2026-01-12
Blog Page 229

Kanpaldia hasi dugu Gurutzetan Osakidetzako garbiketako langileen grebaren baitan

Osakidetzako garbiketa-zerbitzuaren enpresa esleipendunetako langileok hilabete eta erdi baino gehiago daramagu Greban, gure hitzarmena defendatzeko. Alegia, lan-baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea helburu duen hitzarmena.

Horiek izan dira, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru alderdiok (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu genituen joko-arauak, eta horien arabera jardun dugu urteetan eta urteetan.

Hala ere, enpresek eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten ari dira, uko egin baitiote Osakidetzako langileei azken urte hauetan aplikatu zaien gaiak egokitzeari eta aplikatzeari.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, EZ! Besterik gabe, Osakidetzako langileen baldintzen homologazioari eustea eskatzen ari gara: karrera profesionalaren deialdietara sarbidea izatea; txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzea; lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa eta objektiboagoa… Azken batean, eskatzen ari gara lan berdina egiten dugunean, baldintza berdinak izatea.

Enpresa esleipendunek eta Osakidetzako zuzendaritzak elkarri botatzen diote pilota, eta garbiketa-zerbitzuko langileok, berriz, beharrik gabe luzatzen ari den bidegabekeria handia jasaten ari gara.

Maiatzean, gehiengo sindikalak keinu bat egin du negoziazioan planteamendu berri bat eginez; hala ere, enpresak intransigente agertu dira, eta Osakidetzako zuzendaritzak ez dio eskaintzari erantzun.

Egoera honek mobilizatzera eta sektoreko grebak deitzera bultzatu gaitu. Ez gaude prest dagokiguna galtzen uzteko. Dagokiguna defendatzeko erabaki irmoa dugu. Ildo horretan, beste pauso bat emango dugu, eta aste honetan protesta gogortuko dugu; gaur,
Gurutzetako Ospitalearen aurrean kanpaldia hasiko dugu, eta bertan langileok gauak igaroko ditugu, eta eguneko 24 orduetan bertan egongo gara. Programa bat prestatu dugu, eta bertan hainbat jarduera eta mobilizazio egingo ditugu egunero.

Hauteskunde-kanpainan gaudela, mezu bat bidali nahi diogu EAJri, alderdi horretakoa baita Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Osakidetzako arduradun nagusia eta, beraz, arduradun politikoa gatazka honetan: iraingarria eta lotsagarria iruditzen zaigu zuen
jarrera. Urtebete baino gehiago irekita daraman lan-gatazka baten aurrean, Osasun Sailak beste alde batera begiratu du, langileekiko erabateko axolagabekeria eta mespretxua erakutsiz; Osakidetzako Zuzendaritzak luzatu dizkiogun bilera-eskaera formalei ez die erantzun, zakarrontzian amaitu baitute. Sagardui andrea kide den alderdiak ez diezagula orain botoa eskatu; erakutsitako bihozgabetasunak agerian uzten du langile-klasearen arazoekiko kezka gutxi edo batere ez duela alderdi horrek.

Gogoan hartuko dugu. Baina argi gera dakizuela eta ez izan zalantzarik; ez gara geldituko duela hamarkada batzuk lortutakoari eutsi eta mantendu arte, alegia, Osakidetzako langileekiko lan-baldintzak homologatu arte.

Aniztasun funtzionalaren sektoreko beharginak kalean egongo dira asteon ere, beren borroka areagotu eta ikusarazteko asmoz

Gaude eta Gorabide, aniztasun funtzionalaren arloan pertsonei zerbitzu publikoa ematen dieten bi elkarte, greban egongo dira aste honetan zehar. Gorabideren kasuan, gaurkoa lehenengo eguna izan da, eta manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan. Gaude bihar hasiko da greban.

