2025-12-17
Blog Page 25

Erasoak BetiON-en, enpresak eta Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratzen duten bitartean

Bi hilabete eskasetan, BetiON Telelaguntza zerbitzuko hiru langilek eraso desberdinak jasan dituzte, erabiltzaileen eta/edo zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonen aldetik. Bitartean, enpresak ez du inolako larrialdi-protokolorik aktibatu, biktimak babesik gabe eta guztiz babesgabe utziz. Horrela, bai enpresak bai zerbitzuaren titularrak (Eusko Jaurlaritza) baimendu dute erasotzaileak zerbitzutik baja eman gabe jarraitzea, eta horrek arrisku errepikakorra eta etengabea dakar edozein profesionalentzat etxe horietara joan behar duen bakoitzean.

Langileek erabateko abandonua sentitzen dute enpresaren aldetik, ez delako aipatutako kasuen jarraipenik egiten eta ez direlako neurriak hartzen halakorik berriz gerta ez dadin. Azpimarratzekoa da enpresak ez duela inolako prestakuntza-planik eskaintzen, langileei halako egoerei aurre egiten laguntzeko. Denak, lanean ari diren langileen inprobisazioaren esku uzten dituzte.

Enpresak egin duen ekarpen bakarra izan da lehendik zegoen jarraibide tekniko bat gehitzea (erasoetatik bitan ez duena inolako konponbiderik eskaintzen), aholkularitza juridikoa eta laguntza psikologikoa telefono bidez, kasu hauetan guztiz eskasa iruditzen zaiguna.

Alarmismoan erori nahi ez badugu ere, ezin dugu baztertu egun batean egoera okerrago batera heltzeko aukera. Izan ere, arrisku egoerak bizi izan ditugu: ibilgailu pribatuetan kolpeak, irain matxistak, jazarpenak, etxeetako ateak giltzaz itxita langilea irteten ez uzteko, eta abar luze bat. Horiek guztiak eraso larritzat hartu behar dira, eta zenbait kasutan poliziaren esku-hartzea ere behar izan da.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzaren Telelaguntza zerbitzu publikoko langileok babesgabe handia sentitzen dugu bai enpresaren bai titularraren aldetik, halako egoeren aurrean.

Honi gehitu behar zaio enpresak hitzarmena betetzen jarraitzen ez duela. Adibide garbia da lan-poltsatik langile bat kanporatu izana. Errepresio-ekintza hau dokumentatua eta salatua izan da, eta epaiketa urriaren 6an egingo da; egun horretan epaiaren berri emango da. Batzordeak grebarako deialdia proposatuko du egun horretarako.

Enpresari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu gure osasunarekin eta gure duintasunarekin jolasteari utz diezaien. Babesik gabe, eskubiderik gabe eta errespeturik gabe ez dago zaintzarik.

Hori guztia dela eta, erasoen eta lan-eskubideen urraketen aurrean, batzorde artekoak deialdia egiten die langileei, komunikabideei eta gizarteari, irailaren 9an, 10:30ean, BetiONen instalazioen aurrean (Aragoi kalea, 2). Bertan salatuko dugu publikoki enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik biktimen babesik eza eta segurtasun falta. 

Epaileek oporrak bukatu dituzte eta euskararen aurkako oldarraldia abian da berriro

Oporraldia hasi aurretik, joan den uztaila amaieran, euskararen eta, beraz, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen aurkako enegarren eraso judiziala salatuz, geure eskubideen alde konfrontaziora pasatzeko unea iritsi zela esanez eman genion amaiera ikas urte politikoari. Tamalez, kurtso politiko berria hasi baino ez da egin eta eraso berri baten aurrean gaude.

Izan ere, dirudienez oporrak bukatu eta lanari gogoz eutsi diote epaileek, EAEko Auzitegi Gorenak bere egin baititu Gipuzkoako Foru Aldundian zaintzaile izateko euskararen ezagutza eskatzearen aurkako premisa euskarafoboak. Oldarraldia itzuli da oporretatik…

Jakin badakigu pankarta ateratzea ez dela nahikoa, baina beharrezkoa dela azpimarratu nahi dugu, ezinbestekoa delako euskararen eta euskal komunitatearen aurkako eraso guztiak salatzea. Baina ez genuke nahi pankarta egungo egoera iraultzeko ardura berezia duten indar politikoen babes edo ezkuta lekua bihurtzerik.

