2024-12-14
HomeEkintza PolitikoaZaintzaren eraldaketa aldarri, euskal langileok planto egin dugu eta goiz osoan zehar...

Zaintzaren eraldaketa aldarri, euskal langileok planto egin dugu eta goiz osoan zehar kaleak bete ditugu

Hego Euskal Herriko etxeko eta zaintza langileen elkarteetatik koordinatutako ekimenak egin dira hiriburuetan: etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea exijitu dugu. Eguerdan herri herri zaintza langileen egoera prekarioak salatu dira.

Greba eguna aurrera doa. Goizeko piketeak jendetsuak izan dira eta gogoz gaude egunarekin jarraitzeko. Algortako, Bilboko auzoetako, Zarauzko, Gasteizko zein Errotxapeako zaintza guneak martxan daude jada. Eguerdian ekimenak egin ditugu, zaintza erregimen desorekatu, heteropatriarkal, kolonialista, arrazista eta kapitalista eusten dituzten instituzioak seinalatzeko: Espainiako atzerritartasun legea, zerbitzu publikoak pribatitzatzen ari diren arduradun politikoak, zaintza langileen prekarietatearen kontura negozioa egiten ari diren enpresa pribatuak, gure eskariei entzungor egiten dieten instituzioak…

Hego Euskal Herriko etxeko eta zaintza langileen elkarteetatik koordinatutako ekimenak egin dira hiriburuetan. Jendarte honetako zaintza lanen zati handi bat eusteaz nekatuta eta nazkatuta, diskriminazio egoeran, eskubide asko aitortu gabe, zapalduta daudela esan dute zaintza langileek. Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea exijitu dugu. Greba hau, prozesu honen hasiera besterik ez da eta elkarrekin borrokan jarraituko dugu. Zaintza eta etxeko langileek sujetu politiko bezala ahotsa altxatu nahi dute zaintza sistema injustu honekin amaitzeko eta langile gehiagori borrokara batzeko deia luzatu diegu.

Bestalde, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko arratsaldeko manifestazioetan parte hartzea eskatzen diogu Euskal Herritar orori. Denon bizitzaz ari gara greba honetan, denon bizitzak zaintzeaz. Pertsona guztiontzako zaintza eskubide kolektiboa bermatuko duen herri batean bizi nahi dugulako.

Jarraipenari dagokionez, esteka honetan kontsulta daitezke eguerdiko datu eguneratuak.

Garbiñe Aranburu: “Zaintzaren iraultza dagoeneko martxan da”

LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk Bilboko eguerdiko mobilizazioetan hartu du parte, eta bertan emandako adierazpenetan azaldu du Hego Euskal Herrian lehenengo aldiz deitu den Greba Feminista Orokorraren balorazio “oso positiboa” egin duela: “ Zaintzaren iraultza martxan da; zaintza iraultzeko urrats erraldoia da gaurkoa”.

Eremu guztietan nabaritzen ari da gaurko egunean zehar grebaren eragina; bada, Aranburuk aipamen berezia egin nahi izan die bizitza sostengatzeko ezinbesteko zaintza lanak egiten dituzten emakume guzti horiei: “Sistemak baloratzen ez dituen emakume horiei, baina beraien lana hain da beharrezkoa, hain da ezinbestekoa, gaur askok eta askok ezin izan dutela grebarik egin”. Izan ere, jakina denez, hain justu ere zaintza eremuan diharduten hainbatek gaur ezin izan dute grebarik egin, eta askok besoko laranja jantzi dute grebaren aldarrikapenekin bat egiten dutela adierazteko. Era berean, goizean lapikokada egin dute, bakoitzak bere lantokitik eta baita grebara ateratako jendearen partetik ere, elkartasunez.

