2026-09-27
HomeEkintza SozialaEuskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bat egiten du Pentsiodunen Mugimenduak deitutako mobilizazioekin

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bat egiten du Pentsiodunen Mugimenduak deitutako mobilizazioekin

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bat egiten du Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 13rako deitutako mobilizazioarekin eta 22 eta 25 bitarte egingo duen martxarekin.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioan 1.080 € orain bermatzeko egiten duen borroka nekaezinean bidelagun gara Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile eta sindikatuak. 1.400 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata eta 1.260 euroko gutxieneko pentsiora bidean, hainbatetan egin dugu bat Pentsiodunen Mugimenduaren deialdiekin, eta oraingoan ere hala egiten dugu.

Pentsio publiko eta duinak ezinbestekoak dira bizi-baldintza duinak izateko. Une honetan, pentsioen erreforma izapidetzen ari dira Lege-Proiektu gisa. Eskubide Sozialen Kartarentzat ez da erreforma ona. Ez dugu bat egiten komunikabide nagusiek eta erreforma onartu duten (PSOE, UP, ERC eta EAJ) edota abstenitu diren (EH Bildu) alderdi politikoek zabaldu duten mezu baikorregiarekin. Ez da egia erreforma honetan ez dagoela murrizketarik.

Ez ditu 2011ko erreformaren murrizketak lehengoratzen; hala nola, erretiro-adinaren atzerapena. Zenbait alderditan gainera okerrera egiten du, pentsioak zenbatzeko urteetan adibidez (2011ko erreformarekin 15etik 25era igaro baitziren, eta orain 25etik 29ra -bi txarrenak kenduta-). AIRef bezalako agentzia neoliberal bati pentsioen sistema baloratzeko ematen zaion ahalmenak murrizketa berriak irekitzen dizkio eta genero-arrakala betikotu egiten da. Kartaren parte garenok argi daukagu: erreforma honek murrizketak betikotzen ditu, murrizketa berriak ezartzen ditu eta murrizketa berriei ateak irekitzen dizkie.

Gutxieneko pentsioetan hobekuntzak baditu ere, ez dira nahikoa. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatzen duen 1.080 euroko gutxieneko pentsiotik urrun geratzen gara. Era berean, esan behar da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak uko egiten diotela gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzea orain ahalbidetzen duten neurriak hartzeari.

Horrela, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi eskatzen diegu Euskal Herriko gehiengo sindikal eta sozialaren aldarrikapenak aintzat hartu eta, izapidetzen ari den erreforman pentsioetan murrizketak ekarriko dituzten neurriak ez babesteko konpromisoa har dezaten, baita azken erreformetan eta 2011n egondako murrizketak lehengoratzeko presioa egitea. Horrekin batera, pentsioen gaineko erabakiak Euskal Herrian hartzeko eta Euskal Herrian pentsio duinak bermatzeko urrats sendoak bultzatzea eskatzen diegu. 1.260 euroko gutxieneko pentsiora bidean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu lehentasunez eta berehala euskal pentsiodun guztiei 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko, pentsioak osagarritzeko dituzten aukerak baliatuz.

Guztiontzat bizi baldintza duinak bermatzeko beharrezkoak dira soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak, eta horregatik honakoa eskatzen dugu: 1.400 euroko gutxieneko soldata, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa orain eta 1.260 eurotara arte handitzea, soldata eta pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzeko neurri eraginkorrak, zaintza lanak aitortzeko eta banatzeko politikak zehaztea, prestazio sozial nahikoa bermatzea eta denok ongi bizitzeko ezinbestekoak diren zerbitzu publikoen indartzea eta hedatzea. Azkenik, azpimarra berezia jarri nahi dugu, Euskal Herrian lan eta bizi garen heinean, hemen erabaki nahi dugulako aldarrikapenean, baita pentsio sistemari buruz ere.

Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugunok gure atxikimendua adierazten dugu eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 13an Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon egingo dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu. Halaber, maiatzaren 22tik 25era Gasteizera egingo den martxa babestu eta bertan parte hartzeko deia egiten dizuegu. Maiatzaren 25eko mobilizazioan, 10:45etan Gasteizko Plaza Berrian martxei harrera egin eta azken tartea elkarrekin egiteko deialdia egiten dugu Kartatik.

Pentsio publiko eta duinak bizitza duinerako!
1.260 €-ko gutxieneko pentsiora bidean, 1.080 € ORAIN!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.