Gaur-gaurkoz entitate pribatuak dira biak, Bizkaiko Foru Aldundiak diru publikoz lagunduak. Hori dela eta, zuzeneko ardurandutzat jotzen dute Gizarte Ekintzako diputatua, Sergio Murillo, nahiz ahaldun nagusia, Unai Rementeria, baita datozen hauteskundeetan azken horren ordezko hautagaia izango den Elixabete Etxanobe ere. Izan ere, agintaldian zehar ahalbidetzen ari direna da pandemian esentzial izan ziren langile horiek, horrenbeste txalotu eta loatu zituztenak, gaur egun kudeatzaileen partetik hutsaren hurrengotzat hartzea eta Ertzaintzak txarto tratatzea.

Joan den maiatzaren 9an, ertzain baten bortizkeria neurrigabekoa tarteko, bi kide ospitalean artatu behar izan zituzten beren adierazpen askatasuna baliatze hutsagatik. Horrez gain, hainbat grebalari identifikatu, katxeatu eta, are, jarraitu zituzten. Beharginek nabarmendu dute komunikabide bakar bat ere ez zegoela han bizitzen ari ziren horren berri emateko.

Hori dela eta, komunikabideetan ikusgarritasun handiagoa merezi dutela aldarrikatu nahi izan dute gaur. Sektore feminizatua da aniztasun funtzionalarena, eta marea urdina deritzona osatzen dute Gaudek eta Gorabidek Madres Mercedariasekin, Aspacerekin eta Argia fundazioarekin batera. Horien guztien hitzarmenak iraungita daude, eta galdutako eros-ahalmena berreskuratzea eta lan-baldintza hobeak izatea eskatzen ari dira.

Gaude eta Gorabide 2021etik ari dira mobilizazioetan, 2022an lanuzteak eta 2023an hainbat greba egun (21 Gorabiden, 9 Gauden) egin dituztelarik. Aste honetan zehar bost greba egun deitu dituzte Gorabiden, eta lau Gauden. Horietan zehar, hainbat protesta ekimen eramango dituzte aurrera.

Nabarmendu dutenez, marea urdina geldiezina da eta hitzarmen justuak lortu arte segiko dute borrokan.

Honako hauek dira bihartik aurrera prestatu dituzten hitzorduak:

  • Maiatzak 23, asteartea: Kotxe karabana, 11:00etan Muskizko hondartzatik abiatu eta Biboko Moyua plazaraino joango dena (Gorabide)
  • Maiatzak 24, asteazkena: 08:30-16:45 Informazio piketeak zentro okupazionaletan (Gaude) Manifestazioa 10:30ean hasita. Gorabidekoak Poza Lizentziatuaren kaletik abiatuko dira, eta Gaudekoak Errekalde zumarkaletik. Bidean elkartuko dira Moyuara iritsi arte. Handik, elkarrekin joango dira Ugaskora, Gizarte Ekintza Sailera. Madres Mercedarias, Aspace Bizkaia eta Argia Fundaziokoak izango dituzte lagun.
  • Maiatzak 25, osteguna: – 07:45-16:45 Informazio piketeak etxebizitzetan (Gaude) – 10:30 Gorabide eta Gauderen elkarretaratzea Sabin Etxean. Madres Mercedarias, Aspace Bizkaia eta Argia Fundaziokoak izango dituzte lagun.
  • Maiatzak 26, ostirala: – 08:30-16:45 Informazio piketeak eguneko zentroetan (Gaude) – 10:00 Eserialdia Kale Nagusian, Foru Jauregiaren aurrean. Jarraian Poza Lizentziatuaren kalerantz abiatuko dira (Gorabide). – 18:00 Manifestazioa Gauderen bulegotik abiatuta (Gaude)
  • Maiatzak 27, larunbata: 12:00etatik aurrera, triki-poteoa, jaima eta otarren zozketa Romoko Santa Eugenia plazan (Gaude). Jarraian, informazio piketeak aisialdi giroan.

Zaintza lanak aitortu eta sistema publiko komunitarioa eraikitzearen aldeko mezuek hartu dituzte Bilboko kaleak

Gaur, Bizkaiko egoitzetako langileen azken greba egunean, Bilbon mobilizatu gara Zaintza lanak publikoak dira lelopean. Pribatizatutako zaintza zerbitzu sozialetako langileak eta beren borrokarekin bat egiten dutenak egon dira gaur kalean.

