2026-01-12
Blog Page 240

Ernairekin aliantza berritu eta indartu dugu, gazte prekaritatea jomugan

Gazteen egoera prekarioa egiturazkoa da, eta kapitalaren metaketa prozesuari erantzuten dio. Prekarizazio prozesua ezin da ulertu gizarteko beste prozesu batzuetatik aparte, herri langilearen eskubideen murrizketa progresiboari eta krisi sistemikoari lotuta baizik. LABek urteak daramatza egoera horren aurrean gazteen interesak eta klase interesak borrokatzeko beharra mahaigaineratzen. Behar horrek eraman gintuen Ernai gazte antolakundearekin dutenn harremana sendotzera, eta urrats bat gehiago eman nahi izan dugu orain: bi antolakundeen arteko aliantza indartu, eta Gazteon Lan Eskubideen Gida berritu dugu.

Gida hementxe eskuratu daiteke:

“Gazte langileei euren eskubideen jabe egiteko baliabide bat eskaintzen diegu, batetik. Horretarako, eskubideen jakitun izatea da lehen urratsa, eta gidak lehenik eskubide horien kontzientzia hartzen lagunduko die. Bestetik, behin eskubideen kontzientzia hartuta, eskubide horiek borrokatzeko gakoak ere eskaintzen ditu, eskubide horiek zabaldu ahal izateko tresnak. Eta, azkenik, eskubide murriztailea den markoa gainditu, lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propioaren defentsan indarrak batu eta borrokarako deia ere egiten du”; hala azaldu ditu LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduraduna den Oihana Lopetegik eguneratu berri den gidaren nondik norakoak.

Pello Zabarte egon da aurkezpenean Ernai ordezkatzen, eta ekimenaren garrantzia nabarmendu du: “Gazteok belaunaldi krisia bizi dugu. Hau da, gure bizi baldintzak okerrera egin eta bizi eredu kapitalista eta patriarkala inposatzen zaigu, bizi proiektu duin eta egonkorrak garatzeko ezintasuna eraginez”. Hori dela eta, bizi duten zapalkuntza egoera partikularra deskribatu du: “Ikasketak luzatzera behartuta gaude, lana eta ikasketak uztartzea, zabor kontratuak gazteak izate hutsagatik, kontraturik gabe lan egiten, langabezia altuenetakoa dugun sektoreetako bat, lanpostuaren ziurgabetasunak eraginda antolatzeko beldurra…”. Horregatik guztiagatik uste du tresna eraginkorrak behar dituela langile gazteriak.

Honako hauek dira gidaren berritasun nagusiak:

  • 2021eko lan erreformak langileei esleitzen zizkien ustezko onura horiek ez dira onurak, eta lan erreforma horren benetako helburua eta filosofia azaleratu ditugu. Kontratazioan jazo diren aldaketak jaso ditugu, praktiketan eta kontratu ezegonkorretan jarriz arreta nagusia. Behin-behinekotasunarekin amaitzeko erreforma gisa saldu ziguten hark estatistikak nolabait aldatzeko helburu soila zuela salatu dugu, behin-behineko kontratu asko beste modu bateko ezegonkortasunarekin ordeztu baitituzte, estatistikak zertxobait aldatu bai baina gazte eta langileen egunerokotasuna berdin mantenduaz, prekario eta ezegonkor.
  • Bestetik, lan kontratu bat irakurtzeko gakoak ere jaso ditugu lehen aldiz, gazte batek bere lehen kontratua esku artean duenean arreta non jarri eta nola jokatu erakusten duena. Kontratuak, kasu askotan, iruzurrean egon ohi dira, ahoz esandakoarekiko gauza desberdinak jasotzen dituzte maiz eta gazteek tresna hori izatea eta momentu horietan nola jokatu eta arreta non jarri azalduko dien gida bat izatea gazte langileak ahalduntzeko tresna bat da.
  • Gidak beste hainbat atal ere jasotzen ditu: langileen eskubideen eta betebeharrak zeintzuk diren, non topatu bakoitzaren hitzarmen kolektiboa, kontraturik gabe lan egiten duten langileen eskubideak, lan kontratuaren amaiera edo kaleratzeetan eskubideak eta abar.
  • Bizilan.eus webgunearen erreferentziak ditu gidak. Edozein langilek bisitatu eta kontsulta dezakeen web orria da Bizilan, eta gida osoan zehar gai desberdinetan sakontzeko webgunera horretarako lotura zuzenak jaso dituzte.