Uztailean esan genuen, eta berriz baieztatzen dugu, euskaraz bizitzea erabaki duen euskal komunitatearen aurkako oldarraldia orokortzen ari denean, EAEko gehiengo politiko abertzalea ez dela egoerari aurre egiteko gai izaten ari. Eta hori oso larria da. Manifestaldietara joatea eta elkarretaratzetan parte hartzea ondo dago, baina ez da nahikoa.

Argi ikusten ari gara egungo bide instituzionalak eta juridikoak ez direla nahikoak; beraz, bide horiek baztertu gabe, ezinbestekoa da euskararen aldeko borrokaren ildo nagusia plano instituzionaletik jendartera pasatzea, hau da, dinamizazio soziala kalean indartzea. Horretarako, besteak beste, Gasteizko Legebiltzarrean Euskararen Lege berria bideratu eta onartu beharko litzateke, eta euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsa artikulatu. Lan horretan, funtsezko betekizuna dute indar eta sindikatu abertzaleek.

Euskararen normalizazioaren aurkako erabaki hauek langile euskaldunak eta euskaldunduak kaltetzen gaituzte, euskara normaltasunez bizitzeko aukera oztopatuz, gure artean nagusi den Euskal Herri euskalduna sortzeko helburua ezinezkoa bihurtu arte. Erabaki hauek, beraz, argi eta garbi euskaldunon komunitatearen aurkako erabaki zuzenak dira.

Guk Euskal Herrian euskaraz lan eta bizi nahi dugu, Euskal Herri euskalduna euskaraz eraikiz eta euskaratik abiatuz. Eta horixe da, hain zuzen, ezinezkoa bihur nahi dutena. Herri gisa erabat kolonizatu nahi gaituzte. Euskara eta euskal kulturaren ikuspegitik begiratuta, gertatzen ari dena desastre bat da. Larrialdi egoeran sartu gaituzte.

Euskararen normalizazioa euskal langile mugimenduaren lanabesa da. Euskaraz biziko den Euskal Herriko administrazio publikoak euskaraz funtzionatu behar du, euskara ez dakiten herritarren hizkuntza hautua errespetatuz beti eta non nahi. Euskal langileok Euskal Herrian euskaraz lan eta bizitzeko dugun eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako dugun eskubidea eta gure herrian euskaraz
bizitzeko duguna ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik.

Dei egiten diogu euskal klase politikoari horrelako oldarraldia ekidin dezakeen bidea eta akordio politikoa jorra dezan, horretarako legea egokituz, Euskara Legea aldatuz. Dei egiten diogu euskal jendarteari oldarraldiari aurre egiteko, besteak beste, euskaraz bizitzeko hautua egin dezan, euskara nonahi harrotasunez erabiliz.

Eta, azkenik, dei egiten diegu euskal langileei euskararen aldeko borroka bere egin dezaten eta lan mundua euskalduntzeko prozesuan indar erabakitzailea bihur daitezen.

LABek salatzen du eskola-segregazioaren foroari buruz dakien apurra prentsaren bitartez jaso izana abiapuntu desegokia dela

LABek uste du EAEko gobernuak astelehenean martxan jarriko duen eskola-segregazioari buruzko foroak eragile sozial, politiko eta sindikalekin eraiki beharreko adostasunerako benetako borondatetik baino gehiago duela irudikapenetik. Izan ere, eragile gonbidatuek ez dakigu gaur-gaurkoz zein diren foroaren eta bileraren gai-zerrenda, helburua eta edukiak, metodologia eta parte hartzaileak. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak prentsan egindako adierazpen bidez jakin du LABek dakien apurra. Are gehiago, apirilaren 4an lehen aldiz biltzekoa zen foroa bat-batean bertan behera utzi zuten, inolako azalpenik gabe.

