56,40 gehiago.

Isasiren esanetan, horrek ez du esan nahi sektore maskulinizatuetako soldatak “oso altuak” direnik. Kontrara, sektore feminizatuetako soldatak “oso-oso baxuak” direla adierazten du.

Hori gutxi balitz, euren lan baldintzak lan-hitzarmen baten bidez arautzen ez dituzten langileen multzoan 4tik 3 emakumezkoa* da. Beraz, emakume* asko haien lan baldintzak argazki honetatik kanpo daude.

Garbiñe Aranburu, LABeko koordinatzaileak azaldu du ondorio nagusia: “Emakumeek* egiten dituztem lanak debaluatuak daude, balio gutxiago ematen zaie”. Lan baldintza kaskarragoak eta soldata arrakala dira nagusi sektore feminizatuetan.

“Sexuaren araberako lan banaketaren bidez eta zaintza lanak emakumeen* gain utziz debaluatzen da emakumeen lana”, Aranbururen esanetan. Bizitza sostengatzeko ezinbestekoak izan arren ez zaie lan horiei dagokien balioa aitortzen: Zaintza lan ez ordainduak nagusiki emakumeek* egin behar izaten dituzte eta ordainduak direnean ere bai, soldata eta lan baldintza kaskarretan; areago, “lan esplotazio egoeran etxeko langileei dagokienean”. Langilea emakume* migratu eta arrazializatua denean arrakala are handiagoa da, eta handitu egiten da ere, instituzioek lan horiek azpikontratatzen dituztenean, negozioari bide emanez. “Horrek guztiak negoziazio kolektiboan ere arrakalak egotea ekartzen du. Sektore feminizatuetan gatazka maila handiagoa egonik ere, blokeoa askoz nabarmenagoa da”, gogorarazi du Aranburuk.

Diskriminazioa identifikatzeari dagokionean, Isasi eta Aranburu bat etorri dira bereizketa bertikala horizontala baino “errazago” bereizten dela esaterakoan, eta gogorarazi dute ez dagoela lanik “gizonentzat baino emakumeentzat* egokiagoa” denik, eta alderantziz ere ez”. Banaketa horretan erortzea, “emakumeen* diskriminazioa ontzat ematea da”, gaineratu dutte.

ERALDAKETAREN BEHARRA

Egoera honek eraldaketa eskatzen du. Hiru norabide azpimarratu ditu LABeko koordinatzaile orokorrak: “Batetik, lanaren eta enpleguaren arteko dikotomia faltsuarekin amaitu egin behar da. Lan guztiak aitortu eta birbanatu egin behar dira; bestetik, sexuaren araberako lan banaketarekin amaitu eta enplegu guztiak birbaloratu behar dira, bizitzari eusteko beharrezkoak diren lanak gehiago ordaindu behar dira, sektore feminizatuetako lan baldintzak duindu egin behar dira; eta, azkenik, Emakumeok* doan eginiko zaintza lan guzti horien onuradun jendarte osoa da, patronalak eta instituzioek emakume hauekiko izandako zor patriarkala onartu eta zuzentzeko erabakiak beharrezkoak dira, esaterako pentsio arrakalarekin amaituz”.

Ahalduntzen jarraitzeko deia egin diete emakumeei* LABeko bozemaleek: “Ahalduntzen ari gara, borroka sindikal feminista indartzen ari da. Negoziazio kolektiboan borrokan jarriaituko dugu, interpelazio politiko instituzionala egiten eta mugimendu feministarekin aliantzak eraikitzen jarraituko du LABek”.

Igor Arroyo: “Mobilizazioa beharrezkoa da Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenean hobekuntzak lortzeko”

LABeko koordinatzaile orokorra Radio Euskadin elkarrizketatu dute gaur. Osasun sektorearen nahiz, oro har, sektore publikoaren egoeraz aritu da, baita fiskalitateaz, pentsioez eta metalgintzako sektorearen borrokaz ere. Azken horri lotuta, sindikatuak Gipuzkoan hitzarmen hobea erdiesteko abiatu duen borroka dinamikaz galdetu diote, zeinak Bizkaikoari lekukoa hartu dion. Arroyok azaldu du LABek mobilizazioen bidearen aldeko apustua egingo duela, historikoki horixe izan baita Gipuzkoan sektore horretako hitzarmenetan hobekuntzak eskuratzeko bidea.

