2026-06-20
HomeEkintza SozialaLangileak ez mehatxatzea exijitzen diegu Emiliano Lopez Atxurra eta Josu Jon Imazi

Langileak ez mehatxatzea exijitzen diegu Emiliano Lopez Atxurra eta Josu Jon Imazi

Modu berean, Arantxa Tapia buru, Iñigo Urkulluren gobernua eta patronalaren arteko aliantza dagoela salatzen du sindikatuak, biek estrategia berari erantzuten diotelako. Besteak beste, trantsizio ekosoziala bideragarri izateko, LABek zerga sistema sakonki eraldatu behar dela aldarrikatzen du, kapital handiek orain baino gehiago ordaindu dezaten.

Azken egunotan Repsoleko Kontseilari Ordezkari den Josu Jon Imaz eta Petronorreko presidente den Emiliano Lopez Atxurra mehatxuka agertu dira, Espainiako Estatuko gobernua osatzeko negoziaketen testuinguruan, bankari, oligopolio energetikoari eta fortuna handiei ezarritako zergek aldi baterakoak izateari utziko dietela iragarri denean.

Repsolek, 2022an, 4.251 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen, 2021ean baino %70 handiagoak. Aldiz, zergen bidez ogasunari egindako ekarpen “handiez” mintzo denean, ezin dugu ahaztu azken urteetan enpresen mozkinak handitu eta lan mundua prekarizatu bada ere, langileon ekarpena dela ogasuneko zatirik handiena, irailaren 25eko agerraldian azaldu genuen bezala. Hau da, gero eta irabazi handiagoak izan arren, zerbitzu publikoak indartu eta diru publikoz trantsizio ekosoziala gauzatzeko ekarpena geroz eta murritzagoa egiten dute.

Era berean, Arantxa Tapia sailburua “ulerkor” agertu da bere lagunek proiektuak izozteko jaurtitako mehatxuekin. Noiz eta enpresa hauek Next Generation EU funtsen bidez diru publiko kopuru handiak jaso dituztenean proiektu horiek garatzeko. Noiz eta gaur bertan Bizkaiko Foru Aldundian Aberastasunen gaineko zergaren erreforma tramitera onartuko denean. Ez da kasualitatea, langileon aurkako estrategia bera partekatzen dute.

Josu Jon Imaz eta Emiliano Lopez Atxurra egiten ari diren xantaia hau onartezina da eta argiki erakusten du krisi ekologikoaz negozioa egin eta euren poltsikoak gizentzea dutela helburu bakarra. Era berean, Eusko Jaurlaritzak trantsizio energetikorako eta deskarbonizaziorako duen estrategiaren porrota agerian uzten du: oligopolio energetikoari, eta bereziki Josu Jon Imaz eta Lopez Atxurrak ordezkatzen duten lobby fosilari, ateak parez pare irekitzeko baldintzak sortzea kolaborazio publiko-pribatuaren bidez (baldintza legal eta fiskalak sortu, diru publikoa inbertitu, enpresa hauen nahieran aritu eta mozkinak pribatizatzeko), Euskal Herriko langileon eta ehun sozioekonomikoaren beharrak, eta azken honen eraldaketa ekosoziala erdigunean kokatu beharrean.

Guzti honen aurrean, lehentasunez, bi aldarrikapen mahai-gaineratu nahi ditu LABek:

  • Trantsizio energetikoa, eta oro har, ekosoziala ezin da oligopolioen esku egon. Langileon parte hartzea eta protagonismoa sustatzeko, sektore produktiboen eraldaketa planifikatu eta garatzeko, Bidezko Trantsizio Batzordeak eratu daitezen galdegiten dugu.
  • Sakoneko erreforma fiskala beharrezkoa da, modu progresiboan inoizko etekin handienak izan dituzten kapitalek inoiz baino ekarpen handiagoa egin dezaten eta aberastasuna modu orekatuagoan birbanatu dadin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.