LABek salatzen du abiapuntu hau ez dela batere egokia, eta adostasunak eraikitzetik urrun dagoela; agerian uzten du Hezkuntza Sailaren seriotasun falta. Ez hori bakarrik, badirudi gobernu honek aurreko ikasturtean Osasun Mahaian izandako jarrera berberarekin hasi nahi duela foro hau. Orduan, LABek adierazi zuen metodologia nahieran moldatu zuela gobernuak, bere interesen arabera arian-arian moldatuz eta lantaldeetan hartutako erabaki batzuk isilaraziz, osasun sistema publikoaren pribatizazioarekin jarraitzeko erabakiak inposatzeko.

Urteak dira LAB sindikatua segregazioaren gaia lantzen ari dela, estrategikotzat duen lehentasun gisa aitortzearekin batera, proposamen propioak eginez eta mobilizazio zein greba dinamiken bidez lehen lerroan jarriz. Ez dezagun ahaztu, EAEko Hezkuntza Legearen testuinguruan, euskal gehiengo sindikalak hezkuntza sistema eraldatzeko egin zituen Publikoa, Propio eta Euskalduna greben bidez, aldarrikatu zuela langileokin negoziatu eta adostu behar zirela eskola segregazioari aurre egin eta hezkuntza sistema publiko bakar eta propioa sortzeko bestelako erabaki batzuk har zitezen araubideak.

Ordutik, EAJ-PSEren gobernuak, segregazioari aurre egiteko sindikatuokin zein beste hezkuntzako eragile sozial batzuekin foroa sortzetik urrun, soilik gobernuko alderdien babesa izan zuen hezkuntza legea onartu zuen, ituntze agindua eta planifikazio dekretua nahieran aldatu zituen eta ikasleen onarpen aginduan moldaketak egin zituen aurreko ikasturtean, itunpeko ikastetxeen mesedetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburu eta herri populatuenetan Zaurgarritasun-Indizea gora egiten ari den honetan —familien egoera sozioekonomikoa gero eta prekarioagoa delako eta migrazio-fluxua gero eta handiagoa delako—, Hezkuntza Sailak aldaketa normatiboak egin ditu ikasle horiekin harremanik izan nahi ez duten familien pribilegioak eta itunpeko ikastetxe jakin batzuen interesak babesteko. Alta, itunpeko ikastetxeek kuotak kobratzeak indarrean dirau, Sailak oraingoz ez ditu ikastetxe guztietako auditoretzak egin, ez du doakotasuna ezarri eta diru publikoaren truke ikastetxe guztiek bete behar dituzten betebeharrak ez ditu ezarri.

LABek segregazioari aurre egiteko itun sozial baten beharra planteatu izan du, baina ez 50 parte hartzaile eta Osasun Mahaiaren metodologia berarekin seriotasunik gabe hasiko den foro baten argazki bat ateratzeko. Hortaz, deialdiarekin kritikoak bagara ere, lehen bilera horretan parte hartuko dugu, eta, ondoren, bertan jarraitu edo ez baloratuko dugu. Horrekin batera, eskola segregazioari aurre egiteko eta hezkuntza sistema publiko bakar, berri eta propioaren norabidean sakontzeko dinamika sindikala martxan jartzea izango da LABen apustua; sare publikoa hedatu eta hezkuntza sistemaren antolaketa duala borrokatzeko, euskararen murgiltze ereduan eta Euskal Curriculumean oinarrituko den hezkuntza propioa edo burujabean sakontzeko eta arrazakeria zein klasismoaren oldarraldiari aurre egiteko. 

EAEko kolektibitateen lehen hitzarmenerako negoziazio mahaia eratzea lortu dugu

15 urte baino gehiagoko borroka eta mobilizazioen ondoren, LAB sindikatuak, ELA, UGT eta CCOOekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hitzarmen propioa lortzeko lehen negoziazio mahaia eratzea lortu du.

CCOOk mahaiaren eraketa sinatu duen arren, denbora honetan guztian ekimen honen sustatzaile izango ez zela errepikatu du, eta, gainera, ez du parte hartu hori posible egin duten mobilizazioetan.

Orain arte, sektoreko lan-baldintzak herrialdeetako ostalaritzako hitzarmenek edo kolektibitateetako hitzarmen estatalak arautzen zituzten, kolektibitateetan lan egiten dutenen errealitatetik urrun. Urrats berri honek sektorea lan baldintza justuago, duinago eta bere errealitatera egokituagoetara hurbilduko du.

