2026-05-01
Blog Page 283

Donostiako DHL Parceleko langileak borrokan ari dira erosahalmena bermatuko duen hitzarmenaren alde

DHL PARCEL GIPUZKOA SPAIN S.L. enpresan sinatutako azken Hitzarmen Kolektiboa 2018ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean, lau urterako; hau da, 2021eko abenduaren 31ra arte

Geroztik, hainbat bilera gauzatu dira enpresa batzordearen eta enpresaren artean, hitzarmena berritzeko helburuarekin.

Aldiz, bi aldeak adostasunetik oso urrun gaudela dirudi. Berez, alderdi sozialaren aldarrikapen nagusia langileen eros-ahalmena bermatzea da, egunerokoan egon daitezken kontu batzuk hobetzearekin batera.

LAB sindikatuarentzat KPIa marra gorri bat da. Kontuan izanik bizitzaren garestitzea islatzen duen adierazlea dela, garbi ikusten dugu DHL Parcel Gipuzkoako langileen soldatak KPIarekin bat etorri behar izatea.

Adierazle hori bermatzeko helburuz, enpresak KPIa bermatzeko modu errazago bat eskaintzen duen formula jarri du mahai gainean LAB sindikatuak. Dena den, enpresak termino horietan hitz egin nahi izan gabe jarraitzen du.

Hortaz, gurea den horren alde borrokatzea dagokigu. Gaur, martxoaren 7an, Fernando Mugika kaleko 1. zenbakian elkartu gara (Belartzako Mercadona parean), 12:45etatik 13:30era bitartean, gure eskubideak aldarrikatzeko.

Erretreta erreforma bertan behera utzi behar dela adierazi diogu ozenki Macronen gobernuari

Ipar Euskal Herriko langileok nekaezin jarraitzen dugu Macronen gobernuaren erretreta erreformaren aurka mobilizatzen, bidegabea dela eta kapitalisten interes politiko eta finantzarioei baino erantzuten ez diela iritzita. Gaur, greba eguna izanik, goizean goizetik blokeoak egon dira, eta Baionan egindako manifestazioak jende andana batu du. Arratsaldez Donapaleuko Herriko Etxean beste hitzordu bat egongo da.

Guztiontzako bizitza duina bermatuko duen euskal sistema publiko propioa aldarrikatzen du LAB sindikatuak, eta, ildo horretatik, frantziar gobernuak ezarritako neurria, besteak beste erretreta adina atzeratzea dakarrena, bidegabea dela uste dugu. Hori dela eta, gainerako sindikatuekin batera mobilizatu gara beste behin ere Baionako karriketan.

Gaurko manifestazioa seigarrena izan da, eta, LABeko ordezkari Eñaut Aramendik nabarmendu duenez, “abiapuntu berri bat” markatu behar du: “Gaurtik goiti sindikatu gehienok eta sektoreek diote indartu behar dutela eta bozkatu behar dela bihar, etzi eta ondoko egunetan greban jartzeko. Jendea ikusita, gaurko helburua izan behar da ekonomia blokatzea eta horretarako indar guztiak honi begira kokatzea, erreforma atzera botatzeko”. Ipar Euskal Herriko LABeko koordinatzaile Argitxu Dufauk ere parte hartu du manifestazioan, eta bat egin du Aramendik adierazitakoekin, borrokan jarraitzeko beharra nabarmendu duelarik: “Azken finean ez gara entzunak, baina gure aldarrikapena ez da aldatu: erretreta erreforma bertan behera utzi behar du Macronek”.

Arratsaldean, berriz, Donapaleuko Herriko Etxean elkartuko gara, 18:30ean.

Martxoaren 3ko hontan beste langile bat hil da Baionan

Larunbat gauean jakin dugu beste langile batek galdu duela bizia lan istripuz, oraingoan Baionan. Honekin, 10 lan istripu hilgarri daramatzagu Euskal Herrian 2023an

LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi die langilearen senide, hurbilekoei eta lankideei, zein EH-ko langileria guztiari.

