2026-01-07
Blog Page 282

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman digu, eta Erandioko Gestamp Try Out enpresan langileak legez kanpo laga direla adierazi du

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du Gestamp Taldeak jarritako errekurtsoa. Horrenbestez, Erandion kokatuta dagoen Gestamp Try Out (GTO) enpresan langileak legez kanpo laga direla adierazi du, LABi arrazoia emanez.

Gestampen itxikeriak eta zikoizkeriak eragin dute egoera hori. Urteak daramatzagu borrokan GTOko langileek GTEn jasaten duten legez kanpoko lagapena salatzen. Arrazoia eman zigun Lan Ikuskaritzak; 8 aldiz eman ziguten arrazoia Bilboko lan-arloko epaitegiek; eta orain, arrazoia eman digu EAEko Auzitegi Nagusiak.

Ez gara nekatu GTOko langileen lan-baldintzen urraketa sistematikoa salatzeaz. Legez kanpoko lagapenaren bidez, eskulan merke bihurtu dituzte, bigarren mailako langile.

Argi dago Gestampen plan bakarra lan-baldintzak “estutzea” dela, xantaiaren, mehatxuaren eta etengabeko beldurraren bidez. Eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin, enplegua suntsitzen eta langileen eskubideak urratzen dituen enpresa bati laguntza publikoak ematen jarraitzen baitu. Non dago laguntza publikoen kontrola eta jarraipena? Enpresa pribatuei diru publikoa ematen jarraituko duzue, trukean konpromiso sozialik exijitu gabe? Alfonbra gorria jartzen jarraituko duzue gutxi batzuek aberasten jarrai dezaten langileen kontura, ala benetan zerbait egingo duzue horren inguruan?

Epai hau GTOko langileek lan-baldintzen defentsan egindako borrokaren eta izandako determinazioaren emaitza da. Hau ez da bidearen amaiera, baizik eta haien eskubideak onar ditzaten borrokan jarraitzeko gasolina. Horregatik, epai honek bizi duten egoera salatzen jarraitzeko, enpresaren zigorgabetasunarekin amaitzeko eta gure eskubideak konkistatzen jarraitzekoko balio behar digu.

Gestampi eskatzen diogu epaia onartzeko eta talde barruko langileen legez kanpoko lagapenarekin amaitzeko.

Gestampeko langileen legez kontrako lagapenari ez.

Borroka da bidea.

Aintzane Mendia Tubacexeko langilea bere kontrako kargu guztietatik absolbitu egin dute #LortuDugu

Pasa den asteko astelehenean, azaroaren 7an, Aintzane Mendia Tubacexeko langileak aurre egin behar izan zion, Arabako Probintzia Auzitegian, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatuaren inputazioen aurkako epaiketari. Epaiketaren ondoren, joan den ostiralean, epaileak epaia eman zuen Aintzane kargu guztietatik absolbituz, Ertzaintzaren deklarazioetako hainbat puntu zalantzan jarri ondoren.

Epaian, epaileak argi eta garbi adierazten du ez dagoela frogatuta akusatuak ertzainen aurkako atentaturik egin zuenik. Gaineratu du bere aurkako akusazioek ez dutela bere erruduntasuna frogatzen. Gainera, egun horretan grabatutako eta defentsak aurkeztutako bideoei esker, frogatuta geratzen da Aintzane Mendia bertan agertzen dela eta argi ikus daitekeela ez duela agente bat kolpatzen, ez bultzatzen. Beraz, bideoek erabat baztertzen dituzte Ertzaintzak egiten dituen adierazpen asko.

Horrek argi eta garbi uzten du dena muntaia poliziala izan dela, egun horretan elkartasuna adierazteko epaitegiaren aurrean bildu ziren pertsonak kriminalizatzeko. Kriminalizazio-estrategia hori hainbat boteretatik ematen da, Tubacexeko greban aktiboki parte hartu zuten eta horretarako euren eskubideak defendatu eta erabili zituzten langile guztiak zapaltzeko.

Lan-eskubideak defendatzeko irekitzen diren borroka guztietan, langileok bidegabeki salatzen, jipoitzen eta jazartuak izaten ari gara. Horrek erantzule argiak ditu: Eusko Jaurlaritzak, bere poliziaren bitartez, langileen eskubideen defentsaren aurrean patronalak defendatzeko erabakia hartu zuen aspaldi.

Baina salaketa horiek ez datoz bat Tubacexen borrokan bizi izan zen errealitatearekin. Nahiz eta bere arma bakarra langileak jazartzea eta zapaltzea izan, ezin dugu hori horrela utzi. Horregatik, gure lankideek beren errugabetasuna defendatzeko eta fiskaltzaren proposamena ez onartzeko hartutako erabakia aitortu eta txalotu nahi dugu, beren errugabetasuna uneoro mantenduz.

