2026-07-11
Blog Page 230

Gaitzetsi dugu Michelin enpresak Gasteizko lantegian 150 pertsona eta Lasartekoan beste 26 soberan daudela iragarri izana

Lehenik eta behin, azpimarratu behar dugu gai horri buruz izan genuen lehen albistea egunkari batera filtratu izana izan zela. Mugimendu hau arbuiatzen dugu, Michelinen lan egiten duten pertsonek ez dute merezi enpresak horrelako albiste batekin jokatzea. 176 pertsona, 176 familia.

Bigarrenik, berriro diogu enpresak ez duela “soberakina” argudiatu. Ez dio Batzordeari zifrak justifikatzen dituen dokumentaziorik eman, doitutako egutegietatik harago. Eta sindikatu batzuetatik, albistearen ondoren, automatikoki sortzen den eztabaida da: nola egingo da soberakin hori? Modu traumatikoan, hau da, kaleratzeen bidez edo modu “ez traumatikoan”, beste neurri batzuk planteatuz. Inoiz ez da planteatzen enpresak esaten duen “soberakina” benetan beharrezkoa den ala ez. Nolanahi ere, nabarmendu nahi dugu LABentzat edozein irteerak lanpostuak suntsitzea dakarrela. Suntsipena enpleguan, azken batean, horrek dakarren guztiarekin. Presazkoa iruditzen zaigu zer irteera mota eman behar diren esatea, beharrezkoak diren ala ez zalantzan jarri gabe.

Bestalde, badirudi 2023 eta 2024rako kaleratzerik ez egiteko konpromiso moduko bat proposatu dela. Nolanahi ere, eta kontuan hartuta enpresa hartu duen dinamika, gaur egun gehiegikeriaz diziplina espedienteak irekiz, gaur gaurkoz 13 kaleratze barne, akordio horrek ez luke jasoko kaleratzea bidegabetzat jotzen bada langileak lanera itzultzeko aukera izango duela. Ez du ezertarako balio. “Soberakina” gauzatu ondoren, zer behar izango du enpresak kaleratze gehiago egiteko? Berriz onartzeko berme hori gabe, enpleguari eusteko iragarpenak ez du ezer balio.

Azkenik, agerikoa da neurri honek Euskal Herriko lantokietako langileak zigortu nahi dituela. Urte hasieran Cesar MonĂşx-ek prentsan inbertsioak iragarri eta plantilla indartzeko beharra azaldu zuen. Eta, aldiz, hitzarmenaren aldeko mobilizazioen eta Zentro-arteko irteeraren ondoren, honako hau esan zuen: “Gasteizen gertatutakoaren ondoren, baliteke Michelinek langile gutxiago behar izatea”, eta hain ospetsua den “konfiantza-galera”. Zetorrenaren aurrerapen-profezia, alegia. Mendekua langile batzuekiko, bere lan-baldintzengatik antolatzea erabaki baitzuen.

LABek lanpostu guztiak, lan-baldintzak eta plantilla berritzea defendatuko ditu, erretiro duinen bidez eta erretiratutako langileak ordezkatuko dituzten langile berriak kontratatuz.

Berriro esango dugu: hemen ez dago inor soberan

Gasteizko Inmon-Carmelitas egoitzan mobilizazioekin hasi gara, negoziazioa behingoz desblokea dezaten

Inmon-Carmelitas adinduen egoitzan mobilizazioak egiten hasi gara gaur, negoziazioa erabat blokeatuta dagoelako 2023ko hasieratik eta empresaren jarrera tranpatia publikoki salatu nahi dugulako. Enpresak ez du KPIa bermatu nahi, horren ordez %4ko igoera bat proposatzen du. Bada, aipatzekoa da %4 hori jada erresidentzia pribatuetako hitzarmenean adostuta dagoela eta, beraz, enpresa behartuta dagoela igoera hori aplikatzera 2023ko urtarrilaren 1az geroztik.

LABen partetik, EAEko KPIaren igoera langileen soldatan jasotzea gutxieneko bat bezala planteatzen dugu. Horretaz gain, eskatzen dugu lanaldi murrizketa bat ezar dadila eta langileen bizitzak duinduko dituzten baimenak eta lizentziak ahalbidetu daitezela.