Gida Ernairen nahiz LABen webguneetan eta bizilan.eus-en irakurri eta eskuratu ahal izango da. Hurrengo urratsa aurkezpenak egitea izango da, gida ahalik eta gehien zabaltzeko gazteen artean. Ernairen eta LABen artean aurkezpenak egingo ditugu fakultateetan, ikastetxeetan, gaztetxeetan zein bestelako eremuetan.

Justizian lanuzte gehiago egiteko deia luzatu dugu, Eusko Jaurlaritzak negoziatzeko borondaterik erakutsi ez duelako

LABek eta ELAk borrokaldia areagotuko dute maiatzaren 3tik aurrera, eta jarraipena emango diote aurreko greba-deialdiari, maiatzaren 2an amaitu baitzen haren indarraldia. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara arteko lanuzteak egingo dituzte.

LABek eta ELAk EAEko justizian aurrera daramaten borrokari jarraipena emango diote maiatzaren 2tik (orduan amaitzen da oraingo greba deialdia) aurrera ere.

Deialdi berri honetan, eta justiziako kolektiboak grebari egindako jarraipena dela eta, bi sindikatuek mobilizazioak areagotzea erabaki dute, egunero 3 orduko lanuzteak egingo dituztelarik 10:00etatik 13:00etara. Horrez gai, maiatzaren 10ean egun osoko greba egiteko aukera legoke, baldin eta batzarretan hala erabakitzen bada.

Protestarako arrazoiak ezagun dira jada:

  • Sindikatuekin sinatutako IV. Hitzarmen Arautzailea betetzea, Eusko Jaurlaritzak sistematikoki urratzen baitu 2012az geroztik. Plantilla Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen soldata-baldintzekin parekatzea dakar horrek.
  • Erretiro-baldintzetan parekatzea eta Genero Indarkeriaren Epaitegietako langileentzat absorbiblea izango ez den soldata-plusa.
  • Era berean, bi sindikatuek lanpostuak baloratzeko deia egin dute, beren jarduera zuzentzen duten legeek (Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Administrazio Eraginkortasunaren Legea) bete beharreko eginkizunak kontuan hartuta.

Bi sindikatuok Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu beste alde batera begiratzeari utz diezaiola, bere erantzukizuna bere gain har dezala eta berehala bete dezala orain 10 urte baino gehiago Idoia Mendia Laneko sailburuak, bere garaian Justiziako sailburu izanak, sinatutako akordioa.

Era berean, ELAk eta LABek gogorarazi dute deialdi hori maiatzaren 3tik 17ra bitartean egingo dela, eta, beraz, plantillarekin aztertuko dela egun horretatik aurrera borroka areagotzeko aukera.

Amaitzeko, LABek eta ELAk dei egiten diete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko langile guztiei orain arte bezala jarrai dezaten greba babesten eta modu aktiboan parte har dezaten behar bezala iragarriko diren elkarretaratze eta bestelako mobilizazioetan.

Hiru asteko beste grebaldi bat deitu dugu Osakidetzako garbiketan

Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa-zerbitzuko langileok 5 urte daramatzagu hitzarmenik gabe. Alegia, lan-baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea helburu duen hitzarmena.

Horiek izan dira, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru alderdiok (enpresak, langileok eta Osakidetza) onartu genituen joko-arauak, eta horien arabera jardun dugu urteetan eta urteetan.

Hala ere, enpresak eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten ari dira, uko egin baitiote Osakidetzako langileei aplikatutako gaiak egokitzeari eta aplikatzeari.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, EZ! Besterik gabe, Osakidetzako langileen baldintzen homologazioari eustea eskatzen ari gara: garapen profesionalaren deialdietara sarbidea izatea; txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzea; lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa eta objektiboagoa… Azken batean, eskatzen ari gara lan berdina egiten dugunean, baldintza berdinak izatea.

Enpresa esleipendunek eta Osakidetzako zuzendaritzak pilota elkarri botatzen diote, eta garbiketa-zerbitzuko langileok, berriz, beharrik gabe luzatzen ari den bidegabekeria handia jasaten ari gara.