LABek beti egin du estatalizazioarekin amaitu eta hemen, Euskal Herrian, lan baldintzak negoziatzearen alde. Lorpen hori aurrerapauso nabarmena da bide horretan.

LABek aurkeztuko duen plataforma oinarriarekin eraikiko da, langileen parte-hartze aktiboarekin, haien beharrak eta errealitateak zintzo islatuko dituela bermatzeko. Helburua: sektoreko pertsona guztiek lan-baldintza berberak izatea, diskriminaziorik eta desberdintasunik gabe.

Hori ere funtsezko urratsa da, oso feminizatuta dagoen, historikoki ikusezin bihurtu den, eta lan eta gizarte arloan funtsezko ekarpena egin duen sektore bat duintzeko.

LABetik zorionak ematen dizkiegu sektoreko langile guztiei eta gure konpromisoa berresten dugu, borroka eta erresistentzia urte hauei guztiei justizia egingo dien hitzarmen bat bermatzeko tinko lanean jarraitzeko.

Hemen lan egin, hemen erabaki! 

Borrokak merezi du! 

LABek iruzur fiskalaren aurkako 2025-2027 Planak fortuna handietan eta kontratu publikoak dituzten enpresetan lupa jartzea eskatu du

2025eko irailaren 1ean, Nafarroako Foru Ogasunak 2024ko Zerga Kontrolerako Planaren emaitzak aurkeztu zizkion Zerga Iruzurraren eta Ezkutuko Ekonomiaren Aurka Borrokatzeko Batzordeari, bai eta aste honetan zabaldu den 2025-2027 Zerga Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Plana ere. Bilera horretan, LAB sindikatuak kritikatu zuen batzordean parte hartzen duten eragileek ez dutela aukerarik izan planaren konfigurazioari ekarpenak egiteko. Era berean, Nafarroako zerga ikuskaritzara bideratutako giza baliabideak eta baliabide teknikoak handitzeko beharra azpimarratu zuen LABek.

Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren Aurkako Batzordeak arazo berberak ditu abian jarri zenetik, eta Nafarroako Gobernuak ez dio erremediorik jarri: nekez biltzen den batzordea da, eta ez du inolako misiorik parte hartzen duten eragileentzat. Hala, ezinezkoa da datuen jarraipen hurbila egitea, ekintza berriak eskatzea eta iruzur fiskalari aurre egiteko planen lanketan esku hartzea.

2025-2027 Iruzur Fiskalaren Aurkako Borrokaren Plana argitaratu ondoren, LAB sindikatuak berretsi egin ditu azken urteotan etengabe errepikatu dituen ekarpenak eta eskakizunak. Horrela, iruzurraren aurka borrokatzeko tresna nagusia den plan berriak, gaur Nafarroako Gobernuak aurkeztutakoak, helburu izan behar du enpresarien jardunbide txarrak uxatzea; alegia, kontratu publikoak dituzten enpresen zein dirutza handien ustelkeria eta iruzurra azaleratzea. Gogoratu behar da ustelkeria kasu orok enpresaburu bat inplikatzen duela beti. Hala, eraginkortasun eta justizia fiskal irizpideak aplikatuz, beharrezkoa da arreta-gunea birbideratzea eta iruzurra gehien kontzentratzen den lekuetan ikertzeko eta jazartzeko ahaleginak egitea.

Horrekin bat etorriz, LAB sindikatuak exijitzen du 2025-2027 aldirako Zerga Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Planak bere jardueren artean Sozietateen gaineko Zergaren zerga-iruzurraren azterketa jasotzea. Era berean, Nafarroako Ogasunari giza baliabideak eta baliabide teknikoak eman diezazkiola, iruzur-poltsa handietan ikerketa-jarduerak indartzeko.

Nafarroako Ogasunak berak aitortzen du plantillaren tamaina Nafarroan beste herrialde batzuetan baino txikiagoa dela. Plantillaren tamainari dagokionez, 2022an 1.833 biztanle zeuden Espainiako Zerga Agentzian lan egiten zuen pertsona bakoitzeko; Nafarroan, berriz, 2.025 biztanle zeuden Foru Ogasunean lan egiten zuen pertsona bakoitzeko.

