2024-11-14
HomeEkintza PolitikoaZaintzaren iraultza martxan da

Zaintzaren iraultza martxan da

“Zorionak Euskal Herria!” hitz horiexekin hasi dute mugimendu feministako ordezkariek hainbat eta hainbat hiri eta herritan arratsaldean egin diren mobilizazioen osteko manifestua. Goizean goizetik jo eta sua aritu dira milaka grebalari lurralde osoan barrena, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarri eta kaleak astintzen. Oraindik amaitu ez den prozesu baten mugarri historikoa izan da gaurkoa.

Beste behin ere herria egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasun izugarria erakutsi dugu, eta luzaro ezkutuan egon den arren, azalera ekarri dugu zaintzaren auzia, baita lehenengo lerrora ekarri ere: trafikoa geldiarazi dugu, produkzioan eragitea lortu dugu, ehunka ikasketa eta lanzentro hustu ditugu… hala ere, behar-beharrezkoak diren lanetan dihardutelako, emakume askok gaur ezin izan dute grebarekin bat egin. Aitortza berezia merezi dute, eta horrek erakusten du zaintza-jarduna zein puntutaraino den esentziala. Guztiok behar dugu zainduak izan, baina, horrez gain, zaintza guztion ardura da, eta ezin daiteke soilik emakumeen bizkar jarri; izan ere, gaur egun emakumeak eta, bereziki, langile migratu eta arrazializatuak dira lan mota hauen (izan ordainpeko enpleguak edo ordaindu gabeko lanak) zama daramatenak. Gainera, atzerritartasun legeak eta bestelako politika arrazistak egoera hori betikotu baino ez dute egiten.

Hala, gaurko ekimenen bidez enpresariak interpelatu ditugu, baita instituzioak ere. Izan ere, lehenengoek emakumeon doako lanen eta enplegu prekarizatuen bidez, besteak beste, negozioa egin eta poltsikoak betetzen dituzte; bigarrenek, berriz, horretarako alfonbra gorria ezartzen dutela argi dago. Esate baterako, nabarmentzekoa da Euskal Herriko nagusien egoitzen gehien-gehiengoa pribatizatuta dagoela. Horrez gain, baina, gizonei ere exijitu diegu behingoz beren gain har dezaten arlo honetan dagozkien erantzukizunak.

Etorkizunean Euskal Herrian izan nahi dugun Zaintza Sistema Komunitarioa eraikitzen hasteko bultzada ikaragarria izan da gaurko eguna. Eredu berri horrek, hain zuzen ere zaintzarako eskubide kolektiboa bermatu behar luke, gaur egun ez baita horrela gertatzen. Lehen mailako arazo politikoa da, eta hala heldu behar zaio. Horretarako deia luzatu diegu gaur euskal instituzioei.

Aipatu bezala, gaurko Greba Feminista Orokorretik indartsu aterako gara, eta bihartik aurrera ere antolatzen eta sareak ehuntzen jarraitzeko oinarri sendoa ezarri dugu. Euskal Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa dugu irabazteko!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hitzarmen duina aldarrikatu dugu Arabako ostalaritzarako

Urtebete inguru igaro da Arabako ostalaritzako hitzarmenaren negoziazioa blokeatu zela "azken proposamen" gisa definitutako patronalaren azken proposamenarekin. Hau ez zen nahikoa, sektoreko langileen lan-baldintzak nabarmen okertzen baitzituen.

11 garraiolari hil dira 2024an, 2023ko heriotza kopurua gaindituz

Atzo, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Atzokoarekin, gutxienez 54 laneko heriotza izan ditugu urte hasieratik Euskal Herrian.

Elkarretaratze batekin amaitu dugu EAEko anbulantzien publifikazioaren aldeko kanpaldia

Kontzentrazio batekin amaitu da EAEko anbulantzia zerbitzuaren publifikazioaren alde atzo hasitako 24 ordutako kanpaldia, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan egin dena. Atzo iluntzean, Gasteizko Udaltzaingoak kanpaldia bertan behera uztera behartu arren, gaur goizean aurreikusitako tailerra egin ahal izan dute.