Gaur zaintza zerbitzu sozialetako langileak elkartu dira Bilbon; izan ere, azken hilabeteotan borroka eredugarriak bultzatu dituzte Bizkaian beren lan baldintzen hobekuntzan eta defentsan. Madres Mercedarias, Gorabide, Apnabi, Gaude, Etxez etxeko laguntza, etxeko langileak, erresidentziak, Santa Mariñe egoitza… guztiek daukate zerbait komunean: zaintza lanak egiten dituzte, sistema sostengatzen dute eta beren lana funtsezkoa da Euskal Herriak duen zaintza beharra asetzeko.

Zaintza zerbitzu sozialen titularitateak instituzioen menpe daude, eta hauek dira pribatizatzea erabaki dutenak. Euskal Herritarrok zainduak izateko dugun eskubidea merkantilizatzen dute EAJ-k, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek. Zaintza zerbitzu sozialetako langileek zerbitzu publikoa ematen dute, beren lanak zaintza sistema oso bat sostengatzen du, baina Aldundiak zein Eusko Jaurlaritza, enpresarien eskutik, zaintza sistema hondoratzen ari dira. Pribatizazioak zaintza sistema degradaziora eramaten du, eta eragin zuzena dauka langileongan zein erabiltzaileengan. EAJ-ren eta enpresarien arteko negozioak eta irabazi ekonomikoen grinak miseriazko lan eta bizi baldintzak areagotzen ditu.

Honen aurrean, zaintza zerbitzu sozialen instituzioen aldetik kudeaketa zuzena exijitzen dugu, borondate politikoa ezin baita izan langileen berme bakarra. Hala, ziurtasunak, konpromiso errealak eta publifikazio prozesua eskatzen ditugu. Zaintza lanak ezin dira pribatizatu, zerbitzuen degradazioari eta okertzeari aurre egin behar zaio, publifikazioaren bitartez.

LABek hurrengoa aldarrikatzen du:

1- Zainduak izateko eskubidearen aitortza, gizarteak dituen zaintza beharrei erantzungo dion zaintza sistema publiko baten beharra, bizi eta lan baldintza duinak bermatuko dituena.

2- Bizitzaren sostengarritasuna bermatzen duten zerbitzu guztien aitortza eta pribatizatuta dauden zaintzarako gizarte zerbitzuak publifikatzea. Hau da, dagokien administrazio publikoak zerbitzu guztien garapena, finantzaketa eta kudeaketa zuzenaz arduratu daitezela.

3- Pribatizatutako zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileak publikoak gara. Zor patriarkalaren aitortza sozial, politiko eta ekonomikoa orain.

4- Zaintza eta Gizarte Zerbitzu publikoak indartzea eta langileen lan baldintzak duintzea; langileen eros- ahalmena bermatzea, ratioak handitzea, lizentziak edota bestelako baimenak hobetzea, negoziazio kolektiboa desblokeatzea…

Bizkaiko egoitzetako grebaren harira aurrera eramaten ari garen mobilizazioekin presioa areagotu dugu

Bihar LABek deitutako Bizkaiko nagusien egoitzetako sei greba egunak eta baraualdia bukatutzat emango ditugu. Borroka isilarazteko saiakeren eta grebalariak Foru Jauregiaren aurretik bidaltzeko udaltzainen mehatxuen aurrean, beste behin ere borroka ziklo bat duintasunez aurrera eraman dugu. Sektoreko langileen erantzuna, mobilizatzeko gaitasuna eta indarra azpimarratzekoa da, eta aldundiaren nahiz patronalaren erantzun ezaren aurrean tinko mantendu gara.

Greba hauetan argi geratu da,LAB sindikatua sektoreko langileekin batera hitzarmen hau borrokatzeko prest dagoela, eta horrela aldarrikatu dugu 2021eko abenduko lehen greba egunetik. Denbora luzea daramagu borroka honetan, eserialdiak, martxak, itxialdiak eta baraualdiak eginez, borrokatzeko prest egon garela eta bagaudela argi utziz.

