2026-01-10
Blog Page 228

Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileok negozioazioaren blokeoa behingoz amaitzeko exijitu dugu

Aldundiko eta GUFEko (Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea) langileok gure hitzarmen-konbenioaren negoziazioa blokeatua dugu Gobernu Kontseiluak (Elixabete Etxanobe lan harremanen buru duenak, hain zuzen ere) soldata igoera negoziatzeko aukera ukatu egiten duelako.

Soldata igoeraren atala Estatuko Aurrekontuek ezarritakora mugatzen dute gure negoziazio esparruari bizkar emanez, eta KPIaren azpitiko igoerak izanik eros ahalmenaren galera eraginez. 2021etik, eta 2023 urtea aintzat hartu gabe, %5.3ko eros ahalmenaren galera pilatu dugu.

Soldata igoeraren negoziazioaren gainean ezarritako ukazioak lan hitzarmen-konbenioaren gainerako atalen negoziazioa galarazten du.

Hori dela-eta, langileok protesta ekimenak egiten hasiak gara. Apirilaren 25an mobilizazioa egin genuen Aldundiaren aurrean, eta gaur ere beste horrenbeste egin dugu, gure aldarrikapenak entzun ditzaten.

Garraio publikoan ez dugu onartuko eraso gehiago

Metro Bilbaoko enpresa batzordeak salatu nahi du larunbat gauean, maiatzak 20, 5 langileri eraso egin dietela Abandoko geltokian, euren lana egiten ari ziren bitartean. Gertakari horien ondorioz, bost pertsona horiek ospitalean artatu behar izan zituzten, zauri handiekin.

Gure gaitzespenik sakonena adierazi nahi diegu horrelako jarduerei. Nazkatuta gaude gure osasunean eragin handia duten eraso fisiko eta hitzezkoak etengabe jasateaz, eta ez errepikatzeko eskatzen dugu.

Inola ere ez dugu onartuko halako gertakariak zigorrik gabe geratzea, eta Metro Bilbaori exijitzen diogu bere plantillaren eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko neurri egokiak har ditzala, horrelako gertaerak saihesteko.

Greba mugagabean daude justiziako langileak, harik eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen arautzailea bete eta lan-baldintzak duintzeko urratsak eman arte

Atzo, hilak 22, abiatu zuten greba mugagabea, hainbat astez lanuzte, greba eta protesta ekimenetan murgilduta egon ostean. Beren eskakizunak behingoz entzun ditzaten areagotu dute borroka, eta dagoeneko eraginak nabarmenak izaten ari dira epaitegietan.

Goizean goizetik piketeekin ekin diote egunari grebalariek, atzo egin zuten bezala. Gero, goiz erdian hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte, borroka ikusarazi eta bizi duten egoera plazaratzeko asmoz.

Borrokaren arrazoi nagusietakoa da bere garaian sindikatuekin batera sinatutako IV. Hitzarmen Arautzailea ez duela betetzen Eusko Jaurlaritzak; are, sistematikoki urratzen du. Justiziako funtzionarioen plantilla Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen soldata-baldintzekin parekatu beharra jasotzen du akordio horrek. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari dagokion erantzukizunari heltzeko exijitzen diote langileek, ez dadin ezkutatu Espainiako Justizia Ministerioaren atzean.

Hala, benetako negoziazioa behingoz ahalbidetzeko eskatzen diote langileek Eusko Jaurlaritzari. Hau da, bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoko beharginen baldintzen inguruan sinatuta dagoen akordioa eta negoziazio eremu propioa berma dezala, eskakizunei entzungor egiteari utzita.

Datozen mobilizazioak

Greba mugagabearen baitan, hainbat hitzordu antolatu dituzte aste honetarako. Honako hauek dira bihartik aurrera aurreikusita daudenak:

  • Asteazkena 24, 11:30tan hiriburu guztietako epaitegien aurrean kontzentrazioa.
  • Osteguna 25, Bilbon, 11:30tan EJko Gran via 85 kaletik Sabin etxera, manifestazioa
  • Ostirala 26, 11:30tan hiriburuetako epaitegien aurrean kontzentrazioa

Haien negozioak guretzat kolapsoa dakarrela eta, Munduko Bankuaren goi-bileraren aurrean trantsizio ekosozialista justua aldarrikatu dugu

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, EH Kapitalari Planto, Jauzi Ekosoziala eta beste hainbat eragilek kontzentrazioa egin dugu gaur, BECen aurrean, Munduko Bankuak gaur abiatzen duen INNOVATE4CLIMATE goi-bileraren irekiera dela eta. Elkarretaratze zaratatsu baten bitartez erakunde honek krisi klimatiko eta sozialaren gainean daukan erantzukizuna salatu eta gailur honen bitartez egin nahi duten aurpegi garbiketa salatu dugu.