Baionako auto tailer batean margoketa kabina bat muntatzen ari ziren bi langile erori ziren kabina gainetik, bata zauritu eta bestea bertan hil zen. Urtebeteko epean 3. heriotz traumatikoa eragin du sistema kapitalistak Ipar Euskal Herrian. Objetiboa da beraz lan istripuen egoerak okerrera egin duela eta ez dago zalantzarik enpresek honen inguruan egin behar duten prebentzio neurrien integrazioan atzera pausoa eman dela. Guzti hau, Frantziako estatuaren murrizketa prozesu basati baten baitan ematen ari da, ez dago kasualitaterik, langileriaren lan osasunak eskubideekin zerikusi zuzena du.

Honela, azpimarratu nahi dugu enpresariek dutela lan osasunaren bermearen ardura osoa eta administrazioak egikaritu eta betearazi behar duela berme hori. Enpresarien jarrera eta utzikeria, bizitzarekin ordaintzen ari gara. Ez dugu atsedenik hartuko langileriaren osasuna bermatu dadin eta ez betetze guztiak irmoki salatuko ditugu. Heriotza berri honen aurrean langileriaren mobilizazioaren beharra azpimarratu nahi dugu eta LABek bide emango dio behar horri.

Nafarroako Hezkuntzan greba deitu dugu apirilaren 3an ratioak jaitsi eta erosahalmena berreskuratzea exijitzeko

Nafarroako Gobernuak eta, zehazki, Hezkuntza Departamentuak otsailaren 15eko greban gure kolektiboak planteatutako aldarrikapenei inolako erantzunik eman ez dionez, LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT erakunde sindikalok Nafarroako Hezkuntza Publikoko irakasle guztiak beste greba-egun batera deitzen ditugu apirilaren 3rako.

Legegintzaldi honetan Mahai Sektorialeko ordezkaritza sindikalari ez zaio baliorik eman, gutxietsi gaituzte. Negoziazio kolektiborako tresna nagusia kontsulta-organo hutsa bihurtu nahi izan da, ez da izan guztioi eragiten diguten lan-baldintzei buruz negoziatzeko gunea.

Beraz, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu premiazko negoziazioa dei dezala, irakasleen zilegitasuna eta babesa duten mahaietan (Mahai Sektorialean eta Mahai Orokorrean) honako aldarrikapen hauek lantzeko, baita sindikatuetatik planteatu ditzakegun beste guztiak ere.
● Ratioen jaitsiera hezkuntza-etapa guztietan.
● Erosahalmenaren berreskuratzea.
○ KPIarekiko soldata-igoera eta 2010etik galdutako erosahalmenaren berreskuratzea, %20 delarik.
○ Funtzionario mailak eta titulazioak Bolonia Planaren arabera egokitzea.
○ Lanbide-karrera guztiontzat
● Behin-behinekotasuna % 8 errealetik behera murriztea.
● Gainkarga burokratikoa murriztea ikasleen premiei denbora eskaini ahla izateko. Hau aurrera eraman al izateko baliabide gehiago behar dira: osasun-baliabideak, giza-baliabideak, administratiboak eta abar.

Guk argi dugu aldarrikapen hauek lortzeak, irakasleen lan-baldintzak hobetzeaz gain, zuzenean ekarriko duela eskaintzen den zerbitzu publikoa nabarmen hobetzea. Ezin dugu ahaztu hezkuntza dela gure gizartea hobetzeko tresna nagusia, eta hori babestu behar dugula, gizarte-justizia handiagoa lortzeko funtsezko zutabea baita.

Bestetik, ikastetxe guztiak animatzen ditugu Klaustroetan eta Eskola Kontseiluetan euren atxikimenduak sustatzera, Hezkuntza Departamentuak zuzenean ezagut dezan eta eskola eta institutuetan dagoen ezinegonaz jabetu dadin. Ikastetxeetan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak badira ere, gure sektoreak izan zuen jarraipen handiena aurreko greba-deialdian. Beraz, negoziaziorik ez dagoen bitartean eta gure aldarrikapenak aintzat hartzen ez diren bitartean, mobilizazioen dinamikarekin jarraituko dugu, hezkuntza publikoa, doakoa eta kalitatezkoa izateko eskubidearekin ez baita jokatzen.

LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu legez ezarritako mahaietan benetako negoziazioa egin dezan, planteatutako aldarrikapen guztiei erantzuteko. Gurekin batera mobilizatzeko deia egiten diegu ere, gainerako sindikatuei eta hezkuntza-komunitateko beste eragileei. Helburu horrekin, greba deitu dugu hezkuntzan datorren apirilaren 3rako.