Elkarrizketa esteka honetan entzun daiteke osorik (gaztelaniaz): https://www.eitb.eus/es/noticias/economia/detalle/9106316/lab-asegura-que-situacion-en-osakidetza-es-muy-preocupante-y-que-no-confia-en-gobierno-vasco/

Eusko Jaurlaritzako beharginen lan-baldintzak hobetzeko mobilizatu gara

Otsaileko astearte eta ostiraletan mobilizazioak egiteko asmoari jarraikiz, lantokiz lantoki elkarretaratzeak egin ditugu gaur. Datozen asteetan ere dinamika horri eutsiko diogu. Hala, besteak beste, administrazioak aldebakarrez inposatutako lansaio eta ordutegiak salatu ditugu, kontziliazioarentzako oztopoa baino ez dakartzatelako.

ADEGIk axolagabekeriaz ekin dio Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziaketari

Gaur, otsailak 10, bildu da metalgintzako negoziaketa mahaia bigarren aldiz eta, berriro ere, ADEGI esku hutsik etorri da. Hala, sindikatuok gure plataformak aurkeztu ondotik ez dugu proposamen bakar bat jaso.

Beraien proposamen falta testuinguruaren inguruko ikuspuntu eta irakurketa partzial bat azalduz estali nahi izan dute. Behin baino gehiagotan akordio bat nahi dutela azpimarratu dute gainera: nola egiten da hori proposamenik ekarri gabe?

Langileok ez dugu testuinguruaren inguruko azalpenik behar, gure azalean bizitzen baititugu inflazioaren eta krisialdi ezberdinen kolpeak. Errealitatea da, ezkutatu ez dutena gainera, enpresek irabazi handiak izan dituztela eta  aberastasun hori langileok sortu dugula.

ADEGIri erantzukizunez jokatzeko eta beraien proposamena behingoz mahai gainean jartzeko exijitzen diogu.

Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duina.

Osasunbidearen eta bertako langileen defentsan kalera atera gara

LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuok deituta, elkarretaratzeak egin ditugu gaur Osasunbideko lan zentroetan (Vianako Printzea kontsultategia, Tuterako Ospitalea, Lizarrako Ospitalea, Osasun Mentala eta Osasun-zentro guztietako ateak). Funtsezkoa iruditzen zaigu langile guztien babesa Osasunbidean gertatzen ari den noraezaren aurrean eta Osasun Sailaren ekimenik ezaren aurrean, eta horregatik egingo dugu greba otsailaren 15ean.

Osasuneko intersindikaletik uste dugu une kritikoa dela osasun-zerbitzu publikoen defentsan eta langileen lan-eskubideen defentsan. Gehiengoz, ordezkaritzari dagokionez, profesional guztiei eragiten dieten hobekuntza-neurri batzuk planteatuko ditugu. Neurri horiek aurrekontua handitzea dakarte, eta horrek Osasunbidearen jardueran eragina izango du, bereziki lehen mailako arretan eta espezializatuaren plantillaren dimentsionamenduan, bai eta lan-baldintzak hobetzea ere. Hala, Osasun Sailari oinarrizko eta beharrezko neurriak helaraziko dizkiogu, eta idatzizko konpromisoa eskatuko diogu aurrekontuari eta kronogramari dagokienez.

Negoziatzen ari diren edota aurrera eramango diren neurriek langilego osoa ordezkatu beharko dutela uste dugu: akultatiboak, erizainak, fisioterapeutak, zainketa- teknikariak, goi-mailako teknikariak, zerbitzu orokorrak, mantentze-lanak, administrazioko langileak, zelariak….

Hori guztia dela eta, gaur egin bezala, hilaren 15eko greba egunean ere kaleak hartzeko dei egiten diegu langile guztiei.

Manifestazioak deitu ditugu otsailaren 25erako, Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka

Bilbon, Donostian eta Gasteizen eguerdiko 12:00etan egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitzen diegu langileei eta herritarrei.