Horrekin guztiarekin, beste langile batzuen aurka ireki dituzten prozesu eta jarduera guztiak bertan behera uztea eskatzen dugu. Eta orain arte bezala, elkartasunez eta borrokaz erantzungo diegu!

Nafarroako Lan Arloko Epaitegiak onartu egin du Glovoren aurka Gizarte Segurantzak jarritako demanda #LortuDugu

Glovoko banatzaileak autonomo faltsuak zirela hainbat urtez eskatu ondoren, gaur jakin da Iruñean irailaren 1ean egindako epaiketaren epaia, non epaitegiak Glovoren eta langileen artean lan-harremana dagoela baieztatzen baitu. Hala, Nafarroako Lan Arloko Epaitegiak baietsi egin du Glovoren aurka Gizarte Segurantzak jarritako demanda, eta adierazi du banatzaileen eta enpresaren artean lan-harremana zegoela.

Epaileak azaldu du Glovo ez dela zerbitzuen kontratazioan bitartekari hutsa, baizik eta zerbitzua koordinatzeko eta antolatzeko lana egiten duela; izan ere, LAB sindikatuak salatu izan duen bezala, kontratuetan jasotzen den ustezko askatasuna eta autonomia (egunak eta orduak aukeratzeko, edo eskaerak onartzeko edo ez onartzeko) ez da erreala, aplikazioak banaketa gutxi egitea zigortzen baitu. Gainera, egiaztatuta geratu da langile horiek autonomo faltsuak zirela, enpresak finkatzen baitzituen prezioa eta ordaintzeko baldintzak, bai eta funtsezko lan-baldintzak ere.

Epai horren aurka errekurtsoa jar daiteke, eta 2018ko urritik 2019ko irailera bitartean Nafarroan lanean ari ziren 207 langileri eragiten die. Glovok Lan Ikuskaritzak ofizioz egindako Gizarte Segurantzako alta gauzatu beharko du, langile horien ordaindu gabeko kotizazioak ordainduz.

LAB sindikatua pozik dago jasotako epaiagatik, Auzitegi Gorenaren doktrinarekin jarraitzen baitu, kasu honetan aplikatuz. Hala eta guztiz ere, epai horrek, oso berandu iristeaz gain, langile asko utzi ditu epai horretatik kanpo, eta, beraz, salaketekin jarraitu beharko da, bai Lan Ikuskaritzan, bai Epaitegian, Glovok Legea zehatz-mehatz bete arte, argi eta garbi ezartzen baitu plataforma digitalen banatzaileak ez direla autonomoak.

Hainbat eragilek, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak tartean, bat egin dute azaroaren 19ko mobilizazioekin

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok agerraldia egin dugu Bilbon, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko eta hainbat eragileren ordezkariekin batera. Hain zuzen ere, guztiek azaroaren 19an Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean Kartak deitutako manifestazioekin bat egingo dutela jakinarazi dute.

“Pobretzeari STOP! Condiciones de vida dignas y control de precios ya!” lemapean egingo ditugu larunbateko mobilizazioak. Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinen alde irtengo gara kalera, bizitzaren garestitzearen aurrean, eta aberastasunaren banaketa aldarrikatuko dugu.

Agerraldian adierazitakoaren arabera, “hau ez da manifestazio deialdi soil bat, gure aldarrikapen urgenteenak lortzeko aukera historikoa baizik. Horregatik, herritar guztei azaroaren 19an antolatu diren 4 manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu. Bataila hau irabazteko beharrezkoak ditugun manifestazio partekatuak dira hauek eta gure aldarrikapenak errealitate bihurtu ditzakegu”.

EAEko irakasleon aldarrikapenak entzun eta negoziazio bideak zabaldu ditzan eskatu diogu Bildarratzi

Gaur BEC-en EAEko Hezkuntza Publikoko zuzendariekin bildu den Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari honako mezu hau helarazi dio LABek: Ikasturtea hasi denetik bi hilabete eskas pasa diren arren, langileok eta LAB sindikatuak haserrerako hamaika arrazoi baditugu honezkero.

Irailean, irakasleon kolektiboan, negoziatu ez zen Merezimendu Lehiaketaren deialdia ezagutu genuen. Denbora daramagu langileen egonkortasuna aldarrikatzen, eta berriz ere diogu: LEP deialdiak langileokin negoziatu! Bertan lanean ari garen irakasleak egonkortzeko neurri adostuak behar ditugu!

