2026-01-12
Blog Page 233

ELA eta Adegiren arteko aliantzak hitzarmen hobe baterako aukera zapuztu du Gipuzkoako metalgintzan

Borroka bete-betean, LABek deitutako greben atarian eta sindikatu guztiei eskua luzatua zuen momentuan akordioa iragarri dute, borroka baztertuz eta hitzarmen hobe bati uko eginez.

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena berritzeko negoziazioen baitan patronalak mahai gainean jarritako lehenengo proposamena onartu dute ELAk eta UGTk. Hala, borroka erabat baztertu eta hitzarmen hobe bat izateari uko egin diote, are gehiago aintzat hartuta sektoreko datuak onak direla eta horretarako aukerak bazeudela.

Izan ere, elkarrekin mobilizatuz gero sektorea mobilizatzeko dugun gaitasuna agerikoa da, baina LABek intersindikala deitzeko eginiko aurrera pausua zapuztu du trukean patronalari bake soziala eskaini dion akordio honek.

Araba eta Bizkaiko metalean izandako borrokek ezarri dute aurrekaria Gipuzkoako metalean. Guztietan erabakigarria izan da LAB, grebak deitu, antolatu eta egin ditugu eta hiltzat ematen ziren hitzarmenak berreskuratzea lortu dugu. Hain zuzen ere, horixe da ADEGIk nahi ez duena, eta ELA bidelagun izan du bere asmoak aurrera eramateko, berriki elikagaien industriako merkataritzan gertatu bezala, grebarako 24 ordu falta zirenean sinatu baitzuten akordioa.

LABek agerraldia egingo du bihar, maiatzak 12, Gipuzkoako Metalgintzako akordio honen nondik-norakoen irakurketa plazaratzeko.

Osasungintzako garraioan mobilizazioak deitu ditugu negoziaketen desblokeoa eskatzeko

  1. eta 2023. urteetan, Euskadiko osasun-garraioko profesionalek erosteko ahalmenaren galera handiak pilatu ditugu. Sektoreak soluziorik gabe jarraitzen du, 2021etik izoztuta dauden soldata­ taulekin. Euskadiko KPlaren datu ofizialen a rabera, gure sektorearen erosteko ahalmena % 6,4 jaitsi da 2022an eta % 12,2 2023an.

Negoziazio mahaian egindako hamasei bilerek ez dute balio izan, mahai gainean dirurik ez jartzearen errua Eusko Jaurlaritzari egotzi dion anbulantzien patronalarekin akordioak lortzeko. Hori guztia, administrazioaren aldetik 9 milioi euroko aparteko injekzioa jaso duen eta hurrengo urteetarako finantzaketa % 30 gehiago igoko den (+60 milioi euro) arren.

Hitzarmen autonomikoa berritzeko prozesuan dagoen blokeoa ikusita, LAB, ELA, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek osatzen dugun lntersindikalak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko eta babesa emateko dei egiten diegu sektoreko plantillei (Ambulancias Gipuzkoa, LA PAU eta Ambulancias Rodrigo).

•   Astelehena, maiatzak 15 10:30 - Donostia Ospitalea (Kontzentrazioa)
•   Maiatzak 25, osteguna 10:30 - Txagorritxu  Ospitalea/Lakua (Manifestazioa)
•   Ekainak 2, ostirala 09:30ean - Bilboko Lan Harremanen Kontseilua (Kontzentrazioa)

Vectalian borrokan jarraitzea beharrezkoa da

Txorierrin Bizkaibusen zerbitzua ematen duen enpresa emakidadunean gehiengoa osatzen duten CCOOk eta UGTk greba bertan behera utzi dute, Lan Sailean izandako bileran sindikatuei proposatu zaien akordioaren ostean. LABek ez du begi onez ikusten, borrokaren bidez aldarrikapenetan aurrera egiteko egiteko aukera baitago oraindik. Gainera, mesfidati agertu da, akordio horretan enpresak eman beharreko urratsak ez baitira konpromiso zehatz gisa ageri.