BEC erakustazokaren aurrean elkarretaratzea egin dugu lehenik, eta ostean alboko errepidea moztu dugu, argi utzi nahian espolioaren eta larrialdi klimatikoaren aurreko aurpegi garbiketa ez dugula onartzen.

Munduko Bankuaren topaketa honek berdez estali nahi du erakunde honek pobretzearen eta larrialdi klimatikoaren gainean daukan erantzukizun zuzena, bere sorreraz geroztik finantzatu izan baitu hainbat herrialderen espolioa.

Erakunde sinatzaileok ez dugu uste gailur honetan parte hartzen duten administrazio eta enpresek, CO2 emisioen erantzule nagusiak izanik, larrialdi klimatikorako inolako irtenbiderik eskainiko dutenik. Argi eta garbi adierazi dute: Ezin daiteke oligopolio energetikotik etorriko den trantsizio justurik espero, hau da, lurraldeen espoliazioaren eta jendartearen pobretzearen bidez aberasten direnengandik.

Hori guztia gertatzen da prekarietatea eta pobretzea handitzen ari den une berean, etxebizitzarekin egiten den espekulazioak, pentsioen murrizketak, osasuna, hezkuntza edota zaintzetako zerbitzu publikoak pribatizatzen ari diren une berean. Bestalde, eten ez diren feminizidio eta indarkeria matxistak ere aipatu behar dira, baita mugetan gertatzen diren heriotzak eta militarizazioa ere, eta jazarpen arrazistak nahiz mundu osoko gerrak. Horiek guztiak gizarte gisa erantzun beharreko errealitateak dira.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak eta Jauzi Ekosozialak, kolektibo sozial eta sindikal askorekin batera, indarrak batzeko deia egin eta mezu nagusia irmo adierazi dugu: Munduko Bankua eta haren heriotza-politikak ez dira ongi etorriak; energia fosilak behin betiko utzi eta trantsizio ekosozial bidezkoa eta demokratikoa jarri behar dugu martxan.

Administrazio arduradunei eskatzen diegu eragile sozialen eta ekologisten proposamenak entzun ditzatela, behar den aldaketa egiteko haiek dauzkaten proposamenak; izan ere, trantsizio ekosoziala herritarren parte-hartze zabalarekin gauzatu behar da, lurraldearen beraren subiranotasun politikoa errespetatuz.

Horregatik guztiagatik, bihar Bilbon egingo den manifestazioan parte-hartzeko deia luzatu dugu, 19:30ean Plaza Eliptikotik aterako dena.

Bestalde, gogorarazi behar da maitzaren 25ean Yayo Herrero ekintzaile ekofeministarekin hitzaldia egongo dela 19:00etan BilboRock-en.

Atera ditzagun gure bandera eta aldarrikapenak; elkarrekin, jendarte eredu-aldaketa posible dela eta borroka soziala bidea dela adieraztera goaz!

Tubos Reunidosen hitzarmen berria sinatzea #LortuDugu

Negoziazio prozesu luze eta korapilatsu baten ondoren, akordio batera iritsi eta langileek erreferendumean berretsi dute.

LABek lortutako akordioaren irakurketa positiboa egiten du. 6 urte baino gehiagoz egon gara hitzarmenik gabe, eta denbora horretan zehar enpresako zuzendaritzak uko egin izan dio edozein motatako negoziazioei ekiteari. Urte hauetan guztietan, Tubos Reunidoseko langileen lan-baldintzak hobetzea bermatzeko negoziazioa aldarrikatu dugu eta horretarako mobilizatu izan gara.

Bada, LABek urte hauetan egindako lan horrek fruituak eman ditu, eta lortutako akordioak hobekuntzak dakarzkie langile guztiei, bereziki kolektiborik prekarioenei.

