2026-01-09
Blog Page 283

“Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidaren aurka borrokatzen duten sindikatuak behar dituzte langileek”

GarbiƱe Aranburu koordinatzaile nagusiak Bartzelonara egin du bidaia, Intersindical Catalana sindikatuaren biltzar nagusian parte hartzeko. Hain zuzen ere, Kataluniako sindikatu independentista honekin daramagu ditugu elkarlanean. Eurak ere hazkunde prozesu batean daude eta Munduko Federazio Sindikalaren (FSM) kide dira, LAB bezala.

GarbiƱe Aranburuk hitza hartu du larunbatean, biltzar nagusiaren bigarren jardunaldian, eta, langileek bizi duten egungo egoera zailaren aurrean, egiturazko aldaketak ezinbestekoak direla nabarmendu du: “Horretarako, sindikatuen papera erabakigarria da. Baina, ez du edozein sindikalismok balio. Sistema kapitalista, heteropatriarkala eta ekozidaren aurka borrokatzen duten sindikatuak behar dituzte langileek, asimilatzen uzten ez dutenak, gizarte-hitzarmenen tranpan erortzen ez diren sindikatuak; klaseko sindikatuak, kontrabotereko sindikatuak, sindikatu independentistak”.

Era berean, koordinatzaile nagusiak trantsizio ekosozialista eta feministaren aldeko aldarria egin du. “Ez dago trantsiziorik aberastasuna banatu gabe; erosteko ahalmenaren galera saihestuz eta soldatak duinduz eta fiskalitatea aldatuz, diru gehiago biltzeko, kapitala, oligopolio energetikoa eta enpresa-mozkinak gehiago zergapetzeko”, zehaztu du.

Osakidetzak ez du parte hartu sindikatuok Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bileran

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuon ohar bateratua:

Zalantzarik gabe, Osakidetzak berriro erakutsi du bere jarrera inposatzailea eta negoziatzeko borondaterik eza. Gure osasun-sistema publikoak pairatzen dituen egiturazko arazoak gero eta larriagoak diren bitartean, Osasuneko Mahai Sektoriala blokeatuta dago.

Premiazkoa da negoziazio kolektibo eraginkorra bultzatzea, Osakidetzaren egiturazko arazo larriei irtenbidea emateko. Horregatik, eta egoera desblokeatzeko asmoz, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzako Zuzendaritza deitu genuen bilera batera LHKn. Oskidetza ez da hitzordura joan. Aurten bigarren aldia da LHKn horrelako deialdi bat egiten dugula, eta Osakidetza ez da horietako batera ere joan.

Gogora dezagun behin eta berriz salatu dugula Mahai Sektoriala edukirik gabeko foroa dela, izaera informatiboa duela, eta Osakidetzak alde bakarrez planteatzen dituen gaiak bakarrik jorratzen direla. Bitartean, Osakidetzako razoak gero eta ugariagoak dira, eta konponbidea ematea gero eta premiazkoagoa da.

Azpimarratu nahi dugu ez garela Mahai Sektorialera itzuliko benetako negoziazioa egon arte. Osasun Sailak Mahai hori erabili nahi du existitzen ez den negoziazio baten itxura emateko, eta sindikatuen parte hartzea erabili nahi du bere alde bakarreko erabakiak sindikatuekin negoziatu direla baieztatzeko.

Dei egiten diogu Osakidetzari inposizioaren bidea utz dezan eta behingoz Osakidetzaren egiturazko arazo larriei hel diezaien.

Maiatzean eta ekainean Arabako metalgintzan deitutako grebetan parte hartu zuten pertsonak isunak jasotzen hasi dira

LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuon oharra:

ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek osatutako Intersindikalak salatu nahi du protestetan parte hartu zuten langileak zigor ekonomikoak jasotzen hasi direla.

Berriro ere, Ertzaintza, Eusko Jaurlaritza buru duela, patronalaren eta enpresa handien alde jarri da, segurtasun pribatuko zerbitzu gisa jardunez, eta zerbitzu publikoaren betebeharra alde batera utzita. Poliziaren borrakadak, bultzadak eta mehatxuak zigorrik gabe geratuko dira berriro. Eta, aldiz, grebarako eskubide legitimoa baliatzen zuten metalaren sektoreko langileak zigortzen dira.