Duela aste batzuk, Osakidetzan arazoak eta zailtasunak daudela aitortzen entzun genion Urkullu Lehendakariari. Esan zuenez, gure osasun-sistema publikoa Jaurlaritzaren lehentasunetako bat izango da. Hitz horien itxura gorabehera, hilabete eskasera, eta herritarren aurrean agerikoa den errealitatea ezkutatzeko ahaleginean, Osakidetza ez dela ez desegiten ez pribatizatzen ari adierazi du Lehendakariak, eta Sagardui Sailburuak ere ukatu egin du Osakidetzan murrizketak eta pribatizazioak egiten ari direnik.

Errealitate bakarra da lan-prekaritateak gure osasun publikoaren arazo handienetakoa izaten jarraitzen duela: % 50etik gorako behin-behinekotasun-tasa; hamarkada batean % 20tik gorako erosahalmen-galera; lan-gainkarga sistematikoa; plantilla urria; ordezkapenik eza eta lanpostu hutsak ez betetzea; lan-baldintzetan murrizketak, hala nola Garapen Profesionalean aplikatu nahi den murrizketa erradikal eta justifikaziorik gabea, etab.

Aldi berean, Deustuko, Zumarragako eta San Martingo EAGetan eta Santiago Ospitaleko larrialdietan aplikatutako murrizketek eta Basurtuko bihotzeko kirurgia ixteko proiektuak aurrera jarraitzen dute. Gainera, oporraldietan etengabeak dira lehen mailako arretan ematen diren murrizketak. Osakidetzaren kategoria guztietan eta hiru lurraldeetan eragina duten egiturazko arazoen aurrean gaude.

Azpimarratu behar da Lehen Mailako Arretaren egoera bereziki prekarioa dela. Gogoan izan behar dugu kolektibo horrek 2019an ere egin zuela greba, garai hartan pairatzen zuten muturreko egoera salatzeko. Egoerak okerrera baino ez du egin hiru urte hauetan. Argi dago, gainera, Osakidetza sare bat den heinean, sailburuak behin eta berriro errepikatzen duen bezala, Lehen Mailako Arretaren egoera horrek eragin zuzena duela beste asistentzia-maila batzuetan, Ospitaleko Larrialdietan, besteak beste. Horrela, larrialdietan gero eta gainkarga handiagoa dago.

Bitartean, Mahai Sektoriala erabat blokeatuta dago. Osakidetzak ez du erabakitzeko ahalmenik, eta Osasun Sailak ez du sindikatuen aldarrikapenetako bakar bat ere aintzat hartu, eta ez die sindikatuen proposamenei erantzunik eman abenduaren 7ko bileraren ondoren. Gainera, Mahai Sektoriala erabili nahi du existitzen ez den negoziazio baten itxura emateko, uda aurretik bultzatutako mobilizazioei jaramonik egin gabe: langileen zein herritarren parte-hartze handia izan zuten manifestazio jendetsuak, eta lau greba egun.

Osasun Sailak gure osasun publikoa eraisteko bidean sakontzen duten erabakiak hartzen jarraitzen du. 2023ko ekitaldirako, Osasunera bideratutako aurrekontua 2022an benetan gastatutakoa baino 20 milioi euro txikiagoa da; badirudi, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, 2023an iaz baino premia gutxiago dagoela. Gainera, ezabatu egin du COVIDetik eratorritako beharretara bideratutako partida. Baina, errefortzu ekonomiko hori ezabatzearekin batera, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren prekarizazioa pandemiaren ondorio zuzena dela argudiatu du.