Ildo horretan, LAB sindikatuarentzat ez da nahikoa giza baliabideak 15 bat pertsonatan bakarrik zabaltzea. Beharrezkoa da langileen talentua eta gaitasuna handitzea, eta haien lana aintzat hartzea. Horrela, Nafarroako Gobernuak sindikatuaren alegazioei erantzun behar die eta produktibitatea osatzeko proiektu egoki bat aurkeztu eta Nafarroako Ogasunean dagoen lan gatazkari irtenbidea eman.

Inbertitutako euro bakoitzeko, Foru Ogasunak ia 5 euro berreskuratzen ditu (zehazki, 4,9 euro) zerga-iruzurra ikertu eta egiaztatzeko jarduketen bidez. Beraz, ahaleginak merezi du eta hobetzeko tartea dago.

Azkenik, heziketa zibiko-tributarioa beharrezkoa da eskuinaren eta ultra-eskuinaren diskurtsoaren aurrean. Diskurtso horrek zergak deabrutzea bilatzen du, berdintasunari eta zerbitzu publikoei eraso egiteko. Baina heziketa horrek jarrera proaktiboagoa eskatzen du, eta enpresaburuek ustelkeriaren eta iruzur fiskalaren kasuetan duten portaera onartezina jaso behar du.

Haurreskolak Partzuergoak 63 lanpostu sortu gabe hasiko du ikasturtea

LAB eta STEILAS sindikatuek Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak Partzuergoan 2024an sinatutako akordioa ez duela bete salatu dute elkarretaratze baten bidez, Haurreskolak Partzuergoaren egoitza nagusiaren aurrean, Eibarren.

2024ko apirilaren 18an Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak eta ordezkaritza sindikalaren %82,98ak lanpostu berriak sortzeko prozedura arautzeko akordioa sinatu zuten. Akordio horretan, produkzio gorabeherengatik egindako kontratuen iraupena zehaztu zen kontratu horiek ondoz ondoko bi ikasturte jarraian errepikatuz gero, plaza horiek egiturazkoak joko direla eta Lanpostuen Zerrendan txertatu eta hurrengo irailaren 1etik aurrera hornituta egon behar direla ezarri zen.

Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak positiboki baloratu zuten akordioa eta horrela adierazi zuten Irekia atarian. Hala ere, LAB eta STEILAS sindikatuek gogor salatu nahi dute akordioa, gaur gaurkoz, ez dela bete eta 2025eko irailean Lanpostuen Zerrendan txertatu eta irailaren 1etik aurrera hornitu beharko liratekeen 63 lanpostu berriak ez direla sortu.

Bi sindikatuek gogor kritikatu dute egoera eta lotsagarritzat jotzen dute akordioa sinatu eta urtebete baino gehiago igaro ondoren oraindik ere, lanpostu horiek sortu gabe jarraitzea. Honen aurrean, Hezkuntza sailak mahai gainean ez duela alternatiba eta proposamenik jarri salatu dute.

Egoera horrek eta behar besteko kontrataziorik egin ez izanak ikasturtea normaltasunez hastea eragotzi du, agerian utziz Hezkuntza Sailaren utzikeria eta hitzartutakoa betetzeko ezgaitasuna.

Begoña Pedrosak, Hezkuntza sailburuak berak Haurreskolak Partzuergoko Batzar Nagusian adierazi zuen bezala, azken 4 urtetan matrikulazioak %40ko igoera izan du. Testuinguru horretan, agerian geratzen da hezitzaile gehiago behar direla eta enplegu egonkorra sortzea ezinbestekoa dela, Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen hezkuntza zerbitzuaren kalitatea bermatu dadin.

Sailaren ezgaitasuna eta utzikeria salatzea eta hitzartutakoa bete dadin exijitzea izan da LAB eta STEILAS sindikatuek Haurreskolak Partzuergoko egoitza nagusiaren aurrean egindako elkarretaratzearen helburua. Bi sindikatuek mahai negoziatzailea ahalik eta lasterren deitu eta egoerari irtenbidea emango dion proposamen zehatza aurkeztea exijitu dute.