4 eguneko lanasteaz Idoia Mendiaren proposamenak propagandatik asko du LABen ustez

LABek jardunaldi murrizketaren inguruko eztabaidari premiaz heldu behar diogula uste du, eta horretan ari gara aspalditik: LABek eremu desberdinetan lanaldi murrizketa proposamenak egin izan ditu, patronalari, instituzioei, lan eta enplegu sailari eta Idoia Mendia sailburuari ere bai, zuzenean. Ez batzuek, ez besteek, orain arte ez dute eztabaida horri heltzeko borondaterik adierazi.

Euskal Herriko langileriak bere lan jarduna murriztea ezinbestekoa dela uste dugu, egungo lan jardunaldia ez baita bizitzarekin uztargarria. Lanaldiaren eztabaidak euskal langileon erronka desberdinei erantzun behar die: ekarpena egin behar du langileen lan eta bizi baldintzak hobetu eta enplegua banatzeko; ekarpena trantsizio ekosozialistak eskatzen dituen erronkei heltzeko bidean, eta bizitza sostengatzeko hain beharrezkoak ditugun zaintza lanak burutu eta denon artean banatu ahal izateko ezinbesteko baldintza da.

Banaketa hirukoitzaren norabidean urratsak eman behar direla uste dugu: aberastasuna, zaintzak eta enplegua banatu behar dira, eta jardunaldiaren murrizketa bide horretan kokatzen dugu.

Proposamen zehatzak eginak ditugu bide horretan, tartean, lan jarduna astean 30 ordura murriztearena. Eta, besteak beste, eduki hori barnebiltzen duen lanbidearteko akordioarako proposamena ere egina dugu LABetik. Orain arte inongo erantzunik ez dugu jaso.

Orain, elkarrizketa sozialera eraman nahi du bere proposamena. Mendiari mahai antidemokratiko horretan herri honetako gehiengo sindikalak ez duela parte hartzen gogorarazi behar diogu. Era honetako eztabaidek bestelako prozesu, marko eta akordioak eskatzen dituzte. Propaganda kanpaina gutxiago eta eztabaida serio gehiago.

Langile borroka eta grebaren bidez Fundiciones del Estandan enpresa hitzarmena #LortuDugu

Aste luzez enpresak negoziaketa blokeatuta eduki ostean jada hiru aste igaro dira Fundiciones del Estandako langileok greba eta mobilizazioei hasiera eman genienetik. Ordutik 3 lanuzte egun eta bi greba egun burutu ditugu. Astearteko greba arrakastatsuaren biharamunean komitea (5 LAB, 2 ELA eta 2 CCOO) zuzendaritzarekin bildu zen eta bertan langile batzarrera eramateko modukoa zela irizten genion proposamen bat erdietsi zen. Atzo, osteguna, langile batzarrean gehiengo zabalak baiezkoa eman (111 bozka alde, 11 kontra eta 1 txuri) eta proposamena babestu zuen.

Gauzak hala, duela hilabete eskas ezinezkoa zirudien hura langileen batasun eta determinazioaren bidez posible bilakatu da berriz ere. Zentzu honetan LABeko kideok greba eta mobilizazioak babestu dituzuen langile guztiak zoriondu nahi zaituztegu, guztion artean enpresa hitzarmena lortu baitugu.

Besteak beste hitzarmenaren iraunaldian KPIa bermatuko duen soldata igoerak, lizentzietan aurrerapenak eta soldata eskala bikoitzean hobekuntza nabarmena dira lortutakoak.

LABetik argi dugu bidea ez dela hemen amaitzen, eta aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu etorriko diren hitzarmenen negoziaketa naiz arazo ezberdinen aurrean akordiorik onenak lortzeko. Bide horretan eskuratu dugun hitzarmena lortzeko jorratutako bidea eredu izango da.

Bukatzeko, oraindik hitzarmenaren aldeko borrokan dirauten Fudikeko langileei indarrik eta animorik handienak
bidali nahi dizkiegu.

