2026-05-04
HomeEkintza SindikalaEuskalduntzean hartutako konpromisoetan atzera ez egiteko eskatu diogu Hezkuntza Sailari

Euskalduntzean hartutako konpromisoetan atzera ez egiteko eskatu diogu Hezkuntza Sailari

Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE alderdiek indarrean dauden hizkuntza ereduei eusteko zuzenketa proposamenak erregistratu zituzten, atzo, Eusko Legebiltzarrean. Zuzenketa horien edukia erabat arbuiatzen dugu LABen, izan ere, frogatua baino frogatuagoa baitago A eta B ereduek ez dutela indarrean dagoen euskararen legea betetzen, alegia, ez dute bi hizkuntza ofizialetako baten, euskararen, ezagutza bermatzen eta D ereduak ere ez du guztiz euskalduntzen.

Horregatik, bestelako hizkuntza politika bat beharrezkoa dugula adierazi dugu, euskararen murgiltze-sisteman oinarritua dena. Areago, LABek uste du hizkuntzaren gaian atzerapauso nabarmena egin dutela EAJ eta PSEek orain arte ezagutu ditugun lege-aurreproiektu eta -proiektuan jasota ez zeuden hizkuntza ereduak bertan txertatuz eta hezkuntza hirueledunari ateak ireki nahirik.

Forma aldetik, berriz, aipatutako zuzenketa ez dator bat Hezkuntza Sailak foro desberdinetan hartutako konpromisoekin eta, zehazki, LAB eta Interinok sindikatuekin hitzartutakoarekin.

Ekainaren 1ean erdietsitako akordio laboralak bi atal zituen: batetik, lan baldintzen inguruko konpromisoak, hala nola, langile publikoei dagokienez enpleguari eustea, egonkortasuna, esleipen irizpideak finkatzea eta langile guztiak euskalduntzea edota itunpeko langileen soldaten parekatzea eta lan-baldintzen homologazioa. Lehen atal hau negoziazio mahai bakoitzean garatzeko egutegia martxan jarri da: gaur irakasleen mahai negoziatzailea egin da, bihar sukalde eta garbiketakoena eta etzi heziketa berezikoena. Abian da, bada, aipatutako konpromisoak zehaztu eta gauzatzeko prozedura.

Akordioaren atal politikoari dagokionez, berriz, honako hau jasotzen zen hizkuntzari dagokionean: “Legeak finkatzen du ikasleek irteera profilean lortu beharreko euskara-maila (B2) eta ezartzen du ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-proiektua landu behar duela helburu hori erdiesteko eta zehazten ditu hizkuntza-proiektuaren irizpideak eta osagaiak. Hezkuntza sailak euskalduntzea bermatzeko hizkuntza-proiektuak garatzeko planifikazioa egingo du”.

Eta jarraian, helburu hori erdiesteko baliabideak zehazten dira: ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua izateko baliabide-pertsonal eta material nahikoak; hezitzaile orok hizkuntza-gaitasun nahikoa, goi-mailakoa, bere disziplinan jariotasunez eta aberastasunez aritzeko bestekoa dela bermatzeko dagozkion etengabeko prestakuntza-lerroak; eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen parte diren familiei begirako euskalduntze programak, ikastetxeetan “euskara harrera-hizkuntza” izatea izanik helburu.

EAJ eta PSEk euskalduntzen ez duten hizkuntza-ereduei eusteko xedez egindako zuzenketak ez datoz bat aipatutako irizpideekin. Gauzak horrela, hartutako konpromisoei eustea eta euskalduntze prozesuari galga jarri nahi dioten sektore politiko (PSE, PP-Vox) eta sindikalei (UGT, CCOO) men ez egitea eskatzen dio LABek Hezkuntza Sailari.

Hezkuntzak euskara gehiago behar du! Horixe da Kontseiluaren ekimenez abian den eta LABek babesten duen sinadura bilketak aldarrikatzen duena. Horixe da EAEko gehiengo sozial, sindikal eta politikoak galdegiten duena. Eta helburu hori lortzearren eragiten jarraituko dugu LABetik eskura ditugun bitarteko guztien bidez.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek manifestaziora deitu du maiatzaren 16an Gimeno kontseilariaren kargu-uztea exijitzeko

Hezkuntza arloko langileen artean, aste gutxiren buruan, ia 2.000 atxikimendu bildu ditu “Nafarroako hezkuntzak okerrera egitearen erantzule nagusia” Gimeno dela eta horregatik “kargugabetu egin...

Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak zaintzaren inguruan antolatutako jardunaldietan parte hartzeko deia egiten du LABek

Aspalditik martxan duen zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borroka ildoaren barruan, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak jardunaldi nazionalak egingo ditu datorren larunbatean, maiatzaren 10ean,...

LABek exijitu dio Toquerori, Tuterako alkateari, zentzua berreskuratzeko eta legez kontrako zentsuragatik dimititzeko

Sindikatuaren historia laburbiltzen duen 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen erakusketak Tuterako La Rua gizarte etxean egon behar zuen ikusgai 2025eko urriaren 1etik 10era, baina Alejandro...