Egoera honek mobilizatzen jarraitzera eta sektorean greba berri bat deitzera bultzatzen gaitu. Ildo horretan, gaur iragarri nahi dugu LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuak osatzen duten sektoreko gehiengo sindikalak, 3 asteko GREBA deitu dugula apirilaren 26tik aurrera.

Oztopo guztien gainetik; SAGARDUI andreak buru duen Osasun Sailaren inplikazio ezaren gainetik; gehiegizko gutxieneko zerbitzuen gainetik, eta poliziaren presioa gorabehera, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileok dagokiguna defendatzeko
erabakia hartu dugu: Osakidetzako langileekiko lan baldintzak homologatzea.

Zaintza lanetan dihardutenak langile publiko gisa aitortzeko aldarrikapena plazaratu dugu

Gaur LABek Hego Euskal Herriko herrialde guztietan zaintza sektoreko ordezkari guztiekin asanbladak eta mobilizazioak egin ditu. Langile publiko gisa aitortza exijitu dugu kalerik kale, eta pribatizazioari ateak itxi behar zaizkiola oihukatu dugu.

Martxoaren 8an kalera atera ginen, eta aldarrikatu genuen zaintza zerbitzuen jarduten duten langileek lan publikoa egiten dutela. Gaur dinamika horri jarraipena eman diogu.

LABek argi dauka pribatizatutako zaintza zerbitzu sozialetako langileek zerbitzu publikoa ematen dutela, lan publikoa egiten dutela. Hori da etengabe enpresa eta sektoreko gatazketan borrokatzen ari garena. Gure sektoreen negoziazio kolektiboa blokeatuta dago, gure miseriazko soldatak izoztuta daude eta gure lan eta bizi baldintzek okerrera egin dute.

Instituzioek ematen duten zaintza zerbitzu publikoa ez da sistema publikotik bermatzen, eta instituzioek ez dute beren gain kudeaketa zuzena hartzen. Langileon kalterako, enpresa pribatuen esku uzten dituzte gure lan baldintzak. Pribatizazioak eragin zuzena dauka bai langileongan, bai erabiltzaileengan. Hain zuzen ere, horixe da salatzen duguna: prekaritatea, esplotazioa, partzialtasuna, ebentualitatea, ratio jasangaitzak, lan osasun neurririk eza, kontziliazio neurririk eza… Zaintza lanen pribatizazioak zerbitzuen degradazioa eta okertzea dakar.

Gure lanak zaintza zerbitzu sozial hauek mantentzen ditu, eta gizarteratu behar dugun aldarrikapena da zerbitzu hauek %100 publikoak izan behar direla, instituzioen aldetik kudeaketa zuzenekoak. LABek zaintza zerbitzu sozialen publifikazioa exijitzen du, irabazi asmoa zaintza zerbitzuetatik kanpo geratzea eta langileen lan baldintzak hobetzearen aldeko apustua egiten baitu.

Jarraian zerrendatuta daude sektoreko langileen aldarrikapen nagusiak:

1. Zainduak izateko eskubidearen aitortza, eta gizarteak dituen zaintza beharrei erantzungo dien zaintza siste-ma publiko baten beharra, zeinak bizi eta lan baldintza duinak bermatuko baitituen.

2. Bizitzaren jasangarritasuna bermatzen duten zerbitzu guztien aitortza eta pribatizatuta dauden zaintzarako gizarte zerbitzuak publifikatzea. Hau da, dagokien administrazio publikoak zerbitzu guztien garapenaz, finantzaketaz eta kudeaketa zuzenaz arduratu daitezela.

3. Pribatizatutako zaintza eta gizarte zerbitzuen langileak publikoak gara. Zor patriarkalaren aitortza eta aitortza
sozial, politiko eta ekonomikoa, orain.

4. Zaintza eta gizarte zerbitzu publikoak indartzea eta langileen lan baldintzak duintzea; langileen eros ahal-
mena bermatzea, ratioak handitzea, lizentziak edota bestelako baimenak hobetzea, negoziazio kolektiboa
desblokeatzea…

Hala, beste konfrontazio ziklo mobilizatzaile bat irekiko dugu, zeinean askotariko aliantza sozial, feminista eta sindikalak elikatuko baititugu zaintza lanak duindu, aitortu eta publifikatu arte.