Akordioaren puntu garrantzitsuenak:

  1. Indarraldi urte bakoitzerako soldata-igoerak honakoak dira:
    1. 2022: KPI
    2. 2023: KPI
    3. 2024: KPI
      1. 2025., 2026. eta 2027. urteetarako baldintzatzaileak
        1. KPI 0 eta 1,3 artekoa bada, KPI + % 0,6
        2. KPI 1.3 eta 2 artekoa bada; KPI + % 0,3
        3. KPIa 2 baino handiagoa bada; KPI
  2. Behin-behineko 22 pertsona kontratu finkoa izatera igaroko dira, eta hitzarmena amaitzean kontratu finkoak egiten jarraituko dutela bermatzen da
  3. Txanda-kontratuaren aplikazioa
  4. 4 orduko lanaldi-murrizketa gaueko txandan lan egiteagatik
  5. Lizentzien, eszedentzien, lan-egutegiaren eta abarren hobekuntzak
  6. Telelanaren erregulazioa

Pozik gaude lortutako akordioarekin; izan ere, enpresan hitzarmena berreskuratzeaz gain, hobekuntza garrantzitsuak dakartza kolektibo osoarentzat, hori izan baita sindikatuaren helburua une-oro, eta hala izaten jarraituko baitu etorkizunean ere: langile guztien enplegua eta lan-baldintzak defendatzea.

Arcelorrek eta sindikatu estatalek euskal ordezkaritza errespetatzen ez duen akordio berri bat erdietsi dute

Bost urte luze ondotik, Arcelorrek eta estatuko sindikatuek Asturiaseko interesen neurriko Akordio Marko berri bat erdietsi dute.

Azkenean, aurreikus zitekeen egoera eman da eta, ohikoa den moduan, betikoek betikoekin hurrengo urteetarako lan baldintzak ezarriko dituen Akordio Marko eskas bat inposatu diete Euskal Herriko Arcelorreko lantegiei.

Alde batetik, garbi gelditzen da edukiak hagitz urrun daudela duinak edo onuragarriak izatetik, are gehiago kontutan hartzen badugu enpresak azken urteetan inoiz izan dituen irabazi ekonomiko handienak izan dituela. Ez genuen bertzerik espero marko estatal batetik eta sindikatu paktisten aldetik. Tristea da horrelako edukiak adosteko bost urte luzez euskal lantegietako negoziaketa kolektiboa bahituta izan izana.

Aipatutako bahiketa hori negoziaketan zehar egon den euskal sindikatuekiko errespetu falten adibide bat baino ez da. Eta errespetu faltak aipatzeko beharrean gaude, alde batetik Olaberria eta Bergara bezalako euskal lantegiei bertan egotera inposatu zaie, euren hitza eta nahia kontuan hartu gabe, modu horretan bertzeen erabakien menpe egotera bortxatuz, eta bertze aldetik, negoziaketa bilera aunitzetan, eta azkenekoetan are gehiago, bizi behar izan dugu nola ordu luzeetako etenaldiak eskatzen ziren estatu mailako sindikatu batzuekin negoziatzeko. Bitartean, euskal ordezkaritza esperoan egon behar izaten zen, bueltatzerakoan dagoeneko guztiz bideratutako eztabaida batekin aurkitzeko.

Gure aldarrikapen eta posizioa, betiko moduan, garbia da eta ikusita zenbat luzatu den azken Akordio Marko hau, ze baldintzetan sinatu den eta ze modutan bideratu den negoziaketa, aldarrikapen hau indartu bertzerik ez da egin; Euskal Herriko negoziaketa marko propioa, hemen borrokarako gaitasun gehiago dugulako, ez gaudelako Asturiasen mesedetan Euskal Herriko lantegiak nola desegiten diren ikusteko prest eta hemen ez garelako saltzen.

Hemendik aurrera, hurrengo kapitulua zabaltzen da, lantegietako akordioak borrokatzea. LABek argi eta garbi adierazi nahi du Akordio Marko ziztrin honek baldintzatuta bada ere, ez dugula inongo atzera pausurik onartuko Euskal Herriko lantegietan eta lan baldintza duinen eta enpleguaren defentsaren alde borrokatuko dugula.

Azkoitian gertatutako lan-heriotza salatu eta berehalako neurriak eskatu ditugu

Aurten Euskal Herrian hildako 20. langilea gogoan izan eta familiari, lankideei nahiz ingurukoei doluminak adierazteaz gain, beste behin ere exijitu dugu patronalak nahiz instituzioek laneko prebentzio neurriak betetzeko eta betearazteko duten erantzukizunari behingoz heltzeko.

Hilaren 11n zendu zen R.O.G., 62 urtekoa, Montajes Olaizola S.L. enpresako langilea, garabi bat maneiatzen ari zela altueratik erorita. LAB-ESK-STEILAS-EHNE-HIRU intersindikalaren izenean, Ugarte industrialdearen sarreran egin dugu gaurko elkarretaratzea, enpresa bertan baitago kokatuta.