Gasteizko Udalaren inplikazioa galdegin dute Laminaciones Arreguiko langileek

Laminaciones Arregui-Celsa Atlantic batzordeak agerraldia egin du gaur, azaroak 28, Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen eta Enplegu Batzordearen osoko bilkuran. Celsa taldean egiten ari diren jabetza aldaketaren eskutik bizitzen ari diren prozesua eta beren egoera azaldu du bertan. Aldi berean, langileek bi orduko lanuztea egin dute eta elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean.

Hala, udalari inplikazioa eskatu diote:

• Jabetza berriari zein Espainiako gobernuari prozesu guztien jardueraren jarraipena, enplegua, lan-baldintzen mantentzea eta Laminaciones Arreguiren etorkizuna zaintzea eta exijitzea.

• Laminaciones Arreguiri eragiten dion edozer gauza Laminaciones Arreguin negoziatzeko aldarrikapena bere egin dezatela, eta ez Arreguirekin zerikusi gutxi duten kanpoko agenteek.

• Espainiako gobernuari eska diezaiola jabetza berriarekiko akordioan jasotako enplegu-bermea hedatzeko eta betetzeko, hartzekodunek sinatutako hazkunde-konpromisoa zaintzeaz gain.

• Jabetza berriaren eta/edo administrazio-kontseilu berriaren baliozko solaskide bat batzorde honekin komunikatzeko eskatzea.

• Bere egin dezala eta eska dezala industria-plan bat egin dadila, Batzorde honen parte-hartzearekin.

• Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egin dezala Laminaciones Arreguiko langileen interesak defendatzeko.


Era berean, eskatu dute erakundeek jarrera proaktiboa izan behar dutela, elkarrekin lan eginez, Laminaciones Arreguiko langileen interesak defendatzeko eta, beraz, Gasteizko interesak defendatzeko. Erakunde horiek presionatu behar dute Laminaciones Arreguik industria-plan sendoa izan dezan, eta plan hori bete dadin. Horrela, Gasteizko eta Urbinako lantegietako egungo eta etorkizuneko lanpostuak ez dira arriskuan jarriko. Izan ere, bestela prozesu hau Laminaciones Arreguiren heriotzarekin amaituko denaren beldur dira.

2023ak dagoeneko 51 langile hilik utzi ditu lan istripuz

Gaur goizean, Etxarri Aranatzen, Armaduras Omnia enpresako 51 urteko langilea prentsa batek harrapatuta hil da. Atzo bertan salatu zuen LABek Euskal Herrian lanean zendutako pertsonen kopurua 50era iritsi zela; bada, dagoeneko handitu da zifra hori. Gertatutakoa gaitzetsi eta neurriak eskatzeko elkarretaratzea deitu dute bihar Altsasun.

Azken egunak lazgarriak izaten ari dira lan osasunaren arloan Euskal Herrian. Urrun joan gabe, atzo bertan beste langile bat hil zen Cintruenigon, altueratatik erorita, eta joan zen astean Iruñeko Labrit pilotalekuan izandako antzeko istripu baten ondorioz beste langile bat larriki zauriturik dago.

LAB sindikatuak samina eta elkartasuna adierazi die hildakoen senide, lagun eta lankideei.

Euskal Herrian urtez urte lan istripu kopurua izugarria da, eta aurten dagoeneko 51 dira lanean zendu diren pertsonak. Nafarroaren kasuan, jada bederatzi dira. Istripu hauen atzean patronalaren ez-betetzeak daudela azpimarratu du LABek. Nahiz eta prebentzio araudiak ia hiru hamarkada abian daramatzan, patronalari oso merke ateratzen zaio legez kanpo jardutea, inork isuntzen ez duelako. Kapitala bizitzaren aurretik ipintzen du patronalak, langileen bizitzen aurretik.

Sindikatuaren esanetan, Nafarroako Gobernuak ardura garbia du egoera honetan. Chiviteren gobernuak behingoz onartu behar du Lan Ikuskaritzaren eskumena, eta esfortzu guztiak araudiaren betearazpenean ipini. Egun, Nafarroan 12 lan-ikuskari baino ez daude, eta hauen presentzia guztiz testimoniala da. Aldiz, ehunka mila euro xahutzen dituzte inongo eraginik ez duten prebentzio kanpaina antzuetan. Heriotza bermatzen duen dinamika honekin amaitu behar dela adierazi du LABek.