Herritarrei eskaintzen zaien osasun-laguntza eskuratzeko gero eta zailagoa eta kalitate txarragokoa da. Lehen Mailako Arretako hitzorduek atzerapen handia dute, eta batzuetan ez dago bermatuta aurrez aurreko arreta; PACak ixteak edo horietako ordutegiak murrizteak joan-etorri luzeagoak egitera behartzen ditu pazienteak, eta horrek gero eta egoera delikatuagoan jartzen ditu kolektibo kalteberak; Ospitaleko Larrialdietako batez besteko itxaronaldia 5 ordukoa da, eta bi egunetara ere heltzen da artatu ondoren plantara eramateko epea; kanpo-kontsulta baterako zain dauden pazienteen kopurua 6gatik biderkatu da 6 urtetan; proba diagnostiko baten zain daudenena bikoiztu egin da 2019tik; eta kirurgiako itxaron zerrendak % 36 hazi dira hiru urtetan; Osakidetzak onartu du 11 hilabeteko atzerapena dagoela bularreko minbiziaren baheketetan, eta ebakuntza egiteko zain dauden eta minbizia duten pazienteek hilabete bat itxaron behar dutela.

Osasun-aseguru pribatuen kontratazioak gora egin izana Osakidetzaren eraispenaren ondorioetako bat da, zalantzarik gabe; izan ere, Bizkaian, esaterako, 3 herritarretik 1ek kontratatu dituzte.

Egoera horren aurrean, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioak deitu dituzte otsailaren 25erako Bilbon, Gasteizen eta Donostian, Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka. Mobilizazioak 12:00etan abiatuko dira Jesusen Bihotzaren plazatik, Andre Maria Zuriaren plazatik eta Bulebarretik. Langileei, herritarrei eta gizarte mugimenduei guztion osasuna defendatzeko mobilizatzera dei egiten diegu.

Borrokarako prestasuna erakutsi dugu Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen Garbiketan, soldata arrakalarekin bukatzea ortzimugan, 1.300 eurotako 15 paga aldarrikatzeko

Gaur, otsailaren 9an, bi urte eta gero, Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako Garbiketako Hitzarmena negoziatzeko mahaia bildu da. LABen ustez, denbora gehiegi pasa da azken mahaiaren bilera egin zenetik, langileei inolako eskaintzarik egin gabe, ezta borrokarako ere. Horregatik, egoerarekin kezkatuak, abenduan, Gipuzkoako garbitzaileen egoera salatzearekin batera, LABetik konpromiso publikoa hartu genuen trantsizioko hitzarmen bat helburu izanda, sektoreko langileak antolatu eta hitzarmena berriz ere negoziatzen hasteko baldintzak sortzearen alde lan egiteko, bai urte hauetan galdutako eros ahalmena berreskuratzeko baita datozenetako lan baldintzak hobetzeko ere.

Egin genuen interpelazio publiko honi esker, gaur mahaia biltzea lortu dugu, gehiengoak mugiarazi ditugulako. Orain ikusteko dago benetan negoziaziorako eta, bereziki, Gipuzkoako garbitzaileen lan baldintzak hobetzeko duten konpromisoa egiazkoa ote den.

Izan ere, langile hauek, ezinbestekoak izan arren, denbora gehiegi daramate lan baldintza izoztuekin. LABek oso argi dauka jendarte justu batean onartezina dela hori, eta langileon baldintzak jendartean bizirauteko behar bestekoak izatea ezinbestekoa dela.

Gaurko mahaian LABek hor jarri nahi izan du fokoa, garbitzaileen lan baldintzak hobetzeko proposamen errealak eginez: soldata arrakalarekin bukatzea ortzimugan, 1300 euroko 15 paga aldarrikatu ditugu urtean, baita jardun minimo bat eta partzialitateagatiko konpentsazioa ere.

Patronala ordea, denbora pasatzera etorri dela salatu behar dugu. Ez genuen gehiago espero. Bestetik, gehiengoa duen sindikatuak, ELAk, proposamen berria aurkeztu du gainontzeko sindikatuekin kontrastatu gabe eta inolako jakinarazpenik egin gabe. Horrelako jarrerek zaildu egiten dute ELA bidelagun izatea. Azpimarratzekoa da, gainera, oraingo mugimendu hau LABek abenduan egindako agerraldian azaldutako proposamenera gerturatzen dela.

Otsailaren 22an Soldata Arrakalaren Aurkako Eguna izango da. Egun horretan, erakunde publikoei ahoa betetzen zaie ondoren errealitate bihurtzen ez diren hitz hutsalekin; izan ere, langile hauek pairatzen duten prekarietatea eta diskriminazioa ez da desagertzen. Are gehiago, pleguen bitartez diskriminazio horrekin bukatu baino, arrakala areagotzen ari da.