Horretaz gain, Hezkuntza Sailari langileak errespetuz tratatzea eta haurreskolak behar dituzten baliabideekin hornitzea eskatzen diote.

EAJ eta PSEk herritarrei pentsio duina izateko ereduaren inguruko eztabaida ukatu nahi diela salatzen du LABek

145.142 herritarrok babestu dugu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatara parekatzeko Herri Ekimen Legegilea. Atzoko Gobernu Kontseiluan hartutako erabakiarekin, EAJ eta PSEek demokraziari eta herritarron parte hartzeari beldurra diotela adierazi dute. 

Ez da onargarria inolako datu objetiborik gabe, inolako azterketa seriorik aurkeztu gabe, zehaztasun eta daturik gabe, milaka herritarrok babestu dugun HELaen inguruko eztabaida bera ukatzea. EAJ eta PSEk Lege tramitazioa onartu eta bertan gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzearen aurka daudela adierazi zezaketen. Emendakin partzialak edota osoa egin zezaketen. Baita zuzenean kontra bozkatu eta honen zergatiak herritarrei azaldu. 

Baina, lotsagabeki, eztabaida bera ukatzea izan da hartu duten bidea. Aurkeztu duten informea eta gaur bertan Pradalesek adieraztikoek argi uzten du zein den bi aldeerdien erabaki politikoa. erabaki politikoa. Pradalesen Gobernua parte hartzeaz eta forma berriez ahoa betetzen duen bitartean, aspaldiko babesik handiena izan duen Herri Ekimen Legegilea baztertzeko urratsa eman dute. 

LABek bat egiten du EHPMak adierazitakoarekin. DSBEren ereduak porrot egin du pentsiodunei bizitza duina ziurtatzeko helburuari dagokionez. Milaka pentsiodun, batez ere emakumeak, prekarietatera eta haien bikotearen diru sarreren menpe bizitzera kondenatu nahi ditu Jaurlaritzak. Mikel Torres adierazitako DSBEren ingurukoak soilik bi modutara uler daitezke: Edo ez du benetako errealitatea ezagutzen eta gezurretan ari da; edo okerragoa dena, Pradalesen Gobernuak ez du inongo asmorik baldintza okerrenetan dauden pentsiodunen bizitzak hobetzeko politikak egiteko asmorik, hauen etorkizuna Madrilen esku utziz. LABen ustez arduragabekeria hutsa da, eta bizi dugun testuinguruan desafekzio politikoa elikatzen dute adierazpenok. 

Gaur ere, Pradalesek DSBEan oinarritutako ereduaren aldekotasunaz erantzun du Herri Ekimen Legegileari buruz galdetuta, noiz eta EAJ eta PSEren gobernuen behin eta berriz murrizketak aplikatu dituzten DSBEan. Eztabaidari bidea ixteko beste aitzakia bat, eskumenen argudioari gehitzen zaiona. Herri Ekimen Legegilean jasotzen den proposamena bideragarria da egun Eusko Jaurlaritzak dituen eskumenen baitan, Legebiltzarreko informe juridikoak adierazi zuen moduan. 

Horregatik, LAB sindikatuak Jaurlaritzari eskatzen dio Herri Ekimen Legegilearen eztabaida ez oztopatzeko. Oraindik garaiz daude EAJ eta PSE jarrera aldatu eta milaka herritarrok eskatu bezala guree babees sistema indartuko duen pentsioak osagarritzeko ereduaren inguruko eztabaidari ateak ireki eta jarrera eraikitzailearekin aritzeko. Atzo hartutako bidean tematzea demokraziari, parte hartzeari eta herritarren eskariei entzungor egitea izango litzateke. 

Era berean LABek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bidelagun izateko duen konpromisoa berretsi nahi du, eta HELaren sinadura bakoitza defendatzeko zein milaka langileon bizitzak duintzeko beharrezkoa den pentsio osagarriaren alde egiteko bere prestutasuna azaltzen du.