Hala, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT/LKN-k osatutako intersindikaletik asteazken honetan 19:00etan, Altsasuko Iortia plazan deitu duten mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du LABek.

Glavista, Mecaner eta Microdeco: hiru enpresa, borroka bakarra

Itxieraren eta kaleratzeen aurka borrokan diharduten hiru enpresa historikotako beharginak elkarrekin atera dira kalera Bilbon, enpleguen eta beren eskualdeetako etorkizunaren alde. Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik abiatu dute mobilizazioa.

Enpresa-batzordeen ohar bateratua

Gaur, Aiaraldeko, Uribe Kostako eta Durangaldeko paisaiaren eta historiaren parte diren hiru lantegi “historikok” bat egin dugu gure borroka agerian uzteko, gure lantegien itxeira eta suntsitzearen kontra ez ezik, gure eskualdeen eta gure industriaren etorkizuna babesteko ere.

Hilabete batzuk daramatzagu bizi dugun egoera salatzen, gure eskualdeetan deslokalizazioa, enpresen itxiera, kaleratzeak, lan-baldintzen prekarizazioa, desindustrializazioa eta enplegu-suntsiketa eragiten dituzten enpresa maniobrak salatzen.

Erabaki horiek eragina dute Glavista, Mecaner eta Microdeco enpresetako langileengan, eta zuzeneko eragina izango dute gainerako enpresetan eta eskualdeetan.

Zoritxarrez, industrian gertatzen ari diren itxierak eta kaleratzeak ez dira kontu berria. Azken urteotan, gure lurraldean industria-enpresen etengabeko itxierari aurre egiten ari gara. Horren ondorioz, industriak gero eta pisu txikiagoa du Euskal Herrian, eta turismo eta zerbitzu-herrialde bihurtzen ari gara.

Zer ari da gertatzen industriarekin? Zein da Eusko Jaurlaritzak gure herriarentzat duen industria-plana?Zer etorkizun utziko diegu hurrengo belaunaldiei?

Bada garaia erakunde publikoek eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzak erantzukizuna bere gain hartzeko eta desindustrializazio hori geldiarazteko baliabide guztiak jartzeko.

Arazoari aurrez aurre ekiteko garaia da.

Bada garaia politika industrialak egiteko, gure herrialdearen subiranotasun industriala multinazionalen esku utzi gabe, etorkizuneko industriaren aldeko apustua eginez, jasangarria izango dena eta kalitatezko enplegua bermatuko duena.

Ezin da jarraitu multinazionalei dirua oparitzeko politikekin, alfonbra gorria jartzearekin eta kontrol mota bat edo bere politiken gaineko erabaki-ahalmena ez edukitzearekin.

Egitateak nahi ditugu, eta, horretarako, enplegua eta gure eskualdeen etorkizuna defendatzea beharrezkoa da.

Glavistan, Mecanerren eta Microdecon borrokan jarraituko dugu, hori baita gure etorkizuna arriskuan jartzen duten erabaki horiei guztiei aurre egiteko bide bakarra.

ALSA emakidunak Bilbobuseko gatazkarekin lotuta eman dituen argudioak kritikatzen ditugu

Bilbobuseko hitzarmen kolektiboa ia bi urtez berritu gabe egon ondoren, zerbitzua kudeatzen duen ALSA multinazionalak bere argudioarekin jarraitzen du, alegia, diru-kutxa hutsik duela. Hori guztia, bere hitzetan, azken urteetako KPIaren igoerak eragin du, eta horrek Bilboko Udalarekin sinatuta duen kontratua kolapsatzea ekarri du. Udalaren berririk ere ez dugu, alkateak azken asteetan egindako adierazpenak izan ezik. Horiek enpresaren tesia partekatzen dute, Bilbobuseko kontratua egokitzeko lizitazio berri batera joateaz hitz egiten duenean.