Bereziki larria da greba-batzordeak Ertzaintzari enpresa batzuk grebarako eskubidea urratzen ari ote ziren egiaztatzea eskatzean hartutako jarrera. Oinarrizko eskubide hori ez zen bermatua izan, Ertzaintzak grebalarien oinarrizko eskubide hori eragotzi zuen. Hori ez ezik, piketeei zuzenean galarazi zitzaion langileak informatzea. Ezarritako isun guztiak etetea eskatzen dugu, eta izapidetzen ari diren zehapen guztiak geldiaraztea.

Horrela, bada, Lakuatik udazken beroa iragartzen denean, badirudi ez duela zalantzarik izango bere polizia-indarrak langileak erreprimitzera bidaltzeko, beren baldintzen edo lanpostuen alde borrokatzen duten bitartean. EAJ-PSE, berriro ere, kapitalaren zerbitzura. Arabako Metaleko Intersindikaletik besarkada bero bat bidali nahi diegu Ertzaintzaren aldetik jarrera horiek pairatzen dituzten lankide guztiei.

Hauteskunde sindikalak irabazi ditugu Amazonen

Aste honetan egin dira hauteskunde sindikal partzialak Trapagarango Amazonen, eta LABek orain arte zuen nagusitasuna berretsi du, 3 delegatutik 5era pasatuz eta gehiengo absolutuari eutsiz. Emaitza hauek erakusten dute langileek babestu egin dutela LABen sindikalismo borrokalaria, izan ere, urriaren 17an lehen lanuzte arrakastatsua deitu baitzuen LABek Trapagarango lantokian, historiako lehena.

Orduan adierazi genuen LABek ez zuela etsiko langile guztientzako baldintza duinen aldeko borrokan, eta enpresak akordiorako benetako borondaterik erakusten ez bazuen, mobilizatzen jarraituko genuela eta ez zela egongo ez Black Friday, ez Ciber Monday, ez Gabon lasairik.

LABen apustuetako bat da langile sektore prekarioenak antolatu eta bizi eta lan-baldintza duinen aldeko borroketan aktibatzea, eta hauteskunde hauetako emaitzek erakusten dute langileek babestu egiten dutela sindikatuak hartutako bidea.

Esku-hartze sozialeko hitzarmenaren negoziazioan inplikatzeko eskatu diogu Bizkaiko Foru Aldundiari

Gaur, Bizkaiko esku-hartze sozialeko langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren egoitzaren aurrean, Ugaskon. Sergio Murillo Diputatuari zuzendutako gutuna utzi diote bertan, Bizkaiko Foru Aldundia esku-hartze sozialeko hitzarmenaren negoziazioan inplikazioa eskatuz.

Deustutik propaganda jartzen ere ibili dira. 3.500 langile batzen dituen sektoreko kideak dira, gizarte honetako sektore zaurgarrienekin lan egiten duena. Sektore anitz eta feminizatu batean lan egiten dute, gizarte honek ezkutuan eta kaxoi batean gordeta izan nahi dituen pertsonekin. Esku hartze sozialeko langileek entitateetatik, udaletatik zein Foru Aldunditik jasotzen dituzten egoera itogarriak, beldurgarriak eta kezkagarriak salatzeko asmoz abiarazi dute dinamika hau. Pauso berri bat hitzarmen duinaren aldeko borrokan.

LABek gizarte zerbitzu publiko, komunitario eta kalitatezkoen alde egiten du, entitate sozialak enpresen gero eta antzekoagoak bilakatzen ari diren momentu honetan. Egun, gizarte zerbitzuak entitate sozialen, udalen eta Aldundiaren esku daude, eta hauen interes ekonomikoek, etekinak edozeren aurretik jartzeak, gero eta prekarioagoa bihurtzen dute sektorea.

Horregatik, gaur, propaganda jartzen ibili dira Deustuko kaleetatik eta Ugasko bidean, Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren aurrean, elkarretaratze bat egin dute. Honekin batera, Aldundiko Gizarte Ekintzako arduradun den Sergio Murillori LABek sektorean dituen aldarrikapenak eta egoeraren salaketa helarazi dizkiote gutun baten bitartez.

Bizkaiko esku-hartze sozialean hitzarmen duina lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela ere adierazi dute. Hurrengo deialdia azaroaren 24an izango da.

