2026-09-25
HomeEkintza SozialaLan eta bizi baldintzak ez dira hobetzen eta prekaritateak egiturazkoa izaten jarraitzen...

Lan eta bizi baldintzak ez dira hobetzen eta prekaritateak egiturazkoa izaten jarraitzen du

Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaian 141.582 langabe daude; beraz, pasa den urtetik %2,13a jaitsi da langabezia Hego Euskal Herrian. Enplegua, ordea, sektore prekarioetan sortzen ari da, lan baldintza prekarioekin eta egoera zaurgarrian dauden herritarren bizitzetan inpaktu zuzenagoa eraginez. Hego Euskal Herrian, 25 eta 64 urte arteko bi herritarretik bat prekaritate egoeran bizi da, enplegua izan arren, bizitza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe.

Zaintza lanen ardura nagusia bizkar gainean hartuta, gero eta emakume* gehiago ari da lan merkaturako igarobidea egiten. Azken urtean, 15.357 emakume gehiago afiliatu dira. Emakume hauen enpleguaren kalitatea dago ezbaian, ordea, sortu diren enpleguak baldintza prekario nabarmenak dituztelako:

  • Azken urtean emakumeen* artean egin diren kontratu berrien %61,45ak lanaldi partzialekoa izan da. Egun, emakumeen %26,8a dago lanaldi partzialean, gizonen artean proportzio hau %11,3koa den bitartean.
  • Azken hilabetean, aldizkako finkoen kopurua jaitsi den arren, kontratu mota hau dutenen artean, %64,67a emakumea* da.
  • Azken hilabetean behin behineko kontratuak jaitsi diren arren, emakumeen* artean proportzio txikiagoan murriztu dira. Izan ere, otsailean jardunaldi osoko behin behineko kontratazioa gizonen artean %9,3koa den bitartean, emakumeen artean %13,9koa da, nabarmen altuagoa.

Langabeziak gora egin duen kolektiboen artean, 25 urtetik beherakoak kokatzen dira. Izan ere, gazteen artean langabezia %4,04 igo baita. Aurreko enplegurik gabekoen kopuruak ere gora egin du eta atzean honako bi arrazoi azpimarratuko ditugu gaurkoan:

  • Batetik, inaktibo izatetik lana aktiboki bilaera pasa diren herritarrak multzo honetan kontabilizatzen dira, urte bete edo gehiago lan egin gabe daudela ulertzen delako.
  • Bestetik, langile migratuen %28,22a aurreko enplegurik gabekoak dira, lana bilatzen hasi berriak.

Egoera honi guztiari erantsi behar zaio, azken hilabetean, afiliatu berrien %84a zerbitzuak sektorean eman duela izena; beraz, baldintza prekario zein ezegonkorrak nagusi diren sektorean ari da enplegua sortzen.

Azkenaldian LAB sindikatutik esaten ari garen bezala, langabeziak lan merkatu eta enpleguaren kalitatearen adierazle izateari utzi dio. Izan ere, langabezia jaitsi arren, langileen lan zein bizi baldintza orokorrak ez dira hobetzen eta egiturazkoa den prekaritateak jendartearen dualizazioan sakontzeko baldintzak birproduzitzen ditu, lan eta kapital errenten arteko arrakala handituz. Langileon lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen eredu sozioekonomiko berria ezinbestekoa zaigu, kapitalari boterea disputatuko eta zaintza erdigunean jarriko duena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.