Negoziazioan aurrerapausoak egon dira, baina, hala ere, proposamena ez zaigu nahikoa iruditzen asanbladara eraman ahal izateko.

Izan ere, planteatutako artikulu askotan enpresak ez du inolako konpromisorik hartzen. Lan-batzorde bat baino ez da proposatzen, eskariak aztertu, baloratu eta, enpresak horretarako borondaterik balu, adosteko.

Aurreko hitzarmena indarrean egon bitartean enpresak hainbat bider urratu ditu bertan jasotakoak. Hori dela eta, ez dira fio lan-batzorde horietan akordioak erdietsi eta, gero, enpresak horiek betetzeaz.

Alde sozialari, aldiz, konpromiso askoz ere irmoagoa exijitzen diete: ekintza administratibo eta judizialei uko egitea eta hitzarmen kolektiboaren indarraldia amaitu arte greba-eskubidea ez baliatzea hitzarmen horren edukiak aldatu edo hobetzeari dagokionez. Hau da, trukean bake soziala exijitzen zaie langileei.

Hori gutxi balitz, aipatutako akordioak ez du jasotzen aurrerapenik aldi baterako ezintasunei dagokienez edota lanpostuak ez amortizatzeari dagokionez.

Hala, LABek langileen borrokaren balioa aitortu nahi izan du, eta proposamena urriegitzat jotzeaz gain, enpresari proposamen zehatzak eskatu dizkiote. Izan ere, Vectaliako beharginek behin eta berriz ikusi dute hitzarmenean jasotakoa enpresak ez duela betetzen. Hala gertatu izan da aurreko hitzarmenarekin, CCOOk eta UGTk sinatu zutenarekin.

Esaterako, enpresak amortizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu bazuen ere, gaur-gaurkoz 20 egin dira jada, hitzarmen horren sinatzaileek onartu egin dituztenak. Bestalde, enpresak ez du betetzen eguneroko zerbitzuak publiko egiteko agindua. Enpresak ez ditu langileak aintzat hartzen; hala, adibidez, autobus lineak eta horietan jarduteko esleitutako langile taldeak nahastu egiten dituzte alde sozialaren oniritzirik gabe, eta gerora helarazten dute informazioa. Guzti horrez gain, beste hainbat egoerari egin behar diete aurre egunerokoan: langile gutxi, azpikontratazioak eta abar.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bat egiten du Pentsiodunen Mugimenduak deitutako mobilizazioekin

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bat egiten du Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 13rako deitutako mobilizazioarekin eta 22 eta 25 bitarte egingo duen martxarekin.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioan 1.080 € orain bermatzeko egiten duen borroka nekaezinean bidelagun gara Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile eta sindikatuak. 1.400 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata eta 1.260 euroko gutxieneko pentsiora bidean, hainbatetan egin dugu bat Pentsiodunen Mugimenduaren deialdiekin, eta oraingoan ere hala egiten dugu.

Pentsio publiko eta duinak ezinbestekoak dira bizi-baldintza duinak izateko. Une honetan, pentsioen erreforma izapidetzen ari dira Lege-Proiektu gisa. Eskubide Sozialen Kartarentzat ez da erreforma ona. Ez dugu bat egiten komunikabide nagusiek eta erreforma onartu duten (PSOE, UP, ERC eta EAJ) edota abstenitu diren (EH Bildu) alderdi politikoek zabaldu duten mezu baikorregiarekin. Ez da egia erreforma honetan ez dagoela murrizketarik.

