2026-01-02
Blog Page 272

Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa ez da Euskal Herriak behar duena

Abenduaren 22an,  bi urteko ibilbide baten ondoren, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa (LOSU) onartu zuen Espainiar Kongresuak. Argi dago inondik inora ere ez dela Euskal Herriak behar duen legea, Madrilek jarraituko baitu erabakitzen Estatu osoko eta Hego Euskal Herriko unibertsitateari dagozkion gai nagusien inguruan. Hala ere, badaude aurrerapausoak hainbat gaitan aurreko legeekin konparatuta.

Unibertsitateen gobernantzan, neurri nabarmenena errektore izateko aukera katedradunetik gainerako irakasle doktore iraunkorrei, funtzionario zein laboralei, zabaltzea izan da, irakasleria propioaren aldeko borrokaren aldarrikapen historikoa izan dena. Hala ere, irakasle iraunkorren kolektiboak, % 51eko ordezkaritza izaten jarraituko du Klaustroan eta errektorea aukeratzeko prozesuetan. 

Beste alde batetik, errektoreari Gobernu kontseiluaren heren bat aukeratzeko eskumena ematen dio, organo honekiko kontrola are gehiago areagotzeko. Hau, atzerapauso oso nabaria da gobernantzaren demokratizazioan eta unibertsitate-komunitatearen parte-hartzean.

Lan-baldintzei buruz, “doktore laguntzailea” diren irakasleen kasuan, euskal sistemako irakasle atxikiaren parekideak, gaur egungo 24 kredituen ordez, 18 kredituko irakaskuntza-betekizuna izango du. Beste aldetik, irakasle eta ikertzaileen lanpostuetarako lehiaketetan dagoen endogamiarekin amaitzeko neurriak hartzeko beharra aipatzen bada ere, unibertsitateen eskuetan uzten ditu epaimahaiak izendatzeko aukera, praktikan, sailaren esku uztea suposatuko duena. Administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren kasuan, legeak kolektibo honi eskainitako tartea oso mugatua da eta ez dago berrikuntza handirik. Aldi baterako irakasle eta ikertzaileen kontratuen gehienezko ehunekoa irakasle-ikertzaileen % 40tik % 8ra pasako dela aurreikusten bada ere, ez da zehazten nola gauzatuko den neurri hori. 

Ordezkapenak egingo dituzten irakasleen kasuan, ez zaie aitortzen ikerketa egiteko aukera, lanaldi partzialean zein osoan egon, epe laburrerako zein urte batzuetarako izan. Honek, prekarizazioa areagotzeaz gain, beren ibilbide akademikoan oso ondorio negatiboak izan ditzake.

Legean unibertsitateari BPGren % 1 bideratzea jasotzen bada ere, ez da bermatzen nola jasoko diren funts horiek, ezta unibertsitate publikoek jasoko duten finantzazioa. Era berean, legean ere berdintasun politikak azaltzen diren arren, praktikak horien garapena nolakoa izango den ez da zehazten. Amaitzeko, tasen doakotasunerako ibilbidea aurreikusten badu ere, argi dago ez duela unibertsitate publikoen aldeko hautua egiten pribatuekiko lehiakortasunean.

Aipatu dugun bezala, aurreko legeekin konparatuta, ondorio positibo batzuk aurreikusi badaitezke ere, LOSUkez ditu behar besteko hobekuntzak ekarriko unibertsitatearen funtzionamenduan, kalitatean eta lan-baldintzetan. Estatu espainiarreko zentralismoak eta lobby atzerakoien botereak unibertsitateak, Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoak barne, menperatzen jarraituko dute. Era berean, ikusteke dago nola eragingo duen EAEko Euskal Sistemaren Legeak jasotzen dituen hainbat arlotan, baita irakasleria berezko figuren garapenean. Azken garaian, EHUko zuzendaritzak eta Jaurlaritzak Madrilgo inposaketak zuzenean aplikatzeko borondatea erakutsi badute ere, LOSU indarrean jarri aurretik, argitzeke dauden hainbat puntu alde sozialarekin lantzeko  eskaera egiten dugu, baita unibertsitate sistema propio baten aldeko urrats ausartak emateko deia ere.