Mahai sektorialean negoziazioa blokeatuta dagoenez, Osakidetzari bilera baterako deia egin diogu Lan Harremanen Kontseiluan

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

Osasun Mahai Sektorialeko blokeoaren kapitulu berri baten aurrean gaude. Osakidetzak berriro erakutsi du bere jarrera inposatzailea eta negoziatzeko borondate falta; egoera hori behin eta berriz salatu dugu sindikatuok, eta berriro mahaitik altxatzera eraman gaitu, uda ostean bilerei berriro ekin ondoren.

Osakidetzak Mahai Sektorialeko beste bilera-deialdi bat egin du ostiral honetarako, hilaren 11, alde bakarrez ezarritako edukiarekin, eta, gainera, eduki hori informatiboa da.

Jasotako gai-zerrendak, Osakidetzak alde bakarrez erabakitakoa, 2020-2021-2022ko Egonkortze eta Berrezartze Lan Eskaintza Publikoaren gaia barneratzen du. Aipatzekoa da joan den uztailean Osakidetzak EHAAn argitaratu zuela egonkortzeko EPEan eskaini beharreko plazen kopurua, inolako negoziaziorik gabe eta erabateko gardentasun faltarekin; izan ere, behin eta berriz eskatu arren, ukatu zigun Osakidetzako plantillari buruzko informazioa. Une horretatik aurrera, behin eta berriz aipatu dugu prozesu honetan eskaini beharreko lanpostuen detaile guztiak eta orain, ia 5 hilabete geroago, Osakidetzak lanpostu zerrenda bat bidaltzen digu, informazio gisa, inolako negoziazio posiblerik gabe.

Gauza bera esan daiteke plaza berrien sorreraren inguruan. Osasun Sailak, bere ohiko propaganda- kanpainarekin jarraituz, 2.109 plaza sortuko dituela iragarri du. Ohikoa denez, komunikabideen bidez izan dugu horren berri, eta, ondoren, Osakidetzak alde bakarrez hartutako erabaki baten xehetasunak bidaltzen dizkigu. Aipatu behar da kodetuko diren plaza horiek de facto existitzen diren plazak direla, eta orain arte aldi baterako langileek bete dituztela, behin betiko iruzurrezko kontratazioak dituzten langileak.

Azkenik, aipatu behar dugu Osakidetzak ez duela gai-zerrendan sartu sindikatuek behin eta berriz eskatu dizkioten gaietako bat ere. Are gehiago, deialdi honetan ez digu gairik sartzeko aukerarik ere eskaini.

Egoera larria denez eta konponbideak premiazkoak direnez, Osakidetza berriz ere deitzen dugu bilera bat egitera Lan Harremanen Kontseiluan, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuekin. Deialdia egiten diogu biharko, azaroak 11, goizeko 9.30tan. Mahai Sektorialaren bilera-deialdiko egun eta ordu berean egiten dugu deialdia, agenden kudeaketa errazteko. Aurten Osakidetza horrelako bilera batera deitzen dugun bigarren aldia da. Lehen aldian ez zen bertaratu, baina, egoeraren larritasuna ikusita, oraingo honetan negoziatzeko borondatearen adierazgarri gisa, bertan izatea espero dugu.

Osakidetzari exijitzen diogu behingoz negoziazioaren bideari ekin diezaiola, gure osasun sistema publikoak pairatzen dituen egiturazko arazoek berehalako konponbideak behar dituzten une honetan.

Hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu Arabako ardogintza sektorerako

Arabako ardogintza sektoreko hitzarmenaren alde jarraitzen dugu borrokan, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok bultzatuta. Oraingoan, hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu auto karabana eta elkarretaratzeen bitartez. Abenduaren 1ean izango da gure hurrengo mobilizazioa.

Cementos Rezolako hitzarmena ELAk eta CCOOek enpresa defendatzearen emaitza izan da

LABen arabera, borroka eza, eros-ahalmenaren galera, enplegu-suntsiketa eta lan-baldintzak okertzea izan dira hiru urteko ā€œnegoziaketarenā€ laburpena.

AƱorgan eta Arrigorriagan kokatutako lantegiei eragingo dien hitzarmenaren ELA eta CCOOen sinadura bide luze eta, LABentzat, bakarti baten amaiera izan da.