Ez ditu 2011ko erreformaren murrizketak lehengoratzen; hala nola, erretiro-adinaren atzerapena. Zenbait alderditan gainera okerrera egiten du, pentsioak zenbatzeko urteetan adibidez (2011ko erreformarekin 15etik 25era igaro baitziren, eta orain 25etik 29ra -bi txarrenak kenduta-). AIRef bezalako agentzia neoliberal bati pentsioen sistema baloratzeko ematen zaion ahalmenak murrizketa berriak irekitzen dizkio eta genero-arrakala betikotu egiten da. Kartaren parte garenok argi daukagu: erreforma honek murrizketak betikotzen ditu, murrizketa berriak ezartzen ditu eta murrizketa berriei ateak irekitzen dizkie.

Gutxieneko pentsioetan hobekuntzak baditu ere, ez dira nahikoa. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatzen duen 1.080 euroko gutxieneko pentsiotik urrun geratzen gara. Era berean, esan behar da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak uko egiten diotela gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzea orain ahalbidetzen duten neurriak hartzeari.

Horrela, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi eskatzen diegu Euskal Herriko gehiengo sindikal eta sozialaren aldarrikapenak aintzat hartu eta, izapidetzen ari den erreforman pentsioetan murrizketak ekarriko dituzten neurriak ez babesteko konpromisoa har dezaten, baita azken erreformetan eta 2011n egondako murrizketak lehengoratzeko presioa egitea. Horrekin batera, pentsioen gaineko erabakiak Euskal Herrian hartzeko eta Euskal Herrian pentsio duinak bermatzeko urrats sendoak bultzatzea eskatzen diegu. 1.260 euroko gutxieneko pentsiora bidean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu lehentasunez eta berehala euskal pentsiodun guztiei 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko, pentsioak osagarritzeko dituzten aukerak baliatuz.

Guztiontzat bizi baldintza duinak bermatzeko beharrezkoak dira soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak, eta horregatik honakoa eskatzen dugu: 1.400 euroko gutxieneko soldata, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa orain eta 1.260 eurotara arte handitzea, soldata eta pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzeko neurri eraginkorrak, zaintza lanak aitortzeko eta banatzeko politikak zehaztea, prestazio sozial nahikoa bermatzea eta denok ongi bizitzeko ezinbestekoak diren zerbitzu publikoen indartzea eta hedatzea. Azkenik, azpimarra berezia jarri nahi dugu, Euskal Herrian lan eta bizi garen heinean, hemen erabaki nahi dugulako aldarrikapenean, baita pentsio sistemari buruz ere.

Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugunok gure atxikimendua adierazten dugu eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 13an Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon egingo dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu. Halaber, maiatzaren 22tik 25era Gasteizera egingo den martxa babestu eta bertan parte hartzeko deia egiten dizuegu. Maiatzaren 25eko mobilizazioan, 10:45etan Gasteizko Plaza Berrian martxei harrera egin eta azken tartea elkarrekin egiteko deialdia egiten dugu Kartatik.

Pentsio publiko eta duinak bizitza duinerako!
1.260 €-ko gutxieneko pentsiora bidean, 1.080 € ORAIN!

Kontseiluarekin batera, azaroaren 4an mobilizatzeko deia egin dugu, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren aurrean

Kontseiluak agerraldi jendetsua egin du gaur Bilbon, hainbat eragile eta norbanakoren parte-hartzearekin. Bertan parte hartu du Arantxa Vazquez sindikatuaren zuzendaritzako kideak.  Azken hilabeteotan euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzien aurrean, “Maiatzaren 10eko adierazpena” aurkeztu du Kontseiluak, eta azaroaren 4an Bilbon mobilizatzeko deia egin du. LABek ere bat egin du adierazpenarekin eta dei egin die bere kideei azaroaren 4an Bilbon egin den mobilizazioan parte hartzera.

Euskarak izan behar du Euskal Herriko lan-hizkuntza. Baina orain, euskararen aurkako oldarraldi judizial baten aurrean gaude, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo baten aurrean.

Honen aurrean ezinbestekoa da mobilizazio soziala, oldarraldi honen aurkako desadostasuna kalean erakustea dagokigu, urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko.