Izan ere, LABek Euskal Herriko unibertsitateetako langileen lan-baldintzen eta eskubideen defentsan jarraituko du lanean. Era berean, euskal unibertsitate sistema publiko, propio eta burujabearen bidean, unibertsitateak hemen ezaugarrituak eta kudeatuak izan daitezen, eta gure herriaren beharren zerbitzura jardun dezaten emango diren ekimenak bultzatuko ditu.

Amazonek Ertzaintza erabili du langileak erreprimitzeko, LABek deitutako laugarren greba egunean

Grebaren arrakastaren eta jarraipen handiaren aurrean, Amazonen eta Eusko Jaurlaritzaren (EAJ eta PSOE)
erantzuna grebarekin bat egin duten langileak erreprimitzera bidaltzea izan da. Horrela, Ertzaintzak erabat
neurriz kanpo kargatu du porrak erabiliz, langileak bultzatuz eta 3 grebalari zaurituz, larrialdietara joan
behar izan dutenak. Hori gertatu den arren, greba arrakastatsua izan da bigarren egunez jarraian, eta
Amazonek ezin izan ditu banatu Gabonetan banatuko zituen 60.000 paketeak.

Ez dezagun ahaztu, halaber, greba horien arrakasta antolatzeko eta langileak borrokatzeko erabakian datzala;
izan ere, prozesu mobilizatzailea hasi zenetik, 4 greba-egun desberdinetan zehar Amazon multinazionala
blokeatzea lortu dute, urriaren 17an, azaroaren 28an, atzo abenduaren 22an eta gaur abenduaren 23an.
Enpresaren nagusikeriari gero eta gutxiago geratzen zaio, eta berandu baino lehen, langileentzako lan-baldintza
duinak negoziatzera eseri beharko du.

LAB sindikatua eta Amazoneko langileak gure helburuak lortu arte borrokan jarraitzeko prest gaude.

Presoen etxeratzearen aldeko aldarri sindikala Bilbon, urtarrilaren 7ko mobilizazioen atarian

Presoak etxera bideak jartzeko eskatuz, euskal presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara gaur Bilbon sindikatuok (LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde), Sareren eskutik. Bertan izan da Garbiñe Aranburu LABeko Koordinatzaile Orokorra eta salatu du urte luzez kolektiboak pairatu behar izan duen dispertsio politika, eta horrek preso zein senideentzat ekarri duen “sufrimendu justifikaezina”. Gaur presoak etxetik gertuago izatea “mobilizazioari eta presioari esker” dela adierazi du, “eremu politiko-instituzionalean bai sindikatuen artean, bai eremu sozialean adostasun zabaletara iristeko borondatea eta determinazioa izan delako”.

Gaur oraindik presoen kolektiboari salbuespenezko neurriak aplikatzen zaizkiola salatu du LABeko ordezkariak, “haien eskubidek urratzen dira, eta sufrimendua, luzamendua dakar etxera bueltatzeko eskubideari dagokionean”.


Egoeraren aurrean “ahotsa altxa, kalean mobilizatu eta presio egiten jarraitzeko” deia egin du Aranburuk, datozen egunetan presoen eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzearen garrantzia azpimarratuz. Dei berezia egin die afiliaziazioari eta euskal jendarteari, urtarrilaren 7ko manifestazioetan parte hartzeko.

Sindikatuok mobilizazioen dinamika hasi dugu Osakidetzan, negoziazioa eskatzeko eta gure osasun publikoa babesteko