Maderas de Llodio enpresak kaleratze kolektibo bat abiarazteko asmoaren berri eman dio Batzordeari

Maderas de Llodio Enpresa Batzordeak kezka eta gaitzespen sakona adierazi nahi ditu, atzo Zuzendaritzak egindako komunikazioaren aurrean, zeinetan enplegu kolektiboaren prozedura abiarazteko asmoa komunikatu baitzuen inongo zehaztasunik gabe, baita beste neurri batzuk hartzeko asmoa, langileen egonkortasuna arriskuan jar dezaketenak.

Gertakari hau oso larritzat jotzen dugu, bereziki uztaileko azken asteetan hitzarmenaren negoziazio- prozesuan bete-betean geunden eta hainbat puntutan aurrera egiten ari ginenean. Hala ere, irailaren 1ean, Zuzendaritzak elkarrizketaren dinamika hautsi eta neurri zorrotz eta aldebakarraren aldeko apustua egin zuen, zuzenean langileen etorkizunaren aurka.

Gainera, komunikazio hau egiteko modua guztiz onartezina izan da: bilerarik aurrez deitu gabe, xehetasun handirik eman gabe eta plantan zeuden ordezkariei modu inprobisatuan helaraziz. Jokabide honek errespetua eta lan-harremanetan egon behar duen gutxieneko formaltasuna urratzen du, bereziki garrantzi handiko komunikazioei dagokienez, larritasuna kontuan hartuta.

Enpresa Batzordeak argi utzi nahi du. ez duela Maderas de Llodio enpresan kaleratzerik onartuko eta horrelako edozein neurriren aurka borrokatuko duela. Berehala exijitzen dugu enplegu kolektiboaren prozedura erretiratzea eta hitzarmenaren negoziazioak premiaz berriz hastea; bertan jorratu behar da plantillaren etorkizun laboralaren nondik norakoa. Atzo bertan helarazi genion Zuzendaritzari, idatziz, neurri honen aurkako gure erantzun irmoa.

Gure konpromisoa irmoa da eta beti egongo gara lanpostu guztiak eta plantillaren eskubideak defendatzen. Datozen egunetan langileen batzar orokorra deituko du Batzordeak, egoeraren berri emateko eta neurri honi erantzun kolektibo egokia artikulatzeko. 

Maderas de Llodio Enpresa Batzordearen oharra

Azazetako istripuan hil zen langilea etxez etxeko laguntzailea zen: LABek lan baldintzen prekaritatea salatu du

Atzo Azazetako mendatean gertatutako auto-istripuan hildako langilea Gasteizko etxez etxeko laguntza sektorean lan egiten zuen. LABek baieztatzen duenez, 56 urteko A.L. de M. L. de M. Serveo enpresaren zerbitzura ari zen lanean, eta lan istripuan hil zen. LABek doluminak eta elkartasuna helarazi dizkie hildakoaren senideei, lagunei eta lankideei.

Etxez etxeko laguntzako langileen lan baldintzak oso prekarioak direla salatzen du LABek. Langileek desplazamendu ugari egin behar izaten dituzte oso denbora tarte laburrean, lan-zama gero eta handiagoa den testuinguru batean. Enpresek beren irabaziak bermatzeko ezartzen dituzten ratioek, lan erritmoek eta desplazamenduetarako denbora urriek laneko arriskua areagotzen dute.

Sektorea, salbuespen bakanak kenduta, guztiz pribatizatua dago gaur egun. LABen ustez, pribatizazioak prekarietatea eta halako gertakari tragikoak dakartza berekin. Are gehiago, erakunde publikoen erabakiak izan dira sektorea pribatizaziora bideratu dutenak, eta, beraz, foru aldundiak badu ardura zuzena langileen lan baldintzen prekarizazioan.

LABek, lan baldintza duinak aldarrikatzearen alde, etxez etxeko laguntza sektorea eta, oro har, pribatizatutako zaintza lanak publifikatzeko eskaria egin die Euskal Herriko administrazio publikoei. Zaintza sistema publiko eta komunitario baterantz urratsak ematea eta langileen lan baldintzetan arreta jartzea ezinbestekoa da horrelako ezbeharrak saihesteko.

Azken batean, ez dugu lanera heriotzarekin topo egitera joan nahi. Horregatik, LABek premiazko neurriak eskatu ditu laneko osasuna eta segurtasuna bermatzeko, eta lan baldintza duinak lehenbailehen ezartzeko.