Larria da bizi dugun egoera, euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna dago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.

Eusko Jaurlaritzak justiziako langileekin negoziazioa ahalbidetu behar du lehenbailehen

Greban ari dira justiziako langileak, besteak beste sindikatuekin sinatu zen IV. Hitzarmen Arautzailea, jaurlaritzak sistematikoki urratzen duena, bete dadila aldarrikatzeko asmoz. Hala, beste aldera begiratzeari utzi eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu diote administrazio horri, baldin eta justiziako ohiko jarduna berreskuratu dadin nahi badu.

Eusko Jaurlaritzaren adierazpenen aurrean, adierazi nahi dugu benetan bere hitzak bete nahi baditu, lehenbailehen deitu behar gaituela negoziazioarekin jarraitzeko eta ahalik eta lasterren akordio bat lortu ahal izateko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ezin ditu bere eskumenak alde batera utzi, Espainiako Justizia Ministerioaren atzean ezkutatuta, lan-baldintzen indarreko akordioa ez betetzeak eragindako gatazkari adostutako konponbidea negoziatzea saihesteko. Hori dela eta, LABek eta ELAk berriro dei egiten diogu, transferentzia egin zenetik ia hogeita hamar urte igaro ondoren, akordioa eta hitza bete ditzan eta justiziako langileak ordainsariekin parekatu ditzan. Bere eskumeneko funtzionarioen bi kolektiboren ordainsarien arteko aldeak ez du zerikusirik Justizia Ministerioarekin.

Azkenik, oso albiste ona iruditzen zaigu CCOOk ere bat egitea IV. Akordioa bete dadila eskatzeko LABek eta ELAk Eusko Jaurlaritzaren aurka deitutako grebarekin, horrela bat egin ahal izateko bai planteatutako greba-egunetan, baita ahalik eta gehien betetzeko aldarrikapenean ere.

Eusko Jaurlaritzak ez ditu langileen lan baldintzak eta osasuna bermatzen

Eusko Jaurlaritzak ez du lan-osasunaren inguruko legeria betetzen eta bere langileen osasuna arriskuan jartzen du. Autopsia laguntzaileek elkarretaratzea egin dute Gasteizko epaitegien aurrean, berehalako neurriak har daitezen eskatzeko.

LABek denbora luzea darama epaitegietan lan egiten duten autopsia laguntzaileen egoera salatzen, besteak beste, langileak falta direlako eta gehiegizko pisuak maneiatu behar dituztelako.

Eusko Jaurlaritzako Prebentzio Zerbitzuak, kolektibo honen inguruan egindako arrisku ebaluazioetan, behin eta berriz aipatu du ez direla lan baldintza egokiak, gehiegizko esfortzuak egiteko arriskua tarteko, eta gorpuak ezin direla manipulatu pertsona bakar baten bitartez, gutxienez bi edo hiru pertsona beharrezkoak baitira, gorpuaren pisua eta tamainaren arabera.

Arabako kasuan, bi langile bakarrik daude plantillan, urte guztian zehar goardiak egiten dituzte, eta ez dira oporrak, baimenak edota bajak ordezkatzen. Oso ohikoa da, beraz, zerbitzu honetan lana bakarka egitea, gorpuak bakarka maneiatzea, nahiz eta prebentzio zerbitzuak esan halakorik ezin dela egin.

Administrazioak neurri zuzentzailerik (langile kopurua handitu eta neurri mekaniko hobeak ezarri) hartzen ez zuela ikusita, LABeko prebentzio ordezkariek Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan salatu zuten egoera, eta ikuskaritzatik arrisku ebaluazioetan esandakoa betetzeko errekerimendua egin zitzaion Eusko Jaurlaritzari, zehazki Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari.