Osakidetzaren demokratizazioak Mahai Sektorialaren blokeoa gainditu eta langileen ordezkariekin benetako negoziazioa eta edukiak bultzatzea eskatzen du.
LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok, Osasuneko Mahai Sektorialeko kideek, urteak daramatzagu salatzen Osakidetzak Mahai Sektorialean ez duela negoziatzen, Osakidetzak nahi duena eta nahi duenean bakarrik tratatzen dela.
Egoera horrek, hobera egin beharrean, okerrera egin du, eta erabateko blokeora eraman gaitu. Eta hori guztia gure osasun publikoaren narriadura ukaezina den une batean, bai profesionalentzat, bai herritarrentzat.
Urte hasieran, sindikatuok Mahai Sektorialetik altxatu ginen, eta uda ondoren, egoerak berdin jarraitu du. Egoera desblokeatzeko asmoz, Osakidetzako Zuzendaritza bi aldiz deitu dugu LHKren bilera batera, baina ez da bertaratu. Joan den abenduaren 7an, sailburuarekin bildu ginen, eta berriro ere konpromisoak hartzeko eta egoera bideratzeko borondatea hutsaren hurrengoa da, eta inposaketaren bidearen aldeko apustua egin zen. Langileak eta herritarrak nazkatuta daude, eta premiazko konponbideak behar ditugu, gure osasun publikoaren narriadurak eragindako egiturazko arazo larriei aurre egiteko, urteak baitaramatzate salatzen. Horregatik, mobilizaziora deitzen zaituztegu, guztion artean hori lortzeko.
Zalantzarik gabe, barne-demokrazia beharrezkoa da, Osakidetzan bertikaltasuna eta inposizioa ezabatzea. Mahai Sektorialeko sindikatuok azpimarratu nahi dugu Osakidetzaren demokratizazioak Mahai sektorialaren blokeoa gainditu eta langileen legezko ordezkariekin benetako negoziazioa eta edukiak bultzatzea eskatzen duela. Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan 100 profesional baino gehiagori irekitako prozesu parte-hartzailea bultzatzeaz hitz egiten du. Gogorarazten dizuegu Osakidetzan 37.000 langile baino gehiago garela, eta, beraz, benetako parte-hartzea sustatu nahi duen edozein prozesuk askoz ere kopuru handiagoa izan behar duela, kategoria guztiak, lurralde guztiak eta estamentu guztiak ordezkatzen dituena.
Bien bitartean, lan-prekarietateak gure osasun publikoaren arazo handienetako bat izaten jarraitzen du: behin-behinekotasun-tasa %50etik gorakoa da, erosteko ahalmenaren galera %20tik gorakoa da hamarkada batean, lanaren gainkarga sistematikoa da, langile gutxi daude, etab. Aldi berean, murrizketak mantentzen dira, hala nola Deustuko, Zumarragako edo San Martingo EAGetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgia ixteko proiektuan. Eta murrizketa berriak planteatzen dira Lehen Mailako Arretan udako Gabonetarako, baita lan-baldintzetan ere, hala nola Lanbide Garapenean aplikatu nahi den murrizketa erradikal eta justifikaziorik gabea. Osakidetzako kategoria guztietako eta hiru lurraldeetako arazoen aurrean gaude.

Transfusioen Euskal Zentroko langileak greban daude, Osakidetzarekin duten haserrea azaleratzeko

Abenduaren 20, 21 22 eta 23an greba egunak izaten ari dira Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileak. Diskriminazioa jasaten dute, eta Euskal Osasun Zerbitzuak ez du kontua konpondu nahi.

LABek Trapagarango Amazonen lantokian deitutako grebek 60.000 pakete baino gehiago utziko dituzte banatu gabe

Eguna historikoa izan da berriro, hirugarren greba eguna multinazionalaren Trapagarango lantokian, urriaren 17ko lanuzteen eta azaroaren 28ko egun osoko grebaren ondoren. Berriro ere, Amazonen azpikontratetako 300 furgoneta baino gehiago ez dira kaleetara atera banaketa lanak egitera, biltegiko langile gehienek bat egin dutelako LABen greba deialdiarekin. Gaur, enpresak 25.000 paketeko atzerapena pilatu du eta bihar, aurreikuspenen arabera, 35.000 pakete ez dira banatuko. Beraz, bi egunetako grebaren ondorioz, 60.000 pakete banatzeke geratuko dira. Grebalariek kalejira egin dute gaur Bilbon, Plaza Eliptikotik Zirkularreraino. Bihar, abenduaren 23an, aste honetako bigarren greba egunean, Trapagarango lantokiaren aurrean mobilizatuko dira 8:00etatik aurrera.

Gaurko greba eguna arrakastatsua izan dela esan dezakegu, eta horren isla garbia izan da Amazoneko 6 azpikontratek (Vayven Delivery, S.L., E-Box Last Mille, S.L., Flash Delivery, S.L., Besaide Logistics, S.L., City Logistic, S.L. eta Grusar Logistica y DistribucciĂłn, S.L.) banatzaileei etxean geratzeko agindu dietela.