Iazko ikasturtea amaitu orduko, urte eta erdi generaman irakasleon Lan Hitzarmena negoziatzen. Bi hilabete hauetan, berririk ez honi buruz, eta eskaera eginda ere, ez omen dute orain horretarako denborarik. Zer gertatzen da orduan urte eta erdiko lanarekin, eta noizko lan baldintza hobeak? Urte eta erdi baino gehiago da Lanbide Heziketako gaiak lantzeko mahai propioa eskatzen dugula, zenbat gehiago itxaron behar dugu negoziazio mahai propiorako?

Negoziazio-mahairik gabeko testuinguru honetan jakin izan dugu honezkero administrazioak aldebakarrez definitu dituela, adibidez, Berrikuntza Arduradunaren funtzioak. Baliabide hau LABen proposamena izan zen eta negoziazio eta adostasunen ondoren iritsi da ikastetxeetara, eta hara non, administrazioak ez digun aukerarik eman sinatutako hura nola garatuko den adosteko. Jarraipen Batzordeetan funtzioak adosteko lan egingo du LABek.

Modu berean jaso dugu Curriculum eta Digitalizaziorako 40 eta 50 orduko formakuntzaren berri. Berrikuntza Arduradunak tarteko, ordutegia gaindituz eta ohiko inprobisazio eta zehaztasun faltarekin. Formakuntza? Bai noski, baina ez ordutegia gainditu edo langileon zama handitzea ekarriko duenik!

Eta zer esan urriko nominan egin den abuztuko ordainketaren doiketari buruz? Nolatan ez zitzaigun uztaileko mahaietan horrelakorik aipatu? Langileengan eragin zuzena duten neurriak aurrez gurekin partekatu eta negoziatzea eskatzen dugu!

Bi hilabete baino ez ikasturtea hasi denetik, baina luze dira ez delako soilik sindikatuekiko harremana etenda dagoena. Hezkuntza Sailak berak aitortu digu langile eta zuzendaritzei ematen zaien arreta ez dela egokia, eta neurriak hartuko zirela, noiz ordea?

Beraz, hauek eta beste hainbat korapilo adostasun bidez askatzen joan gaitezen, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu langileon aldarrikapenak entzun eta negoziazio errealerako bideak ireki ditzala orain!

Nafarroako eskola jantokietako begiraleen aurkako beste kolpe bat salatu dugu

Nafarroako Gobernuak jantokietako begiraleen diru-laguntza murriztuko du, eta, horren ondorioz, hamarka langileri lanaldia %20a murriztea ekar dezake.

Eskola-jantokien baldintzen agirian begiraleen lanaldia 2 ordu eta erdikoa izan behar dela arautzen den arren, Hezkuntza Departamentuak garraiatutako eskolei emandako aginduak murriztu egiten du begiraleen gutxieneko lanaldia, egunean 2,5 ordutik 2 ordura, hau da, lanaldiaren %20ko murrizketa. Jantokiak kudeatzen dituzten enpresak aldaketa nabarmenak planteatzen ari dira dozenaka langileren lanaldietan.

Jantokietako langileak Nafarroako Gobernuak planteatzen dituen murrizketen erdigunean daude berriz ere. Sektore hori erabat feminizatuta dago, langileen %90 baino gehiago baitia emakumeak, eta lanaldi oso txikiak dituzte; hori dela eta, soldatak oso txikiak dira. Pandemian zehar aldi baterako lan-erregulazioak jasan ondoren eta eskolaldi jarraitua ezartzearen ondorioak ikusita, orain Nafarroako Gobernuak langile horien aurka jo du berriro.

LAB sindikatuak salatu nahi du Nafarroako Gobernua eskola-jantokien eta bertako langileen aurka izaten ari den obsesioa. LABek eskatzen dio murrizketak ekarriko dituen planteamendua zuzen dezala, egunean 2 ordu eta erdiko gutxieneko lanaldia arautzen duen baldintza-kontratua bete dezala, baita sektoreko hitzarmenak ezartzen dituen asteko 10 orduko lanaldi minimoak ere.

Era berean, berehala zuzendu ezean eta langile horien lan-baldintzetan murrizketa onartezin horri eutsiz gero, LABek iragarri nahi du jantokietan mobilizazioak bultzatuko dituela.

“Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidaren aurka borrokatzen duten sindikatuak behar dituzte langileek”

Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak Bartzelonara egin du bidaia, Intersindical Catalana sindikatuaren biltzar nagusian parte hartzeko. Hain zuzen ere, Kataluniako sindikatu independentista honekin daramagu ditugu elkarlanean. Eurak ere hazkunde prozesu batean daude eta Munduko Federazio Sindikalaren (FSM) kide dira, LAB bezala.