Enpresak aurkeztutako 2022ko balantze ekonomikoari kasu eginez gero, ikus dezakegu datu batzuek zalantzan jartzen dutela planteatzen duten egoera kritiko hori. Hasteko, EBITDAk (ekoizpen-gaitasunaren adierazlea) positiboa izaten jarraitzen du, 2 milioi euro ingurukoa. 2022an enpresak taldeko beste enpresa batzuei emandako kredituak 13,5 milioi eurotik gorakoak dira, 2021ean 21,9 milioitakoak izan ziren (ez dute ordaintzeko dirurik, baina soberan daukate mailegatzeko soberan daukate) eta, azkenik, aurreikusten den bilakaera honako hau da: “Sozietatea erabat finkatuta dago sektorean, eta 2023rako bilakaera positiboa espero da”.

Kopuru horiek alde batera utzita, LABek guri eta plantillari interesatzen zaizkigun zenbakiak balioetsi nahi ditu, eta horietaz bai hitz egin dezakegula.

Has gaitezen enpresak urtero zor dituen eta langileei aitortzen ez dizkien milaka orduekin, langileek berreskuratu ezin diren jaiegunetan lan egindako egunak orduen zenbaketa bikoitzaren bidez konpentsatzeko duten eskubideagatik, lehen auzialdiko eta EAEko Auzitegi Nagusiko epai irmoek adierazten duten bezala. Milaka ordu horiek gozatzeak lana eta norberaren bizitza hobeto uztartzea ekarriko luke, baita behin-behineko langile gehiago eta baldintza hobeetan kontratatzea ere.

Aldi baterako ezintasun-egoeran dauden langileei aparteko ordainsariak osorik ordaintzeari uztean enpresa aurrezten ari den hamarnaka mila euroekin jarrai dezakegu. Edo Bilbobusen funtzionamendu egokirako ezinbestekoak diren kolektibo minoritarioetan enpresak amortizatutako hamarnaka lanpostuak ere aipa ditzakegu. Ildo horretan, enpresak, ustezko finantza-egoera txarrari aurre egiteko, dokumentu bat jarri zuen mahai gainean jasotzen zuena 30 langile soberan zeudela, euretako 2/3 (20) ia desagertuta zeuden kolektibo txiki horietakoak. Enpresa ez zen inor kaleratzera ausartu, baina langileen lankidetza proposatu zuen lege-iruzurrean egindakoak izango ziren adostutako irteerak hitzartzeko, eta LAB guztiz aurka agertu zen.

Ez ditugu ahazten %62ko lanaldian kontratatutako hogei lankide horiek, lanaldi osoko kontratu bat eskuratzea ukatzen zaienak. Beti bezala, egiturako langileak % 100ean kontratatuta egotea nahi dugu.

Hori guztia, ez dezagun ahaztu, soldatak izoztuta eta 2021eko soldata-oinarrien arabera kobratzen diren bitartean.

Horiek dira Bilbobuseko langileoi axola zaizkigun benetako zenbakiak, eta gure interesetarako irtenbide egokia ematen ez bazaie, gatazka faltsuan itxiko da, eta badakigu zer gertatzen den ondo ixten ez diren zauriekin, enkistatu eta usteldu egiten direla.

Gogoratu behar da Bilbobus 2019an bihurtu zela Bilboko Udalaren kontraturik handiena (500 milioi euro 10 urtetan), eta agian une egokia izan daitekeela guztion diru publikoa euren onurara bakarrik begiratzen duten mertzenarioen esku ez uzteko, eta behingoz, Bilboko Udala arduratu dadila hiri-garraioaren zuzeneko kudeaketaz.

“Zaintzen dugun bezala, zainduak izateko eskubidea ere badugu”, etxeko langileen atal sindikalak bat egiten du Greba Feminista Orokorrarekin

Bi urte baino gehiagoko eztabaidaren ondoren, 2022ko martxoaren 30ean aurkeztu genuen sindikatuko etxeko langileen atal sindikala, Euskal Herriko lehena. Ordutik, EAEko lehen hitzarmena lortzeko antolatzen eta borrokatzen aritu dira sektoreko langileak.

Irailean, batzarrean zehaztu zituzten ikasturte honetan eman beharreko urratsak. Horrela, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izango zuten parte hartzea eta ordezkatzea adostu zituzten. “Borrokan jarraituko dugu, ez garelako ikusezinak, eta zaintzen dugun bezala, zainduak izateko eskubidea ere badugu”, adierazi dute.