Joan den astelehenean, abenduaren 19an, Amazon enpresa-batzordearekin batzartu zen eta ez zuen ezer esanguratsurik eskaini. Zentroko hitzarmen bat egitea bideragarria ez dela adierazi zuen eta negoziazioa hautsitzat joz altxatu zen. Eskaintzen duten gauza bakarra asteburuetako atsedenaldiak hobetzea da, eta LABentzat hori ez da nahikoa. Hori gutxi balitz, atzo gauean, enpresak plantillari mehatxuzko mezua bidali zion, segurtasun pribatua handituko zuela eta Ertzaintzaren presentzia handiagoa eskatu zuela esanez. Mehatxuak mehatxu, lehen greba eguna arrakasta bat izan da.

Biharko beste greba egun bat dago deituta, eta espero dugu enpresa zuzendaritzak, erantzukizunez jokatuta, bere jarrera birplanteatzea eta negoziazioaren alde egitea. Bestela, langileei uzten dien aukera bakarra mobilizazioa da.

EAJ eta PSEren aurrekontuak ia osoki langileok finantziatuko ditugu eta ez dute balioko zerbitzu publikoak indartzeko zein bizitza duinak bermatzeko

Aurrekontuok bizi dugun krisi ekosozialaren ikuspegitik aztertu behar ditugu eta ondorioa eztabaidaezina da: ez diote erantzuten testuinguru ekonomiko eta sozialak eskatzen duen politika publikoen erroko norabide aldaketari.


Gaur, abenduak 22, DSBEren erreforma onartuko da Eusko Legebiltzarrean eta bihar, aurrekontu proiektua. Gaur bezala bihar, politika neoliberalek segida izango dute. Aldaketa bakarra, baina ez txikia, gaurko onarpenak izandako babesa ez duela bihar izango EAJ eta PSEren Gobernuak; bakardadean aterako dituzte legegintzaldiko azken aurrekontuak.
Urtero bezala, aurtengoak ere inoizko aurrekonturik sozialenak direla diote. Krisi ekosozialak baldintzaturiko testuinguruan, bizitzaren prekarizazioa eta garestitzea gero eta bortitzagoa den honetan eta zaintza lanen urgentziazko berrantolaketa behar denean, asmo argia ikusten diegu Lehendakariari eta gobernukideei: eztabaida politikoa lokartu eta salbuespen egoera normalizatzea. Ezin daiteke ulertu bestela Gobernuak krisi eta ziurgabetasun diagnostikoa egitea eta ohikoa duen aurrekontu-politika murriztailea garatzea.
2022rako aurrekontuekiko Gobernuak aipatzen duen %8,7ko igoeran, Aspiazu jaunak ez du esaten 2022 urterako gastuak aurrekontuen aurreikuspenak gainditu dituela, eta beraz, gastu errealarekin alderatuta igoera %2,3koa baino ez dela. Horri kentzen bazaizkio zor publikotik eratorritako karga finantzieroa eta AHTra bideraturiko kudeaketa-kredituak, igoera nominala %1 eskas da. Inflazioa eta honek eragindako prezioen igoera aintzat hartuz gero, aurrekontuetan jasotzen den inbertsio publikoaren igoera ezerezean geratzen da. Gastu publikoa handitzeko aukera ematen duen zerga arauen etendura indarrean dagoen unean, egoera hau oso larria da LABen iritziz.
Aurrekontuak aztertzean, gastuen banaketa aztertzea bezain garrantzitsua da aurrekontu horiek osatzeko sarrerak aztertzea, eta beraz, zerga-politika. Aurrekontu hauek finantzatzearen pisua nagusiki langileon gain erortzen da: Batetik, bildutakoaren %53,5 BEZa bezalako zeharkako zergen bidez biltzen da, EAEko zerga-politikaren izaera erregresiboaren adierazle. Bestetik, zerga-zuzenen ekarpena %46koa da, eta horietatik %77 lan errentetatik biltzen da. Urkulluren Gobernuak bertako eskumenak baliatzen ditu Repsol eta enparauei irabazien gaineko zergak ez ezartzeko, eta bitartean, zerga sisteman egindako ekarpenaren %80 langile familiak egindakoa dela. Modu bidegabean, ia osoki finantzatzen ditugu langileok aurrekontuak eta gainera, ez dira aberastasunaren birbanaketarako tresna eraginkorra. Horixe bera da Patronalaren Lehendakaria izatea.
Politika publikoen erroko norabide aldaketa beharrezkoa da, hala aldarrikatu genuen azaroaren 19an Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eta Eskubide Sozialen Kartaren eskutik egindako mobilizazioetan. LABek lan, pentsio eta zerbitzu publiko duinak bermatuko dituzten aurrekontuak eskatzen ditu, besteak beste zerbitzu publikoak benetan indartzeko apustua egiten duten aurrekontuak, gizarte-babesa hedatu eta oinarrizko beharrizanak (energia, etxebizitza, zaintza) bermatuko dituztenak, diru-sarrera duinak bermatuko dituztenak – pentsioak 1.260 eurotara osagarrituz, besteak beste – eta aberastasuna birbanatzen dutenak. Horretarako, sakoneko zerga erreforma progresiboa beharrezkoa eta urgentziazkoa da.
Bizitza duinak eraiki nahi baditugu, trantsizio ekosozialista eta feminista baten norabidean urratsak ematen behar dira. Aurrekontuak trantsizio hori eraikitzeko tresna izan daitezke, baina zoritxarrez EAErako aurkezturiko aurrekontuek gero eta bidegabeagoa eta bideraezinagoa den gizarte-eredua betikotzen dute.