Garbiñe Aranburuk hitza hartu du larunbatean, biltzar nagusiaren bigarren jardunaldian, eta, langileek bizi duten egungo egoera zailaren aurrean, egiturazko aldaketak ezinbestekoak direla nabarmendu du: “Horretarako, sindikatuen papera erabakigarria da. Baina, ez du edozein sindikalismok balio. Sistema kapitalista, heteropatriarkala eta ekozidaren aurka borrokatzen duten sindikatuak behar dituzte langileek, asimilatzen uzten ez dutenak, gizarte-hitzarmenen tranpan erortzen ez diren sindikatuak; klaseko sindikatuak, kontrabotereko sindikatuak, sindikatu independentistak”.

Era berean, koordinatzaile nagusiak trantsizio ekosozialista eta feministaren aldeko aldarria egin du. “Ez dago trantsiziorik aberastasuna banatu gabe; erosteko ahalmenaren galera saihestuz eta soldatak duinduz eta fiskalitatea aldatuz, diru gehiago biltzeko, kapitala, oligopolio energetikoa eta enpresa-mozkinak gehiago zergapetzeko”, zehaztu du.

Osakidetzak ez du parte hartu sindikatuok Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bileran

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuon ohar bateratua:

Zalantzarik gabe, Osakidetzak berriro erakutsi du bere jarrera inposatzailea eta negoziatzeko borondaterik eza. Gure osasun-sistema publikoak pairatzen dituen egiturazko arazoak gero eta larriagoak diren bitartean, Osasuneko Mahai Sektoriala blokeatuta dago.

Premiazkoa da negoziazio kolektibo eraginkorra bultzatzea, Osakidetzaren egiturazko arazo larriei irtenbidea emateko. Horregatik, eta egoera desblokeatzeko asmoz, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzako Zuzendaritza deitu genuen bilera batera LHKn. Oskidetza ez da hitzordura joan. Aurten bigarren aldia da LHKn horrelako deialdi bat egiten dugula, eta Osakidetza ez da horietako batera ere joan.

Gogora dezagun behin eta berriz salatu dugula Mahai Sektoriala edukirik gabeko foroa dela, izaera informatiboa duela, eta Osakidetzak alde bakarrez planteatzen dituen gaiak bakarrik jorratzen direla. Bitartean, Osakidetzako razoak gero eta ugariagoak dira, eta konponbidea ematea gero eta premiazkoagoa da.

Azpimarratu nahi dugu ez garela Mahai Sektorialera itzuliko benetako negoziazioa egon arte. Osasun Sailak Mahai hori erabili nahi du existitzen ez den negoziazio baten itxura emateko, eta sindikatuen parte hartzea erabili nahi du bere alde bakarreko erabakiak sindikatuekin negoziatu direla baieztatzeko.

Dei egiten diogu Osakidetzari inposizioaren bidea utz dezan eta behingoz Osakidetzaren egiturazko arazo larriei hel diezaien.

Maiatzean eta ekainean Arabako metalgintzan deitutako grebetan parte hartu zuten pertsonak isunak jasotzen hasi dira

LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuon oharra:

ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek osatutako Intersindikalak salatu nahi du protestetan parte hartu zuten langileak zigor ekonomikoak jasotzen hasi direla.

Berriro ere, Ertzaintza, Eusko Jaurlaritza buru duela, patronalaren eta enpresa handien alde jarri da, segurtasun pribatuko zerbitzu gisa jardunez, eta zerbitzu publikoaren betebeharra alde batera utzita. Poliziaren borrakadak, bultzadak eta mehatxuak zigorrik gabe geratuko dira berriro. Eta, aldiz, grebarako eskubide legitimoa baliatzen zuten metalaren sektoreko langileak zigortzen dira.

Bereziki larria da greba-batzordeak Ertzaintzari enpresa batzuk grebarako eskubidea urratzen ari ote ziren egiaztatzea eskatzean hartutako jarrera. Oinarrizko eskubide hori ez zen bermatua izan, Ertzaintzak grebalarien oinarrizko eskubide hori eragotzi zuen. Hori ez ezik, piketeei zuzenean galarazi zitzaion langileak informatzea. Ezarritako isun guztiak etetea eskatzen dugu, eta izapidetzen ari diren zehapen guztiak geldiaraztea.

Horrela, bada, Lakuatik udazken beroa iragartzen denean, badirudi ez duela zalantzarik izango bere polizia-indarrak langileak erreprimitzera bidaltzeko, beren baldintzen edo lanpostuen alde borrokatzen duten bitartean. EAJ-PSE, berriro ere, kapitalaren zerbitzura. Arabako Metaleko Intersindikaletik besarkada bero bat bidali nahi diegu Ertzaintzaren aldetik jarrera horiek pairatzen dituzten lankide guztiei.