2026-08-02
HomeEkintza PolitikoaEAJ eta PSEren aurrekontuak ia osoki langileok finantziatuko ditugu eta ez dute...

EAJ eta PSEren aurrekontuak ia osoki langileok finantziatuko ditugu eta ez dute balioko zerbitzu publikoak indartzeko zein bizitza duinak bermatzeko

Aurrekontuok bizi dugun krisi ekosozialaren ikuspegitik aztertu behar ditugu eta ondorioa eztabaidaezina da: ez diote erantzuten testuinguru ekonomiko eta sozialak eskatzen duen politika publikoen erroko norabide aldaketari.


Gaur, abenduak 22, DSBEren erreforma onartuko da Eusko Legebiltzarrean eta bihar, aurrekontu proiektua. Gaur bezala bihar, politika neoliberalek segida izango dute. Aldaketa bakarra, baina ez txikia, gaurko onarpenak izandako babesa ez duela bihar izango EAJ eta PSEren Gobernuak; bakardadean aterako dituzte legegintzaldiko azken aurrekontuak.
Urtero bezala, aurtengoak ere inoizko aurrekonturik sozialenak direla diote. Krisi ekosozialak baldintzaturiko testuinguruan, bizitzaren prekarizazioa eta garestitzea gero eta bortitzagoa den honetan eta zaintza lanen urgentziazko berrantolaketa behar denean, asmo argia ikusten diegu Lehendakariari eta gobernukideei: eztabaida politikoa lokartu eta salbuespen egoera normalizatzea. Ezin daiteke ulertu bestela Gobernuak krisi eta ziurgabetasun diagnostikoa egitea eta ohikoa duen aurrekontu-politika murriztailea garatzea.
2022rako aurrekontuekiko Gobernuak aipatzen duen %8,7ko igoeran, Aspiazu jaunak ez du esaten 2022 urterako gastuak aurrekontuen aurreikuspenak gainditu dituela, eta beraz, gastu errealarekin alderatuta igoera %2,3koa baino ez dela. Horri kentzen bazaizkio zor publikotik eratorritako karga finantzieroa eta AHTra bideraturiko kudeaketa-kredituak, igoera nominala %1 eskas da. Inflazioa eta honek eragindako prezioen igoera aintzat hartuz gero, aurrekontuetan jasotzen den inbertsio publikoaren igoera ezerezean geratzen da. Gastu publikoa handitzeko aukera ematen duen zerga arauen etendura indarrean dagoen unean, egoera hau oso larria da LABen iritziz.
Aurrekontuak aztertzean, gastuen banaketa aztertzea bezain garrantzitsua da aurrekontu horiek osatzeko sarrerak aztertzea, eta beraz, zerga-politika. Aurrekontu hauek finantzatzearen pisua nagusiki langileon gain erortzen da: Batetik, bildutakoaren %53,5 BEZa bezalako zeharkako zergen bidez biltzen da, EAEko zerga-politikaren izaera erregresiboaren adierazle. Bestetik, zerga-zuzenen ekarpena %46koa da, eta horietatik %77 lan errentetatik biltzen da. Urkulluren Gobernuak bertako eskumenak baliatzen ditu Repsol eta enparauei irabazien gaineko zergak ez ezartzeko, eta bitartean, zerga sisteman egindako ekarpenaren %80 langile familiak egindakoa dela. Modu bidegabean, ia osoki finantzatzen ditugu langileok aurrekontuak eta gainera, ez dira aberastasunaren birbanaketarako tresna eraginkorra. Horixe bera da Patronalaren Lehendakaria izatea.
Politika publikoen erroko norabide aldaketa beharrezkoa da, hala aldarrikatu genuen azaroaren 19an Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eta Eskubide Sozialen Kartaren eskutik egindako mobilizazioetan. LABek lan, pentsio eta zerbitzu publiko duinak bermatuko dituzten aurrekontuak eskatzen ditu, besteak beste zerbitzu publikoak benetan indartzeko apustua egiten duten aurrekontuak, gizarte-babesa hedatu eta oinarrizko beharrizanak (energia, etxebizitza, zaintza) bermatuko dituztenak, diru-sarrera duinak bermatuko dituztenak – pentsioak 1.260 eurotara osagarrituz, besteak beste – eta aberastasuna birbanatzen dutenak. Horretarako, sakoneko zerga erreforma progresiboa beharrezkoa eta urgentziazkoa da.
Bizitza duinak eraiki nahi baditugu, trantsizio ekosozialista eta feminista baten norabidean urratsak ematen behar dira. Aurrekontuak trantsizio hori eraikitzeko tresna izan daitezke, baina zoritxarrez EAErako aurkezturiko aurrekontuek gero eta bidegabeagoa eta bideraezinagoa den gizarte-eredua betikotzen dute.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.