Osasungintzako intersindikalak aurreikusitako mobilizazio guztiei eutsiko die, Osasun Departamentuaren proposamenak ez baitu zehaztasunik

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Funtzio Publikoko kontseilari Javier Remirezek eginiko adierazpenei eta Osasun Departamentuak eginiko proposamenari erantzunez, zeinak PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta EH Bildu alderdien babesa omen baitu, osasungintzako intersindikaleko Greba Batzordeak ondokoa adierazi nahi du:

  • Greba Batzordea Osasun Departamentuak eginiko proposamena baloratzen ari da eta kontraproposamen bat eginen du, greba deialdia bertan behera uzteko berme nahikorik ez dagoela uste baitu.
  • Osasun Departamentuak eta Remirez kontseilariak Greba Batzordearen proposamenak deslegitimatu nahi dituzte, arreta alderdi ekonomiko hutsetara desbideratuz.
  • Intersindikalak hainbat gairi buruzko proposamenak egin ditu, hala nola, Lehen Arretaren aurrekontua handitzea, plantilla egokitzea, plantillaren lan gainkarga murrizteko lantaldeak ezartzea bai Lehen Arretan, bai espezializatuan, Osasunbideko behin-behinekotasuna murrizteko estrategiei lehenbailehen ekitea %50 baino handiagoa baita, eta abar. Ez dugu erantzunik jaso.
  • Plantillako “langile guztientzako karrera profesionala”, “jaiegun bereziak ordaintzea” edo “lanbide kokapena” bezalako neurriek ez dute batere kronogramarik eta aurrekontua izatearen mende daude. Osasun Departamentuak karrera profesionalari buruz proposatu duen idazketan ez dago inolako betetze-bermerik, eta hori onartzeko, “arau-esparruaren proposamena”, “pixkanaka ezartzea” eta “dagokion aurrekontu-nahikotasuna” bete behar dira. Indar sindikalek proposatutakoa betetzeko bermeak eskatzen dituzte, funts gehigarriekin gertaturiko gauza bera gerta ez dadin. Langileak, oraindik, Mahai Orokorrean 2018an adostutako neurriak aplikatzeko zain daude. Neurri horiek hobekuntzak ekartzen zituzten familia laguntzetan, gaueko lanaren osagarrian, eta abar.
  • Remirez kontseilariak karrera profesionalari buruz eginiko adierazpenei dagokienez, erran behar dugu hobekuntza ekonomikoa ez ezik, aukera ematen diela langileei beren lana egiteko prestakuntza eta eginkizunak aintzatesteko, herritarren arretan zuzeneko eragina izan dezan. Prestakuntza hori eremu publikotik egin behar da, baldintza egokiekin.

Osasungintzako intersindikalak kronograma zehatz bat eskatzen du, aurrekontu-nahikotasuna eta lan baldintzei zein herritarrentzako arretaren hobekuntzari dagokienez benetako onura ekarriko duten neurri batzuk

Uste dugu une garrantzitsua dela zerbitzu publikoen defentsan, kalitateko osasun laguntza publikoan eta lan baldintzen hobekuntzan. Baina Osasun Departamentuak egin digun proposamena batere zehqaztapaneik gabekoa da. Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusia ez da erreferentea Greba Batzorde honendako; izan ere, legez ezarritako esparrutatik kanpo negoziatu eta hartu ditu erabakiak, baita hobekuntzak modu pertsonalean eskaini ere, inork eskatu gabe Mahai Orokorrean onartu bezala, eta esklusibotasuna bezalako funtsezko kontzeptuak ezabatzen (ordainduz) saiatu da.

Osasungintzako intersindikalaren lanak eta aldarrikapenek eragin dituzte mugimenduak Osasun eta Funtzio Publikoko departamentuetan, eta ez dugu akordiorik onartuko inolako bermerik gabe, ez dugu langile gehienen protestak isilaraztea bertzerik bilatzen ez duen akordiorik onartuko.

Martxoaren 18an hitzordu garrantzitsu bat izanen dugu Nafarroako herritarrekin Iruñean, Golem zinematokietatik abiatuko den manifestazio batekin. Mobilizazio horrek Nafarroako Osasun Plataforma, udal, eragile sozial eta sindikatuen babesa izanen du, osasun arreta duina, publikoa eta kalitatezkoa ematearen alde. Hori baino lehenago, martxoaren 15ean, elkarretaratzeak izanen dira Nafarroa osoko osasun etxe, kontsultategi eta ospitale publiko guztien aitzinean. Eta martxoaren 23rako greba eguna deitua dago Nafarroako osasungintza publiko osoan.