Anbulantzietako langileek hitzarmenaren desblokeoa exijitzeko mobilizazioak hasi dituzte

Urtebete luze joan da garraio sanitarioko hitzarmen autonomiko berriaren inguruko negoziazioa hasi zenetik. Tarte honetan mahaian gauden sindikatu guztiok gure eskariak egin ditugu; gure erreferentzia izan da sektoreko langileen baldintzak Osakidetzako beharginek dituztenekin parekatzea, eta eros-ahalmenari eustea.

Haatik, negoziatzen hasi ginenetik Anbulantzietako patronalak hitzarmen autonomikoa blokeatuta izan du, eta alderdi sozialak mahai gainean jarritako aldarri bati ere ez dio erantzunik eman. Halaber, langileen soldatak gero eta egoera larriagoan daude, KPI
metatuaren igoera etengabekoa izan baita: eros-ahalmenaren %12 galdu da, soilik bi urtetan.

Horrenbestez, LAB, ELA, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok beharrezko deritzogu mobilizazio prozesu bati ekitea. Hala, gaur Bilboko Lan Harremanen Kontseiluko egoitza aurrean elkarretaratzea egin dugu, negoziazio mahaiaren 15. bilera baino lehen, hain zuzen ere.

Apirilaren 25ean Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak grebara joango dira LAB, ELA, STEILAS, CCOOeta UGT sindikatuek deituta

Hala berretsi dute gaur sektoreko patronal nagusia den Kristau Eskolaren egoitza aurrean egin duten elkarretaratzean.

Martxoaren 21ean LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek prentsaurreko bat eman zuten. Lan Hitzarmenaren negoziaketak blokeatuta daudela salatu zuten, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako egiten.

Hori dela eta mobilizazioetara jotzeko erabakia egin zuten publiko. Martxoaren 23an elkarretaratzea egin zuten Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean. Eta egun osoko greba daute deituta apirilaren 25erako.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara
planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuek.

Prentsaurrekoa baino bizpahiru egun lehenago, negoziaketa mahaian ordezkaritza daukaten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei idatzi bat aurkeztu zieten. Bertan, negoziaketarako sindikatuen borondatea agertu eta edukiz betetako Lan Hitzarmen
baten inguruko proposamena mahai gaineratzeko eskatu zieten.

Gaur gaurkoz ez dute patronalen aldetik inolako erantzunik edo berririk izan. Ezta proposamenik jaso ere.

Patronalen inmobilismo eta balizko proposamenik ezaren aurrean, apirilaren 25ean, datorren asteartean, grebaren beharrean berretsi dira sindikatuak.

Sindikatuek sektoreko langileak greba jarraitzera eta egun horretarako Bilbon antolatuko duten manifestazioan parte hartzera deitu dituzte gaurkoan. Manifestazioa goizeko 11.00etan Jesusen bihotzetik aterako da eta Arriaga plazan amaituko da.

Ama bakarren eskubideen urraketa salatzen dugu

Ama bakarra izan den pertsona bati Gizarte Segurantzak adingabea zaintzeko baimen bikoitza ukatu zionean, LAB sindikatuak demanda jarri zuen, eta Auzitegi Gorenak eskubide horren ukoa berretsi berri du. LABek ama bakarren eskubideen alde egiten duenez gero, erabakia onartezintzat jo du, eta zaintza eskubidearen garrantzia berretsi nahi izan dugu.

Naike 2022ko uztailean ama izan zen eta ondorioz, Gizarte Segurantzak hamasei asteko prestazioa onartu zion, adingabea zaintzeko. Ama bakarra zen heinean, beste hamasei asteko eskaera aurkeztu zuen, guraso bakarra egonik adingabearen zaintzarako eskubide hau ezinbestekoa ikusten baitzen. Baina, ohikoa den bezala, Gizarte Segurantzaren ukoarekin topo egin zuen eta horren aurrean demanda aurkeztu genuen epaitegian, ordura arte epaile gehienek eskubide horren alde egiten baitzuten. Aurrerago, zehazki martxoaren 8an, Auzitegi Gorenak eskubide hau judizialki lortzeko bidea zapuztu zuen.

Ama bakarren eskubide urraketa den auzi hau Europar Batasuneko Justizia Auzitegira igorri zen, eta horretan oinarrituta, LABek eskatu zuen epaiketa eteteko, Europak ebazpen irmo bat eman arte. Beste behin ere, Gizarte Segurantzaren ukoarekin topo egin zuten, berariaz eskatu baitzuen epaiketa ospatzeko, eta atzo, apirilaren 19an, Gasteizko epaitegian, epaiketa egin zen, kontuan izan barik LAB sindikatutik egindako eskaerak.