Honen aurrean, antolakuntza eta borrokarako deia luzatuko diegu sindikatu guztiei, bai eta langileei ere, oro har. Inork ez digulako ezer oparituko, borroka garaiak datozela aurreikusten dugu.

Deitoratzen dugu Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresetako patronala agertu ez izana sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilerara

Nafarroa Garaiko gizarteratze eta laneratze sektoreko lehen hitzarmena izanen dena negoziatzen hasteko bilera deitua zegoen gaur goizean Iruñean, baina EINA patronala ez da agertu “segurtasun juridikorik eza” alegatuz. LAB, CCOO eta UGT sindikatuen ordezkariak bileran izan gara, negoziazioak hasteko oinarri juridiko nahikoa dagoela uste baitugu.

Hainbat ebazpen eta epai judizial ditugu gizarteratze eta laneratze enpresak Esku-hartze Sozialeko Estatuko hitzarmenaren eremu pertsonal eta funtzionalaren barruan daudela berresten dutenak. Baina Nafarroan gizarteratze eta laneratze enpresak ez dira gutxieneko hitzarmen hori aplikatzen ari, ez teknikariei, ez gizarteratze prozesuan kontrataturikoei. EINAk ez du aurkeztu gutxieneko hitzarmen hori zergatik ez den aplikatzen justifikatzeko agiri bakar bat ere. Uste dugu hitzarmen hori dagoeneko aplikatu beharko litzatekeela, baina, gainera, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen berezko hitzarmen sektoriala ezarri beharko litzateke; horregatik bultzatu dugu negoziazio prozesua.

Hori guztia erranda, irekita gaude egon daitezkeen iritzi eta argudio juridiko guztiak behatu eta aztertzeko, sektore hori duintzeko eta gizarte-egoera ahulean dauden pertsonen eta haiei laguntzen dieten pertsonen enpleguaren eta bizitzaren kalitatea hobetzeko hitzarmena lortze aldera.

Beraz, ikusita EINA ez dela gaurko bilerara etorri, LAB (%55eko ordezkaritza) eta CCOO (%22) sindikatuok erabaki dugu negoziazio mahaia irekitzen saiatzeko bigarren data batera deitzea; martxoaren 2an izanen da, goizeko 11:00etan. UGTk (%22) ez du deialdi hori babesten.

Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duina exijitzeko borrokaren baitan errepide mozketa gauzatu dugu

LABek errepide mozketa egin du goizean Legazpin, sektoreko hitzarmena eguneratu eta langileen beharrizanetara egokitzeko ordua dela adierazteko asmoz. Urtarrilean ekin genion Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziaketari, eta azken bileran sindikatuok sektorearen aldarrikapen eta beharrak jasotzen dituzten plataformak aurkeztu genituen. ADEGI patronala, aldiz, esku hutsik etorri zen.

Legazpin egindako bide mozketaren bidez, egoera salatu eta patronalari KPIa bermatuko duen hitzarmen duina exijitu nahi izan diogu.

Sektoreko datuak aztertuta, argi ikusten dugu enpresek irabaziak izan dituztela, eta ez hori bakarrik, dibidenduak ere banatu dituztela. Irabazi horiek langileok sortu ditugu, eta ezinbestekoa da aberastasun hori geurekin banatzea. Gainera, bizitzaren garestitze izugarriaren aurrean derrigorrez bermatu behar da denon eros ahalmena.

Hala ere, uste dugu KPIa bermatzea bakarrik ez dela nahikoa, eta lanaldi murrizketa, aldi baterako ezintasunerako osagarriak, baimenen eguneratzea, malgutasuna, berdintasuna eta prebentzio eta lan osasuna bezalako arloetan ere aurrera pausoak behar dituztela azaldu dute.

Hurrengo negoziaketa bilera otsailaren 10ean izango da, eta ADEGIri sektoreko beharrei erantzungo dien proposamen bat ekartzea exijitzen diogu.