Greba gehiago deitzeko eta mobilizazioak indartzeko hautua egingo dugu, langileona den hitzarmena lortu arte. Sektoreko enpresak eta aldundia sektoreko hitzarmena blokeatzen ari dira. Egoera honen aurrean, patronalei eta aldundiari erantzun bat eta negoziatzeko mugimendu bat exijitzen diegu. Premiazkoa da hitzarmena desblokeatzea, edukiz hitz egiteko mahai negoziatzaile erreal bat bultzatzea. Patronalek eta aldundiak borondate onez beharginen lan eta bizi baldintzen negoziazioari heldu behar diote behingoz.

Manifestazio jendetsuak Osakidetzako grebaren bigarren egunean

Grebari emandako erantzuna atzokoa baino are handiagoa izan da; eta berriro ere, bereziki garrantzitsua izan da Lehen Arretan, eta horrek erakusten du langileek jasaten duten egoeraren larritasuna. Lanuztearekin bat egin ahal izan dutenen artean %65ekoa izan da jarraipena.

Gaur, Osakidetza, bigarren greba eguna egiten ari da LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Goizeko 12etan manifestazioak egin dira hiru hiriburuetan. Parte-hartzea jendetsua izan da, eta langileek herritarren babesa izan dute, mobilizazioan ere aktiboki parte hartu baitute.

Atzo gertatu zen bezala, jarraipena bereziki garrantzitsua izaten ari da Lehen Arretan, eta horrek agerian uzten du, beste behin ere, arreta-maila horrek jasaten duen egoera larria, baita langileen haserrea ere. Ildo horretan, azpimarratu behar da Arangoitiko (Bilbo), Zaramagako, Lakua-Arrigagako, Salburuko, San Martingo (Gasteiz), Oiartzungo eta Lazkaoko osasun-zentroak itxita egon direla, adibidez. Jarraipen garrantzitsua izaten ari da ere toki askotan, hala nola, Kabiezesen (Santurtzi), Oñatin, Arrasaten, Bergaran edo Dunboan, baita Goierri Urola Garaiko eta Tolosaldeko ESIetako osasun-zentroetan ere. Horietako askotan gutxieneko zerbitzua bakarrik daude lanean. Arabako landa-eremuko lehen arretaren jarraipena %80koa izan da berriz ere gaurkoan.

Gainerako arreta-mailek ere irmoki egin dute bat lanuzteekin. Zumarraga, Mendaro eta Arrasateko ospitaleetan, ebakuntza-gelak itxita daude, baita Zumarraga Ospitaleko Antomia Patologikoko zerbitzua, Gasteizko Santiago Ospitaleko izpien zerbitzua eta Arrasate Ospitaleko farmazia ere. Jarraipen oso garrantzitsua edo zerbitzu itxiak Basurtuko, Gurutzetako, Donostia Ospitaleko eta Galdakaoko biltegietan. Baita Donostia Ospitaleko eta Galdakaoko sukaldean ere. Itxita dago Gurutzetako erresonantzia magnetikoaren zerbitzua. Arabako ESIko ebakuntza-gelak urgentzietarako bakarrik ari dira funtzionatzen. Grebaren jarraipena oso garrantzitsua izaten ari da Gurutzetako Ospitaleko laborategietan, ospitale horretako mantentze-zerbitzuan edo Bidasoa Ospitalean. Osasun Mentalean, Arrasateko Osasun Mentaleko Zentroa ere, adibidez, itxita dago.

Aipamen berezia merezi du berriz ere Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak. Azpimarratu behar dugu, bi greba deialdi hauek baino lehen, guztira 27 greba egun egin dituela pairatzen duten soldata-diskriminazioa amaitzeko eskatuz. Atzo bezala, kolektiboan jarraipena oso zabala izan da berriro ere.