Izan ere, gaurko grebaren prestaketa jardunean nabarmendu den bezala, ezohiko greba izango da, beste dimentsio bat eman nahi izan baitzaiol Hala, eremu produktibotik harago, antolakuntza, aktibazioa, politizazioa, saretzea eta harremanak egitea ere bada gaurkoaren helburua, eta halaxe azpimarratu du LABeko koordinatzaile orokorrak, “ greba prozesu baten baitan kokatzen den inflexio puntu garrantzitsua delako eta prozesu hau ez delako gaur amaitzen”.

Hala, amaitu ez den bide horretako mugarri gisa, grebak dagoeneko zertarako balio izan duen nabarmendu du Aranburuk: Batetik, “zaintzaren krisia eta zaintza eraldatzearen beharra mahai gainean jartzeko”; hau da, gaur egun nagusiki emakumeen gain dauden ardura horiek jendarte osora zabaltzeko beharra erakutsi du, datozen urteetako erronkarik handienetakoa izango da eta. Hala, gaia politizatzen eta kontzientziak astintzen lagundu du.

Horrez gain, zaintzaren ardura guztiona dela irudikatzeko balio izan du: “Zaintza lanak aitortu, baloratu egin behar dira. Zaintza lanak banatu, berrantolatu, kolektibizatu egin behar dira”.

Bestalde, zaintzaren negozioa egiten ari direnak seinalatu, salatu eta interpelatzeko balio izan du, hala nola instituzioak (Eusko Jaurlaritza, Nafar Gobernua, aldundiak…) eta patronala. Izan ere, enpresariak lan prekarizatuaren bidez aberasten diren bitartean, administrazioak alfonbra gorria jartzen die horretan jarraitzeko.

Azkenik, eta Garbiñe Aranbururen esanetan garrantzitsuena dena, “emakumeak ahalduntzen” lagundu du: “Egungo zaintzaren antolaketak, emakumeok zigortzen gaitu. Bereziki salagarria delarik emakume migratu eta arrazializatuek duten egoera. Emakumeok errebelatzen ari gara, aski dela esaten, planto egiten, eta horrek ondorioak ditu jendarte osoan. Zaintza eredua eraldatu gabe emakume eta gizonen arteko berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da”.

Hala, gaurkoan bildutako indarrak baliatu eta aurrerantzean ere Zaintza Sistema Publiko Komunitariora bidean urratsak ematen jarraitzeko beharra azpimarratuz amaitu du bere hitzartzea LABeko koordinatzaile orokorrak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Balenciagako langileek lan mahaia eratzea lortu dute, baina Espainiako Gobernuak ardurarik hartu gabe jarraitzen du

Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek asteak daramatzate mobilizatzen, ontziolaren eta euren lanpostuen defentsan. Instituzioei lan mahai bat eratzeko eskaera egin zieten, ontziolaren bideragarritasuna bermatzeko, eta Hego Euskal Herriko instituzioek horren aldeko urratsa ematea lortu dute langileek. Espainiako Gobernuak, aldiz, bere posiziotik mugitu gabe eta dagokion erantzukizuna hartu gabe jarraitzen du.

Helegitea aurkeztuko diogu Osakidetzako filtrazioengatik ateratako autoari eta salatzaileen zintzotasuna balioesten du

Lehenik eta behin, LABek aitortza egin nahi die Osakidetzan filtrazioak modu batera edo bestera salatu dituzten eta sistema maltzur horren aurrean agertu diren pertsona guztiei, bereziki prozesu judizial honetan aurpegia eman dutenei. Jakin badakigu zein presio jasan dituzten, eta beren zintzotasuna aitortu nahi diegu.

Arabako adineko egoitzetako LABeko ordezkariek benetako konpromisoak hartzea exijitu diote Gorka Urtarani

Arabako adineko egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako hitzarmen probintzialaren negoziaketa hasi ginenetik, LABek behin eta berriro exijitu dio Aldundiari gatazka honetan daukan erantzukizuna onartzeko. Sektore honetan urte luzez eman duen etengabeko borrokari esker, hilabete honetan Aldunditik bilera egiteko gonbidapena jaso zuen sindikatuak.