50 dira dagoeneko aurten Euskal Herrian gertatutako lan-heriotzak

Construcciones metálicas Eneis enpresako 54 urteko langile bat zendu da gaur Zintronikon, altueratik erorita. Mota horretako lanetan aurten bost langile hil dira.

LABek jakin ahal izan duenez, erorketak saihesteko sokaren korapiloa askatu ahal izateko sokatik bere burua askatu behar izan du langileak, eta orduan gertatu da erorketa. Dirudienez, beraz, ez da beste lotura gunerik bermatu soka nagusitik askatzean. Altueretako lanen prozesuak, honelako egoerak ekiditeko, baliabide prebentiboak ikuskatu behar ditu. Ez da zabaldu baliabide hau bazenik ere; izan ere, LABek salatzen du ohikoa izaten dela berau izendaturik ere ez egotea.

Lan istripuen kopurua jasangaitza dela adierazi du sindikatuak. Joan den astean bertan, Iruñeko Labrit pilotalekuan altueretako beste istripu larri bat gertatu zen, prebentzio neurriak errespetatzen ari ez zirelako. Zera azpimarratu du LABek: nahiz eta istripu hauen ardura osoa enpresariarena den, hildakoak beti langileak direla.

Prebentzio legeak abian daramatzanetik ia 3 hamarkada igaro diren honetan, bistan da enpresari gehienek ez dutela berau betetzeko inongo asmorik, LABek ohartarazi duenez. Honela, Nafarroako Gobernuari exijitu dio neurriak har ditzala enpresariei araudia betearazteko. Bide honetan, lan-ikuskaritza bereganatu eta betearazpen kanpaina irmoa abian jar dezala eskatu dio.

LABen esanetan, argi dago gaitz honen konponbidea langileek egiten duten presio eta mobilizaziotik etorrik dela. Gure bizitza jokoan dago.

Heriotza ez traumatikoa Gasteizen
Gasteizko Mercedesen, DHL azpikontratako langilea, gerentea zehazkiago, hil da, antza bihotzekoak jota. Nabarmena da heriotza ez traumatikoen igoera gertatzen ari dela azken hamarkadan, eta horregatik eskatzen du LABek ikertzeko ea laneko faktoreek eragina izan duten.

Laneko arrisku guztien kontrola eta prebentzioa aldarrikatzen du LABek, eta berau betearaziko duen administrazioa.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek ez dute proposamenik ekarri gaurko negoziazio mahaira

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok abenduaren 11tik 15era bitarte deitutako grebak babesteko deia luzatu diegu ikastetxe hauetako langileei.

Lan Hitzarmena berritzeko azken mahai negozIatzailea otsailaren 2an izan zen.

Orduz geroztik 4 greba egun egin ditugu ikastetxe hauetako langileek, lehena apirilaren 25ean eta hiru egun jarraian urriaren 17an, 18an eta 19an. Grebek jarraipen zabala izan dute, %65ekoa batazbeste. Eta sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok beste bost greba egun ditugu deituta abenduaren 11tik 15era bitarte.

Azken mahaitik 9 hilabete ziren igarota. Greba dinamikak behartuta gaurko egunerako mahaia deitu dute patronalek, baina mahaian ez da aurrerapausorik egon, patronalek ez baitute Hitzarmena berritu ahal izateko proposamenik ekarri.

Hau horrela, sindikatuok abendurako deituta ditugun bost greba egunekin aurrera egingo dugu.

Sindikatuok Hezkuntza Sailari birritan egindako bilera eskaerak erantzunik ez duela izan ere gogorarazi nahi dugu.

Hori horrela, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok arduraz jokatzeko eta Hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten eduki eta proposamenak egiteko eskatu diegu patronalei. Ez da onargarria bost greba egunen aurretik inolako edukirik gabeko mahai batera deitzea. Eta Hezkuntza Sailari egindako bilera eskaerari erantzuteko eskatzen diogu.

Aldi berean, Ikastetxeetako langileei abenduko grebak masiboki babesten jarraitu dezatela eskatzen diegu, hau izango baita patronalak mugiarazteko bide eraginkorrena eta uzten diguten bakarra.

Azkenik, Hitzarmena berritzeko aukera emango duen proposamenik egon ezean, urtarriletik aurrera grebak indartuko ditugu.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta, bereziki, arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.