Hortaz, LAB sindikatuak zera dio:

Jendartea eta testuinguru soziala, familia eredu bakar batetik haratago, aukera aniztasunaren aldeko trantsizio bat egiten ari da, aukera horien artean amabakarrak izatea erabakitzen duten pertsonak daudelarik. Baina sistema kapitalista (zis)heteropatriarkal honen mekanismo guztiak familia eredu nuklearra indartu eta saritzera bideratzeaz gain, hortik kanpo kokatzen diren aukera guztiak zigortzen ditu. Sistemak tresna guztiak (baita juridikoak ere) ditu eredu hori birproduzitzeko, eta hau adibide bat gehiago da. Izan ere, bere interes ekonomikoetarako behar-beharrezkoa dauka familia eredu nuklearra.

Zapalkuntza bikoitz baten inguruan hitz egiten ari gara: sexuaren araberako diskriminazioa gertatzen da, guraso bakar gehienak emakumeak direlako; bestalde zaintza eskubidea bera urratzen da, zaindua izan behar duen pertsona ere diskriminatua dagoelako. Hau da, zaintza berriro ere bazterrean geratzen da, zaintza bermatzeko gaur egun ditugun tresna bakarrak halako baimenak direlarik, lan produktiboaren logikatik diseinatutakoak eta bizitzaren sostengarritasuna balioan jartzen ez dutenak. Era berean, kontziliazioaren tranpaz eta sistemaren paradoxaz ere hitz egin behar dugu, zaintza lanak doakoak direnean eta sistemarentzako kostu ekonomikorik ez dutenean emakumeen gain geratzen baitira.

Nahiz eta berdintasun planetan eta zuriketarako erabiltzen diren legedien artean familia eredu ezberdinak izendatu eta teorikoki kontutan hartzen diren, praktikan argi ikusten da eredu bakarra nagusitasunez erdigunean kokatzen dela eta gainontzeko guztiak bigarren mailakoak direla. Berdintasun politika hauek ez daukate gaitasunik normatik aterako den eredurik babesteko, politika feministak behar ditugu. Teorian eredu desberdinak aitortzen dira, baina ez dira bitartekoak jartzen eskubide berdinak izateko.

Ezin dugu onartu ama bakarren eskubideak urratzen jarraitzea. Beraz, LAB sindikatuak egoera honen aurrean:

  • Zaintza erdigunean jarriko duen sistema oso baten aldarrikapena egiten dugu. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa behar dugu.
  • Euskal Herritik eta Euskal Herrirako Lan Kode bat eta Gizarte Segurantza propio baterako lege bat behar dugu.
  • Marko propio bat behar dugu non eredu hegemoniko (zis)heteropatriarkaletik haratagoko aniztasuna kontutan hartu eta errealitate horientzako eskubideak sortuko diren.
  • Eskubideak gauzatzeko bitartekoak eta aldaketa legalak eskatzen ditugu. Bestela zuriketarako neurriak besterik ez dira.

Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak iragarri du datozen egunetan, ama bakarren zaintza eskubideen aldeko mobilizazioak egingo dituela. “Beste behin ere egiaztatu dugu ezin dela tribunalek hartzen duten erabakiaren esku utzi eskubidea izateko edo ez izteko aukera”, dio. “Bide legalak eskubideen errekonozimendurako erreminta ustel izaten jarraitzen duten heinean, LABetik borroka sozio sindikala indartzen jarraituko dugu, hori bait da gizartearen eraldaketarako dugun tresnarik eraginkorrena”, amaitu du sindikatuak.

Osakidetzako sindikatuok kontzentrazioak egin ditugu Txagorritxu, Gurutzeta eta Donostia ospitaleetan

Maiatzaren 18ko eta 19ko greba-deialdiaren ondoren, eta LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok Sailburuari Mahai Sektorialera joateko eskatu diogun arren, Osakidetzak ez du inolako erantzunik eman.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, Txagorritxu, Gurutzeta eta Donostia ospitaleetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur, pairatzen dituzten lan baldintza eskasak salatzeko eta Osasun Sailari berehalako irtenbideak eskatzeko.