FVEMek argi utzi du Bizkaiko metalgintzako hitzarmenik ez duela nahi

Gaur Bizkaiko metalaren negoziaziorako mahaiaren hogeita batgarren bilera burutu eta emaitza ezin izan da negargarriagoa izan. Akordiorik eza alde batera utzita, negoziazioan patronala ordezkatzen duten pertsonen borondate falta eta jarrera izan dira arazoak.
Negoziaziora gonbidatzen ez zuen tonu batean, patronalak plataforma berria aurkezteko tarte txikia aurpegiratu egin du, segundo batzuk geroago proposamena guztiz onartezina zela baieztatu duelarik. Proposamen berria ekonomikoki aurrekoa baino altuagoa zela esan dute, eta beren irizpidearen arabera zenbat altuago zen galdetu zaionean, ez dute jakin zer erantzun. Azkenik, sindikatuak aseezin gisa deskalifikatu ditu patronalak.
FVEMek azaroaren 24an egindako azken proposamenetik, gehiengo sindikalak mugimenduak egin ditu honako atal hauetan:

  • Urteko lanaldia 24 ordutik 8ra murriztea.
  • Sektore osorako subrogazioa eskatzetik telefoniako eta zuntz optikoko lineak instalatzeko eta mantentzeko langileentzat izatea mugitu dugu.
  • ABLEek kontratatzeko debekuari uko egitea.
  • Eta garrantzitsuenak, gaurko bileran, hitzarmenaren bigarren urtetik aurrerako igoerak aldatuta, KPIak berrikusteko klausularen formula onartu da, FVEMen proposamenarekin bat etorriz.
    Negoziazioa amaitutzat jotzen duten galdetuta, mugimenduak beren irizpidearen arabera eta eurek uste duten denboran egingo dituztela erantzun dute. Gaurko bileran agerian geratu dira FVEMen gezurra eta CCOO-LAB-UGTren gehiengo sindikalak negoziatu nahi ez duela inposatu nahi duten kontakizun publikoa.
    Laburbilduz, FVEMek negoziazioa mespretxatzen du, eta FVEM ez da sektoreko 56.000 pertsonaren lan-baldintzen erantzule egiten.
    Egoera horretan, borroka eta mobilizazioa dira patronalak onartzen duen alternatiba bakarra. Ez dezatela beraz negoziazioko alderdien arteko ulermena eskatu. Negoziatu ez duen alderdi bakarra patronala izan da.
    Bestalde, azken astean hainbat pertsonari jakinarazi zaie ordena publikoa aztoratzea egotzita ikertuak izaten ari direla. Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzak jakin dezatela, argi dugu greba ez dela delitua, eta gure hitzarmena defendatzeko beharrezkotzat jotzen ditugun ekintza guztiak egiten jarraituko dugu.