Langile migranteak aintzat hartu eta langile borrokaren eta antolakuntzaren beharra azpimarratu dugu Gasteizen, Martxoaren 3ko ekitaldian

Ekitaldia egin dugu Gasteizen, 1976ko martxoaren 3ko langile hilketen 47. urteurrenean, sarraskia gertatu zen elizaren ondoan. Bertan parte hartu du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, eta adierazi du “langile borroka markatu duen eguna” izan zela hura, “Euskal Herrira lan eta bizi baldintza duinen bila etorritako langile migratuen borroka, justizia sozialaren aldeko borroka. Eta, borroka feministari ere ekarpena, ezinbestekoa eta erabakigarria izan zelako emakumeek jokatutako papera”.

“Gaur, 47 urte beranduago, hemen gaude, garai haietan heldu zein ume ginenok. Baita jaio gabe zeudenak ere, ez dugu egun hura ahanzturan uzteko. Herri eta langile moduan, nora joan behar dugun jakiteko, nondik gatozen jakitea garrantzitsua baita”, gaineratu du LABeko ordezkariak, Martxoaren 3 elkarteak memoriaren eta egia, justizia eta erreparazioaren alde urte guzti hauetan egindako lana aitortuz.

Egungo egoean erreparatuz, langileontzat kontzesiorik ez dagoela gaineratu du, “eskubideak konkistatu egin behar dira. Orduan eta orain kapitalaren interesak harrapakeria izaten jarraitzen du, sistemak langileen arteko arrakalak bultzatzen ditu, migrante eta bertakoen artean, gizon eta emakumeen artean, gazte eta ez hain gazteen artean, etekina atera eta dominaziorako tresna moduan erabili nahian”.

Adibide zehatzetara joz, Aranburuk aipatu du “Garamendik, 400.000 eurotako soldatarekin, erosteko ahalmenari eutsiko dioten soldata-igoerak ukatzen dizkigu; bankuak eskandaluzko irabaziak poltsikoratzen ari dira eta hipotekak garestitzen dizkigute edo Josu Jon Imazek diru publikoa esku pribatuetara bideratzeko nahi ditu Europako funtsak, baina gero ez du zergarik ordaindu nahi”.

Politika publikoak zehaztu eta publikoa den oro, izan pentsioak edo osasungintza, suntsitu nahi duten elite ekonomiko hauen aurrean, langileak kokatu ditu, “bizitza duinaren alde borrokan ari garenak”.

Kapitala eta patronalaren arteko aliantza kriminal honetan poliziaren errepresioak duen egitekoa ere hizpide izan du Aranburuk, Tubacexeko langileek edo aste honetan Osakidetzako garbitzaileek jasan behar izan dutena aipatuz, baina 1976ko egoerarekin lotura eginez, gaineratu du: “ez orduan ez orain, ez errepresioak ezta borroka sindikal eta sozialaren kriminalizazioak ez gaitu gure bidetik aterako”.

Borroka sindikalaren apologia ere egin du Aranburuk: “Hor dago LAB, orain 47 urte baino sendoago, errotiko aldaketak bultzatu eta eraldaketarako sindikalgintza berria garatuz. Trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatuz, bizitza duinerako eskubidea erdigunera ekarriz. Aberastasuna eta lana banatzeko proposamenak baditugu. Esplotazio eta prekaritate modu zahar eta berriei aurre egiten diegu, lanetik osasuntsu eta bizirik itzultzeko dugun eskubidea bermatzeko neurriak eskatu, injustizia sozial eta edozein arrazoigatiko diskriminazioei aurre egin. Estatua aldarrikatu soilik ez, Estatuaren eraikuntzan busti egiten gara”.

LABek langile guztientzako etxea izan nahi duela gaineratu du sindikatuko ordezkariak, ikuspegi feminista eta antirrazista barnebiltzen dituen praktika soziosindikalarekin, sindikalismo birpentsatzeko ariketa etengabean.

Langile migranteen errealitatea ere hizpide izan du Aranburuk: “asko zarete zuen herrialdeak uztera behartutako langileak, zuentzat eta zuen familientzat bizitzeko aukera hobeen mila. 70eko hamarkadan, Estatu espainoleko txoko ezberdinetatik eta gaur egun, asko urrutiagotik, baina helburu berdinarekin. Eta zer da topatzen duzuena? Migrazio politika kriminalen ondorioak jasan ondoren, arrazista den Atzerritartasun Legea eta diskriminazioa”.