Eraikuntza sektorean gertatutako istripu hau ez da kasu isolatua. Izan ere, gremio ezberdinen koordinazioan sortzen diren arrisku gehituak kontrolatzeko araua ez da betetzen.

Hori gertatzen da patronalak kapitala langileriaren bizitzaren aurretik jartzen duelako. Bada, hori ahalbidetzen duena Eusko Jaurlaritza ere bada, ez baititu beharrezko neurriak hartzen lan osasun eta prebentzio arloko arauak zorrotz bete daitezen.

Nabarmentzekoa da Azkoitikoa ez dela izan Euskal Herrian hil den azken behargina. Izan ere, joan den astean, hilaren 18an, egun batzuk lehenago Burlatako industrialde batean lanean zebilela larriki zauritu zen 22 urteko langile gaztea zendu zen. Hori dela eta, LAB-ESK-STEILAS-EHNE-HIRU CGT intersindikalak elkarretaratzea egingo du bihar, asteartea, 11:30ean Iruñean, Nafarroako Gobernuaren aurrean.

Kanpaldia hasi dugu Gurutzetan Osakidetzako garbiketako langileen grebaren baitan

Osakidetzako garbiketa-zerbitzuaren enpresa esleipendunetako langileok hilabete eta erdi baino gehiago daramagu Greban, gure hitzarmena defendatzeko. Alegia, lan-baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea helburu duen hitzarmena.

Horiek izan dira, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru alderdiok (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu genituen joko-arauak, eta horien arabera jardun dugu urteetan eta urteetan.

Hala ere, enpresek eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten ari dira, uko egin baitiote Osakidetzako langileei azken urte hauetan aplikatu zaien gaiak egokitzeari eta aplikatzeari.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, EZ! Besterik gabe, Osakidetzako langileen baldintzen homologazioari eustea eskatzen ari gara: karrera profesionalaren deialdietara sarbidea izatea; txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzea; lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa eta objektiboagoa… Azken batean, eskatzen ari gara lan berdina egiten dugunean, baldintza berdinak izatea.

Enpresa esleipendunek eta Osakidetzako zuzendaritzak elkarri botatzen diote pilota, eta garbiketa-zerbitzuko langileok, berriz, beharrik gabe luzatzen ari den bidegabekeria handia jasaten ari gara.

Maiatzean, gehiengo sindikalak keinu bat egin du negoziazioan planteamendu berri bat eginez; hala ere, enpresak intransigente agertu dira, eta Osakidetzako zuzendaritzak ez dio eskaintzari erantzun.

Egoera honek mobilizatzera eta sektoreko grebak deitzera bultzatu gaitu. Ez gaude prest dagokiguna galtzen uzteko. Dagokiguna defendatzeko erabaki irmoa dugu. Ildo horretan, beste pauso bat emango dugu, eta aste honetan protesta gogortuko dugu; gaur,
Gurutzetako Ospitalearen aurrean kanpaldia hasiko dugu, eta bertan langileok gauak igaroko ditugu, eta eguneko 24 orduetan bertan egongo gara. Programa bat prestatu dugu, eta bertan hainbat jarduera eta mobilizazio egingo ditugu egunero.

Hauteskunde-kanpainan gaudela, mezu bat bidali nahi diogu EAJri, alderdi horretakoa baita Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Osakidetzako arduradun nagusia eta, beraz, arduradun politikoa gatazka honetan: iraingarria eta lotsagarria iruditzen zaigu zuen
jarrera. Urtebete baino gehiago irekita daraman lan-gatazka baten aurrean, Osasun Sailak beste alde batera begiratu du, langileekiko erabateko axolagabekeria eta mespretxua erakutsiz; Osakidetzako Zuzendaritzak luzatu dizkiogun bilera-eskaera formalei ez die erantzun, zakarrontzian amaitu baitute. Sagardui andrea kide den alderdiak ez diezagula orain botoa eskatu; erakutsitako bihozgabetasunak agerian uzten du langile-klasearen arazoekiko kezka gutxi edo batere ez duela alderdi horrek.

Gogoan hartuko dugu. Baina argi gera dakizuela eta ez izan zalantzarik; ez gara geldituko duela hamarkada batzuk lortutakoari eutsi eta mantendu arte, alegia, Osakidetzako langileekiko lan-baldintzak homologatu arte.