Atzoko egunean gertatu zen bezala, gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak dira eta milaka langile greba eskubiderik gabe geratu dira. Kolektiboaren greba-eskubidea neutralizatzeko, eragozteko eta erasotzeko beste ahalegin baten aurrean gaude. Lan Sailak emandako Gutxieneko Zerbitzuen Aginduaren eduki murriztaileaz gain, salatu behar dugu, gaur ere, hainbat ESItako zuzendaritzek greba neutralizatzeko eta zailtzeko egin duten ahalegina, Agindua modu murriztailean interpretatuz eta bertan jasotakoaz haratago, gutxieneko zerbitzuak egitea ezarriz. Hori gutxi balitz, ESIetako zuzendaritzek sindikatuei jarraipen-daturik ez emateko agindua jaso dute Zerbituz Zentraletatik. Osakidetzaren opakutasunaren beste adibide baten aurrean gaude.

Grebaren jarraipenari dagokionez, Osakidetzak datuak manipulatzen dituela salatu behar dugu beste behin. Portzentaia kalkulatzeko, ez du greba egin dezaketen langileen kopurua hartzen (izendatutako gutxieneko zerbitzuak kenduta), baizik eta plantilla osoaren gainean kalkulatzen du, kontutan hartu gabe, horietariko askok, ez daukatela greba egiteko aukerarik minimak direlako. Horregatik, adibidez, jarraipena %0koa izan da gaueko txandan. Baina ez du esaten gauez lan egiten duten langileek ezin dutela grebarekin bat egin, gutxieneko zerbitzua direlako. Manipulazio jasanezin baten aurrean gaude.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek elkarrizketa eta negoziazioa berreskuratzeko deia egin diote Osasun Sailari, Osakidetzak bizi duen egoera larriaren aurrean benetako eta berehalako irtenbideak martxan jartzeko helburuarekin. Bestela, mobilizazioekin jarraituko dugu.

2023ak dagoeneko lan istripuz hildako 21 langile utzi ditu Euskal Herrian

Joan den astean Burlatako Iturrondo industrialdeko lantegi bateanlarriki zaurituriko langilea zendu da

Burlatako pabiloi batean lanean ziharduen 22 urtetako langile azpikontratatua pieza astun batek azpian harrapatu eta larriki zauritu zuen joan zen ostiralean. Bada, eta istripuaren xehetasun guztiak argitzeke dauden arren, argi dago kasu honetan ere lan osasuneko protokoloak ez direla behar bezala bete.

Behin eta berriz salatu dugu patronalak ez dituela laneko osasuna bermatzeko neurriak hartzen eta araudia bera ere ez duela betetzen. Ez ditu arauak errespetatzen, nabaria delako ez duela inolako isunik jasoko guzti hau betearazi behar lukeen administrazioaren aldetik. Izan ere, Nafarroako milaka langileei eragiten dien lan osasun araudia betearazteko 14 ikuskari soilik daude. Kasu honetan, estatuko gobernuaren eskumenpean dauden ikuskariak dira, eta gaur berriz salatu nahi izan dugu Txibiteren gobernuak ez duela eskumena bereganatu nahi nahiz eta horretarako aukera izan. Estatuko eta Nafarroako gobernuen ardura falta tarteko, patronalak erraztasun osoa du araudia bete gabe jarraitzeko. Bada, erabaki politiko hori langileria larrutik ordaintzen ari da.

Era berean, azpikontratazioaren arrisku erantsia azalarazi nahi dugu, errealitate honek lanpostu arriskutsuak eta prekarioak sortzen baititu, baldintza horietan langileriak bere eskubideak egikaritzeko zailtasun handiak dituelako, segurtasunari berari bizkar emateraino.

Langileriaren elkartasuna adierazteko eta patronalak eragindako azken heriotza hau salatzeko egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei.

Gipuzkoako Mendizale Federazioan hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Hilabete hasieran, Gipuzkoako Mendizale Federazioan LAB-en ordezkaritza lortu ostean, Lan Harremanetarako Kontseiluan (PRECO) bildu gara gaur, maiatzak 18, federazioko hitzarmen kolektiboa sinatzeko.