Tamalgarria izan da, urte hauetan, lanpostuen defentsan egindako borroketan bakarrik egon behar izana, langileen babes zabal bat izan badugu ere. Are gehiago, aktibazio horren ondorioz jazarpen gogor bat jaso behar izan dugunean eta ez dugunean sindikatuen aldetik inongo elkartasunik jaso, ELAren aldetik enpresaren argudioak ontzat ematen zituztela aditzeraino.

ā€œNegoziaketarenā€ bidea, aipatu dugun moduan, lotsagarria izan da, baina adostutakoa are lotsagarriagoa da. Alde batetik, hilabete eta erdirako eta sinaduratik sei egunetara salatuta geldituko den hitzarmen bat adostu delako. Gainera, eta beste kontu batzuen artean, eros ahalmena mantentzetik oso urrun dago, LABek borrokatutako enplegu bermea Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente bat ezartzera zuzenean lotuta dago eta laneko ordutegitik kanpo lanera joanen diren langileen konpentsazioa nabarmen okertu da.

CCOOen azken orduko men egitea penagarria bada ere, ELAk lehendabiziko momentutik enpresari egindako jokoa are penagarriagoa eta ulertezina izan da, horren adibide izanda ekintza sindikala burutzeagatik LAB salatuta izan zenean aipatutako babes eza, edota duela hilabete dezente ontzat eman izana enpresak aurkeztutako planteamendu atzerakoiak.

ELAren eta CCOOen etsipenean oinarritutako sindikalismoaren aurrean guk borrokatzen jarraituko dugu. Zorionez edo zoritxarrez, hitzarmen honen iraunaldi murritzari esker urtarrilean hitzarmen berria negoziatzen hasiko gara eta LABek garbi adierazten du borrokatzeko prest jarraituko duela, bakardadea eta jazarpenaren gainetik.

GarbiƱe Aranburu: “Langileen aurkako lapurreta bat gertatzen ari da”

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok elkarretaratzeak egin ditugu Bilbon eta IruƱean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean, hurrenez hurren, diru sarrera duinen alde, “Stop pobretzeari. Bizi-baldintza duinak eta prezioen kontrola, orain!” lemarekin egiten ari garen mobilizazio dinamikaren barruan.

Bilbon, LABeko koordinatzaile orokorra den GarbiƱe Aranburuk egin ditu adierazpenak, eta nabarmendu du ezinbestekoa dela kalera ateratzea bizitzaren garestitzea eta zerbitzu publikoen deuseztea ikusita. “Langileen aurkako lapurreta bat gertatzen ari da. Lanaren errentak elite ekonomiko baten errentetara ari dira igarotzen. Botere eta aberastasun kontzentrazioa gero eta esku gutxiagotan dago”, esan du.

GarbiƱe Aranbururen hitzetan, “hori gertatzen ari da, gobernuetatik, alderdi sistemikoetatik, hori horrela izatea ahalbidetzen ari delako. Ez dago borondaterik, ezta ausardia politikorik ere, egoera honetara ekarri gaituzten politika neoliberalak alde batera uzteko. Gobernu desberdinen aurrekontu-proiektuak duela urte askotatik salatzen ari garenaren beste adibide bat dira”.

Egoera honen aurrean, Euskal Herriko langileok gauza bat oso argi dugula azpimarratu du. “Antolakuntza eta borrokarekin bakarrik lor daiteke egoera hau iraultzea. Eta horretan ari gara, joan den kurtsoan zehar eta honetan, aurrekaririk gabeko greba eta mobilizazio prozesu bat aktibatu da sektore eta enpresetan. Une honetan asko dira aberastasuna modu bidezkoagoan banatzeko borrokan ari diren sektore eta enpresak, bizi-baldintza duinen alde irekitako borroka asko daude. Eta ez dira gutxi lortutako akordio onak”, azaldu du.

Eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugunok kalean ere mobilizatzen ari gara. “Kaleak hartu behar ditugu pentsioak KPIaren arabera errebalorizatzeko, gutxienez 1400 euroko soldata eta 1.260 euroko pentsioaren alde, soldatetan eta pentsioetan dagoen arrakalarekin amaitzeko. Kaleak hartu behar ditugu erreforma fiskala behartzeko. Eta datorren 19an beste hitzordu garrantzitsu bat dugu eta hemendik mobilizazio horietan parte hartzeko deia egiten dugu”, erantsi du.