2026-09-26
HomeUncategorizedLangileen ahotsa aintzat hartzea eta enpleguak bermatzeko 30 orduko lan astea ezartzea...

Langileen ahotsa aintzat hartzea eta enpleguak bermatzeko 30 orduko lan astea ezartzea aldarrikatu dugu Nafarroako Industria Foroan

LABek parte hartu du gaur goizean Iruñean Nafarroako Gobernuak eraturiko Industria Foroaren bileran. Legegintzaldi honi begira nafar langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko, agenda soziolaborala martxan jarritako dinamikaren baitan, neurri zorrotz eta zehatzak aldarrikatzen ditugu, baita Industrian ere, eta gaurko bilerara sektoreari begirako gure lehentasunak eraman ditugu, hala nola Industriako langileen ahotsa entzutea eta lanaldi murrizketak ezartzea 30 orduko lan astea helburu.

Nafarroako herritarren kezka nagusietako bat da lana; eta milaka nafar langileri eta gizarte osoari eragiten dien Industriaren egoera horren baitan kokatzen da. Lan eta bizi baldintzak hobetzearen aldeko borrokan, aukera duen guztietan bide guztiak erabiltzen dituen sindikatua da LAB. Hori dela eta, Industria sektoreko langileen ahotsa eta gizarte osoan dauden beharrak aintzat hartzea defendatu du gaur LABek Industria Foroan. Betikoaren aurrean, eraldaketarako alternatiba presente egon da bileran.

Gizarte osoaren kezka eta beharrei begirako irtenbideak ahalbidetu behar ditu aldaketa sozialak, politika publikoetan aldaketa sakonak eginez eta erabaki propioak hartuz. Hala, Industria Foroaren gaurko bileran bereziki garrantzitsua izan da etorkizun horri eta behar horiei erantzunen dieten planteamendu eraldatzaile horiek mahai gainean jartzea. Bilera, baina, protokolozkoa izan da arras, eta Gobernuak bere burua laztantzeko erabili du batez ere; ikusteko dago zer ekarriko duten hurrengoek.

Duela gutxi legegintzaldi hau ezberdina izan dadin zorrotza eta zehatza izanen zela erran zuen publikoki LABek. Eta horrekin koherentea eta kontsekuentea izanen da. Gai honetan esku hartuko du, eta ekimen, erabaki eta politika berriak bultzatzera eta behartzera bideratuko du bere ekintza. Bere aldarrikapenak lantokietan, kalean zein instituzioetan defendatzen eta borrokatzen jarraituko du LABek, ez du inolako tarterik utziko.

Industriari dagokionez, hauexek dira LABek aldarrikatutako lehentasunak:

1. Digitalizazio prozesuan eta trantsizio ekologikoaren prozesuan enplegu suntsiketarik ez gertatzeko, eta banaketa hirukoitzean sakontzeko (zaintza, lana eta aberastasuna), lanaldia murriztea, 30 orduko lan astea helburu moduan finkatuz.

2. Trantsizio ekologikoak suposatuko duen erronkari aurre egiteko, langileez osatutako trantsizio batzordeak osatzea, ehun sozioproduktiboaren eraldaketarako ikerketa publikoa eta independentea izan dadin.

3. Transnazionalekiko menpekotasuna murrizteko eta gizarteari ez ebasteko, deslokalizazioaren kontrako legean sakontzea eta bere benetako aplikazioa bermatzea.

4. Lan baldintza duinak bermatzea, bertako hitzarmenak sustatuz, defendatuz eta edukiz betez.

5. Diskriminaziorik gabeko (generokoa, arrazakoa, ideologikoa edo afiliazio sindikalaren araberakoa) kontratazioa bermatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.