Eskubiderik gabeko errealitate honen aurrean, LABek eskaintzen diena zehaztu du: “Guretzat borroka kideak zarete, bizitza duinerako eskubidea duten langileak, eraldaketa soziala eta Euskal Estatu independenteranzko bidelagunak”. 

Zaintzan ari diren emakumeak

Igor Chillon Gasteiz-Lautada-Errioxako eskualde arduranak eta Lorena Rejo sektore soziokomunitarioko arduradunak ere hartu dute hitza ekitaldian. Rejok, zaintza eta pribatizatutako sektoreetako langileen lan-baldintzak izan ditu hizpide. Zaintza lanak aitortzea eskatu eta behar besteko aurrekontu-hornidura eskatu du zaintzako langileentzat, gizarte-zerbitzuen eta zaintza-zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko; kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa izan dadin.

Ekitaldiaren ondoren, bertan parte hartu dutenak krabelin bana kokatu dute Martxoak 3ko plazan dagoen monolitoan eta hiru kidek “Agurra” dantzatu dute bertan.

Emakumezkoen langabeziak egiturazkoa izaten jarraitzen du, datu orokorrek behera egin arren Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 144.660 langabe daude, pasa den urtean baino 4.848 gutxiago. Herrialdeen artean, ordea, egoera ez da berdina aurreko hilabetearekin alderatuz; izan ere, Nafarroan urtarrilean baino 366 langabe gehiago daude, gainerako herrialdeetan langabezia jaitsi den bitartean.

Datuok sexu-generoaren arabera aztertzerakoan, langabetuen gehiengoak, %58,29ak, emakumezkoa izaten jarraitzen du. 2022ko otsailean baino gizon eta emakume gutxiago langabezian egon arren, proportzio handiagoan jaitsi da gizonezkoen langabezia (%5,40 egin du behera), emakumezkoena baino (%1,63ko jaitsiera). Langabeziaren azken urteetako bilakaera aztertzerakoan, emakumezkoen langabezia pandemia aurreko balioetara bueltatu dela esan genezake (2020ko otsailean baino %2,08 emakume langabe gutxiago daude), gizonezkoena modu nabarmenean jaitsi den bitartean (gizonezkoen artean, 2020ko otsailean baino %7,31 langabe gutxiago daude gaur egun). Beraz, emakumeen langabezia egiturazkoa dela ondorioztatzen dugu, langabezian dauden emakumeen kopuruak gorabeherak izan arren, egiturazko egoera iraunarazten duelako.

Zentzu horretan, borondate politikoa ezinbestekoa da, politika publikoen bidez emakumezkoen egiturazko langabezia zein prekarietate egoerarekin behin betiko amaitzeko. Langileok ez dugu nahi langabezia egoera ahalik eta hoberenean biziraun; langile guztion lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dituen errealitate berria behar dugu, soldatatan, lan baldintzatan, pentsioetan… areagotzen ari diren sexu-genero arrakalak gaindituko dituena.

Langabezia datuak sektoreka erreparatuz gero, zerbitzuak sektorean langabeziak izan duen gorakada azpimarratu behar dugu, pasa den urtean baino 664 langabetu gehiago baitaude. Era berean, adierazgarria da sektore honetan langile migratuen artean egon den langabeziaren gorakada (710 langabetu gehiago), zerbitzu sektorean egon den langabeziaren bilakaeraren parekoa izanik.

Bizitza kaltetzen eta erasotzen duen sistema batean bizi gara, zeinetan instituzio publikoek kapitalismoaren logikan gobernatzen duten, ahalik eta etekin handienak lortzea helburu izanik. Modu honetan langile emakumeak, migratzaileak edota gazteak prekarietate, ezegonkortasun edota lan baldintza kaxkarretara kondenatzen ditu, kapitalak kolektibo hauek sortzen duten aberastasuna desjabetu eta euren poltsikoetan pilatuz.

Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida honen aurrean, zaintzak erdigunean izango dituen eredu berri bat aldarrikatzeko eguna izango da martxoaren 8a.