Osakidetzak ez du pausorik eman Mahai Sektoriala desblokeatzeko eta benetako negoziazio bat irekitzeko, gure osasun-sistema publikoak bizi duen egoera larriari irtenbidea emateko helburuarekin. Gogoratu behar da pasa den apirilaren 3an, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok eskaera formal bat erregistratu genuela Sailburuari Mahai Sektorialera joateko eskatuz. Gaur egun, ez dugu gure eskaeraren erantzunik jaso, eta ez da inolako harremanik izan.

Bitartean, Osasun Sailak asteartean publiko egin duen plan estrategikoaren berri izan dugu komunikabideen bitartez. Sindikatuokin eztabaidatu gabeko plana da, beste behin inposaketaren emaitza, eta gaur egun ez daukagu horren xehetasunik, Osakidetzak desegite neurriak aurkezteko erabiltzen dituen propaganda-panfletoetatik haratago. Hobekuntza planez mozorrotzen ditu Osakidetzak bere desegite neurriak. Nolanahi ere, eta komunikabideek jasotakoa ikusita, azpimarratu behar da, propaganda horretatik harago, planteatutako neurriek ez dietela heltzen Osakidetzaren benetako eta egiturazko arazoei. Planteamendu orokorrak dira; epe ertainera; eta ez dituzte funtsezko gaiak jorratzen, hala nola plantillaren lan-baldintzak hobetzea, profesionalak erakartzeko eta mantentzeko beharra, edo presentzialtasuna bermatzeko beharra. Osasun-zentro birtual bat sortzea bezalako neurriak, asko urruntzen dira kalitatezko osasun-arretatik.

Gero eta nabarmenagoa da Osakidetzak bizi duen egoeraren larritasuna, bereziki Lehen Arretan. Argi dago, halaber, Osakidetzak ez duela beste planik, murrizketak aplikatzen eta langileak estutzen jarraitzea baino. Egoeraren larritasunak, negoziaziorik ezak, Mahai Sektorialaren blokeoak eta Osasun Sailaren konponbide faltak eraginda, Mahai Sektorialeko sindikatuok bi greba-egun deitu ditugu maiatzaren 18rako eta 19rako.

Testuinguru horretan, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok larunbat honetarako Donostian (17etan, Boulevardean), Bilbon (12tan, Jesusen Bihotzean) eta Gasteizen (12tan, Bilbo plazan) deitutako manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu bai langileak bai herritarrak.

Gure osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dituzte. Osakidetzari eta Osasun Sailari borondate politikoa eskatzen diegu, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.

ADEGIk ez du benetako urratsik ematen Gipuzkoako Metalgintzako hitzarmenaren negoziazioan

Gaur metalgintzako negoziaketa mahaia elkartu da seigarren aldiz. Patronalak bere horretan jarraitzen du eta ez du sektorearen beharrei erantzuten dien proposamen orokorrik ekarri. LABek uste du gaurko bileran aurkeztutakoak ez direla nahikoa, eta mobilizazioen aldeko apustuarekin jarraituko du.

Tauletako soldatetan aldaketa bat eta sektorean euskararen inguruko proposamen bat. Hori da ADEGIk gaurko bileran aurkeztu duen berrikuntza bakarra. Soldatetan %5eko igoera jasotzen du 2023rako; 2024rako, KPIaren araberakoa gehi 0,7 gehiago, eta 2025. eta 2026. urteetarako, berriz, KPIaren araberakoa. Horrez gain, patronalaren proposamena da 50 langiletik gorako enpresetan euskararen inguruan hitz egiteko derrigortasuna ezartzea.

ADEGIk dio ekarritako proposamena bere azken eskaintza izango litzatekeenetik oso gertu dagoela, eta hori onartezina da. KPIa ez da bermatzen, lanaldi jaitsierarik ez dago, ez da lan osasunaz hitz egiten, malgutasunaz ere ez, baimenetan ez dago proposamenik… Hala, beste behin ere exigitu diogu patronalari negoziatzen hastea ahalbidetuko duen proposamen bat ekar dezala.

Argi dago sektoreko beharrei erantzungo dien akordio duina nahi badugu borroka izango dela bide bakarra. Horretarako, intersindikalari dei egingo diogu berriro ere elkartu eta mobilizazio bateratuak eta grebak abiatzeko. Langile guztion indarrak batuz lortuko dugu akordio duina.