Urtebete igarota, Eusko Jaurlaritzako arduradunek sindikatuaren eskari eta salaketei muzin egiten jarraitzen dute, ez dute inongo neurririk ezarri, ezta irtenbiderik proposatu ere. Bost axola zaie beren langileen egoera eta osasuna zein herritarrei eskaintzen zaien arreta eta zerbitzuaren kalitatea.

Bizkaiko metalean borroka sindikala ez da delitua

Hitzarmen duina lortzeko borrokaren baitan, grebetako pikete zein mobilizazioetan parte hartzeagatik 10 pertsonak deklaratu behar izan dute gaur Barakaldoko epaitegian, eta beste bi igaro beharko dira bertatik bost egun barrru. 22 prozesu judizial ireki dira jada auzi honen baitan. Sindikatuok salatu dugu akusazioak Ertzaintzaren muntaietan oinarrituta daudela, eta langileen eskubideen alde jardutea ez dela delitua.

Gaur egindako elkarretaratzean, metalgintzako langileek pasilloa egin diete deklaratzera deitutako kideei. LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek eta Bizkaiko metalgintzako langile grebalari guztiek honako hau salatu dute gaur goizean, epaitegien atarian:

“Gaur, maiatzak 10, 10 pertsonak deklaratu beharko dugu Barakaldoko epaitegietan, Bizkaiko metalgintzako 11 grebetako piketeetan eta mobilizazioetan parte hartzeagatik. Maiatzaren 15ean beste bi pertsona gehiago pasa beharko dira epaitegi honetatik. Deklarazio berri hauekin, momentuz, 22 prozesu judizial ireki dira, 7 artxibatu dira, 3 epaiketaren zain daude eta 12 irekita daude. Akusazioen artean ageri dira desorden publikoak, koakzioak, erresistentzia edota agintearen aurkako erasoak. Gainera, 15 isun ekonomiko baino gehiago jaso dira, 91€-tik 1200€-ra artekoak. Badakigu ez direla azkenak izango. 2019ko grebetan 17 pertsona pasatu behar izan ziren epaitegietatik (batzuk espetxe eskaerekin), eta zigor ekonomikoak ugariak izan ziren.

Salaketa horiek guztiak Ertzaintzak egindako muntaietan oinarrituta daudela salatu nahi dugu. Metalgintzako gatazkan langileak eta sindikatuetako ordezkariak mehatxatu eta jipoitu zituen, eta 8 pertsona ere ospitaletik pasatu behar izan ziren, greba eskubidea zapaltzeko erabilitako basakeri polizialaren ondorioz.

Jarduera horietako gehienak gertatu ziren Ertzaintza, patronalaren aginduz, Greba Batzordea enpresetara sar ez zedin saiatzen ari zenean. Zenbait enpresak ukatu egin zioten Batzordeari greba egunetan sartzea, enpresen barruan eskubiderik urratzen ez zela egiaztatzeko. Hori dela eta, grebarako eskubidea modu larrian urratu zelako, hainbat enpresaren aurkako salaketak sartuko ditugu.

Salatu nahi dugu, halaber, patronalaren aldeko jarrera argi hori eta Ertzaintzaren jarduteko modua zein inpunitatea erabaki politikoa dela. Josu Erkoreka arduradun nagusi duen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren erabaki bat, zalantzarik gabe Urkullu lehendakariaren onespenarekin hartua. Metalgintzako milaka langilek grebetan eta mobilizazioetan modu baketsuan parte hartu zuten egunetan, atxiloketak, identifikazioak eta kolpeak izan ziren Eusko Jaurlaritzaren estrategia Bizkaiko metalaren borrokaren arrakasta borobila ezkutatzeko. Beharrezkoa da eskuin politikoak eta poliziek langile klase antolatu eta mobilizatuari erasotzeko erabiltzen duten Mozal Legearekin amaitzea.

Bizkaiko metalaren gatazka otsailaren 3an amaitu zen, akordio bat sinatuta, baina Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren eginkizun errepresibo eta mendekatzailea ez da amaitu. Akordioa sinatu ondoren, oraindik ere salaketak eta zigor ekonomikoak iristen zaizkie langileei.