Orain arte, bertako langileei Bulego eta Despatxuen Hitzarmena aplikatzen zitzaien, baina jakin badakigu hitzarmen hori erabat zaharkitua gelditu dela; izan ere, 2006-2009 urteetarako sinatu zen eta geroztik ez da berritu.

LAB sindikatuan hitzarmen sektorialen alde egiten dugu eta Bulego eta Despatxuen Hitzarmenarekin ere, dagokionean, horrela jokatuko dugu: hitzarmen sektorialak dira langileria babesteko tresna juridiko eraginkorrena. Horregatik, LABen, Hitzarmen horien negoziaketa eta aplikazioa babestu eta lantzen ditugu.

Aldiz, ezinbestekoa zen Gipuzkoako Mendi Federazioko Hitzarmena sinatzea: euren lan-baldintzak berritu eta bermatuz, langile kolektiboaren jarduna duindu dugu.

Gora langileon borroka!

Erantzun zabala izan du osasun publikoaren alde Osakidetzan deitutako lehen greba egunak

Nazkatuta, kalera atera dira bertako langile ugari aste honetan deitutako lehen greba egunean, zerbitzu publikoaren defentsan eta Osakidetza bizitzen ari den eraispenaren aurka. Goizean, kontzentrazioak eta manifestazioak egin dituzte Donostian, ospitaletik; Gasteizen, Txagorritxutik eta Bilbon, Basurtotik. Eguerdian, kontzentrazioak egin dituzte hainbat osasun zentrotan. Bihar ostirala, bigarren greba eguna egingo dute.

Osakidetzaren garrantzia nabamendu dute, osasun publikoa ongizate estatuaren zutabeetakoa eta oinarrizko eskubidea baita. Izan ere, osasun arretarako sarbidea bermatzen digu, gure egoera sozioekonomikoa edozein dela ere.

Salatu dute Osakidetzako kudeaketa negargarriak eta politika okerrak ekarri duela egungo egoera, baliabide eta profesionalen faltarekin, Etengabeko Arretarako Guneen itxierarekin, Lehen Mailako Arretako hitzorduetarako egunetako atzerapenarekin edota itxarote-zerrenden luzatzearekin. Era berean, onartezintzat jo dituzte gabezia horiek, osasun-arretaren kalitatea ezin baita murriztu gurea bezalako gizarte batean. Horrela, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa eskatu dute gaurko mobilizazioetan.

Azpimarratu dute Osakidetzako langile guztiek ahalegin handia egin dutela azken urteotan, lan-karga handiak eta asistentzia-presioa jasanez, eta horrek eragina izan duela langileen ongizate eta lan-osasunean.

Nabarmendu dute Osakidetzako langileak osasun-sistema publikoaren funtsezko parte direla, eta euren konpromiso eta lan onik gabe ezinezkoa dela osasun publikoa. Bada, bihar ere, bigarren greba egunean, horixe aldarrikatuko dute, eta manifestazioak egingo dituzte 12:00etan, Gasteizen (Burullerien plazatik), Bilbon (Jesusen Bihotzetik) eta Donostian (Bulebarretik).

Jarraipen handia

Azken deialdietan gertatu den bezala, jarraipena bereziki garrantzitsua izaten ari da Lehen Arretan, arreta-maila horrek bizi duen egoera larriaren ondorioz. ldo horretan, azpimarratu behar da, aurreko deialdietan bezala, Bezeroaren Arretarako Guneetako langileak lanuzteekin bat egiten ari direla modu masiboan, eta erizainen eta fakultatiboen artean jarraipena nabarmen handitu dela ere. Gasteizko Zaramaga, Salburua eta San Martin osasun-zentroak itxita daude. Gauza bera gertatu da Lasarte, Zaratamo, Gernika edo Lemoako osasun zentroetan. Basaurin edo Hernanin, esaterako, gutxieneko zerbitzuak bakarrik ari dira lanean, eta Galdakaon eta Arrigorriagan ere jarraipena oso zabala izaten ari da. Pasa den apirilaren 27an greba egin zuen Arabako landa-eremuan, jarraipena % 80koa izaten ari da.