Eskubide Sozialen Kartak salatu duenez, Nafarroako 2023rako aurrekontuek ez diote gizartearen pobretzeari aurre egiten eta erreforma fiskala eskatzen du

Eskutitza osatzen duten erakundeek kontzentrazioa egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, “Aurrekontu hauei ez! Pobretzearen aurrean, erreforma fiskala” lelopean.

Eskubide Sozialen Karta hainbat gizarte-mugimenduk eta sindikatu ugarik osatzen dute. Gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean salatu dute Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Podemosek ere) aurkeztutako eta EH Bilduk ezer gutxi aldatutako aurrekontuek ez dutela balio Nafarroako ia biztanle guztiek pairatzen duten pobretzeari aurre egiteko. Era berean, kritiko agertu dira alderdi politiko horiek adostutako neurri fiskalekin. Haien ustez, hauek erabat motz gelditzen dira funtsean langileen ahaleginarekin sortutako aberastasunaren banaketan aurrera egiteko.
Eskubide Sozialen Kartaren iritziz, alde batetik, banku eta inbertsio-funtsekiko zorraren ordainketak erabat baldintzatutako aurrekontuak dira. Gainera, murriztaileak dira, azken urteko inflazioa eta 2023rako aurreikusitako BPGa baino gutxiago hazten baitira. Eta, azkenik, ez dira gai zerbitzu publikoen beharrezko indartze eta hobekuntzei erantzuteko, hala nola, osasuna, menpekotasun arretaren publikazioa, etxebizitza eskuratzeko aukera, pentsio duinen bermea, etab.
Osasun publikoak itxaron-zerrenda zentzugabeak ditu, eta lehen mailako arreta kolapsatuta dago; gizarte-eskubideetarako aurrekontu publikoak multinazionalei ematen zaizkie, eta hirugarren adinekoen egoitzetako negozio pribatuaren burtsako inbertsioei; errenta bermatuak LGSa baino askoz txikiagoa izaten jarraitzen du, gutxieneko pentsioen osagarria ez da 1260 eurora arte jasotzen, Europako Gutun Sozialaren irizpideei jarraiki; hezkuntzako inbertsioa Europako mediatik urrun dago eta etxebizitza, eskubidea baino, espekulaziorako ogasuna izaten jarraitzen du, besteak beste.
Horrekin batera, Eskubide Sozialen Kartak uste du adostutako neurri fiskalak ez direla nahikoak. Eskubide Sozialen Kartaren iritziz, beharrezkoa da zerga erreforma bat egitea, diru sarrerak gehien duenaren kontura handitzeko. Bi legegintzaldi igaro dira UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik, eta ia ez dira ukitu enpresen eta kapitalaren pribilegio fiskalak. Beharrezkoa da ezkerreko indarrek Nafarroan dagoen fiskalitate bidegabea aldatzeko benetako konpromisoa hartzea.
Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, Nafarroako Gobernuak 2023. urterako aurkeztutako aurrekontuak errefusatzen ditu. Argi dugu mobilizazioa beharrezkoa dela erreforma fiskal sakonaren eskakizuna indartzeko, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Jasotakoa sistema kapitalistaren eta gobernu-politiken ondorioz sortutako gizarte-desberdintasuna murrizteko erabiltzea aldarrikatzen dugu.

Borrokarako prest gaude Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duina lortzeko

Mendaroko EGILE enpresan protesta ekintza egin dugu gaur, bertako gerentea Eduardo Junkera ADEGIko lehendakaria ere badelako. Mezu argia helarazi nahi dugu, Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duin bat nahi dugula, edukiz betetakoa, eta hori lortzeko, borrokatzeko prest gaudela, hitzarmen guztietan egiten ari garen bezala.

Akordio batera iritsi ahal izateko beharrezkoa izango da KPIa bermatzea, lanaldia jaistea, aldi baterako desgaitasun osagarriak adostea, malgutasunari mugak jartzea, baimenek egungo errealitateari erantzutea… beste gauza batzuen artean.

Negoziaketa mahaia 2023ko urtarrilaren 12an osatuko da. LABek argi dauzka helburuak eta oztopo guztien gainetik, metalgintzan akordio duina lortzeko borrokarako prest dago.