Hemen gauden sindikatuok argi daukagu errepresio dinamika honen helburua dela lan baldintza duinen alde eta enpleguaren defentsan egiten den edozein borroka kriminalizatzea, 2019an eta beste gatazka batzuetan gertatu den bezala: Tubacex, PCB, Petronor, Artiach, Osakidetzako garbiketako azpikontratak…

Amaitzeko, Ertzaintzari eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diegu jarritako salaketa guztiak eta isun ekonomiko guztiak kentzeko. Langileen eskubideak eta gure eskubideak defendatzea ez da inoiz delitu izango. Hori dela eta, argi eta garbi diogu salaketek, isunek eta errepresioak ez dituztela geldituko lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak. Borroka sindikala ez da delitua”.

Gorabide, Gaude, Madres Mercedarias eta Aspaceko langileen aurka Ertzaintzak erabilitako indarkeria salatu eta langileek egiten duten lan publikoa aitortzea aldarrikatzen dugu

LABeko ordezkari bat ospitalera eraman behar izan dute kolpeen ondorioz, eta beste hainbat langile zauritu dituzte. EAJ-ri egozten diogu ertzainen jokabidearen erantzukizuna.

Gaur, maiatzak 9, Gorabide, Gaude Madres Mercedarias eta ASPACE enpresetako langileek 5. greba eguna egin dute elkarrekin.

Langile horiek guztiek oinarrizko baldintza duinak aldarrikatzen dituzte, hala nola, azken urteetan jasan duten erosteko ahalmenaren galera larria berreskuratzea. Denek dituzte negoziazioak blokeatuta. Batzuek, Madres Mercedariasen kasuan bezala, lantokia ixteko mehatxua dute, eta arriskuan daude haien enpleguak.

Langile horiek guztiak Aniztasun Funtzionalaren Sektorekoak dira, eta sektore horretan gehienbat emakumeek lan egiten dute. LABentzat ez da kasualitatea blokeo hori. Berriz ere, Sergio Murillok, Unai Rementeriak eta enparauek uko egin diote emakume horien lana aitortzeari, Nagusien Egoitzetako langileei, Etxez Etxeko Zerbitzuko langileei, Etxeko Langileei edo Esku-Hartze Sozialeko sektoreko langileei, besteak beste, ukatzen dieten bezala.

Langile horiek guztiek zaintza-lan publikoa egiten dute, langile publikoak dira, nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezartzen duen pribatizazio-ereduak ez dituen halakotzat hartzen.

Gaur, FEVAS, Aniztasun Funtzionalaren Sektoreko erakundeen elkartea, indar politiko guztiekin bildu da Itsas Museoan. FEVASekoak dira, besteak beste, GORABIDE, GAUDE eta ASPACE. Erakunde horietako langileak eta Madre Mercedariasekoak museoaren atarian bildu dira, barruan baitzeuden zaintza lanekin negozioa egiteko arduradunak. Kalean, aldiz, lan horiek egiten zituzten emakume langileak. Alde batean negozioa, duintasuna eta borroka bestean.

EAJko arduradunek protesta saihestu nahi izan dute Ertzaintza bertara bidalita. Hala, sindikatuak aniztasun funtzionalaren sektoreko langileen aurka erabilitako indarkeriaren erantzule egiten du EAJ. LABeko ordezkari bat ospitalera eraman behar izan dute eta beste langile batzuk zauritu dira museoaren atean ertzainek kargatu dutenean. Bada, guzti horiekiko elkartasuna adierazi du sindikatuak.

LABek iragarri du mobilizazio eta greba gehiago egingo dituela hitzarmenak desblokeatzen ez badira, eta lanean jarraituko duela Aniztasun Funtzionalaren Sektoreko langileen borrokara bateraturako eremuak ahalbidetzeko.