Gainerako arreta-mailek ere gogor egin dute bat lanuzteekin. Gurutzetako Ospitaleko biltegia langile bakarrarekin hasi du eguna, eta erresonantzia magnetikoko zerbitzua itxita dago; Galakaoko endoskopiako eta ebakuntza-geletako zerbitzuak gutxieneko zerbitzuekin bakarrik ari dira lanean; Urdulizko Ospitaleko traumatolgoian pertsona bakarra ari da zerbitzuak ematen; Galdakaoko Ospitaleko kanpo-kontsultetan erizainen arteko inpaktua oso handia izan da; Mendaroko Ospitaleko ospitalizazioko eta larrialdietako zeladoreak gutxienekoekin bakarrik ari dira lanean; Arabako ESIan ebakuntza-gela batzuk itxi dira, eta aipatzekoa da izpien zerbitzuan izandako intzidentzia handia. Donostia Ospitalean, bestalde, Kirurgia Handi Anbulatorioko zerbitzua gutxieneko zerbitzuekin bakarrik hasi du eguna. Zumarragako ospitalean, ebakuntza-gelak itxita daude.

Mehatxuak mehatxu, egoitzetako grebalariek tinko eusten diote borrokari

Astelehenaz geroztik greban dauden Bizkaiko egoitzetako langileek atzo abiatutako 72 orduko baraualdiaren bigarren eguna dute gaurkoa, eta bertatik desalojatzeko mehatxua dute beren gain, udaltzainak hainbatetan bertaratu direlarik atzo iluntzeaz geroztik. Zaintzarekin negozioa egitea helburu duen eredu merkantilistari jarraikiz ezartzen zaizkien baldintza eskasak salatzen dihardute beharginek, eta lan horiek publiko izatea aldarrikatzen dute. LABeko koordinatzaile orokorra, Garbiñe Aranburu, aldundiaren aurreko karpara bertaratu da goizean, grebalariei babesa eta esker ona adierazteko.

“Emakume hauek beraien soldata, lan-baldintza eta ratioak hobetzeko borrokan ari dira, baina borroka hau hori baino askoz ere gehiago da. Zaintzarekin egiten den negozioa salatu eta zaintza lanak publikoak direla aldarrikatzeko borroka da”, nabarmendu du Garbiñe Aranburuk eguerdian egin den elkarretaratzean parte hartu ostean. Hala, beharginei eskertu egin die zaintzaren arazoa politizatu, sozializatu eta ikusgarri egiteko borroka honi heldu izana.

Hain zuzen ere, zaintza erdigunean jarriko duen sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzen du LABek, sindikatuarentzako lehentasunezko borroka delarik egungo eredua irauli eta zaintzaren bueltako arazoari irtenbidea ematea. “ Zaintza sistema publiko bat aldarrikatzen dugu, eta hauteskunde kanpainaren erdian gaudelarik, agenda politikoan kokatu beharreko gaia dela deritzogu. Eta argi daukagu gaur egunera arte instituzio nagusiak gobernatu dituen EAJ-k ez duela zaintza sistema publiko bat babesten, zaintzarekin negozioa egiten jarraitu nahi duela”, salatu du Aranburuk. Bada, adierazi duenez, langileok aldaketa politiko horiek bultzatu behar ditugu.

Karpa kenduarazteko mehatxua

Aipatzekoa da atzo (asteazkena) iluntzeaz geroztik, Udaltzaingoa behin baino gehiagotan bertaratu dela grebalarien karpara, baimenak berrikusteko asmoz. Oraingoz hantxe jarraitzen dute grebalariek, eta aurreikusi bezala, ekimena larunbat eguerdira arte luzatzeko asmoa dute. Dena den, badirudi kaleratu egin nahi dituztela; beraz, gerta daitekeenaren aurrean adi egoteko deia egin diete kide eta herritarrei. Era berean, EAJk eta Aldundiak egoitzetako langileak isiliarazi nahi izatea gaitzetsi dute.