Aniztasun funtzionalaren sektoreko beharginak kalean egongo dira asteon ere, beren borroka areagotu eta ikusarazteko asmoz

Gaude eta Gorabide, aniztasun funtzionalaren arloan pertsonei zerbitzu publikoa ematen dieten bi elkarte, greban egongo dira aste honetan zehar. Gorabideren kasuan, gaurkoa lehenengo eguna izan da, eta manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan. Gaude bihar hasiko da greban.

Gaur-gaurkoz entitate pribatuak dira biak, Bizkaiko Foru Aldundiak diru publikoz lagunduak. Hori dela eta, zuzeneko ardurandutzat jotzen dute Gizarte Ekintzako diputatua, Sergio Murillo, nahiz ahaldun nagusia, Unai Rementeria, baita datozen hauteskundeetan azken horren ordezko hautagaia izango den Elixabete Etxanobe ere. Izan ere, agintaldian zehar ahalbidetzen ari direna da pandemian esentzial izan ziren langile horiek, horrenbeste txalotu eta loatu zituztenak, gaur egun kudeatzaileen partetik hutsaren hurrengotzat hartzea eta Ertzaintzak txarto tratatzea.

Joan den maiatzaren 9an, ertzain baten bortizkeria neurrigabekoa tarteko, bi kide ospitalean artatu behar izan zituzten beren adierazpen askatasuna baliatze hutsagatik. Horrez gain, hainbat grebalari identifikatu, katxeatu eta, are, jarraitu zituzten. Beharginek nabarmendu dute komunikabide bakar bat ere ez zegoela han bizitzen ari ziren horren berri emateko.

Hori dela eta, komunikabideetan ikusgarritasun handiagoa merezi dutela aldarrikatu nahi izan dute gaur. Sektore feminizatua da aniztasun funtzionalarena, eta marea urdina deritzona osatzen dute Gaudek eta Gorabidek Madres Mercedariasekin, Aspacerekin eta Argia fundazioarekin batera. Horien guztien hitzarmenak iraungita daude, eta galdutako eros-ahalmena berreskuratzea eta lan-baldintza hobeak izatea eskatzen ari dira.

Gaude eta Gorabide 2021etik ari dira mobilizazioetan, 2022an lanuzteak eta 2023an hainbat greba egun (21 Gorabiden, 9 Gauden) egin dituztelarik. Aste honetan zehar bost greba egun deitu dituzte Gorabiden, eta lau Gauden. Horietan zehar, hainbat protesta ekimen eramango dituzte aurrera.

Nabarmendu dutenez, marea urdina geldiezina da eta hitzarmen justuak lortu arte segiko dute borrokan.

Honako hauek dira bihartik aurrera prestatu dituzten hitzorduak:

  • Maiatzak 23, asteartea: Kotxe karabana, 11:00etan Muskizko hondartzatik abiatu eta Biboko Moyua plazaraino joango dena (Gorabide)
  • Maiatzak 24, asteazkena: 08:30-16:45 Informazio piketeak zentro okupazionaletan (Gaude) Manifestazioa 10:30ean hasita. Gorabidekoak Poza Lizentziatuaren kaletik abiatuko dira, eta Gaudekoak Errekalde zumarkaletik. Bidean elkartuko dira Moyuara iritsi arte. Handik, elkarrekin joango dira Ugaskora, Gizarte Ekintza Sailera. Madres Mercedarias, Aspace Bizkaia eta Argia Fundaziokoak izango dituzte lagun.
  • Maiatzak 25, osteguna: – 07:45-16:45 Informazio piketeak etxebizitzetan (Gaude) – 10:30 Gorabide eta Gauderen elkarretaratzea Sabin Etxean. Madres Mercedarias, Aspace Bizkaia eta Argia Fundaziokoak izango dituzte lagun.
  • Maiatzak 26, ostirala: – 08:30-16:45 Informazio piketeak eguneko zentroetan (Gaude) – 10:00 Eserialdia Kale Nagusian, Foru Jauregiaren aurrean. Jarraian Poza Lizentziatuaren kalerantz abiatuko dira (Gorabide). – 18:00 Manifestazioa Gauderen bulegotik abiatuta (Gaude)
  • Maiatzak 27, larunbata: 12:00etatik aurrera, triki-poteoa, jaima eta otarren zozketa Romoko Santa Eugenia plazan (Gaude). Jarraian, informazio piketeak aisialdi giroan.