2026-08-04
HomeEkintza Sindikala Kattalingune Zerbitzua: eskubideak hauteskundeetako emaitzen menpe?

[IRITZIA] Kattalingune Zerbitzua: eskubideak hauteskundeetako emaitzen menpe?

LABeko kide diren Ainara Ladrónek eta Oihan Ataunek iritzi artikulua idatzi dute, salatuz Nafarroako Gobernua LGTBI+ pertsonei zuzendutako zerbitzu publikoa desagerrarazten ari dela:

LGTBI+ populazioa, Nafarroan, historikoki ikusezina, zaurgarria eta ahaztua izan da maila askotan (gizarte mailan, osasun arloan, hezkuntzan, justizian, kirolean), eta oraindik ere egoera ez da erabat konpondu. Kolektibo horren beharrak eta aldarrikapenak ez dira aintzat hartuak izan, hala nola askatasunez izateko, sentitzeko eta adierazteko eskubidea, eta horrek sufrimendua, estigmatizazioa, seinalatua izatea eta babesgabetasuna eragin dio gure gizartearen zati bati. Eskubideak murriztea ere ekarri die, eta, horregatik guztiagatik, komunitate gisa LGTBI+ pertsonekin dugun zor historiko hori aitortua izan beharko litzateke.

Azken urteotako aldaketa politikoei esker, Nafarroan, kutsu kontserbadore nabarmena duen gizartea izan arren, LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko hobekuntzak izan dira. Lehenik eta behin, laukoaren legegintzaldian (2015-2019), Nafarroan LGTBI+ herritarrentzako arreta hobetu zen eta Kattalingune Zerbitzu Publikoa sortu zen, Iruñean eta Tuteran bulegoak irekita. Gero, hirukoaren legegintzaldian (2019-2023), urtetik urtera hazten ari den aurrekontu-zuzkidura onartu izan da, eta horrek Irurtzun, Lizarra eta Tafallako arreta-bulegoak irekitzea ahalbidetu du.

Gaur den egunean, ordea, pena handiz ikusten ari gara PSNk eta Podemosek gidatutako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, Eva Isturiz buru duela, hain beharrezkoa den zerbitzu hori desegiten ari dela eta desagertzeko zorian utzi duela. Zerbitzua finkatu beharrean, linbo batean utzi du, hautetsontzietatik sortuko den hurrengo gobernuak erabaki dezan zer egin Kattalingunerekin eta, ondorioz, LGTBI+ pertsonen eskubideekin, batez ere landa-eremuetan.

LAB sindikatuan uste dugu ematen ari zen zerbitzuak ongi funtzionatzen zuela eta oso inplikatuak zeuden profesional adituak zituela. Aldaketa handirik ez zuen behar, orain arte bezala lanean jarraitzeko beharrezkoak ziren baliabideak indartzea izan ezik, eta ildo beretik jo beharra zegoen, hots: alde batetik, prebentzio lana landuz, aholkularitza pertsonal hutsera mugatu beharrean; bestetik, deszentralizazioa bultzatuz, landa-eremuetara zabalduz, Iruñeko hiri-nagusitasunari aurre egiteko, eta horretarako langile gehiago kontratatuz, daudenak kaleratu beharrean. Eta, azkenik, diru-hornidura gero eta handiagoa izango dela bermatuz, ezarri diren murrizketen eta egungo larrialdi-kontratu prekarioaren ordez, horrek arriskuan jartzen baitu zerbitzuaren jarraipena. Hori guztia harik eta gobernu berri batek konponbide bat aurkitu arte, gure gizartearen zati baten beharrak arretarik gabe gelditu ez daitezen.

Gure ustez, posible da hartu den bide okerra zuzentzea, eta lehenbailehen egin behar da. Borondate politikoa eta presako erabaki irmoak behar dira, eskubideak eta arreta-zerbitzuak ezin baitira hauteskunde-emaitzen menpe egon.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...

SOS Nafarroako langileek ohartarazten dute polizien deiak 112ra bideratzeak arriskuan jarriko duela larrialdien arreta

Informazio eta komunikazio falta langileei Lehenik eta behin, SOS Nafarroako langileen ordezkari den Langileen Batzordeak bere haserrea, kezka eta harridura adierazi nahi du komunikabideen bitartez...

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute Araban abuztuaren 5ean

Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako...