2026-08-02
HomeEkintza SindikalaLABek Trapagarango Amazonen lantokian deitutako grebek 60.000 pakete baino gehiago utziko dituzte...

LABek Trapagarango Amazonen lantokian deitutako grebek 60.000 pakete baino gehiago utziko dituzte banatu gabe

Eguna historikoa izan da berriro, hirugarren greba eguna multinazionalaren Trapagarango lantokian, urriaren 17ko lanuzteen eta azaroaren 28ko egun osoko grebaren ondoren. Berriro ere, Amazonen azpikontratetako 300 furgoneta baino gehiago ez dira kaleetara atera banaketa lanak egitera, biltegiko langile gehienek bat egin dutelako LABen greba deialdiarekin. Gaur, enpresak 25.000 paketeko atzerapena pilatu du eta bihar, aurreikuspenen arabera, 35.000 pakete ez dira banatuko. Beraz, bi egunetako grebaren ondorioz, 60.000 pakete banatzeke geratuko dira. Grebalariek kalejira egin dute gaur Bilbon, Plaza Eliptikotik Zirkularreraino. Bihar, abenduaren 23an, aste honetako bigarren greba egunean, Trapagarango lantokiaren aurrean mobilizatuko dira 8:00etatik aurrera.

Gaurko greba eguna arrakastatsua izan dela esan dezakegu, eta horren isla garbia izan da Amazoneko 6 azpikontratek (Vayven Delivery, S.L., E-Box Last Mille, S.L., Flash Delivery, S.L., Besaide Logistics, S.L., City Logistic, S.L. eta Grusar Logistica y DistribucciĂłn, S.L.) banatzaileei etxean geratzeko agindu dietela.

Joan den astelehenean, abenduaren 19an, Amazon enpresa-batzordearekin batzartu zen eta ez zuen ezer esanguratsurik eskaini. Zentroko hitzarmen bat egitea bideragarria ez dela adierazi zuen eta negoziazioa hautsitzat joz altxatu zen. Eskaintzen duten gauza bakarra asteburuetako atsedenaldiak hobetzea da, eta LABentzat hori ez da nahikoa. Hori gutxi balitz, atzo gauean, enpresak plantillari mehatxuzko mezua bidali zion, segurtasun pribatua handituko zuela eta Ertzaintzaren presentzia handiagoa eskatu zuela esanez. Mehatxuak mehatxu, lehen greba eguna arrakasta bat izan da.

Biharko beste greba egun bat dago deituta, eta espero dugu enpresa zuzendaritzak, erantzukizunez jokatuta, bere jarrera birplanteatzea eta negoziazioaren alde egitea. Bestela, langileei uzten dien aukera bakarra mobilizazioa da.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.